JOSE INAZIO LOPEZ DE LUZURIAGA
Musikologoa. Donostiako kontserbatorioko irakasle jubilatua.
Iruñeko proposamena
2020ko abuztuaren 12an, Iruñean, laurogei bat musikarik Euskal Herri osoko ereserkia Gernikako arbola izan behar lukeela aldarrikatu zuten Julian Gaiarreri egindako monumentuaren aurrean. Berrian jasotzen denez, “nahi dugu berreskuratu gure betikoa izan den kanta, Euskal Herriko ereserkia, 157 urte dituen kanta. Ea politikak batu ez duena musikak eta kulturak batzen duten, eta gure herria, gure kultura, gure euskara eta gure batasuna hortik datorren” azaldu zuen komunikatua irakurri zuen Gontzal Mendibil kantariak. Egitasmoa bereziki Nafarroatik eta Iparraldetik bultzatu dute azken hilabetean eta oso esanguratsua da hori; EAEn ez da sumatzen errepresentazio nazionalekiko kezka hori. Hau da komunikatua eta sinatzaileen izenak ikusteko lotura: https://zuzeu.eus/euskal-herria/euskal-herria-baskoniaren-ereserkiaren-aldeko-manifestua/. Mendibilek gogora ekarri zuenez, Gernikako arbola «beharbada Euskal Herrian dagoen musika-ikurrik esanguratsuena da, aniztasun handia baitu eta batasuna eskaintzen baitu, era guztietako herritarrek parte hartu bailezakete bertan: karlistek eta liberalek, errepublikazaleek eta sozialistek, kontserbadoreek eta iraultzaileek, abertzaleek eta nabarristek…». Gertaera horren harira Martxelo Otamendik Berrian idatzitako testu batean dioenez, 1983an Euskadiko Ezkerrak, PSOEk eta APk Gernikako arbola ereserkiaren alde egin zuten. Testuarekiko lotura: https://www.berria.eus/paperekoa/1904/013/002/2020-08-13/ereserki-bila-berriro.htm. “Zer da, bestela, ereserki nazional bat, ez bada herritar guztiak kantatzera zirikatzen dituen eta lurralde osoa hotsez batzen duen hori?” -dio Gontzal Mendibilek‒. Sinatzaileen artean sumatzen da aniztasun hori; kultura politiko ezberdineko jendeak eman du bere sinadura: Anje Duhalde, Evaristo Paramos, Jon Maia, Antton Valderde eta Niko Etxart esaterako, bakar batzuk aipatzearren. Horregatik, manifestuaren sinatzaileek argi dute: «Heldu da garaia historikoki elkartu gaituen ereserki bat kantatzeko, gure herrialdeko joera politiko guztiak ados jartzen baikaitu». Hala, dei egiten diote euskal gizarteari, Gernikako arbola berriz ere kantatzeko eta “puri-purian” jartzeko.
Iruñeko proposamenari Martxelo Otamendik egindako kritika
Arestian aipatu dugun idatzi berberean Martxelo Otamendi ez dator bat komunikatuaren sinatzaileekin eta jende ugarik erabiltzen dituen beste era bateko argudioak erabili ditu ezadostasuna azaltzeko; haren iritziz eztabaidagai izan liteke kanta horrek dauzkan hitzak eta hitz horiei darien herri-eredua. Ez da laikoa, ez da modernoa, ez da orotariko berdintzailea, ez da interetnikoa, ez da XXI. mendekoa. Gainera ez da egokia Euskal Herria ordezkatzeko “bedeinkatua” eta “santua” hitzak erabiltzen dituelako eta “Jainkoa eta Jauna” bost bider aipatzen dituelako. Bada, Gernikako arbola ereserkiaren egokitasuna ukatzeko erabiltzen dituen argudio berberak erabiliko ditut hemen ereserkiari bere balioa emateko.
