Gure ikurra

Idazlan honetan NAZIOGINTZA Elkarteko kideok independentismoa ordezkatuko duen bandera berri bat proposatzen dugu: Nafarroako armarri zaharrean erabiltzen zen eta Euskal Herriko leku askotan agertzen den zortzi puntako izarra Ikurrinari gehitzea. NAZIOGINTZAn uste dugu, bai taldea eta baita Euskal Herrian dagoen abertzaletasuna eta independentzia zaletasuna ere, behar bezala agertzeko eta adierazteko, geure irudi bat behar dugula. Hori dela-eta, IKURRIN IZARDUNA (“Izarduna”) sortu dugu, euskal abertzale eta independentista guztion sinboloa izan nahi duena. Zortzi punta duen izarrak ikurrinaren zortzigarren marra-erdia ordezkatzen duela esan daiteke.

Horrek, baina, ez du esan nahi inondik inora ere hemen eta munduan zehar Euskal Herriarekin identifikatzen den bandera nagusiari, ohiko Ikurrinari, muzin egiten diogunik. Ikurrinak izan beharko du, gure ustez, biharko Euskal Errepublikaren bandera ofiziala. Une hori iritsi arte, baina, Ikurrin Izardunak independentziaren aldeko jarrera adieraziko duelakoan gaude, Euskal Herrian eta Euskal Herritik kanpo.

Jabetuak gara, azken urteotan Ikurrinak ez duela lehen zeukan karga erreibindikatzailea, politikoa eta independentista. Galdu du indar hori, hein handi batean EAEko bandera soilik bihurtu nahi izan delako eta EAEn alderdi espainolistek ere berenganatu dutelako (Nafarroan, aldiz, oraindik euskal abertzaletasunaren sinbolo indartsua da, unionistek baztertu eta debekatzen dutelako).  Horregatik gehitu diogu osagai berri bat: Euskal Izarra. Euskal Izarra esaten diogu, Erdi Aroaz geroztik maiz agertzen delako nafar erresumaren ikur gisa, zigiluetan eta armarrietan. Izan ere, zortzi puntako Euskal Izarra karbonkuluaren ikur aitzindaria da, tradizio historiko luzekoa, Euskal Herriko udal armarri askotan, gero ikusiko dugunez, azaltzen dena

Beraz, Izardunaren irudia gure ohiko Ikurrinean oinarritzen da, aldaketa batekin: gurutze zuriaren alde luzeari zati txiki bat kendu diogu eta hor, buruan, zortzi puntako izarra jarri dugu. Hala, Nafarroako armarri zaharra ikurrinaren ezker aldean kokatuz eta euskaldunon sinbolo jator hori gure eginez abertzale eta independentista guztiok onar dezakegun bandera independentista sortzen da, Euskal Herri osoaren askatasun egarria sinbolizatzen duena.

Bestalde, gogoan hartuta gure testuinguru geopolitikoan mugimendu independentistek izarra erabiltzen dutela askatasun ikur bezala, Ikurrin Izardunak aukera ematen die Euskal Herriko abertzale eta independentziaren aldeko pertsona guztiei beren sentimendu eta jarrerak adierazteko eta besteen aurrean hori guztia agertzeko. Estaturik gabeko Europako nazio askotan (ez soilik Katalunian) bandera izarduna independentziaren sinboloa da. Beraz, Ikurrina bezala, gure Izardunak lurraldetasuna adierazi nahi du, baina izaera independentista sakona du.

Euskal Herrian ikur ugari erabili dira eta erabiltzen dira gizatalde batzuek berezkoa duten ingurumarian eta guk horiek guztiak errespetatzen ditugu. Bai. Baina ez dugu egokia ikusten Ikurrina baztertu eta haren ordez independentziarekin lotzen ez diren beste sinbolo bat edo batzuk erabiltzea Euskal Herri osoko bandera legez. Ikur horiek beren esangura dute bakoitzak propioa duen testuinguru soziologikoan eta hori onartu beharra dago, ezinbestez, baina, talde ikurrak direnez, ezin dute izan Euskal Herri osoaren ordezkaritza.

EUSKAL IZARRA EDO KARBONKULUA

Gure banderan erabiltzen dugun zortzi puntako Euskal Izarra karbonkuluan oinarritzen da; hau da, puntan edo lirio lorean amaitzen den eta zortzi erradio duen balizko gurpil modukoa (karbonkulu hitzak baditu beste adiera batzuk ere). Erdi Aroaz geroztik (gurean Antxo VI. Jakituna, 1157; Iruñeko Biblia, 1197 eta abar. -ERANSKIN batean azalduko dugu gai hau modu zabalean-) Euskal Herriko toki askotan ikusten dugu, Nafarroan batez ere, eta gaur egun, oraindik, udal armarri ugaritan, ikonografian, marrazkietan, arkitektura zibil eta administratiboetan eta dokumentu askotan agertzen da. Beraz, Euskal Izarrak historiaren sostengua dauka eta, batez ere, gogoratu behar da, Nafarroa estatu independentea zen garaietan erabili zela, menpekoa ez zen aroan. Haren zabalkuntzari dagokionez, trinkotasun ezberdinez, Euskal Herriko probintzia guztietan aurkitu dugu arkitektura zibileko ikonografian eta baita udal armarrietan, bakarrik edo beste osagaiekin batera

ATARRABIA

BAIGORRI


BERGARA

EUSKAL IZARRA IRUÑEKO BIBLIAN (1197)

LIZARRAKO HARRIZKO ARMARRIA


LIZARRA

 

IRUÑEKO ZIGILUA, 1274

 

 

  1. ERANSKINA: UDAL ARMARRI IZARDUNAK EUSKAL HERRIAN:

Ugariak dira euskal izarra udal armarrietan duten Euskal Herriko herriak. Honek sinbolo jator honen hedadura  eta garrantzia agerian jartzen du. Guk horietako 49 bildu ditugu beheko fitxategi honetan (klikatu gainean irudiak ikusteko):

ARMARRIAK

 

2. ERANSKINA: IZARRA, NAZIO ASKAPEN MUGIMENDUEN SINBOLOA:

Munduan ohikoa da independentziaren aldeko mugimenduek bandera izarduna erabiltzea, eta guk, independentziaren aldeko ekimena osatu dugunez, Ikurrina eta Euskal Izarra biltzen dituen sinboloa sortu dugu gure mugimendua identifikatzeko. Dagoeneko Ikurrin Izarduna da gure askatasunaren sinboloa.

Euskal Herrian eta Euskal Herritik ez oso urruti, beste mugimendu independentista batzuek beste izar batzuk hautatu dituzte euren askatasun sinbolo gisa. Hona hemen independentziaren aldeko mugimendu batzuen bandera izardunak:

 


“ESTRELEIRA” (GALIZIA)


“ESTELADA” (KATALUNIA)


OKZITANIAKO BANDERA INDEPENDENTISTA

DESAGERTUTAKO SARE INDEPENDENTISTA BATEN IKURRA

 

3. ERANSKINA: ERDI AROKO HAINBAT ARMARRITAN  AGERTZEN DIREN EUSKAL IZARRAK:

Beheko fitxategi honetan Euskal Herriko hainbat tokitan ikusitako armarriak bildu nahi izan ditugu, euskal izarra dutenak (klikatu gainean argazkiak ikusi ahal izateko):

ARMARRIAK-2