“MANIFESTU NAZIONALISTA”: C. ULISES MOULINESEN IDAZLANAREN LABURPENA (1. ZATIA)

Argazkia: El Temps

Artikulu honen erreferentziazko argitalpena: Manifestu nazionalista (are separatista ere esango nioke, estutuz gero). Txalaparta arg., 2008. Itzultzailea: Xalbador Garmendia.

 

C. Ulises Moulines (Caracas, 1946) Logika eta Zientziaren Filosofian berezitutako pentsalaria da. Fisika eta Filosofiako ikasketak Bartzelonan egin zituen eta Filosofian Doktoretza Municheko Unibertsitatean eskuratu zuen (1975). Municheko Unibertsitateko Filosofia, Logika eta Zientziaren Teoriaren Institutuko zuzendaria da.

Manifestu nazionalista liburuaren argitalpenaren bitartez, Moulinesek, gizartean dagoen joera bati erantzun nahi izan dio: ñabarduretan sartu gabe eta erabat ezberdinak diren kasuak nahastuta, inperialismoa, nazionalismo hegemonikoak eta horien biktimak diren zapaldutako nazioak edo etniak zaku berean sartzeko dagoen joera bati alegia. Gandhi nazionalista zen eta Hitler ere nazionalista al zen? Gauza bat eta bera izan al ziren? Beste modu batez esanda, Moulinesek ezkerreko eta eskuineko politikoek eurenak ez diren besteen nazionalismoei egiten dizkien kritika interesatuei erantzuten die. Zientziaren filosofiako metodologiak eta argudioak baliatuz, Moulinesek nazioen eta etnien izaerari buruzko gogoeta egiten du eta, horrekin batera, nazionalismoaren inguruko argudioak aztertzen ditu zintzotasun handiz. Nazio- eta estatu-entitateen artean egin ohi den identifikazioa kritikatzen du eta, besteak beste, Nazio Batuen Erakundearen izena Estatu Batuen Erakundea izendatu beharko litzatekeela defendatzen du. Bestalde, nazio izatearen negazionismoa edo ukamena kritikatzen du; nazioek etniekin dituzten harremanak aztertzen ditu eta nazioak aztertzen baditugu sakonean beti etnia bat topatzen dugula dio. Horretarako “Etnien printzipioa” erabiltzen du, esentziazko printzipioa baino gehiago analisirako baliabide-printzipioa dena, instrumentala dena. Hori guztia inori iruzurrik edo engainurik egiteko asmorik erakutsi gabe; izan ere, hasieratik nazionalistatzat jotzen du bere burua, nazionalista internazionalista. Horregatik kritikatzen ditu inperialismoa eta hainbat estatuk praktikatzen duten hegemonismoa edo nagusitasuna, azpiratutako herriak itotzen dituztenak hain zuzen ere. Moulinesentzat nazioak “identitatea gordetzeko eta garatzeko programa politikoa duten etniak dira”.

Lehen atala: hiru tesi

Moulinesek hiru tesi aipatzen ditu lehenengo atalean: Bat: nazionalismoa fenomeno kultural sakona da, ez moda iragankorra. Bi. Izaera metodologikoa du honek: nazionalismo-fenomenoa jorratzerakoan horri dagozkion disziplina soziokulturalek urritasun kontzeptual eta metodologiko nabaria dute. Hiru. Izaera etiko-politikoa du: “Hau ez da, egia esan, aurreko bi tesietatik eratortzen den ondorio praktikoa, eta, nire ustez agerikoa da idatzian; honako lema honetan bil daiteke: gora nazionalismoa!” (38. or.).

Lehen tesia: Nazionalismoa Kultur Fenomeno sakona da.

