Euskal Herriko eragile euskaltzale gehienak bat datoz esatean orain arte Hego Euskal Herrian aplikatutako hizkuntza-politikek eman beharrekoa eman dutela. EAEn eta Nafarroan euskararen ezagutza pixka bat emendatu arren, erabilera behera doa (oso kezkagarria gune euskaldunenetan azken urteotan izan den beherakada). Ipar Euskal Herrian, zer esanik ez, egoera are okerragoa da. EAEko eta Nafarroako euskararen legeek 40 urte inguru dituzte, eta anbizio gutxikoak izateaz gain, guztiz zaharkituta daude, XXI. mendeko soziologia-testuinguruak ez baitu zer ikusirik XX. mendekoarekin. Hizkuntza-eskubide pertsonalak sustatzen dituen EAEko egungo hizkuntza-ereduak, esaterako, ez du bermatzen hemendik 40 urtera euskara normalizatuta egongo denik, oso zaila baitirudi euskara nagusi izatea, edozein hizkuntzarentzat hain garrantzitsuak diren hainbat arlotan dituen gabeziak ikusita: komunikabideetan, lan-arloan, teknologia berrietan, goi-mailako irakaskuntzan, hirietako giroan, etab.
Hizkuntza-egoera aldatzeko eta euskarari bultzada nabarmena emateko proposamen berriak mahai gainean jarri behar dira. Eta proposamen horiek planteatzeko orduan Soziolinguistikaren irakaspenak aintzat hartu behar dira ezinbestean. Zientzia horri esker badakigu jakin, minorizatua edo gutxiengotua izan den hizkuntza ez dela berez hartara iritsi, konkista militarrek, kolonizazioak, erabaki politiko eta ekonomikoek, politika demografikoek eta gisakoek eraman dute egoera horretara, beraz, garaia da egindako kaltearen erreparazioa exijitzeko eta dagokion mailara iristeko behar dituen erabakiak hartu eta hartarako baliabideak jartzeko. Eta Soziolinguistikari esker badakigu ere, hizkuntza bat benetan normalizatzeko lurraldetasunaren printzipioa ezartzea ezinbestekoa dela.
Badakigu halaber, beharrezkoa ez den hizkuntza bat desagertzera kondenatuta dagoela. Horrenbestez, gure hizkuntzaren etorkizuna bermatuko badugu ezinbestekoa izango da euskara beharrezko bihurtzea, gure hizkuntza nagusi den tokietan bederen. Horrek paradigma berri bat sartzera garamatza: eskubide kolektiboak eskubide pertsonalen gainetik jarri behar dira toki euskaldunenetan, Belgikan, Suitzan edo Finlandian egiten den modu berean….edo Espainiak eta Frantziak beren hizkuntzekin egiten duten bezala
Europako hainbat estatutan, gero aipatuko dugunez, hizkuntza-lurraldetasunaren printzipioa aspalditik dago indarrean. Estatu horietan bi egoera bereizten dira: eremu elebakarrarena, non lurraldeak hizkuntza ofizial bakarra ezarria duen (hots, eskubide kolektiboak edo gizarte-multzoaren eskubideak eskubide pertsonalen gainetik jartzen diren; hau da Flandriako kasua Belgikan, esaterako); eta eremu elebidunarena, norbanakoen eskubideak bermatzen dituena (“hizkuntza-liberalismoaren” eskubide pertsonalak oroz gainetik ipintzen direna, alegia). Bigarren horretan oinarritzen da EAEn ezarrita dugun hizkuntza-eredua (argitu behar da EAEn praktikan gazteleradunen eskubideak bermatuta daudela nonahi eta noiznahi, baina euskaldunen hizkuntza eskubideen bermea oso gorabeheratsua dela, urria ez esateagatik ).
Hizkuntza-lurraldetasunak, beraz, ez ditu norbanakoen eskubideak lehenesten, eskubide kolektiboak baizik. Lurralde zehatz batean bizi den hiztun-komunitate nagusiaren eskubideak babesten ditu. Suitzan, Belgikan, Kanadan edo Finlandian tokian tokiko hizkuntzak normalizatzeko eta hizkuntza-borrokak baretzeko oso baliagarria izan da aipatutako lurraldetasun-printzipioa. “Pertsonatasuna” delakoak, ordea, ez du hizkuntza gutxitua normalizatzen, Jean Laponce adituaren hitzek baieztatzen dutenez: “Un erreur bien connue consiste à vouloir protéger une langue par des droits individuels transportables; au lieu de la protéger par des droits collectifs non transportables”. (“Oso akats ezaguna da hizkuntza bat babestu nahi izatea gizabanakoaren eskubide eramangarriak aplikatuz, gizataldearen eskubide eramanezinak aplikatu beharrean”)
Jauzi kualitatiboa behar dugu euskaldunok geure ohiko erresistentzia-rola alde batera uzteko eta euskarari dagozkion erabilera normalizatuaren espazioak berreskuratzen hasteko. Eta hizkuntza-aldaketa horren bizkarrezurra lurraldetasun linguistikoaren printzipioaren ezarpenak izan beharko luke, gure ustez.
