IKASTOLEN EKARPENA

Joxi Imaz, Edu Apodaka, Gurutze Ezkurdia eta Paulo Iztueta

2022-04-9an, BERRIA.

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Hezkuntza Lege berri bat prestatzen ari diren honetan, indartu egin dira hezkuntza arloan lehendik ere bazeuden eztabaida batzuk. Guk eztabaida horietako bati buruz gure iritzia eman nahi dugu artikulu honetan, bi ideia azpimarratuaz:1. Euskal Herriko hezkuntzan publiko-pribatu eztabaida gainditu beharra, eta 2. Ikastolek egin duten lanaren eta euskal hezkuntzari ematen diotenaren errekonozimendua.

1.-Publiko-pribatu(estatua/merkatua) eskema liberala sinpleegia da, eskema horretan beste espazio inportante bat falta delako: herrigintzarena. Beti garrantzitsua, baina bereziki gurea bezalako herrialdeetan, estaturik gabeko nazioetan.

Publiko-pribatu eskeman, badirudi estatuarena ez dena, derrigor, interes partikular eta pribatuetara makurtzen dela. Planteamendu horrekin, estatuak du publikoaren monopolioa. Baina Euskal Herrian aspaldi, borroka horretan ari gara: batetik, estatu-erakundeetan Euskal Herriaren alde borroka egin, eta bestetik, estatutik aparteko erakunde berriak sortzea (ikastolak, UEU, AEK…). Bigarrena gehien-gehienetan komun izaeraz (komunal-irekiak, bestelako publikotasuna, ez estatala, sortzen dutelako…).

Ezin da ahaztu ezta ere publiko-pribatu eskema honen sorreran 1993ko Buesa legea deiturikoak izan zuen garrantzia, eztabaida hau perspektiba historikoan eta soziopolitikoan kokatzeko. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua zen orduan Fernando Buesa (PSE-EE), eta esan zituenengatik, badirudi prozesu haren helburuak argi zituela: «Hemendik aurrera ez dago ikastolarik, ikastetxe publiko eta pribatuak baizik» (1993-05-27). Gauza jakina da politikan eztabaidaren markoa definitzea lortzen duenak eztabaidaren zati handi bat irabazia daukala.

Ikastolek ere noski betetzen dutela funtzio publiko-komunitario bat, eta noski egoera normalizatu-ideal batean publikotasuna defendatuko genukeela hezkuntzan ere. Baina estaturik ez daukagun bitartean, joko arauak gure esku ez dauden bitartean, gainditu dezagun publiko-pribatu eztabaida, eta aldarrikatu dezagun eskola sistema propioa.

2.-. Baina kasu honetan ez daukagu zerotik hasi beharrik gauza berriak probatzen. Orain dela 100 urtetik, Euskal Herriak ulertu du hezkuntza arlo estrategikoa dela, eta eskola sistema propioa eraiki du erresistentzia egiteko Espainiako eta Frantziako hezkuntza sistema zentralizatzaile eta homogeneizatzaileen aurrean.

Horretarako sortu ziren ikastolak, eta oraindik ere euskara, euskal kultura eta Euskal Herria sustatzea dira haien helburu nagusietakoak. Ikusi adibidez BERRIA-n curriculumari buruz argitaratutako erreportajea (Euskadi eta Euskal Herria, nahas-mahas, 2021-11-14): diferentzia handiarekin, IkasElkar-eko materialak dira geografian eta historian Euskal Herria argien eta gehien lantzen dutenak, baita beste arlo batzuetan ere (logikoa, Nafarroako eskoletan adibidez ez baita legala geografian Nafarroa Euskal Herriko mapa barruan kokatzea).

Euskal Herrian, eskola publikoa Espainiako eta Frantziako estatuen eskola da, administrazioaren eskola, autonomismoaren eskola. Espainiako eta Frantziako administrazioaren eskola hauetan, irakasle, guraso eta eskola askok egin dituzte ahalegin eta lan handiak azken hamarkadetan euskalgintzan, curriculumaren berrikuntzan, pedagogia hobekuntzan… baina, hala ere, sistema gisa, muga handiak ditu hiru administraziotan banatuta dagoen euskal nazioaren ideia transmititzeko. Bai EAEn bertan, eta zer esanik ez Nafarroan eta Iparraldean —Nafarroan adibidez, euskararen egoera ezberdina baita eremu geografiko ezberdinen arabera—, Euskal Herri osoa erakusten duten mapak eskoletan erabiltzeko zailtasunak baitaude eta Iparraldeko eskola frantsesetan egoera oraindik ere okerragoa baita… Batzuek eskatzen duten publifikazioa sistema horietan integratzea litzateke, atzerapausoa ikuspegi abertzale batetik.

Espainiako eta Frantziako ume, nerabe eta gazteak espainolizatzea eta frantsestea da sistema honen helburu nagusietako bat, Wert ministroak onartu zuen bezala, baina ez espainolak edo frantsesak bereziki maltzurrak direlako, baizik eta munduko estatu guztiek erabiltzen dutelako eskola sistema bere burua legitimatzeko eta erreproduzitzeko.

Ikastolak zapalkuntza linguistiko, kultural eta nazional bati erantzuteko sortu ziren, eta ikastolen helburua izan beharko luke bestelako zapalkuntzen eta ezberdintasunen kontra ere borrokatzea. Ikastolek segregazioren bat bultzatu edo indartu badute, horri aurre egin behar diote: beste eskola guztiek egin beharko luketen moduan (hezkuntzarako eskubidea edonori bermatuaz, parekidetasun jarrerak irakasten…). Ikasleen banaketa orekatua (klase soziala, arraza, jatorria eta generoaren araberako ahalik eta ezberdintasun gutxienekin), doakotasuna, laikotasuna… landu beharreko gaiak dira. Baina, kontuz, ezberdintasunen arazoa konpontzen saiatu nahian, ez dezagun ahaztu arazo nazionala, edo ez dezagun pentsatu bigarren mailako zapalkuntza dela.

Gatazka linguistiko, kultural eta nazionalaren ondorioz sortu ziren ikastolak, ez elitismoa edo klasismoa erreproduzitzeko. Eta oraindik ere, hau da daukagun eskola sistema nazional bakarra. EAEko ikastolak administrazioaren sarean integratuko balira, nola sostengatuko lirateke Nafarroakoak eta Iparraldekoak, dagoeneko ere arazo ugari baldin badituzte?

Ikastola izena sare guzietan erabiltzen da (sare estatalera pasa ziren kasu batzuetan, kristau eskoletan, ikastolen sarean…). Zergatik? Herri proiektu bat izan delako, kapital sinboliko izugarria sortu eta jaso zuena frankismoan, diktaduraren gordinean… Eta orduan, orain bezalaxe, eskola eredu alternatiboa landu zuelako. Ez da bakarrik euskara: ikastola da kooperatibismoa, parte hartzea, euskal kontzientzia eta euskal sentsibilitatea (geroz eta homogeneoagoa den mundu batean), komunitatea ardatz duen proiektua (hurbilekoa eta herrialde mailakoa, EH), hobekuntza pedagogiko eta didaktikoa…

Ikastola guziak ez dira berdinak, eta ikastolen proiektua ez da perfektua, baina daukagun hezkuntza proiektu nazional bakarra da (eta orokorrean, daukagun proiektu nazional arrakastatsuenetakoa). Ez gaitezen aritu gure teilatuari harrika.