MURGILTZE EREDUAREN ALDE: EUSKARA LEHENTASUNEZKO HIZKUNTZA IRAKASKUNTZAN

Argazkia: Hiruka

MIKEL GALLAIZTEGI

Irakaslea.

Azken boladan ahots batzuek EAEko Hezkuntza-ereduari buruzko beren iritzia eman dute, eta D ereduaren mugak eta gabeziak agerian jarri dituzte, ikasle askok euskararen gutxieneko hizkuntza-gaitasuna lortzen ez dutelako. Baina eredu hori indartu beharrean, ahots horiek hizkuntza-helburuak leuntzea iradokitzen dute, hizkuntza-porrot hori arintzeko. Horren aurrean, Mikel Gallaiztegiren ikuspuntua (eta baita NAZIOGINTZArena ere) guztiz kontrakoa da: euskarazko murgiltze-eredua orokortu eta sendotu behar da, hizkuntza-helburuak (hots, DBH bukatutakoan ikasle denek euskaraz hizkuntza-gaitasunak izatea) betetze aldera. Helburuak lortzen ez direnean bitartekoak aztertu eta hobetu behar dira, baina inondik inora ere ez helburuak murriztu.

 

BIZIKIDETZAREN OINARRIZKO PRINTZIPIOEZ.

Ikasketa-prozesuaren helburuak ikasle guztiei prestakuntza eta baliabideak eskaintzea izan behar du, beren bizitza-egitasmoa aurrera eramateko, norberaren nahien, gaitasunen eta ahaleginen arabera, praktika errepublikazaledun euskal erkidego kohesionatu batean. Bizikidetza kohesionatu, berdintasunezko eta errepublikazale horretarako beharrezkoa da hezkuntza jatorrizko euskal ingurune esanguratsuan kokatzea, ikasleak beregana ditzan jatorrizkoak eta eratzaileak diren lehengo eta oraingo euskal mundu esanguratsuaren osagai kultural eta politikoak. Bizikidetza horretan euskarak berez dagokion lehentasunezko estatusa izan behar du, eta eskubide, elkarrekikotasun eta betebehar sistemaren euskarria izango da. Era berean, integraziorako eta herri-kohesiorako funtsezko tresnatzat hartu behar da euskara, eta horrek gaur egungo hizkuntza-eredu baztertzaile eta segregazionistak desagertzea exijitzen du, murgiltze-eredu euskaldun bakarraren mesedetan.

1.- Euskarak lehentasunezko hizkuntza izan beharko luke irakaskuntzan. Berezko estatusa aitortu behar zaio, eta legediak estatus horren araberako trataera espezifikoa eskaini behar dio euskarari. Lehentasun horrek hezkuntza-sisteman ezarriko zaizkion ofizialkidetasunaren eta eleaniztasunaren aurretik jarri behar du euskara. Legediak bermatu egin behar du ikasketa-prozesu osoa murgiltze ereduan, euskaraz eta euskal giroan ematea

2.- Euskal gizartearen elementu esanguratsuek lehentasunezko presentzia izan beharko lukete euskal hezkuntza-sisteman. Horiek, erkidegoko bizikidetza sustatzeko funtsezkoak diren aldetik, gizartearen aniztasunari behar besteko integrazioa eta kohesioa lortzeko atze-aldea eskaini behar diote. Bertan hartu behar dute babesa norbanakoek, eta aukera izango dute, euren aniztasunean, zentzuzko bizitza garatzeko. Hizkuntzaz gain, osagai horien artean, kontuan hartu behar dira, besteak beste, iraganeko eta oraingo bizierak, lan-moduak, historia, tradizio politikoa , gure foru-sistema eratzailearen espezifikotasuna, bere desegitea ekarri zuten abolizio-gerrak eta abar…

3.- B2 mailak gutxieneko helburua izan beharko luke DBH bukatzen duten ikasle guztientzat.

4.- Batxillerrak edo DBH ondoko lanbide-heziketak aukera eman beharko lioke ikasleari EGAren pareko mailara (C1) iristeko.

