EZAREN GUDAZ BAIETZA SORTUZ

Unai Villacorta

2022-01-10ean, ARGIA.

Jaiotzatik heriotzara arte, bizitza etengabeko borroka bat da. Gure bidean zoriona, zoritxarra, ilusioa, pena, oztopoak, traizioak bizi behar izaten ditugu, eta ezin ditugu ekidin. Momentu onak behar bezala baloratzen eta gozatzen jakin behar dugu, eta txarrei aurre egiten. Eroriz ikasten da oinez, baina gakoa altxatzen jakitea da, eta erorketa horrek indartsuago egitea.

Ni neu injustiziek naute gehien sumintzen, eta horrek bultzatu ninduen euskal nazio askapen borrokara. Eta urteen poderioz ikusi eta frogatu ahal izan dut politika ere bizitza bezala etengabeko borroka dela, bukaerarik ez duena. Hor ere zoriona, zoritxarra, ilusioa, pena, oztopoak eta traizioak bizi behar izan ditut. Baina aldiro altxatu eta indar handiagoarekin ekin diot bideari, eta hori guztiari esker naiz gaur naizena.

Gure herriaren historia nahitaez horrelakoa izan da, erori altxatu, aurrera egin, atzera… Azken hamarkadan borroka latzaren parte baten porrota ezagutu dugu, eta oraindik ez dugu burua altxatu. Begi bistakoa da gure nazioaren askapena ez dugula hurbil, are gutxiago gure gizartearen ongizate osoa. Baina kasu, batzuek hala aditzera eman nahi duten arren, porrot horrek ez du inolaz ere esan nahi ildoa okerra zenik, borroka bat ez baita lineala eta porrot gogor bat ezagutu dugun arren, ugariak eta handiak izan baitira ekarri dituen garaipenak: borroka hori gertatu behar zen!

Porrotaren ondorengo urteek desilusioa ekarri dute, atsekabea, nekea, eta konfrontazio faltak sofan egotearen erosotasuna agerian utzi du. Zein erosoa den etxean goxo-goxo gelditzea, eta zeinen erraza munduko arazoak sutondoan konpontzea.

Erori gara, baina beste askotan bezala altxatu behar gara, eta indar gehiagorekin bidean jarraitu behar dugu. Utzi gintuztenek, eroritakoak, bahiturik ditugunak, guk eta ondorengo belaunaldiek merezi dutelako, eta borroka hau bakarrik galduko dugu guk sinesteari utziko diogunean eta amore emango dugunean. Bertolt Brechtek zioen bezala, pertsona batzuek egun batez egiten dute borroka eta onak dira. Beste batzuk urte batez borrokatzen dute eta hobeak dira. Batzuk urte askoan borrokatzen dute eta oso onak dira. Baina badira bizitza osoan borroka egiten dutenak: horiek dira ezinbestekoak. Gure helburuak lortzeko sekulako indarrak egin beharko ditugu, etsaiak oso boteretsuak baitira, izan gaitezen ba ezinbesteko borrokalariak!