GIZA ESKUBIDEAK ETA NAZIO ESKUBIDEAK

Joxe Manuel Odriozola

2018-06-24an, BERRIA.

ETAren historiari buruzko kontakizuna dela-eta, giza eskubideak hitzetik hortzera dabiltza gatazka politiko armatuak eragindako hilketak hizpide hartuta. Ideologia espainolistaren arabera, Euskal Herrian hildakoak pertsonak bakarrik izan dira, ez da beste deusik hil. Ez da giza eskubideak diren nazio eskubiderik lurperatu. Ez da balio eta gizatasun euskaldunari dagokion baliorik suntsitu eta hil.

Hilkorrak, ordea, ez gara pertsonak bakarrik. Herri eta nazioak ere hiltzen dituzte, hizkuntza (ikus Unescoren txostenak) eta kulturak ere bai, nazio identitateak ere bai, lurralde eta memoria kolektiboak ere bai. Gizatasunaren balio modu bat (euskaldun izatea) hil dute gurean. Euskal Herria nazio eta herri euskaldun gisa ez da berez hil, hil egin dute, eta gaur Bilbo, Gasteiz, Iruñea, Donostia, Baiona, Donibane Garazi eta Maule funts-funtsean hilda daude herri euskaldun gisa. Erdalduntasun nazional espainolak hil du herri honen euskalduntasuna Hegoaldean; beste horrenbeste egin du frantses nazionalismo etnozidak Iparraldean.

Horrelako ia ezer ez dugu entzun, ikusi eta irakurri hedabideetan ETAren biktimei ahotsa emateko egin diren hainbat saioetan. Giza sufrimenduak badirudi ez duela zerikusirik nazio eskubideak diren giza eskubideak birrintzearekin. Euskaldunon duintasuna eta identitate nazionala erauzi izana ez da nonbait umiliagarria eta sufrimendu-iturri gure agintari eta intelligentsia vasco-espainolarentzat. Gizatasunak ez dauka dirudienez dimentsio nazional-kolektiborik kontakizun ofizialarentzat.

Bizia kentzen ez badizute, ez dizute ezer egin, nahiz eta zure nazioaren hizkuntza, kultura eta identitatea hil dizuten. Munduan izateko zure nortasun eskubidea eta askatasuna hil dizute, baina zu bizirik zaude, espainolduta edo frantsestuta. Vasco-espainolentzat eta frantsesentzat, gertatu zaizun hori ez da ezer. Ez da existitzen. Norbait edo zerbait hiltzearen kontzeptu interesatu murritza ezartzen du menderatzaileak (bide batez: bortxaren kontzeptuarekin berdin egiten du), eta gurean ere halaxe egin du.

Bi urteko biloba dugu: espainoltzen duen Euskal Herri arroztu batera jaio da, ez dauka eskubide eta baldintza soziolinguistikorik Espainian edo Frantzian jaiotzen diren haurrak bezain nor eta aske izateko; hots, bere gizatasun euskaldunaren balioak modu askean eta duingarrian sozializatzeko. Euskal haurrari jaio aurretik urratzen dizkiote naziotasun indibidualari eta kolektiboari dagozkion giza eskubideak. Onik onenean, euskalduntasun etnokultural marjinal batera jaiotzen dira haur euskaldunak eta hor biziko dira inposatutako izaera linguistiko eta kultural batean; aldiz, haur espainol eta frantsesak erdalduntasun nazional hegemonikora jaiotzen dira, eta errealitate hori urtaroak bezain naturaltzat hartzen dugu. Horrek ez baitu nonbait zerikusirik ongizatearekin eta zoriontasunarekin. Hori ez baita nonbait inori ezer hiltzea, ezer erauztea, ezer ukatzea, umiliatzea, hori identitatearekin tematuta gauden esentzialista batzuen kontua da.

