INPERIALISMOAK MUNDUAN VERSUS HERRIEN ESKUBIDE NAZIONALAK

MIKEL URKOLA ELEIZEGI.

Estatuak asmatu zirenetik, duela 5.000 urte inguru, munduan izan den gaitz politikorik okerrena eta krimen handienak eragin dituena inperialismoa izan da.  

Atzo eta gaur. Kontinente guztietan, erlijio batekoak eta bestekoak, batzuetan demokraziaren izenean zein justiziaren izenean, edo beste batzuetan aberriaren izenean, inperialismoak gaitz unibertsalak izan dira. Baina gezurra badirudi ere, krimen horiek izan dira, txalotuenak ere. Inperialistek, ordea,   ideologia maltzurrenen bidez, gizadiaren balentria handienak bailiran, sinismen osoz, krimen handienak defendatu egin dituzte, jainkoek hala nahita antolatu izan balira bezala. Hori bai dela gezurraren iraulia! Krimena balentria bihurtuta! Hainbeste krimen­‑pilaketa defendatzeko Konkistaren Eskubidean oinarritu dira.

Zehaztu ditzagun, bada, inperialismoek beren krimenak burutzeko erabili duten tresnak. Lehen‑lehenik, armak eta gudak; gezurrak, lapurretak, traizioak, milioika hilketa eta genozidioak, etnozidioak, demozidioak; Herrien zatiketak, azpiratzeak eta herri-esklabutzak; kolonizazioak, arrazakeriak, kartzelak eta Herriez jabetzeak; baita Herrietako instituzioen birrintzeak ere. Hor kokatu behar dira ez bakarrik gizabanakoen aurkako krimenak, baita gizakien kolektiboenak eta krimen nazionalak edo nazioen aurkakoak ere.    

 

Autodeterminazioa zer den jakiteko, inperialismoa zer den ere jakin beharra dago, lehenbizikoa bigarrenaren txikizioak ekiditeko sortu baitzen. Nazio Batuek hain zuzen ere, inperialismoak gaitz unibertsal zirela ikusirik, Herrien autodeterminazioari ere balio unibertsala eman zioten.

Metafora bat erabiliz, inperialismoak gizadiaren izurrite unibertsal zirela esan dezakegu. Orduan, Nazio Batuek, munduko gaitzentzako sendagile‑lanetan jardun beharrean, sendabide bat aurkitu zuten: Herrien autodeterminazioa alegia. Hara bada eria, sendagilea eta sendabidea elkarri lotuta: inperialismoa, Nazio Batuak eta Herrien autodeterminazioa. Sendabidea ezin da ulertu, gaitza zertan datzan jakin gabe. Autodeterminazioa inperialismoaren aurkako sendabidea da.

Inperialismoen krimenak argitzen direnean, Herrien burujabetzarako eskubideak ulergarriagoak bilakatzen dira, Herrien autodeterminazioaren etsaiak inperialistak dira. Autodeterminazioaren sendabidea uxatzen dutenek, beste erremediorik eskaintzen al dute inperialismoen aurka? Ba ez. Zergatik? Inperialistek duten borondate politikoa mendean dituzten Herriak birrintzea delako. Horregatik ez diote Herrien txikizioari erremediorik bilatu nahi.

Historikoki, nazioen arteko harremanetan, bi erlazio mota bereiz ditzakegu: batetik, inperialismoen ordena zaharra, 1966ra arte iraun duena, eta, bestetik, Herrien autodeterminazioko ordena berria, XX. mendetik hona pixkanaka, oztopo handiak gaindituz, sortzen ari dena. Munduko ordena berri hau Nazio Batuen Itunean, bakean, Herrien, burujabetzan, autogobernuan eta askatasunean oinarritzen da. Beraz, defini ditzagun eria, < inperialismoa>, eta sendabidea, < Herrien autodeterminazioa>.

 

1) INPERIALISMOA DEFINITZEN.

Hara hemen GOOGLEk eskaintzen duen inperialismoaren definizioa:

El Imperialismo es una relación entre países —generalmente en forma de un imperio —que se basa en ideas de superioridad y aplicando prácticas de dominación, que implican la extensión de la autoridad y el control de un estado o pueblo sobre otro“.

Lichteamenek, berriz, antzeko definizio hau eskaintzen du: (1972, P.10):

El imperialismo… lo que denota es una relación: concretamente la relación entre una potencia que domina o controla y quienes se encuentran bajo su dominio. El imperio es un estado de cosas, incluso cuando el poder imperial no está constituído oficialmente como tal.”

