Eusko Legebiltzarreko talde politikoak eztabaidatzen hasi dira dagoeneko EAErako Estatus Politiko Berria, duela 40 urte indarrean sartu zen eta oraindik bete gabe dagoen Gernikako Estatutua eguneratu eta osatu behar duena (EAEko hiru herrialdeen lurraldetasunari begiratuta, guk, Araba Trebiñu barne duela ulertzen dugu eta Bizkaia Villaverde Turtzioz barne duela; gure iritziz, Estatus Politiko Berriak utzi ezinezko helburutzat behar du hori). Ondo bidean, legealdia amaitu baino lehen (2020an) egitasmo politiko berri bat onartu beharko luke Legebiltzarrak, eta EAEko biztanleek erreferendumean bozkatu beharko lukete. Gero, Madrilera bidali, Espainiako oniritzia jasotzeko (Madrilek, hots Espainiako Kongresuak eta Senatuak, beti bezala, beto eskubidea izango lukete, Kataluniako Estatutuaren aurka 2006an erabili zutena eta berek nahi dutenean berriro erabiliko luketena ziurrenik).
Ikuspuntu abertzale batetik (hori baita NAZIOGINTZAren lan-arloa), Nazio gisa dagokigunez, Estatus Berriak funtsezko puntu batzuk jaso beharko lituzke gure iritziz naziogintzan eta estatugintzan aurrerapauso sendoak eman ahal izateko. Pragmatismoaren izenean prest gaude maximalismoak alboratzeko (garbi utzita, dena den, gure helburua ez dela EAEren burujabetza partziala, baizik eta Euskal Herriaren independentzia osoa). Nolanahi ere, hemen aipatzen diren proposamenak GUTXIENEKO ABIAPUNTUAK dira, gure Nazioari dagokion Estatua eraikitzeko beharko ditugun funtsezko oinarriak osatuko dituztenak. Behin-behineko marko politiko egokia lortzeko gutxienekoak, edozein kasutan ere, Euskal Errepublika lortu arte.
Atariko oharra: Eusko Jaurlaritzak proposatuko duen Estatus Berri horren jatorrizko erredakzioak, izenak eta izanak euskaraz pentsatuak izateko, euskaraz idatzia izan behar du.
1.-) NAZIOTASUNA: Euskal Herria bi estaturen artean eta 5 errealitate administratibo desberdinetan zatituta dagoen Europako Nazioa dela jaso behar du testuak; bost errealitate administratibo diogu, Trebiñu eta Turtzioz Villaverde bertako herritarrek eta gainerako herritarrok EAEko zati bezala irudikatzen ditugulako eta egun administrazioaren aldetik Gaztela eta Kantabrian daudelako. Europako Nazioa aipatzen dugu gure Herriak Nazio izateko baldintza guztiak betetzen dituelako, bai baldintza objektiboak (hizkuntza, kultura, historia…) eta baita subjektiboak ere (bere biztanleen borondate kolektiboa). EAEtik harago, zazpi herrialde historikok osatzen dute euskal nazioa, eta horri aipamena egin behar dio Estatus Berriaren testuak. Bide batez, Trebiñuko eta Turtzioz Villaverdeko lurraldeen integrazioa EAEn, eta Nafarroa Garaiarekin eta Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoarekin egin behar diren lan komunak egiteko behar diren erakundeen sorrerak eta horien epe laburrerako helburuak ere jaso behar ditu testu berriak.
2.-) AUTODETERMINAZIO-ESKUBIDEA: Nazioa denez, Euskal Herriak Nazio orori dagokion eta NBEk onartzen duen autodeterminazio-eskubidea du[1], kolonialismoak sortutako ezinegonak, minak eta menpekotasun-egoerekin amaitzeko asmatutako eginbide demokratikoa; EAEko Legebiltzarrak birritan (1990ean eta 2014an) onartu zuen eskubidea. Beraz, atzera joateko asmorik ez dugu eta Estatus Berriak autodeterminazio-eskubidea jaso beharko lukeela uste dugu, eta baita eskubide hori egikaritu ahal izateko prozedura ere.
3.-) EUSKARA:
EZAGUTZA ETA ERABILERA: Euskal Herriko berezko hizkuntza denez, Euskara Euskal Herriko HIZKUNTZA NAZIONALA dela argi utzi beharko luke egitasmo politiko berriak. Hori dela eta, Administrazioak behar besteko neurriak hartu behar ditu euskara funtsezko eta lehentasunezko hizkuntza bihurtzeko eta hori agertu behar da Estatus Berrian. EAEko biztanle guztiek euskara erabiltzeko eskubidea eta ezagutzeko betebeharra izan behar dute (Espainiako estatuan gaztelaniari ematen zaion tratamendu bera) eta Administrazioak hori bermatzeko jarri beharreko baliabide guztiak jarri beharko ditu. Euskara hizkuntza ofiziala denez, EAEko funtzionario guztiak euskaldunak izan behar dute eta administrazioek euskara behar dute lan-hizkuntzatzat. Gaur egungo sasi-elebitasunetik harago joateko tresna izan behar du Estatus Berriak. Bestalde, testuak jaso behar du euskara kohesio-tresna dela, eta euskararen erabileraren lege bat martxan jartzeko konpromisoa adierazi behar da. Hala nola:
a) derrigorrezko irakaskuntza bukatutakoan ikasle guztiek C1 maila lortu behar dute.
