EUSKAL MUSIKA “ON FIRE”

Pako Aristi

2021-04-4an, BERRIA.

Euskal Herriko edozein bazterretako taberna edo kafetegiren batean euskal musika entzuteak erlaxatu egiten nau, edozein generotakoa delarik ere. Eta are gehiago: etxean sentiarazten nau; nire herrian nagoela, eta gure sortzaileen lana entzuteko eskubidea onartzen eta errespetatzen zaidala. Suposatzen dut Frantzian, Italian, Polonian eta beste edozeinetan ere gehienbat bertako musika entzungo dela ostalaritza areto gehienetan, normal-normal. Gurean, aldiz, gero eta salbuespenagoa da euskal musika entzutea inon. Eta pena izugarria ematen dit.

Herri txikietan, oraindik ere, hainbeste, baina hirietara joatea aski, edo turismoa nagusi den lekuetara, gure musika desagertzen ikusteko. Harritzen nauena, bestalde: turistak ez al dira, bada, herrialde bateko nortasun ezaugarri berezien bila joaten? Eta guk zer eskaintzen diegu? Marbellako edo Madrileko musika bera. Taberna baten kalitatea niretzat neurtzen da eskaintzen dizuten jeneroan, zerbitzuan, musikan eta zerbitzarien euskara ahalmenean. Azken hau euskararen normalizaziorako guda galdutzat emanda ere, Getarian, Zarautzen eta abarretan Julio Iglesias entzutea, Perales, pop espainola edo regetoia, guztiz tristatzen eta nahigabetzen nauen egoera da. Rosalia entzutez kokoteraino egin naiz azken hiru urteotan, lehen Fito, Jarabe de Palo edo Estoparekin bezala.

Zerbaitegatik gogoratzen baditut bisitatu ditudan hiriak, bertako musika entzun dudalako da: Dublin, Paris, Buenos Aires, zer esanik ez Sevilla edo Cadiz. Kontua da haiek normaltasunez bizi dutela eurenarekiko maitasuna, atxikimendua, guk ez bezala. Kontua da normaltzat hartzen dela espainol batek musika espainola entzutea eta maitatzea, edo frantses batek musika frantsesa, baina euskaldun batek gauza berbera egiten badu susmagarri gertatzen da. Eta okerrena: sarritan zeure lagun batek esango dizu uzteko euskal musikaren matraka hori. Guri iruditzen zaigu gurea erakutsiz gero zokokeriatan gabiltzala, munduko musikaren edertasuna murrizten ari garela. Guregan errotuta dauden ideia post-kolonial ugarietako bat da, ostalaritzak nabarmen hedatzen duena gure inkontzientean.

Kulturaren lege nazional bat ez dagoenean norbanakoaren bizkar geratzen da kultura baten ardura. Tabernariek bi joera dituzte: inertziaz modan dagoena jarri, edo guztizko axolagabekeria. Apur batzuk soilik dute kontzientzia euren ostalaritza-guneak kultura musikalaren zabaltoki izan litezkeela. Tabernak leku pribatuak dira, baina osasun arauak betearazten dizkieten bezala, ikuspuntu nazional batetik musika kuota batzuk jartzea ez litzateke erokeria izango, gehiago orain diru publikoa jasotzen ari diren honetan. Eta hutsa euskal musika txarra balitz! Baina hain da ona, bizia, estilo aldetik ugaria, ahotsen tinbre eta harmonizazio aldetik aberatsa!

Halere, ez diot norbanakoari errurik bota nahi. Azken batean, pertsonak inguruan arnasten duen giroaren lerroak jarraitzen ditu, zirkunstantzien menpe bizi da. Zirkunstantzia horietan eragin behar da, egoera kulturalaren baldintzak aldatu behar dira, palanka politikoak erabiliz. Gure miopian, maizegi ahazten ditugu baldintza sozialak, politikoak direnak, eta goraipatzen dugu kontzientziaren ahalmena, lege propioen faltan menderatuari geratzen zaion azken euskarria, dena galdutzat ez emateko.

