EZ NIREA, JENDE GEHIEGIREN ISTORIA BAIZIK

Argazkia: EFE Agentzia

IRATI OLEAGA.

Aurten 15 urte bete dira Espainiako Guardia Zibilak, armak eskuetan, Euskaldunon Egunkaria itxi zuenetik. Munduan euskara hutsez idazten zen egunkari bakarra ezabatu zutenetik. Kazeta ixteaz gain, 10 langile atxilotu, torturatu eta inputatu egin zituzten, terrorismo delitua leporatuta. Hauetako baten alabak bere testigantza gordina azaltzen du hemen.

Urte gogor horietan Euskal Herriak mota guztietako indarkeriak ezagutu zituen. Espainiaren okupazioari erantzuten omen zion ETArena zen horietako bat. Estatuaren aldetik erabateko bortxa zegoen, egoera kolonialari dagokion bezala: euskararen aldeko mugimenduak jazarri, alderdi politikoak legez kanpo utzi, komunikabideak itxi, manifestazioak debekatu, buruzagi politikoak atxilotu eta espetxeratu…. Euskal kulturaren mundua ere susmagarri bihurtu zen eta “dena da ETA” lelo zentzugabearen izenean bidegabekeria anitz burutu zituen Estatu espainiarrak. Testuinguru horretan kokatu behar dugu Euskaldunon Egunkariaren aurkako eraso bortitza.

Kazeta itxi eta zazpi urte geroago, 2010ean, Espainiako justizia-administrazioak berak erabaki zuen Euskaldunon Egunkaria ixteko eta 10 lagun horiek atxilotzeko neurriak oinarririk gabekoak zirela, eta ETArekin loturak ez zutela, ez batak, ez besteek ere. Era berean, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Espainia kondenatu zuen 2012an Martxelo Otamendi Euskaldunon Egunkariaren Zuzendariari egindako torturak ez ikertzeagatik.

Hona hemen 2003ko gertaera latz horien lekuko baten bizipenak:

 

EZ NIREA, JENDE GEHIEGIREN ISTORIA BAIZIK

Hamahiru urte nituen duela hamabost. Bederatzi urte zeuzkan nire ahizpak.

Espainiako Guardia Zibilak esnatu gintuen goizeko ordubatean. Beste euskaldun askorekin egin bezala. Armez lepo zetozen; balen aurkako txalekoz batzuk, aurpegia buru-berokiz estalita besteak. Pijama soilean geunden gu. Beste euskaldun asko bezala.

Nire aita atxilotzera etorri ziren. Beste euskaldun asko bezala.

Kazetaria zen bera. Mundu osoan euskara hutsean idatzitako egunkari bakarrean egin ohi zuen lan: Euskaldunon Egunkarian. ETAko kide izatea egotzi zioten. Beste euskaldun askori bezala.

Sukaldean sartu eta bertan izan gintuzten ama, ahizpa eta hirurok lau orduz, garai hartan gurea zen etxe txikia aitarekin miatzen zuten bitartean. Ez dakit zeren bila zebiltzan. Zer da inori kazetari izateagatik terrorismo delitua leporatzen diozunean bilatzen duzuna?

Nolanahi ere, lau orduren buruan haiekin eraman zuten aita. Beste euskaldun asko bezala. Ez genekien nora, zergatik edota zenbaterako izango zen. Beste euskaldun askok bezala.

Pijamak jantzita jarraitzen genuen oraindik. Etxean ginen, baina ez zirudien gurea. Nahas-mahasa zen; gure koltxoiak buelta emanda, euren armen (koipearen) usaina… Luze iraun zuen usain hark etxean, artean aita non eta nola zegoen ez genekiela. Usain dezaket oraindik ere. Beste euskaldun askok bezala.

Beste bederatzi lagun ere atxilotu zituzten gau hartan. Eta kazeta itxi. Espainiako Entzutegi Nazionalak Euskaldunon Egunkaria ixteko agindu zion Guardia Zibilari; eta honek, egin.

Bost egun igaro eta heldu zen albistea. Atxilotuetako batzuk espetxera bidali zituen epaileak. Haietako bat zen nire aita. Madrilen zegoen ama une hartan; bere bila joana zen, epailearen aurretik pasa ostean aske geratuko zirela uste baikenuen denok. Ez zuen zentzurik; askatu egin behar zituzten. Baina ez zen hala izan.

Amonaren etxean bildu ginen gainerako senideak (ahizpa, lehengusina, osaba-izebak…). Telebistako albistegia ari ginen ikusten. Auzitegiaren erabakia zuten hizpide, eta une hartan bertan aske geratu zirenak espetxetik irteten grabatu zituen kamerak. Zuzenean ikusi genuen. Aita ez zen haien artean. Beste euskaldun asko bezala.

“Zorioneko” horietako bat elkarrizketatu zuen berriemaileak. Torturak jasan izana salatu zuen. Beste euskaldun askok bezala. Bost egunez. Torturatuak izan ziren. Beste euskaldun asko bezala. Ezin malkoei eutsi.

Berri hark Euskal Herriko etxe ugari isilean utzi zituela uste dut. Nire amonarena bai, bederen, baina ez zuen luze iraun isiltasunak. Telefonoak jo zuen, eta ni izan nintzen zutitu eta errealitatera itzultzea egokitu zitzaiona.

Telefonoa hartu nuen… Aita zen. Espetxetik. Dei bat egin zezakeen. Bakarra. Gaztelaniaz. Ez genuen euskaraz egiterik. Hura izan zen aitak gaztelaniaz hitz egin zidan lehen aldia, gure bizitzan lehen aldiz, eta arrotza izan zen, arraroa, biolentoa, mingarria, iraingarria, hotza… Antinaturala izan zen. Antinaturala da.

Horrexegatik bidali zituen Espainiar Estatuak armatutako ehunka gizon eta emakume Euskal Herrira duela hamabost urte; naturala dena desegitera.

Ero gizajoak…

Baten batek behin esan zuen bezala, “euskara da gure territorio libre bakarra”. Beti izango naiz aske hor, eta beti babestuko dut. Beste euskaldun askok bezala.