MANUEL LARRAMENDI, EUSKAL ABERTZALETASUNAREN AITZINDARIA

Manuel de Larramendi 1690eko abenduaren 25ean jaio zen Andoaingo Leizotz bailaran dagoen Garagorri baserri-jauregian, Domingo de Garagorri eta Manuela de Larramendiren semea zen, eta 1766ko urtarrilaren 29an hil zen Loiolan, 76 urte zituela. Jakina da Jesusen Lagundiko kidea izan zela eta XVIII. mendean euskarari ekarpen baliagarriak egin zizkiola: euskararen lehen gramatika 1729an, El imposible vencido – Arte de la lengua vascongada, eta 1745ean, hirueledun hiztegia Diccionario trilingüe del Castellano, Bascuence, Latín argitaratuz.

Lan horietaz eta beste anitzez ere (De la antiguedad y universalidad del vascuence en España (1728), Corografía de Guipúzcoa (≈ 1754), Conferencias juridico-político-morales sobre los fueros de Guipúzcoa (1756?), Autobiografía y otros escritos, batzuk aipatzearren), berez duten garrantzia azaltzeaz gain, interesgarria deritzogu ezagutzea zein motibazioz akuilaturik idatzi zituen Larramendik, eta zein ideietan oinarriturik. Ikusiko dugunez, ez zituen burutu helburu akademizista edo intelektual huts batek bultzaturik, baizik eta, batez ere, bere hizkuntzaren eta herriaren alde zituen atxikimenduak eta pasioak adoretuta.

Mugiarazten zuten sentimendu horiek bere hizkuntza eta herriaren defendatzaile sutsu izatera eraman zuten, euskal apologisten artean nabarmenduz, Euskal Herriaren identitatea eta legeak mehatxatuak ikusten baitzituen. Ukaezina da gure gizonaren polemika eta eztabaidarako zaletasuna, gogor egin behar izan baitzuen, alde batetik, bere garaiko euskararen eta euskaldunen kanpoko etsaien aurka, eta bestetik, etxe barrukoen axolagabekeriaren aurka.

Apologista teorizatzaile hutsa izatetik hizkuntzalari pragmatikoa izatera igaro zen, hots, hizkuntzaren sistematizazio eta normalizazioaren alorrera: euskara hizkuntza osoa dela frogatu ondoren, haren analisiari ekin zion gramatika idatziz: “Hain azterketa korapilatsua egitera bultzatu nauen bulkada, ez da bakarrik izan gure hizkuntza goratzea eta ilustratzea, eta bide batez Aberriari ospea ematea. Nire izaerarekin lotuago den beste akuilu indartsuago bat baizik, eta hori da lan honek Euskararen Herri osoari ekar dakiokeen onura eta baliagarritasuna. Bertan hizkuntza hori beharrezkoa da, jende arruntari Erromantzeak ezer gutxi balio baitio.” (Gramatikaren prologoa – gazteleratik itzulia).

Hiztegia eratu zuen garaiko hitzak jasoz eta lexikoa aberastuz hitz berriekin eta beste hizkuntzetatik hartutako maileguekin, bere Hiztegiaren prologoan dioen bezala: “Orain euskara beste egoera batean dago eta edozein zientziaz edo arloz hitz egiteko moduan, eta momentua da orain arte izan ez dituen hitz egokiak bilatzeko, beste hizkuntzetatik mailegatuz edo asmatuz edo bere erro aberatsetatik eratorraraziz.” (gazteleratik itzulia).

Baina Larramendik hizkuntzaz duen ikuspegia ez da mugatzen eremu zientifiko/tekniko soilera, fenomeno sozialtzat hartzen du: hizkuntza ez da norbanakoaren gaitasun soila, komunitate geografiko eta etniko batena baizik, nazioa edo etnia identifikatzeko baliabidea, gure kasuan antzinako jatorriaren bermea, fenomeno bereizlea.

Hizkuntza, nazioa identifikatzeko tresnatzat hartuz are urrunago doa, eta komunitate linguistikoan oinarrituz, nazio aske baten sorrera defendatzen du: “Ze arrazoi dago euskal nazioa… ez dadin izan nazio bereizi bat, berezko nazio bat, besteengandik askea eta independentea? Hizkuntza hilek, latinak, grezierak, hebreerak, arabierak eta bestek (Sic) izan zuten bakoitzak beren berezko nazioa eta beraiek gobernatua, beste hurbileko edo urrutiko nazio baten menpe egon gabe. Gaur egun, hizkuntza biziek independentzia eta salbuespen bera dute, frantsesak, espainierak eta besteek bezala. Beraz, zergatik euskarak, hizkuntza biziak, eta beste edozein baino biziagoa izaki, ezin ditu ikusi bere euskal hiztun denak elkarturik eta batuta, nazio aske bezala eta beste hizkuntza eta nazio batengandik at?” (Fueros, 58. or. – gazteleratik itzulia).

Ikuspegi honetatik eratortzen ditu hainbat ondorio, hala nola:

1.- Euskaldunok geure hizkuntzan hitz egiteko eskubidea dugu, eta erdaldunak euskaldunei euskaraz zuzendu behar zaizkie:

ez al da lotsagarri, hitzegiten bear digutela Euscaldunac Euscalerrietan, ez guzioc dakigun hizkunzan, ez gure errico gure gurasoan hizcunzan… baicican Gaztelauen hizcunca arrotzean?” (Aita Mendibururi idatzitako gutuna).

“… zoaz ordu gaistoan emendican, eta urrengoan jakin ezazu nire eusquera, ta nire erara hitz egin bear didazula, eta ez nic zuri erdera erbesteco arrotz ori” (Hiztegiaren prologoa).

