EUSKAL NAZIOTASUNA ETA PODEMOS

Patxi Azparren

2018-08-10ean, NAIZ.

Etxebizitzen prezioaren iruzur erraldoiak jaioterritik (Donostiatik) bota baninduen ere, orain arte, beti, Gipuzkoan erroldatuta eta lan egin dut. Halere, oraindik arrotz dut EAE delako eremua. Pais Vasco; EAE; Comunidad Autonoma… horiek guztiak ez ditut atsegin.

Eroskiren marka zuriko zenbait produktutan elkargo horren maparekin batera Euskadi irakurtzean, Erkorekarekin gogoratzen naiz. Gure bi aitonen jaioterrira joaten naizenean (Goizueta eta Morentin) atzerritarra ote naizen galdetzen diot nire buruari; Gure Esku Dagoren azkeneko giza-katearen mapa ikustean, AHTren Y-ibilbide berria izango ote zen pentsatu nuen; ezker abertzalearen eledun ohi baten artikuluan «vascos y navarros» irakurri nuenean, betaurrekoen beharra nuela pentsatu nuen.

Azkeneko hilabeteetan EAE izeneko eremu horretan indarrean dagoen estatus juridikoa aldatzeko negoziazioek ez naute motibatu. Eragile politikoen jarrera, ulertu, uler dezaket, baina herrikide askori gertatzen zaien moduan, ilusio gutxi pizten dit negoziazio horretatik atera daitekeenak.

Ilusioa, eraldaketa sakona eta lan-grina berpiztu ahal dituzten bestelako proposamenak jorratzea eskatzen dit nire gogoak. Hori dela eta, ez dut sakonki jarraitu negoziazio horietan eman diren eztabaidak. Izan ere, sakonki ezagutzeko ere zailtasunak izango nituzke, elite politikoen arteko solasaldia izaten ari baita.

Halako batean, berriz, eztabaidetako batean, jarrera harrigarri batek azaldatu ninduen: Podemosek balizko estatutu berri horretan onar zitekeen «euskal naziotasuna» ez luke ontzat emango.

Podemosek PNVek eta EHbilduk ados lezaketen estatus juridiko berriak nekez asetuko lituzke ezkerreko independentiston nahiak, baina gai hori pertsonalki (milaka herrikideei bezalaxe) ukitzen nauelako, bereziki haserretu naiz, talde moratuak diskriminatzen nau-gaituelako baieztatu da eta.

Jakina denez, naziotasun eskubidea NBEren 15 artikuluaren bidez babesten da. Inori ezin zaio naziotasuna ukatu edota naziotasun inposatu. Horretaz gain, Estatu espainiarraren konstituzio aurretiko eskubide onartua dugu euskal herritartasuna, garatu ez badute ere. Gauzak horrela, harrigarria bezain lotsagarria da Podemosek euskal naziotasuna ukatu izana.

Estatu espainiarreko bipartidismoa birrintzeko sortu omen zen Podemos alderdiak Catalunyan erakutsi zuen nori zor dio leialtasuna; orain, Euskal Herriko mendebaldeko hiru herrialdetan ere erakutsi du espainiar supremazismoa onartzen duela. Hau da, Podemosek ez du inolako arazorik espainiar naziotasuna onartzeko. Gehiago esango nuke, ez du arazorik espainiar naziotasuna eta subdito izaera derrigorrez inposatzeko; aitzitik, euskal naziotasuna ez luke arautuko.

Arestian nioen gai honek pertsonalki ukitzen nauela. Batetik nire burua ezkerreko ekintzaile gisa kokatzen dudalako eta ezkerreko alderdi batengandik elkartasuna espero nuelako; baina batik bat, 2000 urtean beste 200 lagunekin batera espainiar naziotasunari uko egin niolako euskal naziotasuna aldarrikatzen. Ekintza hark espetxera eraman ninduen eta garai hartako Estatu espainiarreko ezkerreko taldeek ez zuten ezer egin eta ikusten dudanez, etorkizunean jarrera aldaketarik ez da antzematen.

2000 urteaz geroztik ez dut DNIrik; pasaportea ere zaharkitu zait, nire hitza eusteko asmotan nabil, nirea ez den naziotasuna onartzeko asmorik ez dut. Gure giza eskubidea da, horren aurrean zer proposatzen du Podemosek? Diskriminazioa, menpetasuna, bigarren mailako herritarra izatea?

Catalunyan bezala; Euskal Herrian ere Podemosek bere mugak non dauden erakutsi du. Estatu espainiarreko beste alderdi politiko bat besterik ez da, jakobinismotik askatzeko gaitasuna ez duen eskaintza politikoa. Podemos-«Euskadi»-k jarrera hori hartzean, marra jakin batzuk zeharkatzeko asmorik ez duela erakutsi du eta datu hori letra gorriz idatzi behar dugu balizko ibilbide-orri guztietan.

Euskal naziotasuna izateko eskubidea giza-eskubide den neurrian gehiengo/gutxiengo dinamika guztietatik at dagoen aldarrikapen demokratikoa da, eta nire ustez euskal prozesu askatzaile, eraldatzaile baten ardatzetako bat, herritar guztiok subjektu politiko aktibo bilakatzen gaituen ahalduntze metodoa baita, eta Estatu espainiar zein frantsesarekin haustura egiteko baimena ematen digun eskubideak.