Euskaldunok ez daukagu autonomia eta gaitasun ideologikorik ETAren iraganaz kontakizun taxuzko bat egiteko. Gu ez gara gure baitarik mintzo, guk ez daukagu autoritate moral eta politikorik, gu heteronomiaren mendeko eta mirabe gara. Ngugi wa Thiong’o-k dioenez, «menderakuntza sistema baten erabateko garaipena iristen da menderatuek beren lorpenak ospatzen hasten direnean». Guk espainolisten ahotsa eramaten dugu «gure» hedabideetara eta eskoletara Euskal Herriaren iragan hurbileko historia kontatzera. Guk ez dugu euskal nazioaren eraispen historikoa transmititzen belaunez belaun, ezta etxeko familia transmisioan ere. Gaurko gazteen kontzientzia nazionala zertan den jakitea nahikoa da zer gertatu zaigun ohartzeko. Harako haren tesia gurera egokituz, nazio menderatuaren ideiak nazio menderatzailearen ideiak dira.

Bortxa politikoak pertsonak hiltzen ditu, umeak tartean. Siriako triskantzen irudiak telebistan ikusten ditugunean, eta tartean hainbat eta hainbat umeren heriotza, bortxa politikoaren ikaragarrikeriak barrenak inarrosten dizkigu. Bortxa politikoa, hala ere, ez da bortxa zuzen bortitz ikaragarri hori bakarrik; are gehiago, bortxa zuzen aztoragarri horren adierazpena estrukturalagoa den beste oinarrizko bortxa baten ondorioa da maizenik. Guztiarekin ere, batak ez du bestearen laztasun ikaragarria zuritzen. Hortaz, gure kasura etorrita, biktimatzat jotzen ditugun guztiak gogoan izan behar ditugu dagozkien aitorpen eta erreparazioarekin.

Biktimen definizioa dela-eta, guk ez genituzke biktima guztiak zaku berean sartuko. Walter Benjaminen pentsamoldea gidari, garaileak eta garaituak bereizi beharko genituzke gizateriaren gatazka kolektiboen historia unibertsalean. Hartara, ñabardurak ñabardura, bateko menderatzaileak eta besteko menderatuak omen daude. Biktimen nozioa zentzu unibertsal eta historiko zabal horretan definituta, alde bateko lubakian, demagun, esklabotzaren aldekoak, kolonizatzaileak eta oro har menderatzaileak leudeke; bigarren lubakian, aldiz, menderatuak oro.

Gizateriaren historia unibertsal bortitz horren mapak bi kolore bakarrik ote ditu, ordea? Bateko menderatuak eta besteko menderatzaileak? Zintzoak eta gaiztoak? Edo bi lubaki edo mugarri moral eta politiko horien artean ñabardurak badu lekurik? Dudarik gabe, ETAren biktimen artean umeak egon dira, inolako errurik gabeko pertsonak, eta, hortaz, Benjaminen interpretazio-eskeman ñabardurak egin beharko genituzke. Nolanahi ere, menderatzaileen eta menderatuen arteko bereizketa hori argigarria eta bidezkoa iruditu izan zaigu irizpide orokor gisa.

Jakina, menderatuen gizataldeak eragindako oinazea eta sufrimendua menderatzaileenak eragin duena bezain latza eta jasanezina da arlo pertsonalean. Bortxaren erasoa jasan duen pertsonak eta haren ingurukoek berdin-berdin sufritzen dute alde batean eta bestean. Baina, hala ere, arlo pertsonalean landu behar den enpatia-ariketa eta biktimei aitortu behar zaien duintasun guztia gorabehera, zirriborratu dugun menderakuntza unibertsal horren logikan bortxa politikoen zentzu moral eta politikoa ez da berbera. Izan ere, hildakoak hildako, menderatzaileak beste gizatalde bat edo nazio menderatzeko darabil bortxa; menderatuak, aldiz, ez. Hortxe dago aldea, eta funtsezkoa da aldea, gizateriaren historia zuria edo beltza ez bada ere.