JULEN ZABALOREN IDATZIA EUSKAL NAZIOA HUSTU NAHIAN

Argazkia: Dantz-Ango

Lan honetan Julen Zabalok “Naziogintza berriaz” idatzitako artikuluari erantzun zabala eman nahi diogu Naziogintzatik. Zabaloren jatorrizko artikulua, hemen:

https://www.naiz.eus/eu/iritzia/articulos/naziogintza-berriaz

Hasieran Zabalok egiten dituen proposamenak ekarriko ditugu banan-banan eta, segidan, gure erantzunak gehituko ditugu:

Julen Zabalok: “Euskal estatura heltzeko bidea aldatzen ari denez, nazioa ulertzeko modua ere aldatzen ari da”

Erantzuna: Ez gaude ados baieztapen horrekin. Nazioa ulertzeko modua ez da berez aldatzen. Aspaldian euren burua abertzaletzat jotzen zutenak dira aldatzen ari direnak eta jarraitzaileen pentsamendua aldarazten saiatzen direnak. Ala norbaitek uste al du espainiar estatuak uko egingo diola estatu/nazioa izateari? Gogoan izan leloa: “Espainia bat eta banaezina”. Ezagutzen al du Zabalok nazio izateari uko egin dion estaturik?

Julen Zabalok: “Nazionalismoen orain arteko eskeman garrantzi handia ematen zitzaion nazio gisa aitortua izateari. Nazioa ikuspegi esentzialista batetik ulertzen zen”.

Erantzuna: Eta orain ez? Are gehiago, kolonizatua dagoen herri batean zer? Non daude esentzialistak ez diren nazioak? Non nazio-aitortzari garrantzia ematen ez dioten estatuak? Zergatik Europako estatu guztietan eskatzen zaie immigranteei bertako hizkuntza eta kultura ezagutzea Nortasun Agiri Nazionala (ez “estatala”) lortu ahal izateko?

Julen Zabalok: “Estatua botere gatazkatik sortzen zen, eta, horren arabera, nazio garaileak eta garaituak agertzen ziren”.

Erantzuna: Gatazkarik gabe sortu nahi al du Zabalok euskal estatua? Erretorika horren atzean autonomismo hutsala besterik ez dago. Euskal Herriaren historian behin eta berriz errepikatu diren gatazkek ez al dute erakusten konfrontaziorik gabe ezin dela ezer sortu? Estatua, bortxa- edo koakzio-sistema bat da, indarrez finkatzen dena, eta hori iraultzeko beste bortxa-sistema bat sortu beharko da. Armarik gabekoa, dudarik gabe, baina hortik konfrontazioa etorriko da, Katalunian ikusi dugunez. Baina, mendekotasunean edo autonomismoan eroso daudenek ez dute gatazkarik nahi.

Julen Zabalok: Egia esan, nazio aitortua izateak ez zuen askorako balio. Nazio Batuetan Autodeterminazio Eskubidearen inguruko eztabaida piztu zenean, kolonia izateak eskubide hori eskuratu zuen, baina ez nazioek, estaturik gabeko nazioek defendatu zuten bezala.

Erantzuna: 1.- Hasteko, Zabalok aipatzen duen erakundearen izena NAZIO Batuen Erakundea da, beraz, hor sartu nahi baduzu nazioa izan behar duzu. 2.- “Nazio Batuen Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunean” (1966), lehenengo ataleko lehen artikuluan Herriei buruz ari ziren. Zera dio artikulu horrek: Herri guztiek daukate autodeterminazio eskubidea. Eskubide hori dela medio, libreki erabakitzen dute beren estatus politikoa eta libreki bilatzen dute beren ekonomia, gizarte eta kulturaren garapena”. Euskal Herria Herri bat da, bistan da, baina ukatua, kolonia guztiak ukatuta dauden bezala. 3.- Autodeterminazio eskubidea eskuratzeko kolonia izan behar zarela dio Zabalok. Beraz, bere iritziaren arabera gu ez gara kolonia bat; aitortza horrekin pozik izango dira espainiarrak eta frantziarrak. Bada, nonbaitetik hartutako kolonien ezaugarri batzuk ekarriko ditugu hona; kolonien deskribapen horretan erretorika gutxi dago; izan ere, hori baino hobea da oharpen enpirikoa, gure muturraren aurrean dagoena ikustea. Hauxe dio kolonien egoeraren deskribapen horrek: zure Herrian dagoen poliziak eta armadak zure hizkuntza hitz egiten ez badute, kolonizatutako Herrian bizi zara.