b) ETB1 indartu behar da eta EAEko kate nagusia eta Euskal Herri osorako erreferentziala den telebista izan behar du, ez ETB2-ren mendekoa, alderantziz baizik. Publizitatea sartu behar du euskaldunak euskaraz alfabeta daitezen animatzeko eta behar bezala alfabetatzeko.
c) ETB2 izan dadila Euskal Herria erreferentzia duen telebista, euskarari presentzia gehiago emango diona eta erdaldunak euskara ikas dezaten animatzeko eta bideratzeko publizitatea sartu behar duena.
d) Lan mundua euskaldundu behar da euskara lan-hizkuntza bilakatuz. Horretarako behar diren arauak, dekretuak eta laguntzak jarriz. Ildo beretik, salgai guztien etiketak ere, arau bidez euskaraz behintzat lehentasunez idatzita agertu behar dute saltokietan eta fabrikatzaileei azalpen-testuetan testua euskaraz ere jartzea exijitu behar zaie.
e) Aisialdiko jardunak eta kirolak euskaldundu egin behar dira.
f) Euskarari lehentasun nagusia ematen dioten Unibertsitateak antolatu eta bultzatu behar dira eta euskara hutsez eman behar dira herritarrekin egunero hartu-eman zuzena izango duten ogibideetako irakaskuntzak (erizainenak, irakasleenak, sendagileenak,,…). Unibertsitateek ezin dituzte prestatu profesionalak mundu abstraktuan lan egiteko, Euskal Herrian lana egiteko baizik. Gainerako arloetako irakaskuntzak (industriakoak, ekonomiakoak, etab.) euskalduntzeko ere, behar diren planifikazioak egin behar dira, lan-munduarekin lotuak bereziki.
4.-) EUSKAL ESTATUS BERRIAREN ERAKUNDEAK. Euskal Estatus Berriaren funtsezko erakundeak izango dira, legeak idazten dituen Legebiltzarrarekin batera, bertako Sistema Judiziala eta Ertzaintza. Justizia arloan, EAEri dagokion lurralde-esparruan, lege-organo nagusiak eta epailetzaren aginte gorena euskal erakundeek izan behar dute. EAEko ordena publikoaren arlo guztiak Ertzaintzaren esku jarri behar dira (nazioarteko gaiak eta poliziekiko harremanak barne); Guardia Zibilek eta Polizia Nazionalek lurralde honetan ez dute eskumen sozialik izan behar. Hori dela-eta, formula zehatza aurkitu behar da joan daitezen.
5.-) NORTASUNA: Arlo honetan hiru gai aipatuko dira: Euskal Herriko Nortasun Agiria izan behar dute herritar guztiek nazioartean ohikoak diren baldintzak betez gero; EAEn matrikulatzen diren ibilgailu guztiek EUS identifikazio-sinboloa izan behar dute; eta kiroletan Euskal Selekzioak edukitzeko eskubidea badugula jaso behar du egitasmo politiko berriak.
6.-) ESKUDUNTZA ESKLUSIBOAK: Arlo sozial, politiko eta ekonomikoetan izan daitezkeenez gain, naziogintzan garrantzi handia dutelako EAEko Jaurlaritzak honako eskuduntza esklusibo hauek izan beharko lituzke: HIZKUNTZAn, HEZKUNTZAn (unibertsitateak barne) eta KULTURAn maila guztietan. Hiru arlo horietan Jaurlaritzak erabateko burujabetza izan behar du nahi dituen politikak (curriculumak, antolakuntza, etab.) Espainiaren esku-sartzerik gabe burutzeko. Eskuduntza blindatuak izan behar dute horiek, Flandrian diren bezalaxe, bertan Belgikako gobernuak ez baitu ezer erabakitzen gai horietaz. Eta era berean Europar Batasuneko organoetan eta NBEn (sortuko diren erakunde berezien bitartez) Jaurlaritzak bere interesak defendatzeko ordezkaritza eta parte-hartzeko mekanismo egokiak izango dituela jaso behar da.
7.-) ALDE BAKARTASUNA. Jakitun gara gutxieneko eskakizun hauek ere ez dituela erraz onartuko Espainiako Estatuak, nazio-aniztasunean ez du sinesten-eta. Hala balitz, EAEko eragile politiko guztiek aldebakarreko bideari eutsi beharko liokete, Madrileko beto-eskubidea onartzeak betiko ogi-papurrak jatera kondenatuko baikintuzke. Izan bedi hau, horrenbestez, Espainiarekin modu adeitsuan gure eskubide nazionalak hitzartzeko egiten dugun azken ahalegina, aldebakarreko bideari ekin aurretik.
Bukatzeko, ohar garrantzitsua: gehiengo batez taxuzko akordioa lortuko balitz eta tramite legala egiteko Madrilera joan beharko bagenu, euskal erabakitze esparruak lehentasuna eduki beharko luke Estatus Berriaren bideratze-prozesuan. Horrek esan nahi du testu berria lehenik EAEko biztanleek bozkatu behar dutela, eta gero Espainiako Diputatuen Kongresura eraman onespena emateko. Ez alderantziz. Ñabardura honek, eduki sinboliko eta politiko handiak dauzka.
[1] Nazioen Autodeterminazio-kontzeptua 1. Mundu Gerra amaitzean sortu eta onartu zen erabakiak bakean eta askapen-gerrarik gabe hartze aldera. Aurreko mendeetan eta XX. mendean bertan egindako nazioen konkista, kolonizazio eta menderakuntzen jokabide ezkor eta ankerrari kontrajarri eta giza eskubideen bidetik irtenbide demokratikoa eskaintzeko onartu zen autodeterminazio-eskubidea.