Nazionalismoaren sustrai psikologikoa gizaki askok duen emozio sendo eta iraunkorra da; emozio horri antzinako denboretatik “aberriarenganako maitasuna” esan zaio, nahiz eta esparru intelektualetan jada ez den erabiltzen adierazpide hori. Beren buruari “razionalista” deitzen dioten filosofo batzuek emozio horiek “irrazionalak” direla esaten dute. Baina filosofo “razionalista” horiek ere, hezur-haragizko gizakiak direnez, haserretu egingo dira gehiegi makurrarazten badituzte bere bizitzetan, goibeldu egingo dira bikoteek uzten badituzte edo seme-alaba bat hiltzen bazaie… “Razionalek” eta “irrazionalek” partekatzen dute komunitate batekiko jarrera; izan ere, “aldi berean kanpoko zerbait gisa eta bere nortasun propioaren oinarrizko osagai moduan hautematen baitute euren komunitatea” (40. or.). Azkenik, aipatu ditugun filosofo razionalista horiek maitasun irrazionalei lotuta daude: “razional eta irrazional adjektiboek ez dute batere balio gizakien kontuak ulertzeari gagozkionean. Maitasun-emozio horiek asetzeko, gizabanakoak energia-dosi ikaragarriak erabil ditzake, arrisku handiei aurre egin diezaieke edo bizitza bera sakrifika dezake”. (41. or.).

Bigarren tesia: Negazionismoa eta kontra-nazionalismoa.

Moulinesek dioenez, negazionismoak ukatu egiten du erreferentetzat har daitekeen “halako edo horrelako nazio” existitzen dela, estatu burujabe batez ari ez bagara behinik behin. Hala ere, Planeta mailako instantzia gorenak, berez planetako arazo politiko juridikoak konpontzeko ardura duenak, Hans Kelsenek proposatutako izena dauka: “Nazio Batuen Erakundea”, ez da “Estatu Batuen Erakundea”. Beraz, nazio hitzaren erabilera politikoa maila sozial eta erakunde guztietan egiten da eta haren erabileraren onarpena finkatuta dago hizkera politikoan. Bestalde, munduan ez dago bere buruari izate nazionala ukatzen dion pentsalaririk, ezta estaturik ere eta, sarritan, jendea abentura arras arriskutsuetan sartzen da beretzat jotzen duen nazioaren defentsan edo izenean eta ez hainbeste estatu baten izenean. Kontra-nazionalismoa negazionismoaren espresio bat da, arau-emaile izan daitekeena eta nazioaren balizko izaera edo gertaera negatibo baten deskribapenean oinarritzen dena. Ez du ukatzen nazioen benetako existentzia, baina gero deskribapen negatiboa egiten du nazioaz, zorigaiztoko errealitatetzat jotzen duena: normalean Alemania (baina ez Espainia, ez Frantzia) dute buruan kontra-nazionalistek, eta zaku berean sartzen dituzte Gandhi eta Hitler, esaterako. Eta jakina, gurean Franco eta frankismoa ahaztu egiten dituzte kontra-nazionalistek; kontra-nazionalistek gizateriaren hondamendi askoren kausatzat jotzen dute nazionalismoa, askotan beraien inperialismoa isiltzen duten bitartean.

Hirugarren tesia: Nazioa zer den.

Nazio hitza zedarritzeko Moulinesek Stuart Mille eta Luis Villoro pentsalarien definizioak hartzen ditu abiapuntu. Millek dioenez (Considerations on representative Government, 1958), “Baldin eta Gizadiaren zati bateko kideak begikotasun komunez loturik badaude elkarri, eta begikotasun horiek ez badira existitzen beren eta beste pertsona batzuen artean; lotura hori dela medio beren artean gogotsuago badihardute lankidetzan beste edozein herrirekin baino, edo gobernu beraren meneko izan nahi badute, eta haiek soilik eta haien arteko batzuek soilik osaturiko gobernu bat egotea desiratzen badute (…) orduan, esan daiteke Gizadiaren zati horrek nazionalitate bat osatzen duela” (55. or.). Definizio honetan era nabarmenean falta da kultura, eta psikologia-ikuspegia gailentzen da neurri handi batean. Gobernu batekiko atxikimenduaz ere hitz egiten du. Dena dela, Millek berak argitzen du ideia: “Nazio bat bereizten duena ez da hura dagoeneko estatu bat izatea, baizik eta estatu bat eduki nahi duen zerbait izatea” (56. or.).

