GIPUZKOAKO ERREPUBLIKA NAZIO ESTATUEN OLDARRAREN AURREAN (1794)

Argazkia: Koldo Mitxelena Kulturunea

IÑAKI LOPEZ DE LUZURIAGA.

Ez da ondo ezagutzen gure historiako atal adierazgarri hau, eta ez da harritzekoa ere: dudarik gabe, gai deserosoa Espainiako batasun historikoaren totemarentzat. 1794ko abuztuaren 14an, irauli egin zen Hego Euskal Herriko batzar nagusiek ordu arte zeramaten inertzia kontinuista, Gipuzkoak, Getarian bilduta, bere subiranotzarako eskubidea erabili zuenean, eta errepublika izatea erabaki, Frantziaren babespean. Eraginkorki erabili zuten burujabetza eskubidea. Erabaki horrek ez zuen aurrera egin ahal izan, baina tentsio ugari utzi zituen agerian: gipuzkoarrek ez zuten Espainiako Koroari lotuta jarraitu nahi; aldi berean, une horretan harrotzen ari ziren ideologiek eta horien interpretazioek talka egin zuten elkarren kontra, atzean armada boteretsuen itzala zela.

Euskaldunak desnazionalizazioaren atakan

Hego Euskal Herria Ebroko aduana zerga gogorrak pairatzen ari zen XVIII. mendearen azken herenean: Espainiar Koroak ezarritako txantaje politiko-ekonomiko bat dei dezakegu. Bestalde, euskaldunak atzerritartzat hartuak izan ziren Espainiar Koroaren peko Amerikako kolonietan 1778ko Merkataritza Libreko Erregelamenduaren bidez. Hurrengo urtean, gertaera harrigarri batek astindu zuen Caracasko Gipuzkoar Konpainia boteretsua: Britainia Handiko itsas armadak haren ia ontzidi osoa atzeman zuen urteko kanpainaren hasieran Galizia aurreko uretan (25 barku), aztertzeke dauden zirkunstantzietan: konpainiaren azkena izan zen. Ez bakarrik konpainia hori, Hego Euskal Herria ere ito beharrean zebilen. Aldiz, bazuen merkataritza isuri bat: batetik, indarrean zen euskal lurraldeen arteko salerosketa eta, bestetik, Frantziarekin handia zen salgaien garraio eta trukea.

1793ko martxoan, Konbentzioaren Gerra piztu zen (ikus EU Wikipedian). Ipar Euskal Herria Frantziako Pirinio Mendebaldeko Armadaren mende geratu zen. Euskaldunentzat, nahitaezko errekrutamendua eta askotariko hertsapenak hasi ziren, foruak kendu (1790) eta hiru urtera. 1793ko urrian, errepublikar egutegia jarri zen abian, aro berri baten hasiera: 1 urtea. Hilabeteen izenak aldatu ziren, Lapurdin eta Nafarroa Beherean hainbat herriren izenak aldatu ziren, hizkuntza nazional berrian jartzeko: frantsesez.

Araudi jakobino berria ezartzearen berme, Jacques Pinet eta Jean-Baptiste Cavaignac “populuaren errepresentantak” heldu ziren Baionara, alegia, Parisko botere jakobinoaren ordezkariak. Bada, 1794ko martxoan, euskaldunen kontrako giroan (“anti-iraultzaileak”, “espainiarren lagunak”, “fanatikoen hizkuntza dute”), Lapurdiko herritar ugariren deportazioari ekin zioten, nora eta Landetara eta Frantziako beste eskualde batzuetara: ehunka kanporatu zituzten Saratik eta beste hainbat herritatik negu gorrian, beharbada milaka; agintari berriek agerian utzi nahi zuten zekarten desnazionalizazio-birnazionalizazio programa ez zela hutsala. Protestak areagotu ziren, eta ihesaldiak gehitu, Lapurditik muga zeharkatuz, Nafarroa eta Gipuzkoara.