Alabaina gaizki ulertuak uxatze aldera eta kritikan jarraitu baino lehen, aitortu nahi dut argi eta garbi lan honen atzean ez dagoela Martxelo Otamendik euskara, euskal kultura eta Euskal Herriaren alde egindako eta gaur egun ere egiten ari den lan itzela zalantzan jartzeko asmoa, inolaz ere ez. Beraz, maila pertsonalean estimatzen dut Martxelo Otamendi; txalotu egiten dut bere lana eta irizten dut bera dela euskaldunontzat erreferente indartsu bat. Era berean, nire elkartasuna adierazten diot justu egiten duen lanagatik bizitzan pairatu behar izan dituen errepresio, sufrimendu eta tartean jasandako tortura basatiengatik. Nire kritika Gernikako arbolaren kantuari buruz egin zuen idatzian hasi eta amaitzen da; eta hori arrazoi sinple batengatik, oso ondo jasotzen duelako Gernikako arbolari buruz jende askok pentsatzen duena. Bestalde, uste dut gai honi buruz gizarteratu den eztabaidak aberastu egiten duela gure pentsamendua eta bizitza publikoa.
Gernikako Arbola Ama Lurraren eta euskaldunon askatasunaren ikur
Hitzei dagokienez, arbola aipatzen du Iparragirrek, Ama lurraren, euskal komunitatearen eta euskaldunon askatasunen ikur dena, Europan eta munduan betidanik kutsu erlijiosoa izan duena eta oraindik ere jende ugarik sakratutzat jotzen duena. Arbola Mendebaldeko kultura guztietan gizakiaren eta lurraren arteko harremana islatzen duen errepresentazioa da. Sinbolo indartsua, maiatz- -ekainetan bereziki, antropologiak emankortasunaren sinbolotzat hartzen duena. Aguraingo San Joan festaren bezperan, adibidez, jendea bilduta, osagai zentrala da arbola, lurrean txertatzen den makala, baina ez bakarra, fruitu-arbolak ere bai, gereziondoak bereziki, protagonistak dira festan. Beraz, gure kulturan arbola garrantzi handiko ikurra da, babesa, fruituak eta beroa ematen dizkigun natura; eta, hala, bedeinkatu eta santutzen dugunean arbolaren errepresentazioan biltzen diren natura eta gure komunitatea dira goraipatzen ditugunak eta ez besterik. Lurrarekiko atxikimendua adierazten duen ikurra da arbola, Mendebaldeko kulturan Erdi Aroko iruditerian ere agertzen dena. Egia da Erdi Aroan, Eliza, sinkretismoz arbolaz baliatu zela haren aurreko komunitateek gurtzen zituzten objektuak eta bilkura erritualen guneak bereganatzeko eta bere ideologiaren araberako esangura berria zabaltzeko: jentilen topaguneak eliza edo ermita bihurtu ziren eta argizagiei dagokienez, eguzkiaz eta ilargiaz antzeko erabilera sinbolikoa egin zuen Elizak: Eguzkia Jesukristo eta Ilargia Ama Birjina bilakatuta agertzen zaizkigu Burgosko (Espainia) Santa Maria de las Viñas baselizan, ikonografian ikus daitekeenez: Eguzkia ‒Jesukristo‒ (https://masdearte.com/media/n_quintanilla7.jpg), eta Ilargia ‒Ama Birjina‒ (https://masdearte.com/media/n_quintanilla9.jpg). Arbolari dagokionez, gurutze bihurtuta ikusten dugu kantuan VI. mendeko Venantius Fortunatusen “Crux fidelis” himnoaren testuan: Crux Fidélis, inter omnes Arbor una nóbilis: Nulla talem silva profert, Fronde, flore, gérmine: (Oi gurutze fidela, arbola guztietan jatorrena. Ez du inongo oihanek zure parekorik sortu, ez hostoz, ez lorez, ez fruituz). (https://www.youtube.com/watch?v=Ww-aOIQKMIc). Eta gertuago gauza bera ikusten dugu arbolaren ikono batzuetan: arbolaren gainean gurutze bat gainjartzen duen irudia dugu Aragoiko Pirinioko Sobrarbe herriaren armarrian (Iruñeko erresuma 901-1035 urteetan). (https://es.wikipedia.org/wiki/Escudo_de_Sobrarbe). Eta gaur egun, oraindik, jende askok sentitzen du arbolarekiko sentimendu berezi hori, arbola besarkatuz adierazi ohi dena kasu askotan. Goian esan dudan bezala, Gernikako arbola Ama lurraren eta euskal komunitatearen ikurra da aldi berean, horregatik esaten du Iparragirrek “eman da zabal zazu” fruitua munduan. Beraz, emankortasunaren eta irekitasunaren ikur bezala erabiltzen du Iparragirrek Gernikako arbola. Eta zentzu horretan ere, ez dago gaizki gogoratzea gure gazteak munduan zehar sakabanatzen ari direla gaur egun, XIX. eta XX. mendeetan bezala, baina demografiaren aldetik Euskal Herria suizidio kolektibotik gertu dagoela. Arbolak aterpea eta janaria ematen dizkigu eta baita beroa ere neguan, gizarte bizitzarako funtsezkoa den lehengaia, zura, emateaz gain. Eta Gernikako arbolak gogorarazten digu Herri bat osatzen dugula, Euskal Herria, askatasuna maite dugula eta natura maitatu behar dugula.