Eta Lichtheam, (32. or.) gauza bera zehaztera dator aurreraxeago honako hau esatean:

Si bien los romanos inventaron el concepto de imperio, no inventaron su realidad. El dominio sobre otros pueblos había sido la norma y no la excepción en la era de las monarquías orientales despóticas, cuyo poder precedió a la talasocracia helénica y a su sucesor el imperium romanum. Los antiguos despotismos , egipcio, babilónico hindú…”.

Inperialismoak, gehienetan, bi fasetan burutzen dira. Lehena, konkista militarraren aldia izaten da. Aldi horretan gertatzen dira, batez ere, pertsonen eta Herrien txikizio fisikoak. Bigarren aldian, berriz, Herri menperatuen kolonizazioa, akulturazioa, etnozidioak, herrizidioak eta erdalduntzeak gauzatzen dira estatuko arrazakeriaren bidez, instituzioen ordezkatze eta asimilazio‑legeen bidez. Bigarren aldi hau da Foucaultek maisuki aztertu zuena eta nik ere, gure Herrian, arakatu nahi izan dudana. Inperialismoen bi aldi horiek aztertzen saiatu naiz nire liburuan. Artikulu labur honetan, ordea, aipatu besterik ez ditut egingo.

 

2) NAZIO BATUEN GIDARITZAPEAN, HERRIEN AUTODETERMINAZIOAREN PROZESU JURIDIKOA ETA TESTUINGURU HISTORIKOA.

Atal hau hasteko, Herrien bost iraultza azpimarratu nahi nituzke. Lehena, Frantziakoa, 1764an kokatuko dugu, non Herriak eta Nazioak Estatuen jabe aldarrikatu ziren, ordu arteko estatuen jarduera zaharrak irauliz. Horrela, Iraultza Handiak Herriak eta Nazioak Estatuen mende eta azpian egon beharra hautsi egin zuen, intelektualki bederen. Bigarren iraultza, 1945eko Nazio Batuen Gutuna izan zen, non Nazio Batuen arabera, gizaki guztiek dituzten Gutunean aldarrikatzen diren eskubideak eta jaiotzaz denak diren askeak eta berdinak. Hirugarrena, 1948koa, non Nazio Batuek Estatu kriminalaren salaketa egin zuten, estatuen genozidioen definizioa emanez. Laugarrenik, 1960ko 1514. ebazpena, non deskolonizazioa aldarrikatzen den eta Herri kolonizatuek independentziarako duten eskubidea finkatzen den. Bosgarrenik, 1966koa, non Nazio Batuek, Herri guztien Eskubide Nazionalak aldarrikatzen dituzten; edota, bestelako deituraz, Herrien Autodeterminazioaren Ituna ezartzen den.

Testuinguru historikoa.

Nazio Batuek 1966an Herrien Autodeterminazioari buruz eztabaidatu eta adostu zuten Ituna ulertzeko, beharrezkoa deritzot Itun haren testuinguru historikoa gogoratzea. Aurren aurrena esan behar da Herrien Autodeterminaziorako Eskubidea, Gizadiaren Historia erreparatuz gero, jaio berri‑berria dela. Bere kontrarioa, aldiz, Konkistarako Eskubidea, bizi‑bizirik izan da 5.000 urtetan zehar mundu zabalean eta, gaur bertan ere, bizirik dago oraindik, batzuetan, demokraziaren izenpean mozorrotzen bada ere. Nahiz eta Konkistarako Eskubideak, oraindik ere, indar handia izan, hala ere, demokratek demokraziaren garapenari ekin zioten eta, baita, lorpen handiak irabazi ere. Horien artean Herrien Eskubide Nazionalen Ituna (1966an), emakumeek botoa ematea eta sindikalgintzarako lan‑eskubideak. Eta gaur bertan ere, Herrien Eskubide Nazionalen defendatzaileok, inperialistekin liskar bizian borroka egin beharrean aurkitzen gara.

Interesgarria da halaber jakitea, zergatik eta zertarako aldarrikatu zituzten Nazio Batuek Herrien Eskubide Nazionalak eta Estatuen arteko Ituna.

