JOXE ARAKAMA LOPEZ DE GEREÑU
Euskaltzalea.
Konkista era guztietako bortxak eta amarruak erabiliz gauzatzen den Herri baten azpiratzea da. Konkistaren helburua militarren estrategia-kontua izan daiteke, baina, orokorrean, konkistatzaileek menperatutako herriaren lurra, abere, gauza, ondare eta pertsonen jabetza bereganatzea bilatzen dute. Armen bidez konkista burutu eta gero kolonizazioa dator; hau da, indartsuen menderakuntza behin betikotzeko, herri bat dituen hizkuntzaz, kulturaz, balioez eta unibertsoarekiko duen ikuspegiaz desjabetzeko prozesua.
Kolonizazio-egoera pairatzen duen Herria hizkuntza, kultura eta baliorik gabe gelditzen da; izan ere, konkista amaitu bezain pronto, alderdi horiek guztiak metropoliaren hizkuntzak, kulturak eta balioek ordezkatzen dituzte unean uneko eta tokian tokiko baliabide eta amarruak erabiliz. Frantziako iraultzaz geroztik kolonizatzaileek eskola izan dute haien baloreak inposatzeko tresna nagusia, adibidez: “Eskola bakoitza izan dadila hizkuntza frantsesaren kolonia bat herri konkistatuan” (P. Lorraine, Asisko Urmenetaren “Esklabo alaiak”, 5. or.); baina gerraren heriotzak ere erabili dituzte eta hor ditugu Ipar Euskal Herriko herri guztietan “Frantziaren askatasunaren aldeko borrokan” hil ziren herriko gazteen izenak “Aux enfants morts pour la Patrie” monumentuetan. Gaur egun, baina, telebista eta komunikazio-baliabide publiko eta pribatuez gainera, ehundaka gizarte-erakunde dauzkate kolonizazio-lanetan laguntzeko, batzuetan era inkontzientean eta gehienetan era kontzientean.
Duela berrogei bat urte “euskal” kontzientzia nazional indartsua ezagutu genuen Hego Euskal Herrian. Nahiz eta, kasu askotan “nazionalista” horiek erdaldunak izan, oso argi zuten ez zirela espainolak. Euskaldunak edo “baskoak” izan zitezkeen, baina inolaz ere ez espainolak. Orduko diskurtsoaren indarra izate nazional horretan jartzen zen, eta baita ekintzak ere; hala, ez ziren gutxi izan ikurrina bat toki publiko batean jartzeagatik espetxera joan zirenak. Ikurrina eta txistua, besteak beste, gorde beharreko altxor arriskutsuak ziren garai haietan. Gaur egun, aldiz, pentsa daitekeenaren kontra, euskara lehen baino egoera hobean egon arren, kontzientzia nazionala jaitsi egin da modu nabarmenean. “Erregionalismo sanoa” zabaltzen ari da gizartean eta gure politikoek, ezkerrekoek eta eskuinekoek, baztertu egin dute diskurtso abertzalea.
Politika horren emaitzak begi bistakoak ditugu: Euskal Herrian kolonizazio-prozesua oso aurreratua dago; kontzientzia nazionalaren lausotze handiak ikusezin bihurtu ditu diskurtso nazionalak; klase politikoak baztertuta, batzuetan modu esplizituan, diskurtso nazionala baztertua izan da ere gizartearen eguneroko bizimoduan. Espainol edo frantses bezala bizi da gure gizartea eta hori bizitzaren alor pribatu eta publikoetan ikusten da: hitz, keinu, iritzi eta sentimenduen alorrean eta garrantzi txikiko eta garrantzi handiko erabakietan. Hego Euskal Herrian, gero eta handiagoa da euskararekiko utzikeria, gero eta bakanagoak dira euskal izaera nazionalaren aldeko errebindikazioak, gero eta ohikoagoa da espainiar erakundeetan gizarteak agertzen duen partehartzearen aldeko joera, bai kirol alorrean eta baita bizitzaren gainerako alorretan ere; gero eta ohikoagoa da kultur eragileen, kazetarien eta politikarien ahotan espainiar erreferentziak erabiltzea ideia edo adibide bat emateko eta, oro har, gure irrati eta telebistek oso era nabarmenean espainiar irrati-telebista erregional gisa dihardute. Bai ezkerreko edo eskuineko mugimendu, talde edo “gobernuz kanpoko” erakundeetan eta baita ofizialak, sasi-ofizialak edo bestelako itxurapean ari diren elkarteetan ere, normaltzat hartzen dute Parisen edo Madrilen aginte-gunea duten erakundeetan parte hartzea, adibidez.
Beraz, propio, gure erakunde homologoak antolatu edo erreibindikatu beharrean, otzan onartzen ditugu gure hizkuntza, gure kultura eta gure identitatea baztertzen dituzten eta kolonizazio-tresnak diren Frantziako edo Espainiako erakundeak: Frantziako edo Espainiako Armada, Polizia Nazionalak, Guardia Zibilak edo Jendarmeak, bistan da, baina baita Frantziako edo Espainiako Epaileen Elkarte Nazionalak, Espainiako edo Frantziako abokatuen Elkarte Nazionalak, Frantziako edo Espainiako Sendagileen Elkarte Nazionalak, Frantziako edo Espainiako Itsuen Elkarte Nazionalak, Frantziako edo Espainiako Gurutze Gorria, Frantziako edo Espainiako Futbol, Pilota, Tenis, Txirrindularitza, Judo eta abarren Federazio Nazionalak, Arkitektoen Kolegio Nazionalak, Kirol-Epaileen Kolegio Nazionalak eta abar.
Jakin badakigu erakunde horietan parte hartuz gure frantziar-espainiar naziotasuna era garbian adierazten dugula, baina hori dagoeneko ez da arazo. Eta horrela, Espainiako edo Frantziako Sari Nazionaletan parte hartuz (literaturan, zinean, poesian, zientzietan, teknologian, dantzan, kiroletan eta abar), Espainia-Frantziako kongresu nazionaletan parte hartuz, Espainiako kirol ekitaldi nazionalak gure herri edo hirietan antolatuz (neurgaitzak diren onura ekonomikoak aitzakiatzat hartuta), publikoki adierazten dugu gure espainiartasuna.
Esandako guztiak agerian uzten du euskaldunok “nazionalistak” izatetik Espainia-Frantziako “erregiotarrak” izatera pasatu garela. Gero eta gehiago loriatzen ditugu Espainiako edo Frantziako Txapelketa Nazionalak irabazten dituzten edo Espainia-Frantzia ordezkatuz emaitza onak lortzen dituzten kirolari edo profesionalak; normala ikusten dugu gure instituzioek Espainia-Frantzia defendatzera doazen profesionalen formazioa diruz elikatzea eta abar. Laburbilduta: parte hartzen dugu Espainia-Frantziarekiko kidetasun edo pertenentzia nazionala adieraztea lehen helburu duten ekintzetan, erritoetan, inolako kontraesanik sentitu gabe eta, horrela, mundu osoan ohikoa den konbentzio komunikatiboaren arabera, adierazten dugu geure espainiar edo frantziar identitatea, inolako kritikarik egin gabe, inolako keinurik egin gabe. Asko jota, bandera “erregionala” astintzen dugu, borondate onez, ondorio politikorik ez duen keinuan.