LUKEN ETXABE.
Euskaldunok independentziaz hitz egiten dugunean, burura etortzen zaigun lehenengo nazioa sarritan Irlanda da. Antzeko ezaugarriak izan ditugulako nolabait: bietan hizkuntza gutxitua, bere lurraldea bitan banatuta, talde armatu bat…, eta abar. Baina, Irlanda al dugu adibide garbiena gure nortasuna edo nazioa bermatzeko? Hau da artikulu honetan aztertuko duguna.
Ia 100 urte dira Irlandako hegoaldeak independentzia lortu zuela Britainia Handitik, 1921eko maiatzaren 13an hain zuzen ere. Egun horretatik aurrera Irlandako uhartea bitan zatitu zen. Alde batetik hegoaldea (gehiengo katolikoa) eta beste aldetik, Ipar Irlanda (gehiengo protestantea eta Erresuma Batuaren barruan egotearen aldekoa). Ordutik, uhartea bitan zatitu eta bertako hizkuntza ere bi egoera desberdinetan gelditu zen. Hegoaldean ofiziala zen bitartean, iparraldean ez zuen babesik. Hala ere, gaur egun irlandar gaelikoa ez dago egoera samurrean, zergatik ote da hori?
Irlandar gaelikoak, esan dugun bezala, bere ofizialtasuna 1921ean lortu zuen hegoaldeko independentziarekin. Askapen mugimenduko buruek zioten askatasunarekin batera bertako hizkuntzaren berreskuratzea iritsiko zela, baina denborak erakutsi du hori ez dela horrela, Estatu baten independentziak ez du esan nahi bertako hizkuntzak etorkizunik izango duenik.
Irlandar gaelikoak gaur egun indarrik ez izatea hainbat faktore historikorengatik izan da. Alde batetik, XII. mendetik XVIII. mende ingurura arte britainiarrek Irlandako ipar-mendebaldea bereziki kolonizatu zutelako. Horregatik da Ulster konderria gaur egun protestantea eta gehiengo “unionista” du. Beste aldetik, oso garrantzitsua da azaltzea ere garrantzi handiko gertaera historiko bat bizi izan zuela irlandar nazioak 1845-1849 urteen artean: Gosete Handia. Denboraldi hartako uztak oso txarrak izan ziren, jende asko gosez hil zen eta kanpora alde egin behar izan zuten bertakoek bizi duin baten bila. Gosete Handiaren aurretik biztanleria 8.500.000 pertsonakoa zen, non 4.500.000 pertsonek zuten irlandar gaelikoa beren ama-hizkuntza. 1891n, berriz, biztanleria 3.500.000ra jaitsi zen eta horietatik irlandar gaelikoa ama-hizkuntza zutenak 700.000 irlandar bakarrik ziren. Goseteak ondorio gaiztoak ekarri zizkion irlandar gaelikoari. Bertako hizkuntzak fama txarra hartu zuen, izan ere, Gosete Handiak bereziki behartsuei erasan baitzien. Lotura psikologiko estua sortu zen pobreziaren eta irlandar gaelikoa hitz egiten zutenen artean eta horrek ez zion gauza onik ekarri hizkuntzari.
Urteak pasa ahala, irlandar gaelikoaren egoera okerrera joan da, ia guztiz desagertu arte (beste hizkuntza gaelikoak bezala). Azken urte hauetan gazte belaunaldi berri bat azaldu da hizkuntza bere egunerokotasunean erabiltzen duena, hura sozializatzeko, erabilera formalean soilik ez geratzeko eta aurretik azaldu dugun lotura psikologiko ezkor hori desagertzeko. Baina zoritxarrez, azterketa soziologiko gehienek diote irlandarrek nahiago dutela ingelesa erabili bertako hizkuntza baino, faktore ekonomiko, sozial eta politikoengatik, beraz, aukera asko daude hizkuntza desagertzeko.
Ikusi dugunez, azaldu ditugun faktoreak tarteko, Irlanda Hegoaldeko independentziak ez du ekarri irlandar gaelikoaren salbazioa. Horrez gain esan behar da, ezagutzak gora egiteak soilik ez duela esan nahi hizkuntza berreskuratzen ari dela eta erabileran dagoela gakoa (gaur egun 70.000 biztanlek soilik erabiltzen dute beren egunerokoetan, hau da, %1,45ek). Hori dela-eta, hori al da Euskal Herrian nahi duguna? Estatu independente bat baina naziorik gabe? Euskal Herri erdaldun bat? Hori horrela balitz, ez luke Euskal Herria izena edukiko.
Hortaz, bada garaia Irlanda alde batera uztea askatasunerako adibide gisa eta beste nazio batzuei so egitea. Besteak beste, estatu baltikoei. Estatu horiek (Letonia, Estonia eta Lituania) beren independentzia politikoa lortzeaz gain, beren nortasuna bermatzea lortu dutelako. Horregatik, bada garaia estatugintzari ematen diogun garrantzia naziogintzari ere emateko. Euskararik gabe nazio etniko eta folkloriko bat izango garelako eta ez dugulako Euskal Herririk izango, “Erdal Herria” baizik.