Moulinesek aipatzen duen beste autore bat da Luis Villoro (Estado plural, pluralidad de culturas, 1998). Honen arabera, “giza talde bati nazio esan ahal izateko, talde horrek beharrezkoak diren lau baldintza bete behar ditu: 1) kultur komunitatea izatea; 2) naziokide izatearen kontzientzia; 3) egitasmo komuna; eta 4) lurralde batekiko harremana. Moulinesen hitzetan “neurri handian, nire burua atzeman dezaket osoki Villorok bere obra horretan zabaltzen dituen ideietan, gai honi buruz ezagutzen dudan tratamendurik sistematiko eta zuhurren horretantxe. Gainera, amaieran nazionalismoaren kontrako alegatu gordina egiten ez duen bakarrenetako bat da” (58. or.). Dena den, puntu honetan nahastu egiten da Moulines klase-zuzenketak (formazio akademikoa, aberastasuna, …) sartzen dituenean “kultur komunitate” kontzeptuan. Ez Espainian ez eta Frantzian ere, inork ez du zalantzan jartzen Unibertsitateko irakasle bat eta nekazari txiro bat komunitate “nazional” berekoak direnik. Eta gauza bera esan dezakegu “kide izatearen kontzientziari” buruz eta “egitasmo komunaz”. Naziokide izateak ez du esan nahi egitasmo guztiak konpartitu behar direnik edo nazioa paradisu bat denik. Inon ez da zalantzan jartzen aberatsa eta pobrea, adibide gordin bat ematearren, nazio batekoak eta beraren kideak direnik. Munduan ez dago horrelakorik. “Lurralde batekiko harreman pribilegiatuari” dagokionez, Moulinesek gogorarazten digu juduek nazio-sena milaka urtetan zehar gorde dutela, nahiz eta lurralde fisiko baten jabe ez izan oraintsu arte, baina ijitoak egoera hartan daudela oraindik.

Estatua bai baina “Nazio” terminoa ez dagokio arlo juridikoari. Eta hala ere lotura estua daukate bi terminoek: beren identitate nazionala babestu eta garatzeko, tresna politiko eta juridiko gisa, berezko estatu propioa eduki nahi izatea ia-ia era unibertsalean erabiltzen den joera politikoa da. “Eta hori lortzen ez dutenean hain zuzen, kanpoko indarkeria dela medio gehienetan, nazionalismo oldarkorrera bultzatzen duen emozio sakona agertu ohi da, bertako kideen zati handi batean behinik behin. Edozein maitasun moduk eta, bereziki, aberriarenganako maitasunak, behin eta berriz zapuzten bada, ‘maitasunez ero’ bihur gaitzake. Gizabanako bati garapenerako aukerak mozten bazaizkio, hark bidegabe edo arbitrario deritzon moduan, ez dugu zertan harritu hura haserretzen bada eta indarkeriaz erantzuten badu (…) Hona hemen munduko gatazka politiko eta militar asko eta askoren jatorri begien bistakoa (…) Uppsalako Unibertsitatearen txosten baten arabera, 1988. urtean munduan izandako 111 gatazka armatuetatik soilik 12 izan ziren bi estatu burujabeen artekoak; gainerakoak estatu beraren barruko gatazka bortitzek sortuak ziren. Gatazka horien gehiengo handia intra-estatala zen, baina inter-nazionala hitz horren berezko zentzuan ulertuta; hau da, estatu beraren barruko bi nazio edo gehiagoren arteko liskarrak izan ziren” (62-63. or.).

Nazio-kontzeptua erabiltzearen alde Moulinesek ematen duen beste termino metodologiko bat da argudio abduktiboa, negazionistentzat onartezina dena. Izan ere, “nazioaren existentzia onartzen badugu, fenomeno kultural eta politiko garrantzitsuak azaldu ahal izango ditugu, bestela oso gaizki azalduak geratuko liratekeenak, gauzei erreferentzia egiten dieten kontzeptuak; esaterako, gizakiei eta horiek agertzen dituzten jarrerei, hitz egiten dituzten hizkuntzei, jotzen duten musikari, eraikitzen dituzten oroitarriei eta baita, agian, idazten dituzten zuzenbide-kodeei ere” (65. or).

 

Artikulu honen bigarren zatia, hemen: https://www.naziogintza.eus/manifestu-nazionalista-c-ulises-moulinesen-idazlanaren-laburpena-2-zatia/