Herriaren gobernua

Bada, 1794ko uztailean, frantses tropek Donostiarantz aurrera egin zuten Baztandik iparralderantz. Donostiarrek, ezta gipuzkoarrek ere, ez zuten asmorik agertu frantses errepublikarrei aurre egiteko, eta milizia murritz bat bidali zuten desgogara Espainiako Errege Armadari laguntzera. Gipuzkoarrek samaldan egin zuten desertzioa. Abuztuaren 4an, Bon-Adrien Jeannot de Moncey jenerala heldu zen Donostiara frantses armadaren buruan; negoziaziozalea zen, eta euskaldunei entzuteko prest. Gipuzkoarren ideien oinarria, azken finean, herriaren erabakimena zen, errepublikar frantsesen antzekoa: Rousseauren kontratu soziala, 1787an Ipar Amerikako independentziazaleek konstituziora gehitutako we, the people; euskaldunek, hain zuzen, lagundu zuten iparramerikar independentistak garaipenera aupatzen Saratogako Batailetan 1777ko irail-urrian, kontrabandoan Soraluzetik garraiatutako armei (eta jantziei) esker. Lafayette Pasaiatik abiatu zen iparramerikarrei independentziara bidean laguntzera 1777ko apirilan.

Moncey jeneralak solaskide izan zituen Juan Jose Bixente Mitxelena Donostiako alkatea eta Gipuzkoako ahaldun nagusiak: Joaquin Maria Barroeta eta Jose Fernando Etxabe-Asu, ideia aurrerazaleetakoak. Donostiak ez zuen borroka egin, eta Godoy espainiar ministro ahalguztidunak ez zuen ere armarik hornitu horretarako. Nolanahi ere, edozein borroka suntsitzailea izango zen Donostiarentzat. Godoyk agindu zuen Gipuzkoako Aldundi Nagusiak frantsesen peko eremutik alde egin zezala; horrelakorik, ordea, ez zuten egin. Aldiz, Aldundi Nagusiak deialdi bat egin zuen Gipuzkoako Batzar Nagusiak Getarian abuztuaren 14an elkartzeko. Egun horretan, 46 herritako batzarkideak izan ziren bertan; bospasei herrik huts egin zuten hitzordura (konparaziorako, geroago, 18 herri elkartu ziren Arrasaten, frantsesen kontra antolatzeko). Bada, Gipuzkoarako adierazpen politiko hauxe erabaki zen Getarian, frantsesei helaraztekoa:

  1. Errespeta bekie gipuzkoarrei fede katolikoan aritzea.
  2. Errespeta bitez foruak zein usantza eta ohitura onak.
  3. Izan bedi probintzia independente 1200 urte arte zen bezala.
  4. Gerra honetan, ez bekie behartu gipuzkoarrei armak hartzera.
  5. Izan bedi herri frantsesa akordio honen bermatzaile.

 

Frantses herria bakarrik

Alegia, Frantziaren babespeko errepublika bat. Gipuzkoako Batzar Nagusien erabakiak frantses ordezkariei heldu zitzaizkien. Monceyk ez zuen erabakia gaizki ikusten; Pinet eta Cavaignacentzat, berriz, onartezina zen; beren ikuspegi dikotomikoan, tabula rasa zen bide bakarra, baldintzarik ez! “Herrialde konkistatua” izango da, hala adierazi zuten zuzenean frantses errepresentantek. Ondorioak berehala etorri ziren: frantsesek 46 batzarkideak atxiloarazi zituzten, eta Baionako espetxera bidali. Bi ahaldun nagusiak, berriz, aske geratu ziren, edozein negoziaziotan bitartekari lana egin zezatelakoan. Godoyk, euskaldunei foruak kentzearen babesle nagusiak, traiziotzat jo zuen gipuzkoarren herri erabakia, eta plazeraz ikusi zuen, noski, frantsesek euskaldun gipuzkoarrak nola zigortzen zituzten. Gipuzkoako Errepublikaren hasiera eta azkena izan zen.

Frantsesek erakutsi zuten ez zekartela herrien arteko senidetza, Lapurdin ezarritako hertsapena zekarten Gipuzkoara ere, ondasunak atzeman zituzten, arpilatu, eta hil ere bai. Frantsesek Eibar gehiena erre zuten abuztuaren 29an. Armada hori Tolosatik hegoaldera ahalegindu zen, espainiar armadak atzera egin ahala. Getariako gertaeren ondoren, Arrasatera egin zen Gipuzkoako batzar nagusien deialdia, irailaren 1erako. Bertaratutako herriek eratutako gerra aldundiak frantsesen kontrako mobilizazioa erabaki zuen, eta oraingoan Espainiar Koroaren aldeko jarrera agertu. Gipuzkoar miliziak eratu ziren, Gabriel Mendizabal buru zutela, bizkaitar milizien laguntzaz; ez, ordea, Espainiako Errege Armadaren laguntzarik.