Hala bada, Gernikako arbola ereserkia kantatuz Mendebaldeko kulturan txertatzen dugu geure burua eta naturarekiko ditugun harremanak estutzen ditugu, naturarekiko dugun etena gero eta handiagoa denean. Gernikako arbola ereserkia kantatuz gure kulturarekin eta gure historiarekin bat egiten dugu, eta euskal nazioaren existentzia ukatzen dutenak eta arbolak maite ez dituztenak alde batera utzita, inor ez da gelditzen kanpoan, izan hemen jaioa edo kanpoan jaioa, izan ezkerrekoa ala eskuinekoa, izan gizona ala emakumea eta abar.
“Gernikako arbola kanta ez da laikoa”
Otamendik dioenez, Gernikako arbola kanta ez da laikoa. Bada, esan behar da erlijiozaletasunaren antonimoa dela laikotasuna eta erlijiozaletasuna balore absolutuekin lotzen dela orokorrean. Alabaina, era zabalean ulertuta, ez dago erlijio-sentimendu bat eta bakarra, erlijio tradizionalekin lotzen dena. Gizartean badira “laiko” bezala aurkezten diren hainbat jarrera eta sentimendu ere absolutu eta aldaezin bezala defendatzen direnak. Euskal gizartean ohikoak dira sentimendu horiek eta, nola edo hala, denok gara sentimendu horietako baten edo besten partaideak. Eskuin politikoan, baina baita ustez oso laiko eta progresistak diren eta Euskal Herriko “ezkerreko” testuinguru kultural eta politikoan mugitzen diren pertsonengan ere, suma daitezke erlijio-sentimendu horiek; kritiken aurrean agertzen duten jarrera oldarkorretan islatzen direnak, eurekin ados ez daudenak deskalifikatzeraino, “negazionistak” (ukatzaileak) “xenofoboak”… Karlos Gorrindok artikulu bikain batean agerian utzi duen moduan, https://zuzeu.eus/euskal-herria/xenofoboa-eta-negatibista/ eta Pako Suduperen artikulu bati egindako iruzkinean Bittor Hidalgok agerian utzi duen moduan https://zuzeu.eus/euskal-herria/euskarazko-egunkari-bakarrera-kondenaturik/.
