JOXE ARAKAMA LOPEZ DE GEREÑU
Konkista kolonizazioaren abiapuntua da; hau da, konkista da Herri batek duen hizkuntzaz, kulturaz, balioez eta unibertsoarekiko duen ikuspegiaz desjabetzeko prozesuaren hastapena. Kolonizazio egoera pairatzen duen Herria, baina, ez da gelditzen hizkuntza, kultura eta baliorik gabe; izan ere, alderdi horiek guztiak metropoliaren hizkuntzak, kulturak eta balioek ordezkatzen dituzte; beraz, konkista ekintzari mendeko herriaren ordezkatze kulturalak darraio. Zentzu horretan konkista eta kolonizazioaren mekanismoak ezagutzeko argigarria da Erlantz Urtasunek argitaratutako artikulua, “Sugaar”: “1620ko urriaren 20an errege frantses batek, Luis XIII.ak, inbasio militar bat egin zuen, eta ediktu bat zabaldu, tropen indarrez okupatu berri zuen lurraldea, hots, Nafarroa, Frantzia izanen zela handik goiti (…) Konkistatzailearen ediktu hartan, gainera, Frantziako hizkuntza inposatu zen ofizialki, administrazioa mailan, idatziz, Nafarroako mintzo guztien gainetik (…) Halaber, ediktua zabaldu zeneko egun haietan, errege frantsesak Nafarroako unibertsitatea itxi zuen, eta, berehala, beste bat zabaldu, guziz ere bertze gisa bateko ideologia zuten irakasleak paratuta”. (Artikulu osoaren lotura: http://www.elinberri.eus/2017/06/12/erlantz-urtasun-antzanoren-hitzak-2014-1620-10-20/)
Aurrekoaz gainera, Frantziako iraultzaz geroztik, kolonizatzaileek eskola izan dute haien baloreak inposatzeko tresna nagusia: “Eskola bakoitza izan dadila hizkuntza frantsesaren kolonia bat herri konkistatuan” (P. Lorraine, Asisko Urmenetak aipatuta, “Eusklabo alaiak”, 5. or. Donostia, 2017). Gaur egun, baina, eskolez gain, administrazioa bere konplexutasun osoarekin, telebista, komunikazio-baliabide publiko eta pribatu gehien-gehienak, ekonomiari lotutako boterea, ekoizpen-sailak, eguneroko lana eta ehundaka gizarte-erakunde dauzkate espainiarrek eta frantsesek kolonizazio-lanetan laguntzeko eta kolonizatuak asimilatzeko. Eta ez soilik Frantziako eta Espainiako komunikazio-baliabideak, Hego Euskal Herrian “bertako” komunikazio-baliabideak ere lan horretan murgilduta daude, kasu gehienetan ideologiak eta estrategia kolonizatzaileek gidatuta eta eraginda.
Konkista-ekintzen ukazioarekin batera, espainiar estatuak eta klase politikoak, orokorrean, ukatu egiten dute Hego Euskal Herriak eta Kataluniak pairatzen dugun egoera koloniala dela. Eskuinaren aldetik ukazioa erabatekoa da, eta ez dute ezkutatzen euren ideologia koloniala (inperiala eta frankista, kasu honetan): “Espainia bat eta bakarra da eta denok gara espainolak, nahi eta nahi ez. Horren inguruan ez dago negoziatzerik”. Ezkerraren aldetik, aldiz, polizia onaren rola jokatzen dute… eskuinaren jomuga berera iristeko. Asimilazioaren karta jokatzen dute. Hori dela eta, “Espainia partekatutako proiektu komuna” dela diote, batez ere PSOEko eta Podemoseko kideek. Elkarrekin mende ugari pasa ditugula diote eta nazio bakarra eta “anitza” osatzen dugula esaten dute; ez dute onartzen Euskal Herria eta Katalunia nazioak direnik. Beren hitzetan gezurra diote. Dioten bezala Espainia anitza bada, ez da nazio bat, hainbat nazio bere baitan indarrez bildutako estatua baizik eta, horren ondorioz, nazio bakoitzak du nazio oso eta estatu izateko eskubidea. Beraz, haien aburuz dagoeneko komunitate bat eta bakarra osatzen dugu kolonizatzaileak eta kolonizatuok, gauza zaila dena.
