MARKA DA GUREA!

Iñaki Murua

2019-06-30ean, ARGIA.

Errezilgo baserri batean euskaraz ikasten aritutako euskaldun berriari, agurtzean, aitonak esana: “Hire euskerea enteitzeko erdeaz ondo jakin behar dik!”. Seguru asko, gazteak euskara batua edo garbiagoa zerabilkien eta aitonak arrotz zitzaion dena erdaratzat hartuko zuen…

Beste batean bi azpeitiar elkarrizketan hasi eta: – Ze eitteik zuen seme gazteen horrek? Baa, hor ai dek ikasteei utzi ezinik. – Ze aidepa ikasten oain? Intrepete (Nonbait ezin ondo esan interprete). – Zer dek hori? Ba hik esandakoa honi esaten ziok eta honek esandakoa hiri ta… hola. – Aaaaa… ba oain bazekiat, gureen alkaguete esaten zaiok horri!

Goierrin hauxe albiste: Shopping night egingo zela eta sorpresak (gehiago) izango zirela,  Food Truck-ak eta parkean Chill out-a… Herriko dendari elkarteak antolatzen zuen eta dirudienez, denda ttikien biziraupena ziurtatzea helburu… Eremu komertzial erraldoien erasoari aurre egin asmoz.

Herriko jendea joango da denda horietara, ezta? Gazte zein gazte izanak? Gazteek ulertuko dituzte Shopping night, Food Truck, Chill out… Ez dira alferrik ari haurtzarotik ingelesa ikasten! Adintsuagoek eta bizitza egoera jakin batetik kanpo direnek? Kale! Komunikazio horren helburua, denda handien konpetentziari aurre egitea ote? Haien estrategia berarekin, ingelesa nagusi? Ala, bezero mota jakin bat erakarri? Eta aldendu?

Bezeroa atzerrikoa duten lantegiek, errotuluak eta iragarkiak ingelesez jartzea, bezeroak tokian berean produktua ikusteko eta lan moduak, instalakuntzak ezagutu nahia duelako, ulerterrazago zait. Halere, gu Holandara, Alemaniara… enpresak ikustera joan garenetan, bertako hizkuntzan zeuden errotuluak, guri gazteleraz zein ingelesez egiten ziguten baina.

Gurea zaintzeko, marka gisa jartzeko ardurarik, jarrerarik, gogoetarik ez dugula uste dut, eta horren ordez, konplexu gehiegi! Espresio horiek ingelesez ordez gazteleraz baleude erreakzio bera al genuke? Ingelesez jarrita maila jasoagoko, europarrago… sentitzen al gara? Egiten al gaitu?

Emaitza bera da, ordea: gurea ordezkatu, gurea 2. mailako, gurea gorde, ezkutatu… Marka da gurea! Aldiz, gureak behar luke marka. Euskaratik eta euskaraz!

Pedro Miguel Etxenike zientzialari  euskaldunak, esana da: “Ni 8-10 egunez munduan, hainbat hizkuntzatan hitzaldiak eman eta entzuten arituta etxeratzean, euskara behar dut neure munduan sentitzeko”. Hain saritua eta “hamaika” unibertsitatetan honoris causa denak dio hori. Eskertzen diot!