Soziolinguistika Klusterraren web-orrian zera irakur daiteke: “Soziolinguistika Klusterraren xedea: soziolinguistika arloko I+G+Bko erreferentziazko agente izan nahi du, euskararen berreskurapen eta normalizazio prozesuan eragile papera hartuz”. Beraz, badirudi euskara berreskuratu eta normalizatu beharrean dagoela, hots, bere egoera ez dela behar bezain osasuntsua eta galtzeko arriskuan dagoela. Alta, 15 urte bete berri dituen Kluster honetako soziolinguistek berreskuratze- eta normalizatze helburu horretara iristeko ez digute esaten zein bide hartuko duten, zein baliabide erabiliko dituzten, prozesu hori denboran zehar nola mailakatuko den, zein betebehar dituzten erakundeek eta jendarteak, alegia, oraindik ez digute aurkeztu horrelako egoera linguistiko batek eskatzen duen premiazko hizkuntza-plangintza serio bat.
Horren ordez, plazaratu berri duten 2019ko jardueraren txostenean zera irakur daiteke: “[bertan eratzen diren proiektuek] Euskal Herrian dauden ehundik gora hizkuntzak ezagutzea dute erronka, iaz Gipuzkoan hasitako maparen proiektua zabalduz”. (NAIZ, 2020/04/24) Alajaina! Euskal Herrian, euskararen egoerak alarma guztiak piztuta dituelarik, gure adituen zeregina, bertan, kanpotik ekarritako beste hizkuntzak zenbatzea eta aztertzea da. Zer ikustekorik du horrelako egitasmo batek, web-orri berean iragarrita dagoen konpromisoarekin: “Euskara biziberritzeko erronkan aurrera egitea da klusterraren izateko arrazoia”?
NAIZ-i eskainitako elkarrizketan, klusterreko kide batek zera dio: “Lehen Euskal Herrian hiru hizkuntza genituela esaten bagenuen, gaur egun ehundik gora dira eta errealitate hori ondo kudeatzeko, lehenik ezagutu egin behar da”, zehaztu gabe, noski, bertako berezko hizkuntza euskara denik, eta inongo azalpen historiko eta soziologikorik eman gabe, hizkuntzak, bere-berez, gutxitu, nagusitu edo biderkatuko balira bezala. Gure mintzaira zapaltzen duten bi hizkuntza nagusien hegemoniaz gain, orain pluraltasunaren izenean, aintzakotzat hartu behar ditugu gure herrian bizi diren kanpotik etorritako hainbat jenderenak. Pertsona horiek euskalduntzeko baliabideak garatu ordez, mapa linguistikoak egiteko bideratzen ditugu gure ahaleginak. Salagarritzat jotzen dugu gero eta gehiago zabaltzen ari den hizkuntza-aniztasunaren diskurtso horrek ezkutatzen duen mezua, hots, hizkuntzak betetzen dituen identitate eta kohesio funtzioak ezabatzeko nahia: lurralde honetan jende mota asko bizi denez, ez dago euskal populurik, kontuan izanik horrelako mezuek dakartzaten ondorio politiko jakinak.
Nazioartera begiratzea eta beste hizkuntza gutxituetako kideekin elkarlana sustatzea, aipatu klusterrak egiten duen moduan, ekimen interesgarria da, baina are interesgarriagoa litzateke beren hizkuntzak berreskuratu eta normalizatu dituzten herriengandik ikastea, esaterako Flandria, Estonia, Lituania, Letonia, eta abarrengandik.
“Beharren arabera arreta gune eta proiektu berriei heltzeko gaitasuna ere garatu dute. Euskaraldia ekimen berritzaile eta zabalaren ikerketaz arduratzea da horren adibide”, irakur dezakegu elkarrizketa berean. Korrika, Kilometroak, Araba Euskaraz… eta orain Euskaraldia. Berrogeita hamar urte baino gehiago daramatzagu ekitaldi mota horiek antolatzen, jendartearengan euskararekiko kontzientzia eta grina suspertu nahian, eta esan beharra dago maila horretan euskaldunon konstantzia eredugarria dela. Alta, hizkuntza-erabileraren datuak beherakada islatzen dute. Kontraesana dirudien arren, ez da batere harritzekoa, ikusirik euskara adornuzko hizkuntza dela —horren adibide gertuena koronabirusaren garaiotan euskarari ematen ari zaion tratamendua—, espainola/frantsesa soilik da benetako komunikazio hizkuntza, erdaraz esaten ez dena ez dago esana. Ikusirik, halaber, EITB, euskara indartzeko jaio zen baliabidea, elebitasun diglosiko horren tresna paregabe bilakatu dela. ETBk, egunero, euskaldunei espainolez hitz eginarazten die, ETB2ko elebakar ikus-entzuleek uler dezaten eta bide batez, euskara ikastea ez dela beharrezkoa ondo barneratu dezaten, euskal hiztunei beren hizkuntza hutsaren hurrengoa dela adierazten zaien bitartean. Urteak dira egoera hori salatzen ari garela, baina alferrik!
Hizkuntzalaritzan, lege unibertsala da hizkuntza batek bizirauteko nonbaiten bizitzeko beharrezkoa izan behar duela. Euskal Herriko herritarrei mezu hori zuzendu beharrean, erakundeetatik beste hauek zuzentzen zaizkie, alegia, gizarte elebidun batean bizi garela —jakinik munduan ez dagoela gizarte elebidunik, iruzur hutsa dela hori sinetsaraztea—, bi hizkuntza ditugula aukeran —jakinik bata bestea zanpatzen ari dela lotsagabeki—. Hori bai, EITBko arduradunak eta gure agintariak lehenak dira Euskaraldia bezalako ekimenetan azaltzeko, jakinda euskara normalizatzeko beraiei dagokien eginbeharra beste maila batean kokatzen dela, eta urruti daudela hori betetzetik.
Beraz, bada garaia euskaltzaleok egoera hau sala dezagun eta dagokienei kontuak eska diezazkiegun, jendarteak jakin dezan euskara dela Herri honetako hizkuntza eta baldintza batzuk bete ezean hil egingo dela.
NAZIOGINTZAren artikulu honi beren sostengua eman diote pertsona hauek: Edurne Alegria, Dionisio Amundarain, Josu Albero, Jokin Apalategi, Xabier Arregi, Joxe Azurmendi, Luken Etxabe, Xabier Goiria, Paulo Iztueta, Ibai Iztueta, Jose Inazio Lopez de Luzuriaga, Joxe Manuel Odriozola, Andoni Sarriegi, Pako Sudupe eta Mikel Urkola.