Julen Zabalok: Demokrazia batean nork ukatuko digu euskal herritar sentitzea?

Erantzuna: 1.- Euskal Herrian demokrazian bizi garela sinesteak inozotasun politiko kezkagarria islatzen du: Usansoloko herriaren desanexioa ekimen sinple eta erraza da termino politikoetan. Bada, besteak beste, hori ere debekatu egin du Espainiako gobernuak. 2.- Sentitzea ez da gakoa, jardutea baizik; euskaldun gisa bizitzea, alegia. Eta gaur eta hemen euskaldunok ezin gara bizi euskaraz.

Prentsa ere ez al du ikusten Zabalok? Ez al ditu ikusten egunero gertatzen diren euskararen (euskaldunon) kontrako erasoak? Hasi etiketekin, segi iragarkiekin, epaileekin, poliziekin… eta arlo sozio-ekonomikoan egunero-egunero inondik inora ere euskaraz ezin lan egin ahal izatea eta zerbitzua ere euskaraz ziurtatuta ez egotea, eta udal batzuetan pertsonalari urte askotan eta asko kostata ezarri ahal izan zaizkion euskara mailak orain gauetik goizera sindikatu eta epaile espainiarren konbinazio ederraz hankaz gora bota nahi izatea, eskola guztietan euskararen irakaskuntza eta euskarazko irakaskuntza bermatuta ez egotea, etab., etab. Argigarria delakoan, Raphael Lemkin (1900-1959) jurista poloniarrak asmatutako eta nazioarteko Genozidioaren Konbentzioan indarrean dagoen “Genozidio” hitzaren definizioa emango dugu: (besteak beste) “talde nazionalen oinarriak deuseztatzeko xedez, ekintza ezberdinez eratutako plan koordinatua, herri horien kultura, hizkuntza, nazio-sentimenduak, erakunde politiko-sozialak, sinesmenak… eraisteko”. Definizio horretan aipatzen diren puntuetatik, zein da Euskal Herriari eragiten ez diona?

Julen Zabalok: Egunero egiten dugu ez espainiarra ez frantziarra ez den euskal nazioaren aldarrikapena: ekitaldi politikoetan, bertso saioetan, lagunen arteko ospakizunetan, edo baita eskola askotan ere. Hau da, nazio gisa agertzeko ez daukagu arazorik.

Erantzuna: 1.- Aipatzen diren ekintza horiek guztiak ez dira nazio-aldarrikapenak termino politikoetan, euskarazko ekitaldiak dira. Kito. Euskaratik harago, horietako askotan, ez dago lurraldetasunaren aldeko inolako errebindikaziorik, ez sinbologia nazionalik edo politikorik: Euskal Herria hitza alboratu egin da askotan, ikurrina alboratu egin da hainbatetan, ereserki nazionalik ez dago eta abar luze bat. Goian aipatutako ekintza horiek hizkuntza nazionala erabiltzen duten ekitaldiak dira, baina askok, hizkuntzaz harago, ez dute beste ezaugarri nazionalik erakusten eta, batzuetan, gure nazioaren zatiketa-adierazpen dira.

Julen Zabalok: Eta estatua sortzeari dagokionez ere, badago berritasun handia nazio arazoek sortzen duten gatazka gainditzeko: herritarren erabakitzeko ahalmenean konfiantza ipintzea. Demokrazia testuinguru batean bakarrik uler daitekeen aukera honek espektatiba berriak sortu ditu Euskal Herrian, nazio arazoari irtenbide adostu eta demokratikoa lortzeko gaitasuna eduki lezakeen neurrian.

Erantzuna: Beraz, Espainiako demokrazian sinetsi egin behar dugu… nazio-arazoei irtenbidea emateko. Baina zertan gelditzen da Zabalo: hemen arazo nazionala ba al dago ala ez dago? eta arazoa nazionala bada, nazioa ere izango da, ezta? Bestalde Zabalok eskatzen diguna da espainiar eta frantziar politikan sinestea; hau da, politikoki fededunak izatea eta Espainiako zein Frantziako dinamika politikoan gure burua murgiltzea: izan gaitezen espainiar/frantziarrak.