5.- Hirugarren mailako Hezkuntzak -Unibertsitatea eta Lanbide Heziketa- euskararen gaitasunetan aurrera egiteko bide izan beharko luke, eta ez, orain den moduan, askotan, euskararen gaitasunak ahultzeko edo ezabatzeko prozesuaren hasiera. Herritarrekin harreman betea duten ikasketek, lanbide-heziketan zein unibertsitatean (irakasle-eskolak, erizaintza, medikuntza, hezkuntzara bideratutakoak, turismoa, ostalaritza, sukaldaritza…) euskara hutsezkoak izan behar dute ondo zehaztutako epe labur batean hirugarren mailako hezkuntzaren maila guztietan.

6.- Lanbide Heziketa euskalduntzea. Epeak eta helburuak jarri behar dira Lanbide Heziketako ikasketa guztiak euskaraz izateko. Epe laburrean handitu egin behar da euskara hutsean eskainiko diren graduen kopurua. Ez du zentzurik, ikasleak D, murgiltze, eredua aukeratu duenean, aurrera egiteko bidea hezkuntza sistemak etetea, ez diolako eskaintzen lanbide heziketan aurrera euskaraz egiteko aukera.

7.- Unibertsitatea

-Ikasketa guztiak euskaraz egiteko modua egon beharko luke, eta, esanda bezala, herritarrekin harremana izateko direnak euskaraz bakarrik eskaini behar dira.

-Unibertsitatean ingelesak izan beharko luke bigarren hizkuntza akademikoa. Helburu hori betetze aldera egin behar da lana, irakasleei eta ikasleei prestakuntza espezifikoa eskainiz.

-Lehenetsi egin beharko litzateke ingelesa lehen hizkuntzatzat duten Unibertsitateekin hartu-eman akademikoa.

-Tesia euskaraz egitea saritu egin beharko litzateke diru-laguntza berezi batekin.  Diru-laguntza hori, doktoretza ondoko beka modura eman behar zaio modu automatikoan doktoretza euskaraz gainditu duenari. Diru-laguntza horiek, onuradunak dituen lana eta ogibidea arriskuan jarri gabe baliatu behar dira. Lantokian eszedentzia hartzeko modua egin behar da. Euskaraz egin eta aurkeztutako tesiak ingelesera itzuli behar dira doktorearen parte-hartze zuzenarekin.

8.- Ikasle atzerritarrak.

Helburua honako honek izan beharko luke: bi ikasturteren buruan ikaslea murgiltze-ereduan eta euskal gizartean erabat integratua eta txertatua egotea. Ikasleak gauza izan behar du ikasketa-gaiak euskaraz ulertzeko eta interpretatzeko. Bere bizikidetza-, komunikazio- eta integrazio-tresnatzat izango du euskara.

Orain arte atzerritarrak gela arruntetan utzi eta abandonatu egin dira inolako laguntza berezirik gabe, integrazioaren ikuspegi inozo eta antzu bat aitzakia modura hartuta. Integratzea ez da aldamenean egotea. Hori izan da ikastetxeetan ezarri den sistema. Eragin okerreko prozedura horrek oztopatu egiten du taldearen aurrerakuntza ikasketa-prozesuan, eta zaildu egiten du modu larrian ikaslearen integrazioa taldean eta euskal gizartean, frustrazioa eta bazterketa sortzen ditu, eta ikaslea eraman dezake euskara bere egoeraren erruduntzat jotzera. Helburuak, ikasketetan aurrera egiteko eta ingurukoekin komunikatzeko euskara-gaitasunak bereganatzea eta ikasketa-prozesua bukatzean euskal erkidegoan integratuta bizitza-egitasmo bat aurrera eramateko gai izatea izan behar dute.

Prozesuak mailakatua izan behar du. Lehen hilabeteetan euskara modu intentsiboan landu behar da, eta progresiboki gaiei dagozkien edukiak txertatzen joan behar da.

Ikasleari talde natural bat atxiki behar zaio, eta parte hartu behar du bere talde naturalaren ekintza batzuetan. Ekintza horiek hasieran lotuagoak izan behar dute jarduera osagarriekin eta aisialdiarekin, baina helburuak taldean integratzen joatea izan behar du.

