Jose Mari Pastor
2020-07-18, BERRIA.
Euskal Herria eta Katalunia koloniak direla gogorarazi digu Per Nyholm kazetari daniarrak, Cuba, la soledat que no s’acaba liburu argitaratu berrian. Lana Karibeko uhartera egindako bisitan oinarrituta dago. Testua kritikoa da AEBek eta EBk Kubari buruz duten jarrerarekin, baina are kritikoagoa dugu kolonia espainiar ohiko sistema politikoarekiko.
Nyholm sozialdemokrazian kokatu beharko genuke. Jyllandsposten egunkariaren berriemailea izan zen Londresen, Thatcherren agintaldian. Gero, Balkanetara joan zen hango gerraren berri emateko. Errusian eta Ukrainan ere jardun du. Egun Vienan bizi da.
Liburuaren epilogoan Kataluniari buruz eta, neurri txikiago batean, Euskal Herriari buruz idatzi du kazetariak. Haren ustez, bi herriak koloniak dira, baina Gaztelatik hain hurbil egoteak horretaz jabetzea eragozten digu. Metropolitik urrunago egongo bagina, askoz argiago ulertuko genuke kontua. Antzera mintzatu zitzaidan Christian Karembeu Euskaldunon Egunkaria-rentzat eginiko elkarrizketa batean. Futbolariak esan zuenez, Euskal Herria milaka kilometrora egongo balitz, Kaledonia Berria legez, ez genuke arazorik izango kolonia garela konturatzeko. Karembeuren sorterrian urrian egingo dute erreferenduma. Eta hemen?
Kazetari daniarrak dioenez, urtero katalan independentisten portzentajea soilik %1 igoko balitz, 10-15 urteren bueltan masa kritiko esanguratsua osatuko lukete burujabetzaren aldekoek. Zer gertatuko litzateke? Espainiak bereari eutsiko balio, tentsioa areagotu egingo litzateke, baina Europak ez luke ezer egingo istilu larriak izan arte. «Bruselak ez du eskurik sartuko soilik manifestazio baketsuak eginda. Errepideak moztuta, argindarra moztuta. Halakoak, eta ez soilik 200.000 lagun Gran Vian», agertu du elkarrizketa batean.
Nola gaude Euskal Herrian? Ba al dugu masa kritikorik? Eusko Legebiltzarra gero eta abertzaleagoa da. Hala ere, planteamenduei dagokienez, gero eta moderatuagoa dela idatzi dute prentsa unionistan, eta ez dabiltza oso oker.
Beste alde batetik, Idoia Mendiak argi utzi du sozialistek ez dutela denborarik galduko identitate-eztabaidetan. Ez dute zertan. Arlo horretan geuk inbertitu behar dugu denbora. Edo galdu, trabatu eta aurrerantz egiten ez dugulako. Espainiarrek hain barneratua eta normaldua dute haien identitatea, non ez baitute pentsatu ere egiten nazionalistak direnik. Michael Billig psikologo sozial britainiarrak aipatzen duen banal nationalism delakoak elikatzen ditu. Nazionalismo ikusezin hori arnasten dute, dela Cervantes goresteko, dela Iniestak duela hamar urte sartutako gola berriz ospatzeko. Identitatea ekintza, gertakari edo ospakizun horiei lotuta eraikitzen dute egunero, ohartu gabe.
Bozen emaitzak jakin ostean euskararen inposizioa ez duela onartuko esan zuen Amaia Martínezek, Voxeko politikariak. Hitz horiek Idoia Mendiaren ahotik ere irten zitezkeen. Bai, sozialistek ez dute EITB edo Euskaltzaindia suntsitzeko proposamen probokatzailerik egiten. Abilagoak dira: badakite diskurtsoa ondo neurtzen eta moldatzen. Baina euskararen kontuan, funtsean, bat datoz faxista espainiarrekin: euskara ez da inposatu behar; euskara borondatez ikasi behar da. Espainiera, aldiz, derrigortasunean. Eta kito. Halakoxeak ditugu PSE-EEkoak eta horretan jardungo dute datozen lau urteotan, EAJren makulu gisa: euskal eraikuntza nazionala oztopatzen eta errealitate nazional espainiar ustez ez identitarioa sendotzen.
Espainiako errege-erreginek mesetaz bestaldeko koloniak bisitatu zituzten atzo. Katalunian egotekoak ziren, baina bidaia atzeratu behar izan zuten, boikot eta liskarren beldur. Bartzelonara aldez aurretik abisatu barik joango ei dira. La Vanguardia egunkariaren zuzendari ohi José Antichek hala azaldu du Elnacional.cat hedabide digitalean: duela urte batzuk esan baligute Espainiako errege-erreginak gaur Euskal Herrian Katalunian baino lasaiago ibiliko liratekeela, ez genukeen sinetsiko. Bada, sinetsi.