MARXISMOA ETA KOLONIALISMOA

 

JOXE ARAKAMA LOPEZ DE GEREÑU

Euskaltzalea.

Marxista tradizionalek beti ikusi dute kolonialismoa arazo ekonomiko legez. Kolonizatuen hizkuntza, kultura, emozioak eta menpekotasunak eragindako etsipen, egonezin, abaildura eta arazo psikologikoak, aldiz, axolagabetuak izan dira, orokorrean. Adibide bat jartzearren, duela hogeita hamar bat urte, Hong Kong Erresuma Batuaren kolonia zen garaian, eztabaida sortu zen Euskal Herrian pairatzen genuen menpekotasun egoeraz. Zehazki, eztabaidaren ardatza hau zen, ea gure egoera pareka ote zitekeen munduan zeuden kolonien egoerekin ala ez. Bada, orduan, Euskal Herriaren egoera ez zela koloniala defendatzeko, Euskal Herrian oso ezaguna zen militante marxista batek honako argudioa plazaratu zuen: herri bat kolonia den ala ez jakiteko errenta per capita begiratu behar da; izan ere, kolonietako errenta per capita beti da metropoliaren errenta per capita baino dezente txikiagoa. Jakina, Euskal Autonomia Erkidegoko errenta per capita Espainiakoa baino altuagoa zenez, militante harentzat gu ez geunden egoera kolonialean, gu ez ginen Espainiaren kolonia, nahiz eta Espainiako okupazio-indar militarrak bertan egon. Argudio bezala logikoa dirudi ekonomiari begiratzea; alabaina, militante horrek ez zuen gehiegi begiratu, zeren une hartan munduko errenta per capita altuenetakoen artean kokatzen zen Hong Kong, Erresuma Batuaren kolonia. Hong Kongek Erresuma Batuak berak baino errenta per capita handiagoa zeukan.

Beraz, argudio sinple hori ez zen egia, nahiz eta kasu gehienetan hala izan. Baina batez ere argudio horrek agerian utzi zuen ideologia marxistak egoera kolonialak aztertzeko zeukan gabezia. Herri kolonizatu baten azterketan mendekotasun militarra eta hizkuntza eta kulturaren desjabetzea egoera ekonomikoaren mende jartzea oker itzela da, era gordinean Katalunian agerian gelditzen ari dena. Kolonizazio mota berriak ulertzeko ezinbestekoa da gogoan hartzea mendekotasun militarra eta baita kulturala ere, hizkuntzaren mendekotasuna barne. Gogoan hartu behar da Michel Foucaultek arrazismo bezala definitzen duen azpiratze identitarioa: kultura eta identitate bat, metropoliarena, goi mailakoa da eta kolonizatuen identitatea eta kultura behe mailakoa da, txiroa, desagertu beharrekoa.

Estatu arteko pentsaerak (haiek “internazionalista” esaten dute) bultzatuta eta arazo sindikal eta laboraletan murgilduta, militante horrek ez zuen ikusten orduan Euskal Herria herri zapaldua zela, bere buruaren jabe izan nahi zuen Herria zela, bere hizkuntza, bere kultura, bere bizimodua, bere patua, bere oraina eta bere etorkizuna bere gogoaren arabera antolatu nahi zuena. Ez zuen garbi ikusten zapalketa bizitzaren alor guztietan gertatzen ari zela eta begirada alde bakar batean jarri zuen, klase-borrokan. Eta tamalez, neurri apalagoan bada ere, aipatutako jarrera indarrean dago oraindik Euskal Herrian, Katalunian, Espainian eta Europan. Aipatutako militante horren jarrera ez zen eta ez da kasu isolatu bat.

Historikoki marxismoak ez du kontuan hartu edo garrantzi gutxi eman dio kolonia-egoera guztietan gertatzen den ekintza fundatzaileari: konkista edo kolonizatutako herriaren kontrako gerra, eta ekintza horretatik eratortzen diren mendekotasun mota guztiak. Marxismo tradizionalak estatus quoari sostengua ematen dio eta, hala, ontzat jotzen du jasotako “herentzia koloniala”. Hori dela eta, beraientzat normala da egoera kolonialetik abiatzea segidan kolonizatuen egoera ekonomikoa ustez defendatzeko, eta edozein kasutan, herri kolonizatuek beren berea den boterea eskatzen dutenean, kolonizatuek beren bizimodua nahi duten bezala antolatzea eskatzen dutenean, marxista horiek nazional inperialistek bezala jokatzen dute. Ñabarduraz ñabardura eta laburbilduta, ontzat edo ezinbestekotzat jotzen dute indarrez finkatutako lurralde-banaketa, non herri batzuek agintzen duten eta beste batzuek pairatzen duten zapalketa. Kasu batzuetan, Podemos alderdiaren kasuan, adibidez, Espainiako Konstituzioa aldatu nahi du alderdi horrek Katalunia “Espainia barruan” erosoago senti dadin. Marxista izan gabe, EAJko Marcos Vizcaya diputatuak ere horixe bera esan zuen “sentirnos cómodos en España”.

Dena den, Herri baten eraikuntzan denok parte hartu behar dugu, bai marxistak direnek eta baita kontrako ideologia dutenek ere. Kasu honetan nik marxistei eta beren analisi politikoa ekonomian, eta soilik ekonomian, oinarritzen duen pertsona orori, zera eskatzen diot: bere ikuspegia zabaltzea eta herrien sentimenduei eta identitateari kasu gehiago egitea. Euskal Herrian, alegia, errenta per kapita altua eduki dezakegu, baina ezin gara euskaraz bizi, ezin dugu geure hezkuntza sistema diseinatu, ezin dugu gure komunikazio egitura antolatu eta ezin dugu kirol-selekzio nazionalik eduki, lau kasu aipatzearren.

Amaitzeko, Katalunian askatasun prozesuaren aurka izan diren polizia, parapolizia, epaile, militar, prentsa eta politikarien interbentzioak ikusita, izandako kontseilarien atxiloketak ikusita, atzerrian dauden presidentearen eta kontseilarien kontrako nazioarteko ekimen judizialak eta abar ikusita, norbaitek esango al du Katalunia ez dela Espainiako kolonia? Are gehiago, orain, Belgikan dagoen Kataluniako Presidentea espetxeratzeko eta joko politikotik kanpo uzteko Espainiaren aukerak murriztu direnean, Espainiako Epaileak nazioarteko agindua erretiratzeak zer adierazten du? Espainiako epaileak independenteak direla? Ez da pentsatu ere. Katalunia, Euskal Herria bezala kolonia da. Jakina, mota berriko kolonia da, baina kolonia azken finean.