GIZARTE GERO ETA ARROTZAGOAN URTURIK!

Pako Sudupe

2019-11-2an, ZUZEU.

Lantokian ez ezik aisialdian ere sozializatzen gara, eta lehenago herriko plazan eta inguruko tabernetan jende ezagunaren artean bezala, egun gero eta gehiago, gehienok bizi garen hiriguneetan behintzat, saltoki handiko denda handietan -elkarri atxikiriko multinazional handien establezimenduek osaturiko espazio antolaketak eta jende-pilaketak sorturiko giro berezian, musika global ingeles-amerikanoaren aire inpertsonalean-, ardurenik, elkarrekiko arrotz garen gizakiak, halako giro inpertsonal globalizatuan, euskal girotik deus ez duen atmosferan.

1936ko gerraondoan, lehenbiziko olatuak Gaztela-Andaluzia eta Galiziatik etorri ziren bizimodu hobearen bila, eta baldintza politiko-kulturalak zirenak zirelako, euskal gizarteak ezin izan zituen asimilatu, gehiago gertatu zen asimilatua, eta XX. mendeko azken bi hamarkadetan, batez ere irakaskuntzan egindako ahaleginagatik, asimilazioan pixka bat atzera egitea lortu bazen ere, XXI. mende honetan, bigarren olatu globalarekin gero eta asimilatuagoak eta arroztuagoak gaude euskaldunok. Ez dirudi, baina, kezkaturik gaudenik.

Berriki Ordiziako ikastetxe batean gertatu da istilua. Tirabiraren azterketa zehatza bazter utzirik, errepara datu honi: Goierriko herri horretan, eskola publikoan dabiltzan eskola-umeen %37k guraso atzerritarrak ditu. EAEn, batez beste, jaiotza-tasei doakienez, %28 dira guraso atzerritarrengandik jaioak, eta Araban %40. Denok dakigu jaiotza-tasa apaletan gabiltzala hemen -emakumeak lan-munduan sartu izanagatik eta umeak izateak lehen zuen balioa egun ez duelako, besteak beste-, eta atzerritarrek haur gehiago izaten dituztela -faktore bat izan daiteke emakumeak gutxiago lan-munduratzen direla, eta gurean baino garrantzi gehiago ematen dietela familia izateari-. Hori guretzat eramangarria al da? Suizidio kolektiboaren bidean?

Madrilek kontrolpean eta mendean duen marko autonomiko honetan, hona datorren atzerritarra gisa da espainol sozializatzea, espainiera erabiltzea bertako jendeak ere hein handienean darabilen bezala, eta praktikan ehunetik laurogeita hamabostetik gora, euskalduntzetik arrotz gelditzea.

Esan beharrik ez dago fenomenoa globala dela eta ez lokala. Europa industrializatura jendea bizimodu materialki hobearen bila dator. Askotan engainatuak, hemen paradisua aurkituko dutelakoan. Enpresaburuak gustura dira; atzerritarren bitartez soldatak apaltzea lortzen dutelako. Hona datozenak askotan biktimak dira, noski, euren jatorrizko herrietan aberastasuna ongi banatua ez egotearen biktimak, eta, zer esanik ez, gerretatik ihesi datozenen kasuan, baina migratzaile ekonomikoengatik ari naiz.

Konponbide zaila du; kapitalismoak ez du garapen orekatua bermatzen, eta desberdintasun sozialak aprobetxatzen daki, baina gure kasuan lehendik ere bageneukan arazoa areagotu egiten du. Gure Euskal Herria urtuko da, diluituko da espainol eta frantses gizartean asko baino lehen erreakzionatzen ez badugu.

Behartsuak ezin ditugu bidali, eta ez gara intsolidaritatea bultzatzen ari, baina neurriak hartu beharrean gara, besteak beste, gurera datozenei ere bizitza duin samarra ziurtatzeko eta ez nolabaitekoa. Irakaskuntzan banaketa orekatuak dira beharrezkoak; lan-hitzarmenak guztientzat, eta jaiotza-tasei buelta emateko neurriak hartu beharrean gara, enpresaburu eskrupulugabeek kanpora jo ez dezaten langile merke bila.

Duela berrogeita hamar urte inguru, Nemesio Etxaniz apaiz euskal idazleak teorikoki egoki planteatu zuen gaia: “Guk, beste aldetik, ez karidade aldetik eta ez beste inundik, ez daukagu geure izatea ta etxea ondatzeko lain jende artzeko obligaziorik. Gureak baino askoz indartsuago ta zabalago diran errietan, kanpokoak ez dira artzen nolanai; baizik angoak ar ditzaketen neurrian (…) Guk ere ez degu euskalduntasuna galtzeko obligaziorik, kanpokoak gurean neurri gabe artuta. Bakar-bakarrik gure etxea ta izatea ondatu gabe artu ditzazkegunak artu bearra degu (“Gure txistulariak eta gazte traketsak” in Zeruko Argia (1965-6-6)). Hori egin ondotik: “Kanpotik sartu zaizkigun oiek, gure egitea; biotzez euskaldun biurtzea. Onela gure artean pozik artu ta ikusiak izango dira ta oien seme-alabak, gureak bezain etxekoak izango dira Euskalerrian”. Lekutan gaude! Praktikan, zailagoa da gorago esan bezala.

Orduan Espainiako estatutik zetozenei buruz ari zen; bada garaia, ideia hori, arrazismoarekin eta intsolidaritatearekin zerikusirik ez duena, eguneratzeko. Denbora baino lehen, desagertuko ez bagara, gizarte arrotzean urturik.