“Gernikako arbola kanta ez da modernoa”
“Gernikako arbola kanta ez da modernoa”, “ez da XXI. mendekoa” dio Otamendik. Bistan da ez dela XXI. mendekoa. Ados. Eta galdera zera da: modernoak edo XXI. mendekoak al dira segidan aipatuko ditudan ereserkiak? Ikus dezagun: Frantziako “Marsellesa” (martziala edo kutsu militarrekoa, 1792az geroztik ofiziala), Erresuma Batuaren “God Save the Queen” (estilo hanpatua, hotsandikoa, 1720 baino lehenagokoa), Alemaniako “Das Lied der Deutchen” (hotsandikoa, 1991z geroztik ofiziala da, baina 3. bertsoa bakarrik: “Einigkeit und Recht und Freiheit”, “Batasuna, Justizia eta askatasuna”), Mexikoko “Mexicanos al grito de guerra” (martziala, ofiziala 1943az geroztik), Errusiako “Errusia, gure Aberri Sagaratua…” (martziala eta hotsandikoa, Italiakoarekin batera XXI. mendekoa den bakanetako bat. 2000ko abenduaren 30az geroztik da ofiziala), Portugalgo “Heróis do mar, Nobre Povo”, “Itsasoko heroiak, herri noblea…” (martziala, 1910tik ofiziala, 1957/07/16an egokitua), Kubako “Al combate corred bayaneses…” (patriotiko eta oso martziala, 1868), Venezuelako “Gloria al Bravo Pueblo…” (kolonialismoaren kontrakoa, 1810), Belgikako “O dierbaar België, o helig lan der vaad’ren…”, “O Belgique, ô mère chérie…”, “Oi Belgika, oi Ama maitea” (kantu lirikoa, ereserki elebiduna, 1830), Suitzako “Trittst is Morgenrot daher…”: “Fruituak egunsentian…” (korala, hotsandikoa, Alemanez, 1841ekoa, 1981/04/01an egokitua), Italiako “Fratelli d’italia, l’Italia s’e desta…” “Italiako anaiak, Italia esnatu da…” (martziala, 2005/11/17tik da ofiziala). Ereserki nazional hauek eta aipa daitezkeen hainbat eta hainbat, modernoak al dira? Bada, ez. Nazio bakoitzak bere historia dauka eta ereserki nazionalak horri erantzuten dio, zeren gauza bat da ereserki nazionala eta beste gauza bat da gizarte-sektore baten ereserkia, sektore horren ideologia eta baloreak jasotzen dituena, guztiz zilegi dena, besteak beste kirolean ikusten duguna, futbolaren inguruan batez ere, eta baita gizarte- -mugimenduetan ere, “Zutik emakumeak hautsi zure kateak” kanta, adibidez. Bestalde, behin baino gehiagotan entzun eta kantatu ditugu gure kaleetan tradizioz errepikatzen diren baina gure balioekin bat ez datozen kantak, batzuetan testuak aldatuak dituztenak. Denok gara jokamolde horren lekuko, garai guztietan, baina batez ere Gabon-kanten inguruan eta erlijio katolikoaren ukitua duten ekitaldietan. Hori egin dute gurean ezkertiarrek eta eskuindarrek, bakoitzak kantuari beren ñabardurak eginda. Eta zilegi da talde-kanta delako. Baina ereserki nazional batekin ezin da hori egin. Zeren horrela egiten bada, beste modu batean pentsatzen duen gizarte-sektore bat edo batzuk kanpoan geldituko dira eta nazioa osatzeko sektore sozial guztiak bildu behar ditugu.
“Gernikako arbola ez da orotariko berdinzalea…”
Gernikako arbola kanta “ez da orotariko berdinzalea”, “ez da interetnikoa” dio Otamendik. Nor uzten du kanpoan, bada, Gernikako arbola ereserkiak? Gazteak? Zaharrak? Gizonak? Emakumeak? Arabiarrak? Beltzak? Homosexualak? Heterosexualak? Transexualak? Sozialistak? Anarkistak? Kapitalistak? Nafarrak? Arabarrak? Bizkaitarrak, Gipuzkoarrak? Lapurtarrak? Zuberotarrak? Bada, ez. Ez da Gernikako arbola kanta gure arteko ezberdintasunak sortzen dituena, baizik eta ereserki batean haien ideologia zehatza txertatu nahi dutenak; ez dituzte ezberdintasunak sorrarazten nazio anitz baten topagunea eraiki nahi dutenak, baizik eta euren taldeko ikuspegia edo ideologia inposatu nahi dutenak. Arbola, natura, lurraldearekiko erroen eta lurraldearen emankortasunaren ikur bada, nor egon daiteke aurka? Gainera, arbola natura-elementu berezitatzat jotzen duten pertsonak ez dira aspaldikoak eta ez dira hirugarren mundukoak, toki guztietan daude; arbolak besarkatzen dituzten pertsona ugari dago Europan eta munduan. Wicca erlijio naturistarentzat, adibidez, Arbolak munduaren zurkaitzak dira, zeruari eusten diotenak eta arbolekiko sentimendu berezia dute. Eta bestalde, zein da Europan eta munduan ereserki “interetnikoa” duen herria? Europako eta munduko ereserki nazional gehienek Herri horien nortasunei eta egoera politikoei erantzuten diete eta orokorrean martzialak edo martxa militar modukoak dira; ildo horretan, nazioartean “Eusko gudariak” kanta izango litzateke ereserki nazional estandarra, adibidez.