Kontua da ez digutela galdetu euskaldunoi ezta katalanei ere ea guk partekatzen dugun sentimendu hori eta ea guk onartzen dugun oraingo estatusa. Beti atzean duten armadaren indarrez mehatxatuz ezartzen digute komunitate bakar izate hori (indarrean dagoen Konstituzioaren 8. artikulua, besteak beste). Ez digute galdetu ea guk nahi dugun ala ez oraingo egoera ala geure kabuz bizitzea nahi dugun. Eta are okerragoa da Katalunian ikusi duguna: euren kabuz jardutea erabaki dutenean, historian zehar beti egin izan duten moduan, indarkeriaren bidez erantzun du Espainiak, 2017ko urriaren 1ean Kataluniako erreferendumean ikusi genuen bezala. Beraz, partekatutako proiektu komunarena beste gezur kolonial bat da; eta proiektu horri buruz, edo beste proiektu bati buruz gure iritzia eman nahi izan dugunean, Kataluniako erreferenduma kasu, indar parapolizial, polizial, militarrak eta, azken garaiotan, judizialak bidali dituzte beraiek “sezesioa” deitzen duten hori amatatzeko, kolonietan betidanik egin duten bezalaxe. Askatasun-egarria amatatzeko, beste behin ere, indarkeria erabil dute populazioaren kontra, Euskal Herrian aspalditik ezagutzen dugun betiko metodoak erabiliz.
Gaur egun modan dagoen “Partekatutako Historia, hizkuntza eta kultura komuna” ideiari dagokionez, hori erabiltzen dute egoera koloniala zuritzeko eta haien hegemonia militar, polizial, administratibo, ekonomiko, erlijioso, mediatiko eta kulturala ezkutatzeko. Horrela ezkutatzen dute armez eta indarkeriaz nagusitu zirela guri gain hartuta, armen eta indarkeriaren monopolioa dutela oraindik ere eta horri esker eutsi diotela eta eusten diotela gure gaineko aginteari, gaurdaino. Ezkutatu egiten dute halaber, partekatutako hizkuntza hori haiek hamarkada luzeetan inposatu diguten hizkuntza dela (haiena da asko praktikatu duten: “la letra con sangre entra”), gure berezko hizkuntza, euskara, debekatu eta zokoratzeko. Gogoratu karlistaden aurretik Hego Euskal Herriko hizkuntza nagusi-nagusia euskara zela, eta 1876ko konkista berri baten ondoren euskararen debekua eta bazterketa erabatekoa izan zela, gaur egungo egoera minorizatura iritsi arte. Gero hori bera errepikatu zuten 1936ko gerran eta gerraren ondorengo 40 urteetako diktaduran. Ez dute onartzen partekatutako historia hori derrigorrez ezarria izan dela beti eta historia horretan, haiek, gustura, garaile gisa, eta guk, disgustura, galtzaile moduan, jokatu izan ditugun geure errolak: haiek beti gure kartzelazainak izan dira eta izaten ari dira eta gu haien presoak izan gara eta egun ere hala gara. Eta aniztasunari dagokionez, Madriletik oso esan berri digute euskara jakitea ezin zaiela derrigorrez eskatu Estatuaren funtzionarioei. Beraz, zer da aniztasun mota horren kontua? Haiek eska diezagukete espainiera guri eta guk ezin diegu, hemen, euskara eskatu espainiar administrazioko langileei? Bestalde haiek gure epaileak izan dira eta izaten ari dira eta gu epaituak izan gara eta izaten ari gara; haiek gure ondare eta erabakimen guztien jabe izan dira eta izaten ari dira eta gu euren neskame-morroi-maizterrak… Larrialdi izeneko egoera guztietan (1981eko Tejeroren Estatu-kolpean, 1983ko uholdeetan, gaur egungo koronabirusaren egoeran…) botere guztiak beren esku hartzen dituzte eta larrialdirik gabe ere hein handi batean bai: Hezkuntzako curriculuma adibidez %100 agindu zuten egungo EAEko estatutuarekin, baina gero, 1986tik aurrera, %55 eurek zuzenean erabakitakoa da eta hori inork ez du zuzendu. Laburbilduta, espainiarrek eta frantziarrek ez dute onartzen partekatutakoa dela dioten historia horretan haiek kolonizatzaileak izan direla eta izaten ari direla eta gu kolonizatuak izan garela eta izaten jarraitzen dugula. Bene-benetan eta funtsean haiek ere ez dute sinisten euren diskurtsoa, baina, komeni zaienez, horrekin jarraitzen dute.