Julen Zabalok: Estatua ez da sortzen euskal nazio indartsua garelako, baizik eta herritarren gehiengoak, banan-banan hartuta, hala erabaki duelako. Ez da hitz egiten nazio baten garaipenaz, une batean herritarrek erabaki dutenaz baizik.

Erantzuna: Herritarren gehiengoak? Ibarretxe Lehendakari ohiaren gehiengoz eratutako Estatutuari espainiarrek egin zioten iseka; Kataluniako gehiengoak bozkatutako Estatutuari egin zioten eskuilaketa, orrazketa, garbiketa, kalitzea eta barrea; Kataluniako erreferendumean gehiengoari eman zioten erantzun errepresiboa, eta, ondoren, egin dutena eta egiten jarraitzen dutena, katalan herritarren eta politikarien jazarpen politiko-judizial-mediatikoa… eta oraindik, “gehiengoaz” eta “herritarrek erabaki dutenaz” hitz egiten du Zabalok? Nor engainatu nahi du?

Julen Zabalok: Herritarrak, nazio proiektura baino, estatu proiektura erakartzen dira, eta horretarako herritarren intereseko eskaintzak egiten dira: euskal estatu bat gizarte arloko zerbitzuak, hezkuntza edo osasungintza hobeak izateko, adibidez.

Erantzuna: Irlanda kenduta, non ikusi du Zabalok nazio-proiektuari uko egiten dion Herririk? Eta nork esan du Nazio Proiektuan ez dela sartzen herritarren interesen defentsa? Gizarte arloko zerbitzuez, hizkuntzaz eta hezkuntzaz, osasungintzaz oso kezkatuta gaude gu ere. Zerbitzu horiek guztiak kalitatekoak izatea nahi dugu eta hor biltzen dugu, besteak beste, euskaldunak ez umiliatzea eta herritarrei arreta euskaraz ematea. Hori eskatzea ez al da herritarren interesen defentsan aritzea?.

Julen Zabalok: Batzuek nazio kontzeptuaren debaluazioa ere ikusi dute hor, ezen euskal nazio proiektuarekin bat egin gabe ere, jendea euskal estatu baten proiektuaren alde ager baitaiteke. Eraiki daiteke, ordea, euskal estatu bat euskal naziorik gabe?

Erantzuna: Justuki, Nazio kontzeptuaren debaluazioaz hitz egiten duen Zabalok berak nazio-erreferente nagusia den euskarari garrantzia gutxiago ematea justifikatzen duenean, hori ez al da debaluatzea? Eta EZ, orokorrean ezin da estatua eraiki naziorik gabe; baina gure kasuan bereziki (ez dago uharte-izaerarik) ezin da euskal estatua eraiki euskal naziorik gabe. Epe ertain edo luzean guk baino indar askoz ere gehiago duten indar kolonial militar, polizial, politiko-judizial, mediatiko, administratibo eta ekonomikoen eraginez asimilazioa gertatuko da, ezinbestez.

Julen Zabalo: Euskal nazioan sinesten dutenek helburu instrumentalak baino gehiago bilatzen dute euskal estatuan. Haien nazio sentimendua jokoan sarturik, prest daude helburu instrumentalen zati bat galtzeko euskal estatua eraiki ahal izatearen truke. Euskal nazioaren garrantzia ezin da inola ere baztertu edo gutxitu, bere zeregina euskal estatua lantzea eta sortzea baita.

Erantzuna: 1.- Zabalok akusazio larria egiten du euskal nazioan sinesten dugunaren kontra; jendearen kezkak eta arazoak ez zaizkigula axola iradokitzen du. Beraz, adierazpen honekin Zabalo argi eta garbi gelditzen da naziogintzatik aparte. Ez du sinesten euskal nazioan. Eta “helburu instrumentalei” dagokienez, estatuaren alde egin edo nazioaren alde egin, beti daude “helburu instrumentalak”. Guk euskal nazioa bizirik iraunaraztea nahi dugu, eta bide horretan espainiar/frantziar ugarik ez dute bat egingo gurekin. Bada, hori beti gertatzen da politikan eta bizitza sozialaren gainerako alorretan eta Zabalok ezagutu beharko luke: sutsuki feminismoa, transexualitatea, sozialismoa edo “aniztasuna” defendatzen baduzu, alegia, parean zurekin bat egiten ez duen jende ugari izango dela beti. Hala ere, zeharkako kalteak gorabehera, aurrera jarraituko duzu zure printzipioei uko egin nahi ez diezulako.