Gogoan eduki behar dira XX. mendean, inperialismoek Europan sortu zituzten bi guda izugarriak eta, bestalde, bizi‑bizirik zeuden guda kolonialak. Horrelako etengabeko guda giroan, bakearentzako, munduan ordena berri bat behar zela pentsatuz, inperialismoa eta konkistarako eskubidearen ordez, Herrien Autogobernua, burujabetza, autodeterminazioa eta bakea ezartzea erabaki zuten.

Hainbeste hilketen eta txikizioen ostean, Europako populazioa zein politikariak gudaz aspertuak ziren eta munduan ordena berri bat ezarri beharra zegoenaz ohartu ziren. Giro horretan sortu ziren Nazio Batuen Antolamendua, 1945eko Nazio Batuen Gutuna, Europako Batasunaren oinarriak eta, 1960an, Deskolonizazio Eskubidearen aldarrikapena. Helburua zen gudak ekidin eta bake‑giro berri bat sortzea, nazio arteko gatazkak demokratikoki eta elkarrizketaren bidez gainditzeko.

Hara GOGLEk nola definitzen duen Herrien Autodeterminazioa:

El derecho de libre determinación de los pueblos, más conocido como derecho de autodeterminación, es el derecho de un pueblo a decidir sus propias formas de gobierno, perseguir su desarrollo económico, social y cultural, y estructurarse libremente, sin injerencias externas y de acuerdo con el principio de equidad.

NAZIO BATUEN TESTUA

Baina beste definizio guztien gainetik, interesgarriena da Nazio Batuek 1966an Herrien Autodeterminazioari buruz emandako testua hitzez hitz. Testu hori Eskubide Zibil eta Politikoei buruz Nazio Batuen Itunean azaltzen da.

1. artikulua eta 1. lerrokada:

Todos los pueblos tienen el derecho de libre determinación. En virtud de este derecho establecen libremente su condición política y proveen asimismo a su desarrollo económico, social y cultural”.

Herri guztiek dute era askean determinatzeko edo ebazteko eskubidea. Eskubide horren eraginez, Herriek beren baldintza politikoak askatasunean ezartzen dituzte eta, halaber, euren garapen ekonomikoa, soziala eta kulturala hornitzen dute.” (nik euskaratuta)

Art. 1- eta 3. lerrokada:

Los Estados Partes en el presente Pacto, incluso los que tienen la responsabilidad de administrar territorios no autónomos y territorios en fideicomiso, promoverán el ejercicio del derecho de libre determinación y respetarán este derecho de conformidad con las disposiciones de la Carta de las Naciones Unidas.”

Itun honetan parte-hartzaile diren Estatuek, baita lurralde ez-autonomoak kudeatzeko ardura dutenek edota fideikomisoko lurraldeen arduradunek ere, autodeterminazio askearen eskubide‑jarduera sustatuko dute eta eskubide hori errespetatuko dute Nazio Batuen Gutunak dituen xedapenen arabera

Jakingarria da noski, Gaztelar Estatuak Nazio Batuen Autodeterminazioko‑eskubidea 1977an onartzeaz gain, 1978ko Konstituzioan ere berretsi egin zuela. Hara hemen Espainiako Konstituzioak hamargarren artikuluan nola onartzen dituen, espresuki, Nazio Batuen Giza Eskubideei buruzko ebazpenak eta Nazioarteko Itunetan onartutakoak:

Constitución Española. Artículo 10, PÁRRAFO 2.

2- “Las normas relativas a los derechos fundamentales y a las libertades que la Constitución reconoce se interpretarán de conformidad con la Declaración Universal de Derechos Humanos y los tratados y acuerdos internacionales sobre las mismas materias ratificados por España”.

                                                            

3) AUTODETERMINAZIOAREN MUINA HERRIEN AUTOGOBERNUA DA.

Eta zertan gauzatzen dira Herrien Eskubide Nazionalak?

Euskaldunoi eta gaztelarrei dagokigunez, arazoa edo liskarra zera da: <Euskal Herrian nork agindu behar duen>. Nork agindu Euskal Herrian: euskaldunok, kataluniarrek, gaztelarrek, USAkoek   ala txinatarrek? Eta Arabian eta Japonian nork agindu behar du? Gaztelerrian nork agindu behar duen esateko inork ez du zalantzarik, Euskaldunok eta kataluniarrek ez dugu han agintzeko asmorik. Eta mundu zabaleko Herrietan? Nork non agindu behar du? Hori izan da milaka urteetan mundu zabalean etengabeko liskarbidea. Gure herrietan nork agindu behar duen? Ea etxean etxekook agindu behar al dugun ala kanpotik etorritako inperialistek, ezpata eta kartzela beren esku dituztela, gure herrietan agindu behar al duten. Herrien Autogobernua ala inperialisten heterogobernua. <Herrien askatasuna> ala kanpotarrek ezarritako <herri-esklabutza>. Herri‑bizitza ala herrizidioa.

