Behin baino gehiagotan deitoratu dugu Naziogintza Taldean euskaldunok oso gutxi ezagutzen dugula gure historia, historia hurbila barne. Horrenbestez, garrantzi handiko pasarte historiko batzuk ezjakintasunaren itzalean gelditu dira gure iruditeri kolektiboan.
Pasarte horietako bat argitara atera nahi dugu artikulu honen bidez: duela 101 urte, katalanek, euskaldunek eta galiziarrek sinatu zuten agiri independentista, Madrilen argi gorri guztiak piztu zituena: 1923ko Aliantza Hirukoitza.
Zalantzarik gabe, esan daiteke espainiar estatuko hiru nazio gutxituen arteko elkarlana beren eskubide nazionalak aldarrikatzeko 1923ko itun horrekin hasi zela. Izan ere, 1923ko Aliantza Hirukoitza Galeusca ospetsuaren aurrekaria izan zen, Galeusca bera baino 10 urte lehenago sinatu zelako.
TESTUINGURU HISTORIKOA:
Garai hartan, Espainiaren mendeko hiru nazioetan mugimendu abertzalea gora zihoan: Katalunian, XX. mendearen hasieran, Cambóren eta Prat de la Ribaren Lliga Regionalista autonomistari aurre egiteko beste alderdi abertzale batzuk sortu ziren, erradikalena Francesc Maciàren Estat Català (1922) izanik. Alderdi independentista honek borroka armatuaren aldeko hautua egiten zuen bere helburu politikoak lortzeko (Maciàk berak 1926an altxamendu militarra antolatu zuen Ipar Katalunian, baina porrot egin zuen).
Galizian, 1916an Irmandades de Fala erakunde nazionalista sortu zen; 1918an nazionalismoaren aldeko hautu garbia egin zuen, erregionalismoa baztertuz. 1922an erakunde hori bitan banatu zen: Irmandades de Fala bera, politikan jardutearen aldekoa, eta Irmandade Nacionalista Galega, kulturalismoaren aldeko joera zuena.
Eta Hego Euskal Herrian, aldiz, oroimenean gordeta zegoen oraindik 1876ko zartakoa, mendebaldeko hiru lurraldeei beren burujabetza kendu ziena. Nafarroak urte batzuk lehenago galdu zuen berea, 1841ean. Aipagarria da 1923ko Aliantza Hirukoitza sinatu baino pixka bat lehenago, 1921ean, euskal abertzaletasunak dibortzio gatazkatsua bizi izan zuela; urte hartan, EAJko ortodoxia independentista gorde nahi zutenek talka egin zuten arlo nazionalean jarrera autonomista eta posibilistagoa zutenekin. Ondorioz, bitan banatu zen alderdia: EAJ-Aberri (Eli Gallastegi eta Luis Arana ordezkari esanguratsuenak zituena), independentista, eta Euzko JEL-Batza (EJB) (Engrazio Arantzadi, “Kizkitza”, buruzagi zuena), autonomista eta estatutista.
Hiru nazioetako olatu abertzale horiek Espainiako monarkiaren zentralismo bortitzaren hormarekin talka egin zuten. Izan ere, 1898ko Kubako eta Filipinetako porrotak eta 1921eko Rif-ekoak (“Annualgo hondamendiak”) nazionalismo espainiarraren aldeko eta espainiarra ez zen nazionalismo ororen aurkako sentimendua piztu zuten Espainian, abertzale euskaldunen, katalanen eta galiziarren eskaerei toki gutxi ematen ziena.
ELKARLANA:
Espainiaren mendeko hiru nazioen arteko fronte bat sortzeko ekimena Acció Catalana alderdi abertzaleari zor zaio. 1923ko udan, alderdi horrek deia egin zuen “aliantza bat ezartzera abertzaletasunaren sugarra bizirik duten estatuko nazioen artean: Katalunia, Baskonia (sic) eta Galizia”. “Batasunak egiten du indarra”, gehitu zuen.
Dei honi erantzun positiboa eman zion lehenengo alderdia EAJ-Aberri izan zen, bere komunikabide ofizialaren bidez (“Aberri” aldizkaria). Euzko JEL-Batza, aldiz, zuhurrago agertu zen hasiera batean, geroago elkarlanarekiko jarrera irekiagoa hartu bazuen ere.
Katalunian, Maciàren Estat Catalàk, hasieran, eta Unió Catalanistak, geroago (hasierako erregionalismotik nazionalismo erradikalera bilakaera izan zuen alderdia) beren oniritzia eman zioten aliantzaren proposamenari, 1923ko abuztuan.
Garai berean Galiziako Irmandades de Fala erakundeak bere atxikimendua eman zion Acció Catalanaren ekimenari. Galiziako beste erakunde abertzaleak, Irmandade Nacionalista Galegak, zalantza batzuk izan zituen hasieran, azken momentuan bere aldeko iritzia eman bazuen ere.