“Gernikako arbola kantan bost bider aipatzen da Jainkoa eta Jauna”
“Jainkoa eta Jauna bost bider” aipatzen dira Gernikako arbola kantan, Otamendiren arabera. Bai, testu guztia gogoan hartuta hala da, baina gogoan izanda gaur egun dugun denboraren pertzepzioa eta Gernikako arbolak izango duen erabilera errituala, normalean ekitaldi solemne baten amaieran abestuko da, lehenengo bertsoa sartzen dut bakarrik ereserki moduan kantatzeko. Uste dut antzeko zerbait sentituko zuela Iparragirrek berak konposizioa egin zuenean. Lehen bertsoa neutroa da erlijioaren ikuspegitik, ez bada arbolaren aipamen sakona, eta, aldiz, egia da ondorengo bertsoetan agerikoa dela erlijio katolikoaren kutsua. Beraz, Alemaniak bere ereserkiarekin egin bezala, bertso horiek kanta ditzake nahi duenak, baina ereserki bezala nire analisitik kanpo uzten ditut.
Beste gai bat da Gernikako arbolaren azken ehun urteko historia. EAJk bereganatu edo patrimonializatu duen ereserkia dela dio jende askok, ezkerrekoek orokorrean. Eta agian egia da beste garai batez hitz egiten badugu, baina gaur egun oso bestelakoa da egoera eta horren froga da Gernikako arbolaren alde sinatu duten laurogei musikariak (dagoeneko berrehun baino gehiago dira). Ideologia guztietako jendea dago bertan eta hori da proiektu honen bermerik behinena. Ikus sinatzaileen izenak arestian jarria dudan lotura honetan: https://zuzeu.eus/euskal-herria/euskal-herria-baskoniaren-ereserkiaren-aldeko-manifestua/. Ea Gernikako arbolaren aurka daudenek aurkezten duten Euskal Herriaren kulturan eta historian sustraitua eta politikoki neutralagoa eta zabalagoa den alternatibarik. Eta gogoan izan: gure sakabanaketa sozial, administratibo eta politikoa kontuan hartuta, edo onartzen dugu Gernikako arbola, edo uko egiten diogu hotsez osatutako Euskal Herriaren errepresentazioa edukitzeari, Herri guztiek daukaten horri.