Julen Zabalok: Nazioa ulertzeko moduari aldaketak datozkiola esan liteke, eta, katolizismoak euskal nazioaren ikur izateari utzi zion bezala, pentsa liteke garai berriek euskarari emandako zentralitatea galtzea ekarriko dutela. Orain arte bezala, faktore asko erabiliko dira nazioa eraikitzeko (historia, hizkuntza, kultura, etnia), baina oinarrizko lotura den lurraldeak (Euskal Herrian bizitzeak) zentralitate handiagoa har lezake, eskakizun maila txikiagokoa da eta. Horrez gain, euskal estatua osatzeko, motibazio gehigarriak egon litezke: hobeto bizitzea, euskara zabaltzea, genero berdintasuna bermatzea, krisi ekologikoari aurre egitea…

Erantzuna: 1.- Euskarari zentralitate gutxiago? Orain baino are gutxiago? Nora goaz! Arestian bezala, deklarazio honek euskararen garrantzia txikitzen du, argi eta garbi. 2.- Bestalde, “Euskal Herrian bizitzeari” zentralitatea emate horrek aspalditik ezagutzen dugun beste garai batean abertzalea zen erakunde baten herritar definizioa gogorarazten digu: Euskal herritarra izateko baldintza bakarra errepikatzen du: “Hemen bizitzea eta hemen lan egitea”. Bada, formula hori ez da indarrean inon. Arestian aipatu dugun bezala, munduko estatu guztietan hainbat baldintza bete behar dira nazio-karta eskuratu eta tokiko eskubide zibilak (boto-eskubidea, esaterako) eskuratzeko. Ezta estatu indartsuak direnetan ere, ez da Zabalok defendatzen duen formula erabiltzen.

Beraz, Zabaloren ustez, nazioa ulertzeko moduan “Euskal Herrian bizitzeak” zentralitate edo garrantzi handiagoa izango luke euskaldun izateak baino. “Eskakizun maila txikiagoa izango lukeelako”. Jakina! Euskaldun edo euskal herritarra izateko langa oso behean jartzen du Zabalok. Ideia horren arabera, Galindo jeneral torturatzailea, espainiarra, eta berarekin batera Intxaurrondon bizi ziren guardia zibil guztiak ere euskal herritarrak ziratekeen, “hemen bizi zirelako”. Burugabekeria galanta gure ustez.

Julen Zabalok: Eredu berriak ez du nazioaren frogarik bilatzen, horrek ez baitu inolako eskubiderik ematen.

Erantzuna: Nola? Nazioak ez duela inolako eskubiderik ematen? Baina non bizi da Zabalo? Probatu al du Frantziako edo Espainiako Nortasun Agiri Nazionalik gabe (Derrigorrezko Nortasun Agiria) haietako eguneroko bizitza egiten? Guk ezagutzen ditugun Nortasun Agiri guzti-guztiak NAZIONALAK dira. Izenak ere hala dituzte: NAZIONALAK eta ez ESTATUKOAK. Ez dira ESTATALAK. Beraz, nazioak ematen ditu eskubide guztiak, hemen eta mundu osoan. Eskubiderik ematen ez badu, zergatik immigranteek eskatzen dute naziotasun-karta? Zein da Julen Zabalok soinean daraman Nortasun Agiria eta ofizialtasunez derrigor aurkeztu beharrekoa duena? Batzuetan naziotasun bikoitzaz hitz egiten da. Noiz entzun du Zabalok “estatalitate bikoitzaz” hitz egiten?

Julen Zabalok: Naziogintzak euskal lurraldeen batasun sentimendua landu beharko luke, eta erakutsi zergatik behar dugun independentzia euskal herritarrok, bestelako estatu helburu osagarriez gain, gure herri espezifikotasuna gordetzeko, alegia.

Erantzuna: Bai, nahiko anbiguoa izan arren (espezifikotasuna), azken baieztapen honekin ados egon gaitezke, beti ere, “bestelako estatuhelburu osagarriek” (?) naziogintza itotzen ez duten bitartean.