Kurdistan munduko estaturik gabeko naziorik handiena da, lau estatuen artean banatua: Turkia, Siria, Irak eta Iran. Kurduek nolabaiteko autonomia onartua dute Iraken, baina ez gainontzeko estatuetan. Are gehiago, jazarriak dira eta zapalkuntza bortitza jasaten dute, haien eskubide nazionalak etengabe bortxatzen direlako, bereziki Turkian, Sirian eta Iranen.
Sirian, kurduak dira -arabiarren ondoren- bigarren etnia nagusia. Siriako ipar-ekialdean bizi dira, eta estatu horren populazioaren %10 inguru osatzen dute, bi milioi lagun inguru. Kurdueraz, batik bat, hitz egiten dute eta al-Assaden diktadurapean errepresio latza pairatu zuten. Siriako hizkuntza ofizial bakarra arabiera da, eta kurduerak ez du bertan inongo legezko aitorpenik.
2024ko abenduan, HTS talde armatu islamista Damaskon sartu zen eta al-Assaden diktadurari amaiera eman zion, 13 urteko gerra zibil odoltsuaren ondoren. Gerra horretan parte hartu zuten Bashar al-Assaden erregimenaren aldekoek (Errusia eta Iranen laguntza izan zutenak), alde batetik, eta erregimenaren aurkako talde militar ugari (islamista sunitak, kurduak, arabiar errebeldeak…), Turkia, AEB eta Saudi Arabiaren sostengua izan zutenak, bestetik.
Siriaren menpeko kurduek gogor borrokatu dute al-Assaden diktaduraren aurka, bereziki 2011tik aurrera. Baita Siriako gerra zibilaren garaian lur eremu zabalak berenganatu zituzten Estatu Islamdarreko (Daesh izenez ezaguna) fundamentalisten aurka ere. Kurduek AEBen laguntza izan zuten bigarren fronte horretan.
NOR DA NOR SIRIAKO GATAZKAN:
Hiru izan dira al-Assaden aurka aritu diren talde militar nagusiak, erregimenaren desagerpenarekin protagonismo handia hartu dutenak:
-SNA: Siriako Armada Nazionala. Talde armatu batzuen koalizioa da, Turkiak babestu eta finantzatzen duena, eta kurduen aurkako jarrera sutsua duena.
-SDF: Siriako Indar Demokratikoak. Kurduek PYD alderdiaren bidez zuzentzen dituzten talde militarrak, AEBen laguntzarekin. Siriako ipar-ekialdeko lurraldeak kontrolatzen dituzte, eta bertan lurralde autonomo bat (Rojava) ezarri dute. Gobernu kurduak lortu du Rojavako eskualde autonomoa Siriako demokratikoena, laikoena, toleranteena eta aberatsena izatea nazioarteko begiraleen ustez.
-HTS: Haiat Tahrir al-Sham. Koalizio islamista, antza denez jihadismotik islamismo moderatuago batera bilakaera izan duena. Garai batean kurduen etsaia bazen ere, orain prest omen da estatu federal bat Sirian sortzeko eta kurduei autonomia emateko. Kurduak, baina, ez dira koalizio horretaz gehiegi fio. Abu Mohamed Al Julani da HTSren buruzagi nagusia.
ZER JARRERA HARTUKO DU SIRIAKO GOBERNU BERRIAK KURDUEKIKO?
Al-Assaden diktadura erori ondoren, HTSk hartu du behin-behineko gobernuaren gidaritza Sirian. Mohamed al-Baixir presidente berriak hitz eman du berak zuzentzen duen behin-behineko gobernuak Siriako gutxiengo etnikoen eskubideak bermatuko dituela, eta prest dagoela autonomia bat kurduei emateko Siriako estatuaren barruan. Trukean, kurduek gobernu berriaren zilegitasuna onartzea eskatzen du. Turkia ez haserretzeko, HTSk Siriako kurduei PKKrekin (Kurdistango Langileen Alderdia, Turkiako gobernuaren arabera kurduen erakunde terrorista) harremanak etetea ere eskatzen du.
Siriako gobernu berria jarrera irekia erakusten saiatzen den bitartean (bere ustezko moderazio islamista frogatzeke egon arren), SNAko miliziek, Turkiak finantzatzen dituenak, kurduen aurkako erasoak burutzen ari dira Siriako iparraldean. Turkiaren arabera, Siriako kurduek babesa ematen diete PKK-ko militanteei, Turkiako mamu beltzak direnei. Horretaz gain, Ankararen arabera, kurduek Siriako ipar-ekialdean ezarri duten lurralde autonomoa mehatxu larria da Turkiarentzat, Turkiaren mendeko kurduak “kutsatu” ahal dituelako eta haien burujabetza-gogoa berpiztu. Turkia aliatu leiala izan da al-Assaden aurkako borrokan, eta Siriako gobernu berriak ez du aliatu hori haserretu nahi. Horrenbestez, oreka zaila du Turkiaren eta kurduen interesak ezkontzeko. “Nire etsaien etsaiak nire adiskideak dira” esaldia ez da betetzen Siria berrian, al-Assaden aurkako borrokan bat etorri arren SNA eta SDFren artean ezinikusia baita nagusi. Duela gutxi, Erdogan presidente turkiarrak dei egin zion AEBko gobernuari “terrorista kurduei” bere sostengua lehenbailehen kentzeko.
Arlo ideologikoan nabarmendu egin behar da islamisten eta kurduen arteko aldea. Alderdi politiko kurduak laikoak diren bitartean, HTS eta bera bezalako talde arabiarrak erlijio islamdarraren jarraitzaile sutsuak dira, emakumeen eta gutxiengo etnikoen eskubideak orain arte errespetatu ez dituztenak. NAZIOGINTZAk harremanak ditu hainbat ekintzaile kurdurekin, eta argi esan digute: Siriako kurduek ez dute onartuko gobernu islamista baten mende egotea. Bi dira haien eskaera nagusiak: BAAZ alderdiak (Assad dinastiakoa) Siriako Kurdistanen azken 60 urteetan garatutako politikak iraultzea, eta beren hizkuntza-, kultura- eta gizarte-nortasunari eutsi ahal izatea, autonomia politiko zabal baten bidez.
Onartuko al du Siriako gobernu berriak kurduek Rojavan sortu duten eskualde autonomoa eta Siria estatu federal bihurtzea? Bere hitza beteko du kurduekin, ala Turkiaren interesetara makurtuko da? Zaila da, gaur-gaurkoz, iragarpenak egitea Siriako agertoki iskanbilatsuan.
Al Assad erori zen, baina bakea ez da Siriako iparraldera iritsi, Turkia (SNAren bidez) kurduek sortu duten eremu autonomoaren aurka bere gerra partikularra zabaltzen tematuta dagoelako.