Hasier Arraizek idatzitako artikuluak, Euskara-desleialtasunak: euskara erdigunean (Berria 2019/07/20) delakoak hainbat erantzun jaso ditu (Pako Sudupe, Xabier Muguruza…) eta Naziogintzak ere bere iritzia eman nahi du. Bere artikuluan Arraizek hainbat ideia aipatzen badu ere guk identitateari buruz esaten duenari erreparatuko diogu idatzi honetan, nahiz eta “desleial” hitzaren erabilera guretzat desegokia izan.
Ona eta osasuntsua iruditzen zaigu Arraizek bere alderdiak egindako hutsuneak iradokitzea (zehaztasunik ez dagoenez guk horrela interpretatzen dugu). Are gehiago, gogoan izanda Arraiz Sortu alderdiaren bozeramaile ohia eta militante kualifikatua dela, bere iritziak alderdi horretan umotzen ari den pentsamendu gisa hartu nahiko genituzke. Hala ere, aitortu behar dugu ez dakigula agertzen duen jarrera hori Sorturen ildo ofizialekoa den ala soilik militante baten pentsamendua islatzen duen. Bai, ematen du Sortu kritikatzen duela euskararen inguruan daraman politikagatik, baina kritika hori ez zaio zuzentzen eragile politiko jakin bati: “agenda politikotik, erdigune politikotik bat-batean euskara aienatu da”. Berez aienatu al da? Horretan ez da arduradun politikorik? Adibide bat jartzearren, bere Twitterreko kontuan opor hauetan irakurtzeko lau liburu, laurak espainieraz, gomendatzen dituen Arnaldo Otegik ez al du inolako ardurarik? Bai, badakigu inork ez dituela harriak bere teilatuaren kontra botatzen, baina bere kritikak zehatzagoa izan beharko zukeen.
Bestalde, interesgarriak dira bere proposamen batzuk: “Euskaraz bizitzearen aldeko sare indartsua behar-beharrezkoa da. Bizitzaren arlo desberdinetan euskara erabiltzeko aukera emango duen sarea, baita euskaraz bizi beharra gure bizitzen erdigunean jarriko duena ere. Euskara gaur egun ez badago gure bizitzen erdigunean, euskara ez baldin badago Euskal Herriko plaza publikoaren erdigunean, nekez sentituko du inork euskara erabiltzeko beharrik”. Ados gaude horrekin. Era berean, positiboki baloratzen dugu, hiztun berriak erakartzeko asmoz, euskarari prestigio soziala lantzeko eta handitzeko egiten duen gonbita: “gure Herriko instituzio guzti-guztiei dagokie zeregin hori: hezkuntza sistemari, enpresa munduari, kirol taldeei (eta batez ere kirol enpresei), gizarte elkarteei, zientzia eta teknologia arloari, masa hedabideei, kultura industriari eta abar luze bati”. Hala ere, guretzat hori ez da nahikoa. Eguneroko jarduera politikoan eman behar zaio prestigioa euskarari, eta defendatu. Adibide bat jartzearren, osasungintza euskalduntzeko abiatutako “Aintzat” mugimenduak sostengu politiko publikoa behar du eta hor lan asko dute egiteko batez ere EAJk eta Sortuk. Gauza bera eskatu dugu aspalditik Euskal Kirol Selekzioentzat.
Baina hori guztia egiteko parametro aldaketa garrantzitsu bat eskatzen du Sortuko kideak: “Euskara erdigunera ekartzea ere parametro horietan kokatzen dut, identitate-ardatzetik urruti, edo haren gainean soilik ez”. Aizu! “urruti” eta “haren gainean soilik ez” ez dira sinonimoak. Zeinekin gelditzen gara? Izan ere, 2011n borroka armatua bertan behera gelditu zenetik Sortuk hartu zuen ildo estrategikoa, “indar metaketa” eta “aniztasun” hitzez zuritzen duena, funtsean, nazio-identitatea gutxiestera edota deuseztatzera daraman bidea da eta hori kolonizatutako Herri batentzat (ez dakigu haiek onartzen duten kolonizatuta gaudenik) heriotzaren abiapuntua da. Horregatik, Naziogintzan ez dugu onartzen identitate-ardatzetik urruti kokatzen den inolako parametrorik.
Komunitatearen osaketaz ere hitz egin du Arraizek baina komunitate horren ezaugarriak aipatzeko orduan lehen izendatu dugun esaldia bota du Sortuko kideak: “identitate-ardatzetik urruti edo haren gainean soilik ez”. Nolako komunitatea osatu nahi dugu? Zein komunitate nazional osa daiteke identitaterik gabe? Orain daukagun soberaniarik gabeko komunitate politikoari identitatea ere kendu egin nahi al diogu? Zergatik hainbeste konplexu identitateaz hitz egiteko? Gure ustez, Herri kolonizatuok konplexu gutxiago eduki beharko genuke identitateaz mintzatzeko.
Ez dugu ulertzen euskal abertzaletasunaren sektore batek gure naziotasunaren zutabeari, hots, hizkuntzari, eman nahi dion tratamendua. Ematen du hizkuntza identitate eta sentimendurik gabeko komunikazio tresna huts bihurtu nahi dutela, balio instrumental hutsa duena. Guretzat, bistan da, euskara askoz gehiago da. Euskara da identitate indibiduala ematen digun elementua (euskaldun bihurtzen gaituena), baina baita identitate kolektiboa ematen diguna ere: Euskal Herria Euskararen Herria da. Nazio egiten gaituen funtsezko elementua. Euskarak, hitz bitan, izena eta izana ematen diolako Euskal Herriari.
Horrenbestez, euskara ez da komunikazio-tresna hutsa, ingelesa edo esperantoa bezalakoa, gure Nazioari nortasuna ematen dion funtsezko elementua baizik. Etor bitez Txillardegiren hitzak (1966): “Zerk egiten du Euskal Herria? Zerk ematen dio bere izaera berezia? Zerk egiten du gure naziotasuna? Zerk bereizten gaitu? Zerk ematen digu euskal arima? Euskarak eta ez bestek”
Ezin dugu partekatu, beraz, Arraizek egiten duen proposamena, euskara “identitate-ardatzetik urruti” kokatu nahi duen proposamena. Izan ere, identitateari uko egitea Nazio izateari uko egitea da eta gu ez gatoz bat ideia horrekin. Aitzitik, konplexurik gabe ozen esaten dugu euskarak identitate indibiduala eta kolektiboa ematen dizkigula. Euskarari balio instrumental hutsa eman nahi izatea oker galanta da, eta, besteak beste, eskolan euskaldundutako gazte askok kalean euskararekiko erakusten duten atxikimendu apala eta euskaraz aritzeko duten motibazio falta azaltzen ditu.
Naziogintzarentzat kolonizatutako Herri bateko kideak, kolonizazio-egoeraren jabe den herritar batek duen lehen zeregina da inperioarekiko komunikazio mota guztiak apaltzea, eta ahal den neurrian deuseztatzea. Eta horretarako biderik zuzenena baztertutako eta debekatutako hizkuntza berreskuratzea eta hizkuntza horretan komunikazio-bitarteko propioak antolatzea da, beti ere nazio-ildo argi bati jarraituz.