- Euskara da gure nortasun nazionalaren zutabea. Euskarak izena eta izana ematen dio Euskal Herriari.
- Une honetan ez dago gure ezaugarri nazionalak sustatu edo bultzatzen dituen talderik: gure hizkuntza, kultura eta identitatea, eta gure kontzientzia nazionala, ikuspuntu independentista batetik, eta euskaraz. Hutsune hori bete nahi dugu.
- Estaturik gabeko Naziorik ez dugu nahi, ezta Naziorik gabeko Estaturik ere. Nazioa eta Estatua guretzat guztiz lotuta daude, txanpon beraren bi aurpegiak dira.
- Naziogintza sendotu behar dugu gure eskubide eta betebeharra delako eta Estatugintza egin ahal izateko.
- NAZIOGINTZA alderdi politikoekiko guztiz independentea izango da, eta ez da sartuko ezker/eskuin gaietan edo liskarretan. Naziogintza eta Estatugintza izango dira helburu bakarrak.
- Burujabetza eta independentziaren bidean, kontzientzia nazionala indartu beharreko elementua da.
- Euskal Herriko burujabetza integrala da helburua: ez soilik burujabetza politikoa, baita burujabetza linguistikoa, kulturala eta identitarioa ere. Irlandaren eredu patetikoa ez zaigu batere interesatzen.
- Ez dugu edozein Estatu nahi. Euskal kalifikatzaile duen Estatua baizik. Eta euskal kalifikatzaile hori gure hizkuntzak eta gure nortasun nazionala osatzen duten ezaugarriek sortzen dute. Horiek dira, beraz, naziogintzan landu beharreko elementuak.
- Harremanak landu nahi ditugu gure egoera berean dauden Europako Nazioekin: Katalunia, Flandria, Eskozia, Gales, Korsika, Hego-Tirol, Ipar-Irlanda…. Horiek dira gure aliatu naturalak, ez gugandik oso urruti (geografikoki eta soziologikoki) dauden Munduko gainerako Herriak.
- Gure lana independentzia lortzerakoan bukatzen dela esaten duten Estatuzale hutsei, guk esaten diegu Euskal Herriaren askatasuna ez dela helburua, bitartekoa baizik. Estatua Nazioaren biziraupena ziurtatzeko tresna besterik ez da. Independentistak izateaz gain, abertzaleak baikara.
Home Gure dekalogoa