Zehatzago esanda, Nazio Batuek Herrien autogobernua lau antolamendutan bildu eta gauzatu zuten: autoantolakuntza politikoa, ekonomikoa, soziala eta kulturala. Gainera, Nazio Batuen Itunaren aginduz, Herriek, antolaketa horien erabakiak askatasunean hartu behar dituzte. Beraz, denera, (askatasuna barne hartuta) bost eskubidek osatzen dute Herrien Eskubide Nazionalen multzoa. Eta hori ez da jakintsu batek aurkitutakoa, Nazio Batuen erabakia eta Ituna baizik. NBEko Estatu denek paperean sinatutakoa.

 

4) INPERIALISTEN FALTSUTZE ETA MOZORROTZEAK.

Inperialismoak krimenak dira; horren ondorioz, inperialistak, derrigorrean eta ezinbestean, inperialismoen egoera sozio-politikoak faltsutu eta mozorrotu beharrean gertatzen dira. Zer egin behar dute orduan Inperialismoen Herri biktimek? Herri biktimen eginkizuna zera izan behar du: inperialisten faltsukeriei mozorroa kentzea. Instituzioei eta legeriei mozorroa kentzeko lana Herri bakoitzak egin beharko duen lana da noski.

Mozorroa kentzeko lan horretan zera aurkitzen dugu: autodeterminazioaren edukiak zeharo okertuta daudela. Goiko testuan Nazio Batuek esandako bost edukiak, inperialistek ez dituzte plazaratu nahi izaten eta, aldi berean, Nazio Batuek esan ez zituztenak, hedatzen ari dira.

Denen aurretik zera esan behar dugu: eskubide nazionalak (aipaturiko lau antolamenduak gehi horretarako behar den askatasuna) ez direla erreferendumerako gai. Eskubide horiek Nazio Batuen Itunak Herri guztientzat aldarrikatu zituen eta unibertsalak dira. Herriak dira bost antolamendu horien jabeak, ez estatuak. Ezin zaizkio, beraz, ezein Herriri ere horiek ukatu. Herri bati Eskubide Nazionalen bost edukiak ukatzea bere burujabetza lapurtzea da. Bestela esanda, herri esklaboaren baldintzetan jartzea da.

Baina, tamalez, Euskal Herrian zenbait jende ez da bere Eskubide Nazionalen jakitun, nahiz eta Nazio Batuek aldarrikatuak izan. Ez daki eskubide horiek unibertsalak direla eta Herriak direla beren eskubideen jabeak, ez estatuak.

Zenbait jenderen ustez, autodeterminazio‑eskubidearen edukiak bi lirateke: sezesio‑ edo bereizketa‑eskubidea eta erreferenduma egiteko eskubidea. Nazio Batuen Itunak, ordea, ez ditu aipatzen ez bata ez bestea. Horrela, jende gehienentzat, Herrien autodeterminazioa nahaste-borraste handi bihurtu da. Batetik, Nazio Batuek Herriei aitortzen dizkieten bost funtsezko eskubide nazionalak ez dituzte ezagutzen; eta bestetik, Itun horri, esaten ez duena, egozten diote.

4-1) Euskal Herria sezesiorako edo bereizketarako eskubidearen jabe dela, noski baietz!. Bere baldintza politikoak askatasunean antolatzeko eskubidea baldin badu – eta eskubide hori garbi aitortzen dio Nazio Batuen Itunak – hor barruan sartzen da bere estatu propioa eratzeko eskubidea ere. Baina ezin gara independentziako egun zoriontsu horren zain egon. Lehenbiziko lana da Itunak espresuki aitortzen dituen bost Eskubide Nazionalak errebindikatzea. Non? Nazio Batuen egoitzan, Europako instituzioetan eta mendean hartuta gauzkaten gaztelar eta frantziar instituzioetan, gure instituzioetan, gure elkarteetan, kalean, …, etab. Autogobernuaren errebindikazioan garbi utzi behar dena da, lehenbizikoa Itunaren Eskubide Nazionalak berreskuratzea dela. Gero etorriko dira norekin elkartu eta beste erreferendum‑gaiak. Horregatik guztiagatik autodeterminazioaren eskubideaz hitz egitea baino, nahiago dut <eskubide nazionalez> hitz egitea. “Eskubideak”, pluralean hartuta, aniztasuna adieraziz alegia. Zuzenean Nazio Batuekin lotuz, bere jarraitzaileak garela erakutsiz eta bere izenean ekin diogula lanari azpimarratuz, munduko Herri guztien eskubideak direla zabalduz, unibertsalak alegia. Abiera honek ez du erreferenduma, derrigor, egitea exijitzen. Egoera politikoak aholkatuko du egin edo ez egin.