Arazoaren markoa zabaltzen baldin badugu, euskaraz den orok akulturizazio prozesu bat nozitzen duela ikus daiteke, mendeetan garatua, eta egunez egun are bortitzagoa iruditzen zaidana. Kanpo eraginak uzkurtu gaitu, jibarizatu, eta azken berrogei urteetan sortu diren erakunde autonomikoek ez diote prozesuari galgarik jarri. Askotan alderantziz, lagundu egin dute gure kultura desagertzen, begi bistatik ezabatzen.

ETBn euskal kantariak ez dira agertzen; zenbat gauza egin zitezkeen daukagun kantari eta talde sorta ederrarekin! Egunkarietan ere kostatzen da, guztiak irakurririk ere, euskal kulturaren protagonistak aurkitzea. Informazioa ematen da, sormen prozesuan askorik sakondu gabe. Erreferente espainolez beterik daude nagusiki; Iparraldean frantsesak izanen direla imajina dezaket. Eta horien azpi-atal gisan, espainolez kantatzen edo idazten duten euskal hiritarrak ageri dira, normaltasun osoz, askotan sortzaile kaskarragoak izanik; darabilten hizkuntzaren hegemoniak bihurtzen ditu ikusgarri.

Honen atzean elkarbizitzaren ideia dago, oso ederra bere horretan, testuingururik gabe; baina bi estaturen erdian dagoen nazio menostuarentzat suizidio ziurra da, hizkuntza hegemonikoa inposatzen duten nazioek ez dutelako praktikan jartzen, haien identitate homogeneoaren aurka doalako. Ulertzen dute euren buruaren aurkakoa dela, guk ez bezala. Espainiaren eta Frantziaren kultur erasoari eusten zion azken langa ireki dugunean, uholde bat bezala sartu dira euren bitarteko mediatiko guztiekin hemengo hedabide eta herrietako kultur programazioan. Guk, aldiz, jokatzen dugu gure kultura normalizatua balego bezala, beste kultura hegemonikoekin parez pare, eta hori faltsua da. Euskaldun gehienak euren kultura ezagutu gabe joaten dira atzerriko kulturen bila.

Gure kulturaren endekapena dakarren beste ideia nagusia mestizaiarena da. Flamenkoarena azken urteetan eredurik nabarmenena. Pentsarazi digute mestizaia berdinen arteko nahasketa aberasgarria dela, baina ez, ez gara berdinak. Guk ez dugu ahalmen politiko berbera, ez dugu promozio ahalmen berdina. Flamenkoak estatu bat dauka atzean, eta guk ez. Mestizaia da kultur menderakuntza berri baten izena. Mestizaiak aldebikotasuna du baldintza nagusi. Guk flamenkoa ekarri dugu; eurak eraman al dute euskal musika Andaluziara? Euskal kultura ageri al da Espainian? Ageri al dira gure kantariak Espainiako zientoka egunkari eta telebistetan?

Flamenkoa gure kulturan txertatzeko egon den kanpainak biziki harritu nau. Zerbait ideologikoa behar du egon horren atzean. Iruñean ospatzen diren Flamenco on fire jardunaldiek sekulako propaganda daukate: «Nazioartean sonarik handiena lortu duen jaialdia», «Espainian ospatzen den flamenkoaren hitzordu nagusietakoa»… Non dago euskal musikaren hitzordu nagusia?

Euskal musikak ez dauka babes izpirik Autonomia Estatutuaren baitan. Euskal musikak konstituzio bat behar du, propioa, ahalguztiduna, eta euskal literaturak ere konstituzio bat behar du, eta euskal futbolak, eta bertsolaritzak, eta industriak, eta arrantzak…

Gaur Aberri Eguna; ea laster gure konstituzioaren eguna bilakatzen dugun.