2.- Horrez gain, bere iritziz, euskaldunok ez daukagu espainiera ondo jakin beharrik, espainolak frantsesa ondo jakitera behartuta ez dauden bezala.

3.- Euskara traba dela espainiera ondo ikasteko diotenei, erantzuten die espainiera traba dela ere euskara edo ahaidekide ez den beste edozein mintzaira ikasteko. Beraz, hizkuntzak maila berdinean ezartzen ditu. Desberdintasuna, bakoitzari jartzen zaion arretan eta ematen zaion prestigioan datza. Bere herrikideen utzikeria deitoratzen du: “Euskaldunek ez dute beren hizkuntza balioetsi… herrialdean bertan baztertzen dira berau babesteko eta haren finezia deskubritzeko baliabideak” (Hiztegiaren prologoa, XLVIII or. – gazteleratik itzulia).

4.- Euskararen erabilpena aldarrikatzen du gizarte-alor denetan: elizan, irakaskuntzan, administrazioan, epaitegietan etab., hots, hizkuntza nazional bati dagozkion funtzio orotan: “Beharrezkoa da medikuak eta zirujauak, eta epaitegian abokatuak eta prokuradoreak euskaldunak izan daitezen auzilari denak edo gehienak uler, arta eta zerbitza ditzaten” (Hiztegiaren prologoa, CXLVI or. – gazteleratik itzulia).

5.- Bere garaiko egoera soziolinguistikoa deskribatzeaz gain: “Hemen gazteleraz irakasten da irakurtzen eta idazten, eta gainera debekatu egiten zaie haurrei, inongo arrazoirik gabe, euskaraz hitz egitea” (Hiztegiaren prologoa,CXLVI or. – gazteleratik itzulia) salatu egiten du gaur egun egoera “diglosikoa” izendatzen dugun hori, espainiera lengua reinantetzat definitzen duelarik. Euskaldunak gaztelarrekin dituzten harremanetan espainola da hizkuntza menperatzailea: “Gaztelar batek, orain arte, euskarazko hitz bat entzuterakoan, onartu ez ezik mespretxatu ere egiten du, zarpailtzat hartuz, eta gorrotatzen du, eta are gutxiago ikasten du euskara” (Hiztegiaren prologoa, CXCIX or. – gazteleratik itzulia).

Hizkuntzaren aldeko  borrokarekin estuki lotua dago andoaindarrak egiten duen lurraldearen defentsa. Gipuzkoarra izaki, haren jakin-mina eta interes-grina lehenik eta behin Gipuzkoari zuzenduak dira, baina ez ikuspuntu “probintzianoak” bultzaturik. Gipuzkoa euskal nazioaren atal gisa ikusten du eta beste probintzien mailan jartzen du. Conferencias izeneko lanean, batez ere, aurkituko dugu bere ideia politikoen bilduma. Kanpoko oldarraldiaren aurrean, behartuta sentitzen da bere Herria defendatzera eta horrela dio:

Ikus daitekeenez, Konferentzia hauek apologetikoak dira, ez dira idatzi eta paperen aurkakoak, gure etsai aitortuen esan-eginen aurkakoak baizik. Gipuzkoako aitzinako askatasunaren eta haren salbuespenen apologia dira, errugabea izanik ere, bortizkeria, tratu txarra eta indarkeria baliatuz hura lotu eta kateatzeko duten nahiaren aurka.”

Ez dator bat Ilustrazioko pentsaera europarrak, “Denok berdinak gara” lemapean zabaltzen ari diren ikuspegi berriekin, politikoki zentralismo eta absolutismora daramatelako, eta horren aurrean bere Herriaren nortasuna eta historia bereziak aldarrikatzen ditu. Desadostasuna ez da hainbeste ideia berauengatik, haien ondorioengatik baizik, ikusten baitu gure Lege Zaharraren aurkakoak direla eta Foruen deuseztapena dakartela, hitz batez, Gaztelarekiko menpekotasuna.

Menpekotasun horren aurrean erresistentzia-eskubidea aldarrikatzen du Larramendik, eta lurralde-sezesioa ere iradokitzen du. Baina are urrunago doa bere burutazioetan eta Euskal Herriaren eraketa eta estatus berriak proposatzen ditu. Sobre los Fueros de Guipuzcoa obrako konferentzietan garbiki azaltzen digu bere nahia edo ametsa:

Ze arrazoi dago euskal nazioa, Espainiako jatorrizko biztanleak … ez dadin izan nazio bereizia, berezko nazio bat, nazio aske eta independente bat?” (gazteleratik itzulia).

Nazio horren oinarri eta zimendu batzailea euskara izaki, hain zuzen: “Zergatik beste edozein hizkuntza bezain bizia eta bizitasun handiagoko euskarak, ez lituzke ikusiko euskaldun orok nazio aske bakar batean elkarturik eta baturik, beste hizkuntza eta nazioetatik libratuta eta askatuta?” (gazteleratik itzulia).

Zalantzarik balego ere, nazio horren mugak zehazki markatzen ditu, handik gizaldi bat baino beranduago Sabino Aranak EUZKADI izenpean markatu zituen berberak: “Zergatik hiru probintzia Espainian: Gipuzkoa, Araba eta Bizkaia (eta zer esanik ez Nafarroako Erresumaz) Gaztelaren mende egon behar dute; eta beste hirurak: Lapurdi, Zuberoa eta Baxe Nafarroa, Frantziaren menpe?… Batzuekin eta besteekin batu gaitezen Pirinioko Probintzia Batuen izeneko nazioa osatzeko.” (gazteleratik itzulia).

Galderak hor, airean, laga zizkigun LARRAMENDI aitzindariak…

Hiru mende geroago gai izango ote gara erantzuna eman eta amets hori gauzatzeko?