Sinboloen sorrera, egonkortasuna eta eraginkortasuna
Dena den Otamendiren idatziaren oinarrian gaizki-ulertze bat dagoela uste dut eta hauxe da, ikurraren izaeraren interpretazioan sinboloaren eta objektuaren arteko lotura egitea. Sinboloaren izaera ez da aldakorra. Finko eta iraunkorra da eta horretan datza bere eraginkortasuna. Sinbolo guztiekin gertatzen den bezala, ereserkiaren hitzak ezin dira aldatu gizartearen balioak aldatzen diren abiadura berean. Ezinezkoa da, anabasa eta komunikazio-etena sortuko lituzke horrek. Gorriak ikur gisa arriskua adierazten badu, ezin dugu bat-batean esan gorriak, ikur gisa arrisku- -gabezia adierazten duela; sinboloaren ezarpena denbora luzean finkatzen da. Egoera horretan dago Gernikako arbola ereserkia; XIX. mendekoa izan arren, Euskal Herriaren ikur legez jardun du historikoki. Eta nahiz eta “bedeinkatua” eta “santua” hitzak erabili euskal gizartearen ordezkari gisa jardun du gure artean, Euskal Herrian bertan, eta nazioarteko komunikazioan, Gernikako bonbardaketa lekuko. Agian arkaikoa dela pentsa dezake norbaitek, baina arkaikotasun horrek ez du trabatzen ez eta gutxitzen ere haren indar komunikatzailea. Gernikako arbolaren eta Euskal Herriaren arteko lotura finkatuta dago jendearen buruan, hau da, interpretatzaile semiotikoan eta “gabezia” bat edo beste izateak ez du sinboloaren eragina kaltetzen. Gogoan dut Harnold Hauserrek ikur edo errepresentazioen sorrerari buruz (harentzat “konbentzio kulturala”) emandako azalpena. Sinboloen eta ordezkatutako objektu kulturalen arteko harremana konbentzionala edo ohiturazkoa da. Baina nola sortzen da konbentzio edo ohitura hori? Eragile ezberdinak egon daitezke konbentzio baten sorreran, tartean gabezia tekniko bat: “Arte egiptoarraren aurrez aurrekotasuna edo frontalitatea pertsona irudiak eskortzoan irudikatzeko zuten ezintasun teknikoan zuen jatorria (Hauser, Arnold: “Historia social de la literatura y del arte”, Guadarrama argitaletxea, Madrid. 1974, I. Tomoa, 64 or.). Hala ere, artearen garapenean arazo tekniko hori gaindituta zegoenean, eskortzoa ekiditeko aurreko tasun berberarekin jarraitu izanak, denboraren poderioz, aurreko tasun irizpideak berezko esangura lortua zeukala adierazten du; gabezia teknikotik forma sinbolikoa izatera iragana zen” (Hauser, Arnold, “Fundamentos de la sociología del arte” Guadarrama arg., Madrid, 1975, 48-55 or.). Azalpena argia da eta guk ez dugu motiborik ikusten Gernikako arbolaren antzinatasuna edo testu “erlijiosoa” direla medio, “gabeziek”, euskal gizartea ordezkatzeko duen balioa kentzen diotenik. Azkenean, kontua da ea onartzen dugun Herri bat garela, gako nagusia, eta ea onartzen dugun Gernikako arbolak herri osoa ordezkatzen duela: onartzeko borondatean eta ez onartzeko borondateen artean dago aldea, besterik ez.
Gernikako arbolaren historia, bonbardaketa eta ondorio politikoak
Hemen politikaz ari gara eta ikuspegi politikotik Gernikako arbolak ditu abantaila guztiak, historiagatik eta kantuak izan dituen ondorioengatik. Historiak esaten digu gure arbasoak Haritz baten azpian biltzen zirela gizartearen antolakuntzaz eta beharrez hitz egiteko eta arazoei irtenbideak bilatzeko. Beraz, egia historikoa da arbolak haientzat esangura berezia zuela, gure askatasunen ikur, santua izan ala ez; arbola babes- eta inspirazio-lekua zen haientzat eta hitza eman eta betetzeko konpromisoa hartzekoa. Eta haien ondorengoak garenez, gure partetik errespetua merezi du gure arbasoen portaera berezi horrek. Bide batez, foruen aldeko borrokaren testuinguruan sortu zuen Iparragirrek Gernikako arbola. Garai hartan gure burujabetzaren aldeko espresio gorena zen Forua, politikoki gaur egungo independentziaren aldarriarekin pareka daitekeena. Eta horixe bera pentsatu bide zuten Gernika bonbardatu zutenek: suntsitu egin nahi zuten Euskal Herria. Garbi dago Gernikako bonbardaketa euskaldunontzat “Hiri santua” zelako egin zutela; zalantzazko helburu militarrez gain, euskaldunak beldurtzea, ikaratzea eta morala hondoratzea izan ziren bonbardaketaren helburuak eta emaitzak, eta horrela jaso zuten nazioarteko kazetariek. Eta zergatik Gernika? Bada, Iparragirreren kantuan bertan kokatzen delako euskaldunon arbola “santua”, gure sustraiak dituena eta Ama lurraren eta euskal komunitatearen ikur dena. Bonbardaketa horren ondoren Picassoren koadroa etorri zen. Koadro hori mundu osoan ezaguna da, eta baita koadroarekin batera irudietan adierazten den sarraskia eta populazioaren zorigaitza ere. Beraz, Gernikako arbolak dituen balio sinbolikoa eta politikoa geure egiten ditugu. Gainera, Gernikako arbolak duen izaera horrek batzuetan axola gabe hartzen dugun edo gutxietsi nahi dugun gure historia, orokorrean dramatikoa, gogorarazten digu behin eta berriro. Horrez gain, ezin dugu ahaztu 1934an mugimendu autonomistaren ereserkia izan zela eta Hirugarren Reich-aren gaineko garaipena ospatzeko 1949an ereserki ofiziala izan zela Iparraldean Frantziakoarekin batera.
