Bi dira gure taldearen jarduera-esparruak: naziogintza, euskara ardatz hartuta Euskal Herriko nortasun nazionala sendotu eta bere herritarron kontzientzia nazionala zabaldu nahi dugulako; eta estatugintza, jaio ginenetik euskal errepublikaren aldeko mezua hedatzen ari garelako.
Eta bigarren alderdi horri lotuta, hain zuzen ere, Euskal Errepublikaren Eguna antolatu genuen Azpeitian 2022ko maiatzaren 7an. Eta bi helbururekin antolatu ere. Alde batetik, gure historia hurbileko pasarte historiko ezezagun bat gogorarazi eta jakinarazteko: 1931ko apirilean, Azpeitiko udalak eta Euskal Herriko beste udal askok ere euskal errepublika bat aldarrikatu zutela mozio baten bidez. Eta bestetik, argi uzteko 91 urte geroago aldarrikapen hark gaurkotasun osoa duela, euskal herritar askok Euskal Errepublika nahi dugulako gure nazioarentzat. Katea ez da eten.
Berrehun pertsona inguru bildu ginen Azpeitian Euskal Errepublikaren Eguna ospatzeko. Elkarretaratze eta kalejira erreibindikatzaile batekin hasi zen ekitaldia. Gero, Sanagustin kulturgunean, eta Xabier Euzkitzek aurkeztuta, jarraipena eman zitzaion ekitaldiari, bertsolari, dantzari eta abesbatzarekin. Bertsotan Euskal Errepublikaren beharra aipatu zuten, dantzariek ikurrin-dantza dantzatu zuten eta abeslariek guztiokin batera OI AMA EUSKALERRIA abestu zuten. Xabier Irujo historialari nafarraren testuak eta NAZIOGINTZAko diskurtsoak eduki politikoa eman zioten bilkurari. Aipagarria da 1931ko apirilean Euskal Errepublika eskatu zuten herrietako udal-ordezkari batzuek gure gonbidapena onartu zutela, eta Azpeitira etorri zirela gurekin batera egun berezi hori ospatzeko.
Hona hemen hainbat euskal komunikabidetan gure ekitaldiaz agertu zen informazioa:
-BERRIA Egunkarian: https://www.berria.eus/albisteak/213083/euskal-errepublikaren-eguna-ospatu-dute-azpeitian.htm
-UZTARRIAn: https://uztarria.eus/azpeitia/1651929571037-plazara-eraman-dute-euskal-errepublikaren-aldeko-aldarria
Xabier Irujo historialariaren testua ere hemen dago txertatuta: https://www.naziogintza.eus/euskal-errepublikari-bai/
NAZIOGINTZAren diskurtsoa, hemen: EUSKAL ERREPUBLIKAREN DISKURTSOA
Argazki-erreportajea: