Diarmuid Breatnach
Irlandar idazlea.
Sarritan aipatu dugu NAZIOGINTZAn Irlandako “eredu” linguistikoa anti-eredu bat dela euskaldunontzat, gure hizkuntzaren normalizazioa eskuratzeko egin behar ez denaren adibidea. Irlandan estatua lortu zutelako duela 100 urte, baina hizkuntzaren galerarekin batera, Nazioa galdu. Irlandako klase politikoak, salbuespenak salbuespen, ez dio inoiz hizkuntzaren gaiari garrantzirik eman, eta ondorioak begi-bistakoak dira, Irlandako estatua guztiz anglofonoa baita. Diarmuid Breatnach idazle irlandarrak Irlandako klase politikoaren utzikeria salatzen du NAZIOGINTZArako idatzitako kolaborazio honetan.
Irlanda okupatu zuten ingelesek ahalegin irmoa egin zuten irlandera Irlandatik desagerrarazteko, eta, 1366an, Kilkennyko Estatutuak agindu ziren; bertan debekua ezarri zitzaien “irlandarrak baino are irlandarrago bihurtzen ari diren (…) ingeles gizagalduei” irlanderaz hitz egiteko, irlandarren moduan janzteko, irlandarren jokoetan aritzeko eta abarrerako. Hiriez kanpoko eremuetan, baina, muzin egin zitzaien lege horiei.
Aldiz, XVII eta XVIII. mendeko kolonoek ez zituzten bere egin ohitura eta modu gaelikoak, eta hizkuntza baztertua izan zen lege-arauetatik zein ingurune publiko guztietatik. Kolonoen ondorengoak Ingalaterratik autonomia handiagoa, beren esportazioen eta zergen gaineko kontrola eta abar eskatzen hasi zirenean, ingelesez eta, neurri batean, frantsesez zabaldu zituzten haien diskurtsoa eta errepublikar ideiak batez ere.
XIX. mende amaierak Irlandako Berpizkunde Gaelikoa eta mugimendu errepublikarraren goraldia eta sozialismoaren hazkundea ekarri zituen eta, horri esker, Irlanda “aske eta gaelikoa ere” sortzeko aukera (PH Pearsek adierazia) agertu zen. Hala ere, 1916ko Matxinadako agiri guztiak eta Independentzia Gerrako gehienak, eskutada txiki, aipagarri bat izan ezik, ingelesez idatzi ziren artean ere.
Gerra zibil ostean zatikatutako estatuak nahitaezko bihurtu zuen irlandera bigarren hezkuntzan (eta unibertsitatera sartzeko), baina artean biztanleriaren gehiengo handi batek ez zuen hura hitz egiten. Irlanderaz mintzatzen ziren eskualdeek, Gaeltachtai direlakoak, zerbitzu moderno eta enplegu gutxi zituzten eta, aldiz, asko ziren erbestera alde egiten zutenak. Irlanderak ez zuen aurrerabide askorik egin Irlandan, harik eta 1960an irrati eta telebistako irlandar hizkuntzaren eskubide zibilen eta zerbitzu publikoetako irlanderari buruzko eskubideen aldeko kanpaina hasi zen arte. Gluaiseacht Cearta Sibhialta na Gaeltachta (Gaeltacht Civil Rights Movement) mugimenduak eta Misneach elkarteak, orduan, zerbait eta gehiago lortu zuten, adibidez, Gaeltacht eskualdeetarako irlanderazko irrati kate bat eta irlanderazko TG4 telebista katea abian jartzea.
Irlandar errepublikarrak eta sozialistak nabarmendu ziren kanpaina horietan, tartean zirela emisio lizentzia ez ordaintzeko desobedientzia taktika zibilak (edo horren kausaz jasotako isunak pagatzeari uko egitea), baina 1960ko hamarkadaren bukaera aldera, Sei Konderrietako gutxiengo katolikoaren eskubide zibilen aldeko kanpainak kendu egin zien lehentasuna; are, urte gutxira, txanda hartu zion britainiar errepresio kolonial eta sektarioaren zein Britainiar Armadaren kontrako erresistentziari adierazitako elkartasunak.
Ezustean, Irlandako estatuan hizkuntza eskaintza eta eskubideen aldeko kanpainek kemena galdu zuten garaipen batzuk lortu ostean eta, gero, berragertu egin ziren Sei Konderrietako gehiengo katolikodun eremu batzuetan, bereziki irlandar errepublikar presoen artean. Dena den, Ostiral Santuko Hitzarmena sinatu eta irlandar errepublikar presoak (baimen bidez) aske geratu ondoren, galdu egin zen kemen hori ere. Irlanderak jailtacht[1] utzi zuen neurri handi batean, eta ez zen kaleko plazara atera. Irlanderazko hezkuntza izan zen Sei Konderrietako irabazle bakarra, baina arlo hori txikia da tamainaz, eta estatutxo kolonial eta sektario anti-irlandar baten politikek eta praktikek mantentzen dute.
Irlanderaren Lege bat proposatu zen egoera hori konpontzeko eta kolonian irlandar hizkuntzaren goraldia sustatzeko. Lege hori Sinn Fein ari da politikoki sustatzen, baina bere oposizio politiko nagusia, Alderdi Demokratiko Unionista britainiar-unionista eta sektarioa, astintzeko zigor gisa batez ere. Erakunde unionistak hizkuntzaren kontra daude, eta, are, haren lepotik trufa egiten ere utzi egin zaie Stormonteko Parlamentuko saio formaletan.
Irlandar erakunde ez errepublikarrek eta ez sozialistek ez dute irlandera sustatzen beren barnean edo kanpoan.
Kontuan hartu gabe ere irlandar hizkuntzak sustrai zaharrak dituela eta artean bizirik diren hizkuntza zeltikoen talde txikian duen lekua, edo haren berezko kultura balioa, edo literaturan izan duen garrantzia historikoa (eta, are, alde batera utziz inbasioak eragindako kalte kultural eta psikologikoari aurre egiteko suspertze neurrien gaia), oinarrizko eskubide zibilen koska hor dugu artean. Irlandera-hiztunek beren hizkuntza erabiltzea errazteko eskubide zibilak dituzte Irlandako gizartean, oro har. Irlandar hizkuntza zailtasunik gabe erabili ahal izan beharko litzateke askotariko sailetan eta estatuaren zerbitzuetan, baita bankuekin eta aseguru etxeekin ere, edo estatuaren lurraldean egindako erosketetan, sare sozialetan, garraiobide publikoan. Egungo egoeraren aurkako irlandarrek babestu egin beharko lituzkete eskubide zibil horiek, baina oro har, ez dute egiten. Susmoa dugu, gainera, beren burua “sozialista” deitzen duten askok gogor egingo lioketela errazteko bide horri, espainiar “sozialista” askok Katalunian katalanez edo Euskal Herrian euskaraz zerbitzuak eskaintzeari buruz egiten duten bezala, adibidez.
Irlandako egungo egoeraren aurkari gehienek muzin egingo liekete gutxienez (eta askok erabateko arbuioa ere adierazi) kapitalismoak jatetxe eta kafetegietan, tabernetan edo arkitekturan eragiten dituen ondorioei. Gero eta aukera izugarri eta errealagoa bihurtzen ari da egunero herrialdean edo atzerrian barrena bidaiatu eta kafetegi eta jatetxe, herri eta eraikin diseinu berdinak esklusiban ikustea. Aldiz, jende askok ez dio eragozpenik ikusten ingelesa iparraldeko Europako edo munduko merkataritzaren kulturako lingua franca bihurtzeari.
Hori gertatzea onartzen duten alemaniar edo eskandinaviar herritarrek badute beren bertako hizkuntzara biltzeko aukera; Irlandak, berriz, gero eta gutxiago. Irlanderazko haur, lehen eta bigarren hezkuntzako eskolak zabaltzen aritzeak ez du eragotziko irlanderazko eskualdeak murrizten joatea, eta ez du handituko, oro har, irlanderaz mintzatzen den jende kopurua eta egokierak. Eraldaketa politiko eta sozial bat behar da joera kaltegarri hori iraultzeko, baina non dira beharrezko mugimendu hori gidatu edo, are, akuilatuko duten egungo egoeraren aurkariak?
[1] “Gaeltacht” (alegia, irlanderaren eskualde bat) hitzaren joko bat.