Gernikako arbola kantaren hitzak eta ezaugarri musikalak eta sozialak:
Hitzak. Lehenengo eta behin kantua Euskal Herri osoan zabalduta dagoen hizkuntza nazionalean dago idatzita: euskaraz. Eta horrek ematen dio kantuari zalantzarik gabeko izaera ordezkatzailea: euskara dagoen tokian euskaldunak daude, euskara eta euskaldunak barne-barnean daude. Bestalde, bertan ez dago beste ereserkietan ohikoak diren eta guretzat arrotzak diren adiera hanpatuak eta militaristak: “God save the Queen”, Jainkoak salba dezala Erregina (Erresuma batuan, 1720 baino lehen), “Errusia gure Aberri Sagaratua”, (Errusian, 2000ko abenduaren 30az geroztik), “Mexicanos al grito de guerra…” (Mexikon 1943), “Alons enfants de la Patrie, le jour de glorie est arrivé” (Frantzian 1792) eta abar.
Doinua. Gernikako arbola kanta tonueran antolatuta dago; musika esperimental eta akademikoa kenduta, XIX. mendeaz geroztik kantu eta musikan erabiltzen den ohiko musika-antolakuntza da hori. Doinuaren hots-esparrua erosoa da kantatzeko, bederatzidun minorreko notarte barruan mugitzen da doinua. Distira gehiago izateko SIbM tonuan kantatuko bagenu, adibidez, notarik baxuena RE3 izango litzateke eta notarik altuena Mib4. Herri-kantuetan ohi den bezala, kantuan ez dago isilune espresiborik; hau da, ez da eteten doinua efektu musikal bat lortzeko. Diskurtso jarraia da, dauden isiluneak testutik eratorritakoak dira eta arnasa hartzea dute helburu bakar. Beraz, herritarrek kantatzeko oso aproposa da doinua, kantu korala, eta horretarako kantuan erabiltzen diren doinu-notarteak errazak dira, interpretazioan zailtasunik ez izateko. Erromantikoa da doinua eta horrek esan nahi du gustura kantatzeko eta entzuteko pentsatua dagoela, beraz, jendea biltzeko egokia.
Harmonia. Doinuaren ildo harmonikoa tonueran ohikoa dena da. Musika erromantikoari dagokion bezala, doinua gitarraz laguntzeko akorde goxoak, jotzeko errazak eta intuitiboak erabiltzen ditu Iparragirrek. Beraz, bere garaiko musikari bezala jokatu zuen. Harmonia-sen fina zeukan gure bardoak.
Denbora. Denboraren pertzepzioari dagokionez, bi motatako denborak bereizi behar ditugu: kanpoko denbora edo kantu osoari dagokiona, hamar minutu, adibidez; eta barruko denbora erritmoari dagokiona, 5/8eko neurrian eta erritmo-egitura zehatz batean antolatzen dena.