Xosé Estevez historialari galiziarra -gure artean aspalditik bizi dena- izan da, zalantzarik gabe, Galeuscari buruz gehien ikertu eta idatzi duen aditua. Naziogintzari esan dionez, “1923ko Aliantza Hirukoitza Galeuscaren itun aitzindaria izan zen, eta hiru nazioen artean sinatutako itun guztien artean, independentistena. Kataluniatik, Acció Catalanak, Estat Catalàk eta Unió Catalanistak sinatu zuten. Euskal Herritik, EAJ-Aberrik. Eta Galiziatik, Irmandades de Falak eta Irmandade Nacionalista Galegak”
1923ko irailaren 11n, Kataluniako Diadaren karietara, hiru nazioen ordezkaritza esanguratsu bat bildu zen Bartzelonan, Aliantza Hirukoitza gisa ezagutuko zen ituna sinatzeko. Euskal Herriko ordezkaritza zabala izan zen: EAJ-Aberritik, Eli Gallastegi (“Gudari”), Manu Egileor, Telesforo Uribe-Etxebarria eta Jose Domingo Arana; eta Euzko JEL-Batzatik, Julian Arrien eta Jesus Mº Leizaola. Kataluniako ordezkaritzak goi-mailako figurak ere bazituen: Francesc Macià (Estat Catalàren izenean) eta Antoni Rovira i Virgili (Acció Catalana), besteak beste. Bartzelonara joan ziren, halaber, Federico Zamora eta Alfredo Somoza Galiziako Irmandades de Fala ordezkatuz.
Irailaren 11ko ekitaldietan hitzaldi sutsuak izan ziren, horietako batzuk kutsu independentista nabarmenekoak (Madrileko prentsan erantzun gogorra izan zutenak), eta baita istilu batzuk poliziarekin ere (atxiloketa batzuk eta hainbat zauritu -tartean Arrien eta Leizaola- utzi zituztenak). Gauean bertako antzoki batean ekitaldi jendetsu bat antolatu zen, zeinean Els Segadors eta Gernikako Arbola abestu ziren eta “senyera”k eta ikurrinak toki nabarmena izan zuten.
SINATUTAKO ITUNA:
Irailaren 11ko elkarrizketak ituna sinatzeko uste baino gehiago luzatu ziren, desadostasun batzuk agertu zirelako itunaren edukiez. Horrenbestez, itunaren sinadura, irailaren 12ra atzeratu zen. Xosé Estevezek dioskunez, elkarrizketetan Acció Catalanak eta Euzko JEL-Batzak errezelo batzuk azaleratu zituzten, itunaren edukia erradikalagoa zelakoan. Acció Catalanak agiria sinatu zuen azkenean, baina ez Euzko JEL-Batzak; honek bere sinadura atzeratu zuen, esanez bere militantziari galdetu behar ziola lehenago (militantziari egin behar zitzaion kontsulta hori ez zen gauzatu, irailaren 13an Primo de Rivera jeneralak estatu-kolpea eman zuelako). Era berean, Irmandade Nacionalista Galegak, Bartzelonara ordezkaritzarik bidali ez zuenak, zalantza batzuk izan zituen, nahiz eta azkenean bere adostasuna eman Bartzelonara igorritako telegrama baten bidez.
Itunak eduki independentista zeukan, erradikala, eta bi aldiz aipamena egiten zion borroka armatuari, “askatasun nazionala” eskuratzeko, beharrezkoa balitz. Nabarmena da EAJ-Aberriren eta Estat Catalàren eragina eduki erradikal horietan (gogoratu Maciàk zein Gallastegik harreman estuak mantentzen zituztela Irlandako Sinn Féinekin, garai hartan Irlandako independentziaren alde gogor borrokatzen ari zenarekin).
Agiriaren kutsu erradikala hainbat pasartetan islatzen zen:
-Kataluniari, Euskadiri (sic) eta Galiziari ezarritako errejimen politikoa Espainiaren indarkeriaren ondorioa zela salatzen zuen.
-Burujabetza osoa eskatzen zuen hiru nazioetarako.
-Espainiaren zapalkuntzaren aurka hiru nazioek “apelazio heroikorako” eskubidea zutela zioen.
-Askatasun nazionala lortzeko borroka bateratua proposatzen zuen, eta, beharrezkoa balitz, “odola sakrifizioan nahastea”.
ONDORIOAK:
Ibilbide oso laburra izan zuen itunak, sinatu eta egun bat geroago Kataluniako Kapitain Orokorrak, Miguel Primo de Rivera jeneralak, estatu-kolpea eman eta alderdi abertzale guztiak legez kanpo utzi zituelako. Anitzak izan ziren Primo de Riveraren aitzakiak estatu-kolpea emateko eta diktadura militar bat ezartzeko: terrorismo anarkista, grebak eta lan-gatazkak, monarkiaren ahuldadea, eta, bereziki, nazionalismo periferikoen gorakadak militarren artean sortzen zuen ezinegona. Esanguratsua baita estatu-kolpea (lehenagotik prestatzen ari zena, zalantzarik gabe) 1923ko Aliantza Hirukoitza sinatu eta berehala gertatu izana.
1923ko Aliantza Hirukoitzak bidea ireki zion Espainiaren mendeko hiru nazioen arteko elkarlanari, 10 urte geroago (Espainiako II. Errepublikaren garaian) Galeuzcaren sorrerarekin indartu zena.
Harrezkero, abertzale katalanek, euskaldunek eta galiziarrek hainbat itun -politikoak zein kulturalak- sinatu dituzte azken 100 urteotan. Horietako batek ere ez du inoiz izan 1923ko Aliantza Hirukoitzak zuen kutsu independentistarik, salbuespen bakar batekin: 1959an Caracasen (Venezuelan) sinatu zena, erbestean, hiru nazioen artean. Estevezek dioenez, 1959ko agiri horrek pertsona hauen sinadurak jaso zituen: Andima Ibinagabeitiarena –Euzko Mendigozaile Batzaren izenean- Xosé Velorena –Movemento Galeguistaren izenean- eta Juanola Massórena –Moviment d’Alliberament de Catalunyaren izenean-. 1959ko agiriak 1923ko Aliantza Hirukoitzaren helburuak bereganatu zituen, eta garai hartan pil-pilean zeuden aipamen antiinperialistak eta antikolonialistak ere txertatu zituen dokumentuan.