Aratz Gallastegi
2024-12-20an, ARGIA.
Hamabost aldiz espainiar selekzioarekin izan ostean, Gallastegik 1999an uko egin zion jokatzen jarraitzeari.
Azaroaren erdialdean ARGIA komunikabidearen efemeridearen bitartez gogoratu dut espainiar selekzioan jokatzen jarraitzeko ukoa duela 25 urte egin nuela. Efemeride horrek atzera begiratzeko eta hausnarketa egiteko aukera eman dit.
Nazioarteko Kirol lehiak herrialdeen arteko kirol guden eran ikusi izan ditut, armarik gabeko armada, guda baten antzera, elkarrekin lehian. Horrela ikusten jarraitzen ditut egun ere, Olinpiar Jokoak eta nazioarteko edozein txapelketa handi zein txiki. Norbera bere herrialdearen alde, guda batean, beste herrialdeen aurka, kirol-legez lehiatuz.
Nazioarteko kirola guda egitera jokatzea da eta kirol gudak, norberaren aberriarekiko sentimendua, harrotasuna eta atxikimendua dakartza. Horregatik, nazioarteko kirola, zalantzarik gabe, herriaren emozio eta sentimenduak mugitzen dituen tresna politikoa da. Lehen mailako tresna politiko eta estrategikoa nazio handi, txiki, aberats edo txiroentzat.
Gure Euskal Herri txikiak, ez du kirol guda horietan parte hartzeko aukerarik, ez du ia armadarik ere eta euskal kirolari askok, frantziar zein espainiar armadetan parte hartzen dute. Azken 25 urte hauetan, gure herria zapaldu eta ukatzen duten kirol armadetan parte hartzen duten kirolariak gero eta gehiago direla iruditzen zait, baita ere, kirol armada horiek Euskal Herrian duten presentzia entrenamendu, partida zein txapelketa formatuetan. Larria deritzot, presentzia hori normalizatu edo normalizatze bidean izatea. Larriagoa, harrotasuna eta atxikimendua sortzea.
Nabaria da azken 25 urte hauetan ez dela euskal kirol armadaren alde, salbuespenak salbuespen, urrats esanguratsurik egin. Frantziar zein espainiar kirol armadaren alde egindako ahaleginak, berriz, handituz doaz etengabe. Kolonizaturik gauzkaten estatuen kirol parametroetan erabat murgildurik gaude. Egunetik egunera, aletxoak ezartzen dituzte euren parametro horiek gure egin ditzagun eta egoera hori normalizatu dezagun. Alegia, kirolean ere, frantziarrak edo espainiarrak izatea.
Gure lurraldean kirola kudeatzen duten erakundeek ere (klubek, federazioek, instituzioek, etab.), neurri desberdinetan, aipatu parametro horietan murgiltzeko aletxoak ezartzen dituzte egunez egun, kirol sistema arrotzaren katebegi diren heinean arau eta ekimenak bultzatuz, gure identitatea desagerraraziz, identitate arrotza normalizatuz eta inposatuz. Baina murgiltze hori normalizatua dugunez, eguneroko ogi bihurtu dugu eta horrela izan behar duela barneratu dugula iruditzen zait.
Kirol erakundeek, klubek, federakundeek, instituzioek, kirolariek, komunikabideek eta abarrek, handik zein txikik, nolabaiteko ardura dugu gure herri nortasunaren alde egiteko. Beti gertatzen den eran, gure herriaren alde egiten dugunean, kirola politizatzen ari garela leporatzen digute, egunerokotasunean, berriz, kolonoen lege eta araudiak inposatzen dizkigutenean, ez ei da kirola politizatzen.
Euskal Herriak independentzia lortu arte, Euskal Herriko selekziorik modu normalizatuan ikusiko ez dugula uste dut, baina oker egotea nahiko nuke. Hala ere, kolonizaturik gauden bitartean, Euskal Herriko kirol erakunde desberdinek, bakoitzak bere ardura mailaz, gure identitatearen eta nortasunaren alde egitea nahiko nuke eta egiterik ez badago, behintzat, biderik ez eman nortasun eta identitate arrotza normalizatzeari eta inposatzeari.
Egungo nazioarteko kirol dinamiken bitartez, gure gazteek Frantziako eta Espainiako federazioetan egiten dute kirol soldaduska. Ondoren, armada arrotzetan borrokatzeko. Gehiegitan, tamalez, Euskal Herrian bertan, bertako kirol erakundeek antolatuta eta diruz lagunduta.
Zer litzateke ahalegin horiek guztiak Euskal Selekzioak antolatzen eta bultzatzen egingo balira? Zer litzateke gazte horiei guztiei Euskal Herriko selekzioaren aldeko sentimendua, ahalegina eta maitasuna emateko aukera eskainiko bagenie?
Nazioarteko kirolari dagokionez, iruditzen zait hurrengo 25 urteetan aurrerapen galanta egingo genukeela, Frantziako zein Espainiako nazioarteko kirola bultzatzea eten eta Euskal Herriko selekzioen alde emango balitz azken 25 urteetan selekzio arrotzei emandakoaren erdia. Baina azken 25 urteetan ikusitakoaren arabera, euskal politikariak Frantziako zein Espainiako botere erakundeetatik zenbat eta hurbilago izan, Euskal Herriko selekzioak orduan eta urrunago.
Naziogintza urrats txikiz zein handiz landu beharra dugu eta dugun arduraren arabera, neurri bereko urratsak eman. Euskal Herriaren desagertzea ekidin nahi badugu, erakunde, legedi, araudi eta ikuspegi arrotzetan katramilaturik ibili ordez, haiekiko jarrera intsumisoak landu beharko ditugu kirolean zein bestelako esparruetan ere. Euskaldunok ez dugu beste biderik hartzeko aukerarik, Espainiaren eta Frantziaren aurrean jarrera intsumisoak landu edo gure herria desagerpenera bidean jarriko dugu.
Etorkizuneko 25 urteetan, kolonizaturik gaituztenen nazioarteko kirola elikatzen jarraituko dugu? Ditugun baliabide eta ahaleginak haien mesedetara bideratuko ditugu? Gure kirolariei ez diegu euskal sentimendua nazioartean zabaltzeko aukerarik emango? Ez dugu aukera horiek lortzeko baliabide nahikorik jarriko? Nazioartean lehiatzeko aukera eta bidea armada arrotzekin lehiatzea izango da? Euskal kirolariak Frantziara eta Espainiara bidean jarriko ditugu?