EUSKALGINTZA APOLITIKOARI DEIA

Ane Ablanedo

2024-11-20an, ARGIA.

Euskararen biziraupena ez da euskaldunok politikaren partidan jokatzen dugun arazo bakarra, baina bai, euskalduntasunaren elementu bereizgarriena den neurrian, gure egoera gehien islatzen duena. Beste esparru batzuetan hainbeste ageri ez dena oso ongi erakusten du. Hasteko, noraino iritsi den Euskal Herriaren asimilazioa (edo espainolizatzea-frantsestea, gauza bera baita), eta jarraitzeko, nolako jarrera dugun pairatzen duen gatazkarekiko.

Euskararen egoera ez da ona, hizkuntzaren alderdi askotatik frogatu daitekeenez. Toki askotan galduta dago, edo galtzen ari da, frantziar okupaziopeko lurraldeetan mingarriki ikusten ari garen bezala, adibidez. Euskaraz hitz egiten den tokietan ere ari da indarra galtzen, eta inguruko hizkuntza nagusi horien kutsadura gehiegizkoa da, hainbeste, non badirudien euskara ez dela gehiago hizkuntza bat, morse moduko bat baizik. Gero, askotan oharkabean pasatzen zaigun detailea dago, jada ez dagoela euskaraz baino ez dakien euskaldunik, horrek esan nahi duenarekin.

Argi dago hizkuntzaren aferari heltzeko urteetan proposatua izan den estrategiak porrot egin duela, eta nahiz eta agerikoa izan hemengo administrazio (kolonial)ek politika anbiziotsuagoa egin zezaketela, arazoa hizkuntzaren afera aztertzeko darabilgun marko eta kokaleku okerrean datza. Izan ere, Euskal Herriaren gatazkatik erabat deslotuta aurkeztu ohi da hizkuntzarena, horren ondorio ez balitz bezala, edo konponbidea toki beretik etorri beharko ez balitz bezala.

Euskararen eskubideez ari garenean, ez da Euskal Herria hizkuntzaren subjektu bezala seinalatzen, baizik eta hizkuntza-komunitatea, okerra ez ezik arriskutsua ere baden kontzeptua; gu ez garelako New Yorken bizi diren poloniarrek osatzen dutenaren moduko talde minoritario bat, baizik eta nazio bat, nazio ukatu eta zapaldu bat, hizkuntza ere halaxe duena. Euskara bere herriaren arazotik at koka daitekeela uste izatearen orbitan baino ezin da ulertu, zentzu horretan, euskaltzale kalifikatzailea, abertzale ez direnak baina euskara maite dutenak izendatzeko erabilia.

Hizkuntzak nazionalak dira, edo ez dira. Hizkuntza “autonomiko”ek ez dute bizirauten, hizkuntza horien jabe diren herriek ere “autonomi”etan bizirauten ez duten bezala, beste batzuen mendekotasunean gatibu. Elebitasuna ez da inon eta inoiz benetan existitzen, eta horregatik digute etsaiek bide hori proposatzen, hipokrisiaz bada ere. Espainola/frantsesa eta euskararen arteko berdintasun egoera kimera bat da, ameskeria hutsa da hizkuntza horien arteko elkarbizitza orekatua. Euskal politikariek ideia hori elikatzeak logika eduki dezake, beren estrategia politikoa salbatu nahian, hor bide bat dagoela defendatu behar dutelako, bai ala bai. Baina euskalgintzako eragileek? Zergatik kolaboratzen dute ilusioaren kea saltzearen iruzur horretan?

Elebitasunaren bidea gure asimilazioa nahi duen sistema politikoaren proposamena da, ez dagoena euskaldunon umiliazioa eta gutxiagotasuna gainditzeko diseinatuta, baizik eta horietan oinarrituta. Niri oso larria iruditzen zait pentsatzea Euskal Herriaren gaurko egoera politikoaren zilegizkotasuna aitortuta, euskararen auziak behar duena ausardia politiko handiagoa besterik ez dela, esatea borondatearekin dena konponduta legokeela. Ez dakit inozokeria den, baina barkaezina da. Eta ez baldin bada, are gehiago.

Ez dugu denbora alde, eta atzera bueltarik izango ez duen egoera batera iristen ari gara. Mesedez, jokatu arduraz.