Beste argudio bat da berdintasun-egoeran bizi garela denok, kolonoak eta kolonizatzaileak. Ikus dezagun hori egia den ala ez: espainiarrek polizia koloniala (Guardia Zibila), polizia eta erregimenari men egitea zin egin duten epaileak, funtzionarioak eta administrazio sistemako langileria osoa daukate; euskaldunok ez. EAEko eta Nafarroako autonomietan ditugun administrazioak ere, behar duten heinean, haien mendean jartzen dituzte. Beste hainbeste eta gehiago esan daiteke frantziarrei buruz. Espainolek eta frantsesek bandera bat daukate, libreki toki publiko eta pribatu guztietan soilik airera daitekeena; euskaldunok ez. Espainolek eta frantsesek hizkuntza ofizial bat daukate, berentzat jotako lurralde osoan derrigorrez ikasi beharrekoa eta erabil beharrekoa toki publiko eta pribatu guztietan; euskaldunok ez, ez digute uzten berenik gabe. Espainolek eta frantsesek kirol-selekzio nazionalak dauzkate, nazioarteko lehiaketetan parte hartzen dutenak eta erregimenaren sostengu ekonomiko eta mediatiko osoa daukatenak; euskaldunok ez, ez digute uzten. Espainolek eta frantsesek haien Nortasun Agiri Nazionala edo pasaportea daukate, nazioartean onartzen dena eta toki guztietan erabilgarria dena; euskaldunok ez. Espainolek erregea daukate, monarkikoak dira, eta euskaldunok derrigorrez onartu behar dugu errege hori, nahiz eta errepublika-zaleak izan. Espainolek eta frantsesek haien ikasketak planifika ditzakete unibertsitatean eta irakaskuntza-maila guztietan eta haien curriculumak sor ditzakete eurentzat eta guretzat, haien interesen eta proiektu sozio-politikoaren arabera; euskaldunok ez, EAEn eta Nafarroan ez dago Euskal Curriculumik, are gutxiago Ipar Euskal Herrian. Espainolek eta frantsesek sistema politiko osoa daukate, euren legeak, euren epaileak, euren arauak, euren hauteskundeak eta hauteskunde horiek kontrolatzen dituzten euren Hauteskunde Batzordeak, euren interesak defendatzen dituztenak, politizatuak eta ideologizatuak zentzu kolonialean eta kasu askotan ustelak Kataluniako politikan argi eta garbi ikusi den bezala. Euskaldunok ez daukagu horrelakorik eta hauteskundeetan parte hartu nahi baldin badugu, haien arauak betez, haien arbitroak onartuz (Hauteskunde Batzordeak) eta haien muga antidemokratikoei men eginez, aukerarik ez daukagu benetako proiektu nazional eta kolonizazioaren kontrako bat aurrera eramateko. Hauteskunde horietan espainolek eta frantsesek euren proiektu politikoak oso-osorik defenda ditzakete eta, irabaziz gero, proiektu horiek egikaritzeko aukera dute. Euskaldunok esloganak bota ditzakegu diskurtso politikoetan, baina ez dugu legezko modurik (legeak haiek ezarriak baitira) kolonialismotik aterako gaituen proiektu politiko bat egikaritzeko. Beraz gure diskurtso politikoak antzuak dira, eraginkortasunik gabekoak, eta, horrela, guretzat ez dago demokraziarik. Are gehiago, gerta daiteke proiektu politiko errepublikano eta independentista bat defendatzeagatik, Katalunian ikusi dugun bezala, politiko profesionalak eta kaleko militante politikoak espetxean amaitzea.
Euskal Herrian eta Katalunian pairatzen dugun egoera politikoa koloniala ez dela azaltzeko, gaur egun espainolek eta frantsesek maiz erabiltzen duten beste argudio bat da lurralde batek kolonia izateko metropolitik urrun egon behar duela. Baina haien kontraesanak agerikoak dira. Izan ere, “urrutiko” koloniak direnean ere, ez dute onartzen lurralde horiek koloniak direnik: Frantziarentzat Korsika, adibidez, ez da kolonia, eta Guyana frantsesa, Guadalupe, Martinika, Mayotte, Reunion, San Martin, Sant-Pierre eta Mikelune, San Bartolome, Kaledonia Berria, Polinesia frantsesa eta Wallis eta Fortuna “territoires d’outre-mer” dira; ez dira koloniak. Beraz, Frantziak kolonia ugari ditu urrun, erregimen administratibo ezberdinekin, baina ez du onartzen koloniak direnik. Eta Espainiak ere baditu koloniak urrun: Melilla, Ceuta, Balear eta Kanariar Uharteak (3000 Kilometrotara), eta horiek ere erregimen administratibo ezberdinetan. Baina, urruti egon arren, horien kasuetan ere ez dute onartzen Melilla edo Kanariar Uharteak, esaterako, koloniak direnik. Beraz, urrutiko kontu hori unean uneko argudio koloniala besterik ez da; Kanariak Uharteak ere “Espainia dira” eta, gainera, Espainiak ez du oraindik barkamenik eskatu, Kanariar Uharteen konkistan burutu zuen benetako genozidioagatik. Beraz, urrutiko koloniak direnean ere, ez da onartzen lurralde horiek koloniak direnik.