Horrek esan nahi du euskarari erabateko nagusitasuna eman behar zaiola toki eta lurralde jakin batzuetan, bertan beharrezko bilakatuz. Hori da Euskal Herri osoan ezarrita dagoen erdaren aldeko hizkuntza-inertzia hausteko modu bakarra.
Hizkuntza-lurraldetasunaren finkapena lege-aldaketen bidez bideratu beharko litzateke. EAEko euskararen lege berri batek bi hizkuntza-eremu jaso beharko lituzke: eremu euskalduna eta eremu elebiduna. Eremu euskaldunean hizkuntza-lurraldetasunaren printzipioa aplikatuko litzateke (eskubide kolektiboak babesten dituena); eremu elebidunean gaur egungo hizkuntza-markoa mantenduko litzateke (eskubide indibidualak bermatzen dituena), baina euskaldunen hizkuntza-eskubideak erabat errespetatuz eta betez. Bi eremu horien mugak zehazteko adituen iritzia aintzakotzat hartu beharko da, hizkuntza-eremuen banaketa irizpide objektiboetan oinarrituz, Belgikan egin zen moduan. EAEko hainbat eskualdek baldintza guztiak betetzen dituzte, “a priori”, lurraldetasunaren irizpidea bertan finkatzeko (Bizkaiko Lea-Artibaik edo Gipuzkoako Urola-Kostak adibidez, besteak beste).
Zalantzarik ez dago lege-estaldura batek hizkuntza-lurraldetasunaren printzipioaren aplikazioa erraztuko lukeela, eta hori izan beharko luke mugimendu euskaltzalearen helburua: ordezkari politikoei lege-aldaketa eta praktika horretarako presioa egitea. Baina ezin gara geldirik egon lege-aldaketa hori gauzatu arte. Une honetatik bertatik gure lurralde batzuetan euskara arlo guztietan hizkuntza nagusi bihurtzeko urratsak eman behar dira: bertako udalek funtsezko zeregina jokatu beharko lukete prozesu horretan.
ESKUBIDEAK ETA BETEBEHARRAK:
Lurraldetasun-printzipioa aintzakotzat hartuko duen hizkuntza-marko berriak, eskubide berdinak bermatu behar ditu lurralde osoan (eskubide berdinak Ondarroan eta Gasteizen), betebeharrak desberdinak izan arren. Hala, eremu euskalduneko biztanleek euskara erabiltzeko eskubidea ez ezik, euskara bera jakin beharko lukete halaber. Euskara izango bailitzateke bertan hizkuntza ofizial bakarra. Bi eremuen arteko aldeak: kasu batean, eskubideak onartzen dira (eremu elebidunean) eta beste kasuan, eskubideak ez ezik, betebehar orokorrak ere badira.
INPOSAKETARI AURRE EGIN:
Gazteleraren eta frantsesaren inposaketa zurrunak ezinezko bihurtzen du euskararen berreskurapena. Zapalkuntza gordina pairatzen dugu XXI. mendean ere. Espainiak eta Frantziak oso aspaldi abiarazitako euskararen ordezkapen-prozesuaren azken urratsen aurrean egon gaitezke, irmotasunez eta premiaz erantzuten ez baldin badugu.
Eragile eta norbanako euskaltzaleak aktibatu eta antolatu behar gorria dugu. Alderdi, sindikatu eta bestelako eragile euskaltzaleak mugiarazi, abertzaleen esku dauden erakundeen elkarlana aldarrikatu eta sustatu… berandu baino lehen.
Mendekotasuna astindu, nagusikeria erdaltzalea maila guztietan borrokatu, hizkuntzen borroka-zelaian desobedientzia hedatu eta harrotasuna berreskuratzeko behar gorria dugu.
Ez dira akordiokeriarako garaiak. Maila politikoan bezala, maila linguistikoan ere aldebikotasuna ezinezkoa da Espainiarekin edo Frantziarekin. Aldebakarreko bidea egin beharko dugu euskalgintza osoa batuz, hizkuntza-lurraldetasunaren proposamen hau aurrera ateratzeko.
ERANSKINA: EUROPAKO EREDU BATZUK:
Hiru dira hizkuntza-lurraldetasunaren printzipioa ezarrita duten Europako estatuak: Belgika, hiru hizkuntza-komunitate elebakar aitortzen dituena (flandriarra, frankofonoa eta alemana) eta hiriburu bat, elebiduna; Finlandia, bi hizkuntza-komunitate elebakar eta hainbat hiri elebidun dituena; eta Suitza, lau hizkuntza-komunitaterekin, kantoi ezberdinetan bananduak eta eremu elebidunik gabe. Hiru Estatu horietan hizkuntza-eskubideak ez dira “eskubide eramangarriak”, ez dagozkie pertsonei, kolektibitateei baizik.
Irlandarrek beraiek, haien hizkuntzaz hain gutxi arduratu diren horiek ere, “Gaeltacht” izeneko lurraldeari tratamendu berezia ematen diote ….. Ez al da garaia Euskal Herrian horren inguruan zerbait egiteko?
Gurekin kolaboratu nahi duzu proposamen hau zabaltzeko? Idatz iezaguzu!!: naziogintza@harremanak.eus