Penagarria da batzuek erreferenduma eta demokrazia (Nazio Batuek aipatzen ez dituztenak) nola exijitzen dituzten ikustea, baina, aldi berean, Nazio Batuek exijitzen dituzten bost eskubide nazionalak ez dituzten aipatzen.  

4-2) Autodeterminazioari buruz hedatu den beste errakuntza <aldebikotasuna>-rena da. Horren arabera, Herri menperatuek autogobernatuak izateko menperatzailearen baimena beharko lukete. Bestela esanda, Herri menperatuak, aske izateko, estatu konkistatzaile eta kolonizatzailearen adostasuna beharko luke. Hau da, ardiak libre izateko otsoaren baimena beharko luke. Halako aldebikotasunak zera suposatzen du: Eskubide nazionalen jabea estatu konkistatzailea eta menperatzailea dela. Aldiz, Nazio Batuen Itunak adierazten duena da eskubide nazionalen jabea herri biktima dela.

4-3) Gatzaren legea. Inperialisten predikuen arabera, Nazio Batuek, 1966an, hitzartu zuten Eskubideen Ituna ez zuten Herri guztientzako sinatu, baizik europarrek Afrikan, Asian eta Ozeanian zeuzkaten kolonientzat bakarrik. Herri horiek, bai, badute autogobernurako edo autodeterminazioko eskubidea; baina Europan bertan kolonizatuak garen Herriok ez genuke izango autogobernurako eskubiderik. Munduan, beraz, bi motatako herriak leudeke: autogobernatzeko eskubidedunak eta eskubide gabeak.

Okerra galanta! Horren arabera, autodeterminaziorako eskubidea ez litzateke unibertsala izango, baizik Europatik at dauden herrientzat soilik. Eta guk, europar herri txikiok, beste kontinentekoek baino eskubide gutxiago izango genituzke. Honek erakusten digu europar inperialistak ez daudela prest inperialismoari uko egiteko. Kataluniako aferan nahikoa biluzi dira Espainia, Frantzia, Alemania, Italia eta Erresuma Batua.

4-4) Beste oker handia zera da: autodeterminazioa eta autogobernua ezberdinak direla uste izatea. NBEk dioena da, Herriek, aipaturiko lau eskubide nazionalak, era askean determinatzeko edo erabakitzeko eskubidea dutela. Horrek, Herriek beren burua gobernatzeko duten burujabetza aitortzen du.

 

5) ONDORIOA:

Euskal eta gaztelar nazioen artean dagoen gatazka aginte‑liskarra da: ea Euskal Herrian nork agindu behar duen, bertakook ala kanpotar konkistatzaileek, autogobernu‑liskarra beraz. Estatuak ez dira Herrien jabeak, are gutxiago estatu konkistatzaileak. Aldiz, Herriak dira euren autogobernuaren/estatuaren jabeak. Estatuak nazioen jabe bailiren gobernatzea, estatulatria eta faxismo hutsa da.

Labur definitzeko, zera esan genezake: Autodeterminazioa da Nazio Batuek aldarrikatua duten Herrien burujabetza eta autogobernu askerako eskubidea eta lau ahalmenetan zehazten da: baldintza politikoa, garapen ekonomikoa, garapen soziala eta garapen kulturala, antolaketa askean eginda.

Euskal eta gaztelar nazioen arteko gatazka ez da “lurralde‑gatazka” (“conflicto territorial”) konkistatzaileek dioten bezala, baizik eta gatazka koloniala. Euskal burujabetza eta autodeterminazioa konkistatzaileek ez errekonozitzeak garbi erakusten du gatazkaren izaera autogobernua dela. Euskal autogobernua, autodeterminazioa eta burujabetza gauza bera dira. Autodeterminaziorik ez badugu ere autogobernua badugula esatea kontraesana da. Duguna deszentralizazioa da, ez autogobernua.