Espainolen beste argudio bat da dagoeneko euskaldunok espainol sentitzen garela, asimilatuta gaudela, eta parte hartzen dugula Espainiako erakunde publiko eta jarduera politiko guztietan. Erdi-gezurra eta erdi-egia da hori. Izan ere, alde batetik politizatutako abstentzio kontziente handia dago Hego Euskal Herrian (bereziki Espainiako Konstituzioaren bozketan, NATOren erreferendumean eta gisakoetan) eta, bestetik, jende askoren pentsamenduan parte hartzea geure burua erakustea da, herri bezala ez desagertzeko gelditzen zaigun zirrikitu edo amore ez emateko ilusio bakarra. Bestalde, hain ziur badaude gurea ez dela egoera koloniala, zertara dator horrenbeste polizia, guardia zibil eta militar espainol Hego Euskal Herrian egotea? 7.063 guardia zibil eta polizia espainiar gehi EAEko 8000 ertzain gehi 1230 foruzain Nafarroa Garaian 2013an, Europako polizia-ratio handiena (6,8 agente 1000 biztanleko), gehi armada. Eta Espainia estatu koloniala ez bada, zertara eraman zuten hainbeste militar, guardia zibil eta polizia Kataluniara (5300 Guardia Zibil eta 5000 polizia) erreferenduma eragozteko? Dudarik gabe, gaur egungo sistema kolonialek ez dute antzik aspaldiko sistema kolonialekin; alabaina, espainiar/frantziar administrazio eta botere-kudeaketaren muinean ideologia koloniala dago errotuta, sakonki errotuta egon ere.
Koronabirusaren pandemia dela eta horren kudeaketan sekulan baino ageriagoan gelditu da gure egoera koloniala. “Alarma Estatua” deklaratu dute espainiar estatu osoarentzat, inorekin kontsultatu gabe, alde bakarrean. Eta hartutako neurrien artean Estatua birzentralizatzeko neurriak izan dira lehenak: A) Bertan behera utzi dituzte gobernu autonomikoak, Nafarroa Garaia, Euskal Autonomia Elkartea eta Katalunia tartean. Erakunde horien gestioa zuzenean kudeatzen du orain Madrilgo gobernuak. B) “Alarma Estatuaren” kontrola zeinen esku gelditzen den begiratzea nahikoa da ideologia koloniala agerian uzteko. Kontrolaren ardura Armada, Barne, Garraio, Urbanismo eta Osasun ministerioek eratutako batzorde baten esku geldituko da. C) Alarma Estatuaren aplikazioaren ondorioz Espainiak bere gain hartu ditu Nafarroako Foruzaingoaren, EAEko Ertzaintzaren eta Kataluniako “Mossos d’esquadraren” gaineko aginte zuzena eta, gainera, hasiera batean 1500 militar espainolak ekarri dituzte Euskal Herrira, Arabako Araka kuartelera. Beraz, sistema autonomikoa hutsaren hurrengoa dela argi eta garbi gelditu da; hau da, inperioak (Botereak) nahi duenean jarri edo kendu egin dezakeen mendeko gestio sistema. Sistema horretan kolonizatuak maizterrak dira eta maizter horiek inperioak haien esku uzten dituen apurrak kudeatzen dituzte, inperioak nahi duenean, haien “graziagatik”. Horrek erakusten du alde bakarrekoak direla Espainiak hartzen dituen neurriak eta “hemengo” alderdi batzuek “aldebikotasun” gisa saldu nahi duten harreman-molde hori praktikan ez dela existitzen eta diskurtso hori jendea engainatzeko trikimailu besterik ez dela. Sistema kolonial berri batean bizi gara. Bai, baina, azken finean, sistema kolonial batean.