Jexuxmari Zalakain
2023-11-23an, BERRIA.
Imajinatzen dut gure herriko jende gehienak lasaitu handiz jaso duela PSOEren eta Juntsen arteko ituna, inbestidurari begira ezinbestez sinatua, eta, ematen duenez, legealdi osorako pentsatua. «Ez dezatela faxistek irabazi», pentsatu bide du jendeak. Espainiarrek, ordea, ez dute hainbesteko pozez ikusi, ustez beren nazio inperial betierekoa errotik kaltetzen duelako-edo. Liskarretan ari dira euren artean, eta ikusiko dugu noraino iristeko gai diren, nola konpontzen duten euren artean demokraziarekin daukaten arazo larria…
Esango nuke benetako arazo nazionala jokatzen ari zela uste ordez, Kataluniaren eta Espainiaren artean, askok, gure artean ere askotxok, batik bat ezker-eskuin arteko lehia ikusi dutela. Eta hori ere badagoen arren, aktore bakoitzak bere ideologia soziala daukan neurrian, muina nazio-eskubidean egon da, eta dago; zehazkiago esanda, oraingoan nazio katalanak bere etorkizuna libreki erabakitzeko askatasunean. Izan ere gu, euskaldunok, kasu honetan begira egon gara, interes handiz baina begira. Katalanek, hobeto esanda Juntsen inguruan dabilen jendeak, eta oro har mugimendu independentziazaleak, procés-ean parte hartu eta autonomismo gorrira pasa ez direnek bederen, beren askatasun nazionalean urrats erabakigarria, agian ez definitiboa, emateko unea zela uste izan dute; hori, eta ez beste ezer, izan dute gogoan. Nire datuen arabera, ez daude pozik (Puigdemont bera ere ez, jakina), ezta hurrik eman ere, akordioaren alde positiboak bilatzen saiatzen diren bitartean, jarraitzeko. Lluis Llach kantautore historikoaren abesti baten hitzek ongi erakusten dute mugimendu horren oraingo aldartea: «No és això, compayns, no és això, ens diran que ara cal esperar: i esperem, ben segur que esperem. És l’espera del que no ens aturem, fins que no calgui dir no és això. No és això pel que van morir tantes flors, pel que van morir tants anhels. Potser cal ser valents altre cop i dir no, amics meus, no ès això».
Vicent Partal Vilaweb-en zuzendariak esan du inbestidura-itun bat baino gehiago «bake-itun» bat ematen duela Bruselako akordioak, testuaren egitura eta edukiagatik: aurkari bakoitzaren maximoak idatzi, negoziatzeko (ez elkarrizketa bat egiteko) borondatea erakutsi eta nazioarteko egiaztatzaile bat aukeratu, akordio batera iristeko bidean urratsak egiten diren ala ez aginpidez kontrolatzeko.
Seguru asko inork ez zuen holako testurik espero, katalanak ere harrituta daude, baina nik aspektu zalantzazko batzuk, ez denak, azpimarratu nahi nituzke. Carles Puigdemont president legitimoak akordioaren berri emateko prentsaurrekoan nabarmendu duenez, «ez dago ezer ospatzeko», «honek ez du ezer konpontzen», «izugarria da elkarri diogun mesfidantza», eta hala ere urratsa egitea erabaki du(te). Mugimendu independentziazaleak atzerapausotzat hartu du hori; izan ere, estatuak estatutua arbuiatu eta 2014an martxan jarri, 2017an erreferenduma egin eta urriaren 27an independentzia aldarrikatu izan bazen, izan zen erabat konbentzituta zeudelako estatuarekin (PPrekin eta PSOErekin) akordiora iristerik ez zegoela: estatuarekiko aldebikotasun-saio guztien porrotaren jabe izanik. Ez dirudi orain konfiantza hori edukitzeko arrazoi handiagorik dagoenik. Antza denez, nazioarteko egiaztatzaile hori da bermea, mugimenduaren mobilizazio-gaitasunarekin batera. Ez ahaztu 2014-2017 urte artean autonomistak, konbergenteak batik bat, independentziaren aldeko militante bihurtu baziren, kalean mugitzen zen jendearen eraginez egin zuela jauzia, eta aurrerantzean ere hori izango da berme sendoena: klase politikoa presionatzen jarraitzea…