Sail berezi bat sortu behar da ikasle horien aurrerakuntza sustatu eta gainbegiratzeko

9.- Ikastetxearen abiapuntua

Defektuz, murgiltze-eredua ezarri behar da. Murgiltze-eredu horretan ezartzen den edozein aldaketa  emango da, bakarrik, bermatzeko ikasle guztiek B2 maila lortuko dutela DBH ikasketa prozesuaren bukaeran. Ikastetxearen autonomia edo aniztasuna ezin da aitzakia izan euskararen ezagupenean eskaera maila jaisteko.

10.- Ikaslearen abiapuntua

Kontuan hartu behar dira ikaslearen abiapuntua, behar espezifikoak eta ematen dituen urratsak, helburuak betetzeko berari beharrezkoak dituen baldintzak, baliabideak eta egoera egokiak eskaintzeko.

Ikaslea ezin da bere ikastetxearen ISEKaren (ISEK: Indize Sozio-Ekonomikoa) morroi bihurtu. Hori bereziki kaltegarria da ISEK baxuko ikastetxeetako ikasleentzat. Ikastetxe horietan ere alde handiak egoten dira ikasleen artean.  Bertan egoten dira maila altuko ikasleak eta zailtasun handiak dituzten ikasleak. Berdintzeak ez du esan nahi behar eta helburu ezberdinak dituzten ikasleak nahastuta edukitzea. Horrek ez dio laguntzen aurrerago eta arinago joan daitekeen ikasleari, baina gutxiago laguntzen dio ikasketa-prozesuan motelago dabilenari. Kontua zera da, baldintzak jartzea, ikasleak bere ikasketa-prozesua, helburu orokorrenak eta bere bizitza-egitasmoaren araberako helburuak beteta buka dezan.

Ikasketa-taldeak sortu behar dira, ikastetxean bertan edo eskualdeka ikasle-kopuruak hala eskatzen badu, ikasleek euskara-gaitasunak lan ditzaten eta, euskara, gertutasun- giroan jaso dezaten

11.- Gardentasuna.

Aurrerantzean, euskal gizarteak, ikastetxe bakoitzak bezala, euskara-ikasketen egoeraren ezagutza jarraitua eta puntuala eduki behar du, bai lorpenena eta baita hutsuneena ere. Informazioak eskuragarria izan behar du modu errazean, emaitzak onak ala txarrak izan. Ezagutza horren bidez euskararen ikaskuntzak ahuleziak erakusten dituenean, neurriak hartu beharko dira helburua betetzeari begira.

12.- Euskara-gaitasunen ikastetxez ikastetxeko kanpoko ebaluazioa eta jarraipena

Kanpoko jarraipen independentea ezarri behar da euskararen ezagutzaren arloan. Organismo independente bat sortu behar da, euskararen ezagutzan lorpenen eta hutsuneen jarraipena egingo duena, ikastetxeetako datuak eskura izango dituena, eta neurriak ezarriko dituena helburuak ez betetzeko arriskua ikusten denean. Erakunde horrek ikastetxez ikastetxeko jarraipena egiteko ardura izan behar du. Euskararen ezagutzaren helburua ez betetzeko arriskua dagoenean, edo betetzen ez denean, jarraitu beharrekoak izango diren zuzenketak agindu behar dizkio dagokion ikastetxeari, euskararen presentzia indar dezan, taldeak egoki ditzan …, eta jarraipen estua egin behar dio. Organismo horretan parte hartu behar dute euskararekin konprometitutako hainbat erakundek, edo herritar entzutetsuk, eta baita tokian tokiko euskararen egoeraz arduratzen diren erakundeek, auzokoek, herrikoek…. Organismo horretan ezin izango lukete parte hartu hezkuntzan interes gurutzatuak dituzten eragileek, hala nola berritzeguneek, eskola-kontseiluak, sindikatuek, administrazioko ordezkariek, edo alderdi politikoetakoek. Parte interesatua direla kontuan izanda, ezin dira ebaluatzaile eta proposatzaile inpartzialak izan. Organismo horrek beharrezkoa lukeen ekonomia-zuzkidura izan behar du bere lana egiteko.