Basileako Bakea, Gipuzkoaren prezioa

Miliziek hilabete batzuetan eutsi eta Espainiako Errege Armadak trakeskeria nabarmenaz atzera egin ondoren, Frantziako Armada Pancorboren eta Iruñearen atarian zen, Orarregi mendiaren parean, Euskal Herri gehiena bere eskuetan hartuta. Espainiako Gortea paniko batean zen. Godoyk frantsesekin bakea sinatzea agindu zuen: Basileako Bakea, 1795eko uztailaren 22an. Frantziako mandatariak, François de Barthelemyk, Frantziari atxikia nahi zuen Gipuzkoa, Espainiatik askatzeko agertu zuen jarrera zela eta. Azkenean, ordea, Frantziak Espainiari utzi zion Gipuzkoa, Hispaniola mendebaldea (egungo Haiti) Frantziari ematearen truke. Destinoaren kasualitateak: Frantziako Errepublikak Etienne Polverel, 1789ko udazkenean Parisen txosten batez Nafarroa Beherearen independentzia babestu zuen hura, igorri zuen kolonia hartara, lurjabeen gogoaren kontra esklabo beltzak aske geratuko zirela bermatzera (aldiz, kartzelan hil zen, Frantziako lurjabeek bultzatuta).

Artean, Baionan espetxeratutako 46 gipuzkoar batzarkideen gaia geratzen zen konpontzeke. Monceyk berariaz eskatu zuen hitzarmenean adieraz zedila frantsesekin ulertzearen alde agertutako euskaldunei ez zekiela zigorrik ezarri, eta hala adostu zen Barthelemyk Domingo Iriarte espainiar mandatariarekin (abizen hori izanagatik, euskal herritarra, bederen, ez zena). Hori, baina, ez zen bete: Espainiako agintariek gipuzkoar batzarkideen estradizioa nahi zuten, epaitzeko, eta hala egin zuten frantsesek. Espainiarrek frantsesei gipuzkoarren truk ordaindutako prezioa: 150 Andaluziako zaldi eta 150 behor, 1.000 ardi, eta 100 ahari. Batzarkideak, berriz, Kontseilu Militar batek epaitu zituen Iruñean, eta gehienek kargu publikorako inhabilitazioa eta kartzela jaso zuten, egungo Euskal Herrian arrotz ez zaizkigun zigorrak. 1799an, Juan Jose Bixente Mitxelena alkatea epaitu zuten: kartzeleratu eta deserriratu zuten, Donostiatik 20 legoara gutxienez. Hala egon bide zen 1808 arte.

 

Gipuzkoako Errepublikaren hondarrak

Espainiar Errege Gorteak eta agintariek ez zuten uste euskaldunak, euskal agintari batzuk, arrastotik aterako zirenik; esaneko, morroi, jarraituko zutelakoan zeuden, Caracasko Gipuzkoar Konpainiako irabazien epelean, protestak protesta, XVIII. mendean gertatu zen bezala. Gipuzkoako Errepublikaren atal historiko honek euskaldunen kontrako amorrua eta mesfidantza areagotu zuen Godoy eta beste espainiar agintari askoren artean: jomugan jarri zituzten Euskal Herriko foruek eskaintzen zuten erabakimena, burujabetza, alegia, hura murrizten ez joatea, hura errotik kentzea baizik. Horretan saiatu ziren 1812ko Konstituzioa, 1820ko erregimen liberala, eta 1836ko Konstituzioa, Lehen Karlistaldi bete-betean.

Bestalde, gipuzkoarrei eta euskaldunei gogoan iltzatuta utzi zien kanpotik herri subiranotasunez eta progresismoz mozorrotuta etorritako formulak baztertzaileak, inposatzaileak eta ustelak zirela benetan. Godoyk, ilustratuak, “gerra santua” deklaratzen bukatu zuen frantsesen kontra Konbentzioaren Gerran; Getariako gipuzkoar batzarkideak, berriz, gerra kontseilu militarrean zigortuta. Euskaldunak, bada, bertako legeak eta erakundeak errespetatuko omen zituzten aukeretara lerratu ziren: tradizionalismora eta Fernando VII.a errege espainiarraren alde. 1813an, tentsio horiek berriz geratu ziren agerian Frantsestean eta Donostiaren suntsipenean. Charles Henningsenek ondo adierazita utzi zuen (The Most Striking Events of a Twelvemonth’s Campaign with Zumalacarregui) euskaldunak ez zirela ari Karlos errege-nahiaren alde, beren eskubideen alde baizik, eta I. Karlistaldia (1833-1839) desnazionalizazio kanpaina bat zela, La Vendéeko masa hilketan 1793tik 1796ra gertatu bezalakoa.