Kanpoko denbora inportantea da kasu honetan; izan ere, kantuaren zeregin sozialarekin lotzen da, erabilerarekin, eta gaur egun Gernikako arbola kantari eman nahi diogun zeregina ez da Iparragirrek ematen ziona, nahiz eta egon badagoen motiborik pentsatzeko Iparragirrerentzat ereserkiaren ideia ez zela arrotza, erlijio katolikoaren ikuspegitik lehenengo bertsoa neutroa izatea da horren lekuko. Beraz, Iparragirrerentzat kantuak zortzi bertso biltzen zituen eta horrek ematen zion denbora sozial bat, musikaren ikuspegitik kanpoko denbora, hamar minutu demagun, kantaldiari eta orduko gizarte-bizitzari egokitutako denbora. Gure ereserkia, aldiz, ekitaldi ospetsuen amaieran (edo hasieran) erabiliko da normalean, eta lehenengo bertsoa bakarrik kantatuko da, sarrera eta amaiera instrumentalak lagunduta kasu askotan. Hori dela-eta, guretzat Gernikako arbola ereserkiaren kanpoko denbora minutu bat eta erdikoa izango da, gutxi gorabehera.
Barruko denborari dagokionez musikaren hiru alderdi aipatuko ditut hemen: A) kontakizunaren narrazio-denbora edo tempoa, bizkor kantatzea edo motel kantatzea, alegia: Gernikako arbola, allegro edo bizkor samar kantatzen da. B) Barneko denboraren banaketa espresiboa, doinuaren arabera, hiru atal ditu: a) Gernikako arbola da bedeinkatua, euskaldunen artean guztiz maitatua (bi aldiz), b) eman da zabal zazu munduan fruitua, adoratzen zaitugu arbola santua, c) eman da zabal zazu munduan fruitua, adoratzen zaitugu arbola santua. C) Barneko denboraren banaketa erritmo errepikagarriaren arabera: Gernikako arbola 5/8eko neurrian dago idatzita, zortziko erritmoan, Iparragirreren kantuei esker euskal musikaren marka bihurtu dena. Erritmo horren sakoneko egitura, kortxea, beltza, beltza da, beti berdin errepikatzen dena; ageriko erritmo-egitura, aldiz, kantuari mugimendu sentimena areagotzen diona, kortxea, kortxea puntuduna-kortxeaerdia, kortxea puntuduna-kortxeaerdia da. Eta hau da Gernikako arbola ereserkia izendatzeko dugun beste arrazoi bat. Ereserki gehienak martzialak badira edo desfile militarretan jotzeko edo kantatzeko egokiak badira, Gernikako arbola horren antipodetan kokatzen da; haren erritmoak ezinezko bihurtzen du jarduera hori, militarren hankak trabatuko lituzke. Eta agian erritmo hori hautatzeko Iparragirrek bere motiboak izan zitzakeen eta horien artean ez zen kantu martzial bat egitearena. Izan ere kantatzeko eta dantzatzeko euskaldunok dugun zaletasuna ez da oraingoa, 1768an Voltairek egindako aipua lekuko: “les peuples qui demeurent, ou plutôt qui sautent au pied des Pirénées et qu’on apelle Vasques ou Vascons”, “Pirinioen magaletan bizi edo, hobeto esanda, dantza egiten duten eta “Vasques” edo “Vascons” izendatzen ditugun herriak” https://www.diariovasco.com/prensa/20070223/opinion/voltaire-euskaldunak_20070223.html. Edozein kasutan ere, Gernikako arbola dantza-erritmoan dago pentsatua eta, hala, egokia da dantzatzeko; are gehiago, oso egokia da ereserkiarekin batera sorkuntza lanak eta koreografia ikusgarriak egiteko.
Esparru sozialari dagokionez, hemen proposatzen dugun Gernikako arbolaren ereserki-izaera onartzen bada, haren erabileran eta esparru sozialean aldaketak gertatuko dira. Ohi bezala, Gernikako arbola kantatuko da hainbat testuingurutan, ez beti era formalean eta ez beti lehenengo bertsoa bakarrik, baina aldaketa kualitatibo handi bat gertatuko da. Hemendik aurrera ez da kantu arrunta izango. Gazte-gaztetatik Gernikako arbola kantatu dugunok badakigu horrek sortzen duen errespetu giroa, jendeak zutik jarri eta txapela kendu egiten zuen, eta pizten dituen sentimenduak ez dituela sortzen kantu arrunt batek: Herri bat eta beraren seme-alabak izatearena, hain zuzen ere. Beraz, espero dut euskal gizarteak proposamen hau ondo hartuko duela.