MONZON ETA TXILLARDEGIREN IRAKASPENAK

Argazkia: BERRIA

PAKO SUDUPE.

Monzonek bezala Txillardegik, naziogintzaren arloan, euskarazko kulturaren alde egindakoagatik (euskara batua, eleberriak, antzerkia, abestiak, prentsa-artikuluak) eta era berean politika aldetik, zazpi lurraldez osaturiko euskal errepublika independentearen alde egindakoagatik, irakaspen ederrak eman dizkigute, eta gure atxikimendua eta aitortza merezi dute.

1957an ezagutu zuten elkar aurrez aurre: Txillardegik kontatu zigunez, Telesforo Monzon eta Maria Josefa Ganuzaren Donibane Lohizuneko Mende Berri etxean. Eta 24 urtez, bien arteko adiskidetasuna erne, hozitu eta burutu zen, ardatz nagusi honen inguruan: zazpi lurraldez osaturiko euskal errepublika euskalduna lortzeko grina, eta araberako konpromiso eta borroka.

Bide ezberdinetatik zetozen elkartu zirenean. Hogeita bost urte zaharrago zen Monzon ordurako dimisioa emana zen erbesteko Eusko Jaurlaritzako kultur sailburutzatik, funtsean, bi arrazoirengatik: konbentzitua zegoelako Eusko Jaurlaritzak ez zituela euskara eta euskal kultura behar bezala bultzatzen, eta, erbesteko Eusko Jaurlaritza legitimitate errepublikano espainolari lotuegi zekusalako.

Txillardegi, aldiz, plazaratu zenean nahiko polemiko gertatu zen Leturiaren egunkari ezkutua nobela argitaratu berri zen -Albert Camus-en Arrotza eta Izurria nobelen eraginpekoa, tematika aldetik, mugarri-; aldekoak asko -Koldo Mitxelena, Salbatore Mitxelena, Bitoriano Gandiaga, Juan San Martin…- eta aurkakoak ere ugari izan zituen euskal idazleen artean -aita Villasante, Iñaki Bastarrika, Orixe…-, eta politikari dagokionez, Ekin-etik laster ETA sortzera igarotzekoa zen gogaideekin batera, Euzko-Gaztedirekiko loturak erabat hautsirik.

Txillardegik 1961eko Urtats egunez Dantxarineako muga iragan, eta Parisetik bueltan Iparraldean kokatu zenetik, bien arteko harremana hurbilagoa eta usuagoa gertatu zen. Enbata mugimendu abertzaleak Euskal Herri kontinentalean, Itsasu herrian lehenbizikoz ospaturiko Aberri Egunean (1963) han ziren biak ala biak, eta urte hartan bertan eratutako Idazkaritzan ere bai, euskara batuaren oinarriak ezartzeko xedez. Jakina denez, Baionan delako Idazkaritzan elkarturiko Lafitte, Davant, Monzon eta Txillardegik, besteak beste, hartutako erabakietan oinarritu ziren 1968an Arantzazun ospatu ziren jardunaldiak. Garbi ikusten da euskal errepublika askatuaren aldeko borroka eta euskararen aldekoa biak elkarri estuki atxikirik bururatzen zituztela bi abertzale handiek.

Txillardegi handik laster desterrura joan beharrean gertatu zen, baina antiguatarra Bruselan, eta Monzon Donibane Lohizunen zirela, gutunez jarraitu zuten harremanetan. Txillardegik ziotson Monzoni gutun horietan, bera abertzalea izateaz gain, sozialista zela, baina ez zuela lekurik PSOE inperialistan, eta horrenbestez behar-beharrezkoa zela gurean alderdi abertzale sozialista. Oso duda gutxirekin baiezta daiteke Txillardegik eragin handia izan zuela Monzonek gizarte gaietan izandako bilakaeran; Monzon ez zuen sozialista bilakatu Txillardegik -Txillardegi ez zen komunista. Bere burua sozialdemokraziaren ezkerrera kokatzen zuen; Frantzian Mendes-France politikariak ordezkatzen zuen posizioan gutxi gorabehera-, baina bultzatu zuen Monzon EAJko zuzendaritzari eskatzera abertzale berri ezkertiarragoei leku egin behar zitzaiela. Hasiera baten pentsatu zuen EAJ barruan lekua izan zezaketela Txillardegi bezalako sozialistek, baina laster igaro zen pentsatzera alderdi berean ez baina haiekin elkarturik bai jokatu behar zela, eta orduan ekin zion Fronte Abertzalea eratzeko ideiari.

Ezaguna denez, Anai Artea sortu zuen Monzonek Larzabal eta Arregirekin batean 1969an, iheslari politikoei babesa eta laguntza emateko. Txillardegi Bruselatik Iparraldera itzuli zenean, Anai Artean kidetu zen, eta 1971n Monzonekin eskuz esku Fronte Abertzalea eratu nahian aritu zen Burgosko 1970eko auzi famatuaren ondotik. Aitzakia horrekin Frantziako gobernuak Monzon eta Txillardegi biak behartu zituzten Iparraldetik alde egitera.

Erabaki horren aurka, Baionako katedralean gose-grebari ekin zioten 35 etakide inguruk. Han ziren, besteak beste, Eustakio Mendizabal Txikia, Goikoetxea, Korta, Azkoiti. Harreman horien ondorioz sortu zuen Monzonek esapide giltzarri hura: Lehengo gudariak -1936ko gerrakoak- eta oraingo gudariak -Francoren diktaduraren aurka armak altxatu zituzten etakideak-.

Monzon eta Txillardegi Nogaron, Gers departamenduan, Salles d´Armagnac-en, sei hilabetez bizi izan ziren harmonia ederrean elkarrekin, 1971ko maiatzetik azarora.

Franco hiltzean, Txillardegi itzuli zen Euskadi penintsularrera eta Euskadiko Sozialisten Biltzarra (ESB) alderdia sortzen ahalegindu zen; eta tarte labur horretan, Monzon bakarrik gelditu zen, baina denbora gutxirako. Laster elkartu ziren biak Herri Batasunan independente gisa, 1978an -Monzon 1977ko azaroan egotzi zuten EAJtik, bere borondatearen aurka-. Horregatik Monzon ez zen bat-batean sozialista ezkertiar bilakatu, jarraitu zuen bere mentalitate kristau-demokratarekin, baina ongi hartu zuten Herri Batasunan, garai hartan koalizioarentzat garrantzitsuena, beharbada, independentzia zelako.

Monzonek Eginen hil aurretitxoan plazaratu zuen azken artikuluan, geroari buruz hiru oinarri hauek behar genituela oroitarazi zizkigun: 1. Beti ohitu behar dugu Euskal Herria osorik ikusten, Aturrin hasi eta Ebroraino. 2. Euskal Herrian bizi diren biztanleen osotasuna. Beraz, Euskal Herri bat bakarrik dagoela, bai eremuz, bai lurraldez eta baita biztanlez ere aitortu behar dugu; eta 3. Euskal Herriari lokarri bat eman behar diogu. Benetako Herri bat sortu nahi badugu eta bere buruaren jabe izan nahi badu, oinarri nagusi bat behar dugu eta oinarri hau Euskara da. Txillardegik ere beste horrenbeste esaten zuen. Horiexek dira bi abertzale handi horien irakaspen nagusiak.