IZAN GAITEZEN SERIOAK!

Pako Sudupe

2024-04-1ean, ZUZEU

Izenburua irakurrita bakarrik, jakin dezakezue gutxi gorabehera artikulu honetan zertaz arituko naizen. Ez dakit zehazki Euskal Herriko hedabide eta sare sozialetan zer-nolako erreakzioak sortu dituen EAJren EAEko lehendakaritzarako hautagaiak esandako hitzek. Nolanahi ere, ematen du, idazten ari naizen honetan (2024-03-26), harrabotsik ez duela sortu!

Neure hitzekin adierazita: euskaraz jakitea Osakidetzan sartzeko ez da beharrezkoa, eta ez du beharrezkoa izan behar; izan gaitezen serioak: mediku onak behar ditugu, haien hizkuntza alde batera! Dei efekturako hitzak bakarrik zituen eskas: zatozte gaztelaniaz dakizuen munduko mediku guztiok, jadanik bazaudete eta jarrai ezazue etortzen, behar zaituztegu eta!, zeren, hizkuntza ez da garrantzizkoa baina gazteleraz jakitea bai. Gaztelaniaz ez dakiten mediku frantses-euskaldunak ez ditugu nahi, gaztelaniaz jakin ezean, baina gaztelaniaz dakitenak bai, nonahikoak direlarik ere, eta euskaraz ez badakite ere.

BERRIAn (2024-03-24), Iñigo Aranbarri idazleak argitaratu zuen artikulu bat, gorago aipaturiko hitz horiek eta Korrikarekiko kontuak txirikordatuz. Besteak beste, honela zioen: “Bi munduok, korrikalariena eta politikariena, apartean bizi direla pentsatzea litzateke errazena.” Eta halaber, Zaldieroak De rerum natura-n, bineta oso laburra eta oso bikaina argitaratu zuen: MEDIKU ONAK euskara. Bikainagoa zatekeen agian, BUENOS MÉDICOS jarri balu.

Kontua da argitzea zergatik bizi diren dibortziaturik euskaltzaleak eta politikariak gurean?, noiz eta EAErako hauteskunde bezperan! Errepara diezaiegun bada, horrenbestez, EAEko politikariei.

Nazionalista espainolen kasuan (Vox, PP, PSE-EE, Podemos-Sumar), hots, subjektu politikoa espainiar populua dela defenditzen dutenen kasuan, ulertzen da uste izatea euskarari balio politikoa ez zaiola eman behar; EAEn kohesio hizkuntza gaztelania dela eta hala izan behar duela, eta, –ia inor ez dago euskara desagertzearen aurka–Osakidetzan, Administrazioan, eta Irakaskuntzan eta hedabideetan eta lantokietan eta gizarte sail guztietan berdintsu jarraitu behar dugula, hau da, gaztelania nagusi, hegemoniko, eta euskara, funtsean, euskaltzaleen arazoa edo afera baino ez dela, euskaraz mintzatu nahi dutenena, eta gaztelaniadunen eskubideak edo pribilegioak ezin direla inoiz eta inola ere zalantzan jarri. PPren kasuan, oraingo hautagaiak mediku espainolak nahi ditu, ez venezolarrak edo afrikarrak, espainolak hobeak direlakoan.

Baina abertzale (izeneko)en kasuan (EAJ/PNV, EHBildu)?, ez dut EAJko euskaltzaleen aldetik, euren lehendakaritzarako hautagaiaren adierazpenak direla eta, inolako kritikarik irakurri. Ez eta EHBildurenetik ere. Bat datoz nonbait biak ala biak, gai hori hauteskunde eztabaidatik kanpo uzteko. Zer dela eta? Lehenik eta behin, uste izan liteke pentsatu dutela hauteskundeetarako gai desegokia dela; hots, garrantzizkoena arlo horretan mediku gehiago eta onak izatea dela eta ohe gehiago izatea EAEko ospitaletan eta langile gehiago ere bai, eta medikuntza publikoa eta pribatua hobeto uztartzea EAJren kasuan, eta publikoa gehiago indartzea EHBildurenean, dela arazoaren giltza, eta ez osasun langileei euskaraz jakitea galdegitea euskaldunon eskubideak errespetatzeko.

Alabaina, hori horrela bada, eta serioak izan nahi badugu, eta euskara euskal gizarteko arlo eta sail guztietara benetan zabaldu nahi ez bada, eta hizkuntza biak gureak badira, zertarako baliatu behar dugu gutxiago landua dugun hizkuntza?, bizi garen gizarte gero eta praktikoagoan eta teknologikoagoan, joera normala (izango) da euskara gero eta folklorikoago bilakatzea, gero eta arazo pribatuagoa, euskaltzaleena bakarrik. Pentsa dezakete politikariek horiek kontentatzea erraza dela Kilometroak bezalako jaiekin eta Korrika bezalakoekin. Euskararen alde edo euskararen aitzakian egiten diren jai horien alde onak eta dohainak ukatu gabe, politikan ez baizik eta folklore linguistikoan kokatzekoak iruditzen zaizkit. Euskara folklore mailan nahi dugu?, nahi dute gure politikariek?, eta, zertarako behar ditugu horrelako politikari abertzaleak?

Politikarekin, hots, eskumen politikoekin gauza bertsua gertatzen da. Baldin eta egungo borroka politiko abertzale nagusia eskuin espainol gero eta faxistagoa Madrileko Kongresuan geldiaraztea, eta handik ahalik eta neurri sozial hoberenak lortzea bada, nola konbentzitu biharko egunean euskal gizartea independentziaren beharraz?; estatu propioa izan gabe ere, Madrilen alderdi jakin bat babesturik, materialki hobeki bizitzeko modua baldin badugu?; bistan da independentziaren helburua ere gero eta folklorikoago bilakatzeko arriskuan jartzen garela.

Euskara folklorizaturik eta balio politikoz gabeturik, abertzaletasun independentista ere behinik behin, gero eta folklorizatuago izango dugu (alderdi egun eta aberri egunetara mugatua) eta autonomismo espainola gero eta finkatuago eta nagusiago. Beherakako bidea eramango dugu beti gure hizkuntza eta politika bereizirik, abertzaletasun espainola indartuko dugu eta euskal abertzaletasuna indargabetu, botoetan zeinek zeini egingo dion sorpassoaren ikuskizun berriarekin entretenitzen eta gozatzen dugun bitartean.