DR. GEOFFREY ROGER
University of London Institute in Paris.
Frantsesa ez diren bi hizkuntza hitz egiten dira Bretainian: bretoiera eta galoa. Lehena hizkuntza zeltikoa da, galesaren hizkuntza familia berekoa. Bretainiako jatorrizko hizkuntza da. Bretainiako mendebaldean hitz egiten da batez ere. Galoa hizkuntza latinoa da, eta Bretainiako ekialdean mintzo da. Biak egoera oso larrian daude.
Artikulu honetan Geoffrey Roger irakasle bretoiak bretoieraren egoeraren berri ematen digu, hezkuntza arloaren egoera azpimarratuz bereziki.
Berankorki bada ere, Bretainiako bertako hizkuntzak biziberritzen ari dira hezkuntzan eta eremu publikoan, Gobernuaren diskriminazio gogor bat jasan ondoren, transmisioaren eten larri batez jarraitua. Ondorioz, neurri batean, buelta eman zaie estigma soziolinguistikoei, baina ezin izan da alderantzikatu hizkuntza ordezkapena.
Gaurko egunean, Bretainian dago Europa kontinentalean geratzen den hizkuntza zelta bakarra: brezhoneg, gure artean bretainiera (bretoia). Azpitalde galo-bretoikoa izanik, erlazio estua du kernewek (kornubiera) eta cymraeg (gales) hizkuntzekin. Bretainiarren kultura identitate desberdina eratzen garrantzi nabarmena izan arren, galo-erromantzea bretainieraren gainean nagusitu da luzaro, ekialdetik presio eginez galoaren zein frantses estandarraren hiztun gero eta gehiagoz. Bretainieraren hiztun kopuru handiena 1886an zenbatu zen, 2 milioi pertsona baino zertxobait gutxiago zituela: biztanleriaren % 59. Kopuru hori nabarmen jaitsi da ordudanik, eta estimatzen da egun 200.000 inguru direla, gehienean hiztun zaharrak, galoaren oso antzera, haren hiztunak masiboki heldu baitiote frantsesari Bigarren Mundu Gerraren ondoren.
Bretainia behartuki lotu zitzaion Frantziari 1532an. Iraultzaile frantsesek probintzia eta parlamentua erabat desegin zituzten 1789an, eta 1974an baino ez zuten berpiztu, Eskualdeko Kontseilu bihurturik. Aldiz, jurisdikzio eta aurrekontu oso mugatuak zituen, Europako parekoekin alderatuta (2022an, 2.000 milioi euro baino gutxiago). Deszentralizazio erreforma delakoaren ondorioz, Bretainiako biztanleriaren eta lurraldearen bostena banandu egin dute, dukearen bizileku historikoa eta Nantes lehen zentro ekonomikoa barne, harrezkero beste Eskualde Kontseilu batek, Loirerrikoak, administratua.
Frantziaren mendeko beste hizkuntza komunitate txiki batzuek bezala, bretainiera- eta galo-hiztunek ere gobernu diskriminazio handia jasan dute. Frantsesa hizkuntza esklusibo bihurtu da eginkizun hauexetarako:
- Auzitegien erabakiak (1620 eta gero)
- Administrazioko artxiboak (1794 eta gero)
- Erregistro zibileko pertsona izenak (1803-1966)
- Errepideko seinaleak (1835-2021 bretainierarako, artean ere galoz)
- Nahitaezko eskolatzea (1881-1982 bretainierarako, artean ere galoz)
- Eliza katolikoko predikazioa eta kristau ikasbidea (1890-1905)
- Erregistro zibileko grafemak, legez kanpo utziz hainbat zeinu diakritiko, hala nola ã, á, í, ì, ñ, ò (1966 eta gero + konstituzioz kanpokotzat hartuak 2021ean)
- ‘Frantziako Errepublika’ ‘Frantziaren identitate eta ondarearen ezin besteko elementu’ bilakatzea (1992 eta gero)
- ‘irakaskuntza, lana, truke komertzialak eta zerbitzu publikoak’ (1994 eta gero)
Beren hizkuntzen aurkako zapalketa kanpaina esplizitu batez belaunalditan hiztunak umiliatu ostean, gurasoek utzi egin zioten bretainiera eta galoa transmititzeari 50eko hamarkadaren hasieran, Frantzia metropolitanoko beste hizkuntza komunitate minorizatu batzuen oso antzera. Geroztik, bretainiera eta galoa bortizki utzi diote berezko hizkuntza izateari, eta kinka hori bat dator Bretainiako mendebaldean jazo den suizidioen eta alkoholismoaren hazkunde handiarekin.
70eko hamarkadaren amaieraz geroztik, Bretainiako berezko hizkuntzak biziberritzeko aurrerapauso esanguratsuak eman dira, bereziki bretainieran, baina mugatuak izan dira galoarentzat, askok frantses estandarraren peko desbideratzetzat hartzen baitute oraindik. 1982an, azkenean, Bretainiako curriculum frantses bat eskaini zen estatuko eskola gutxi batzuetan, Diwan sarean aktibistek 1977an bretainiera bidezko skolioù kevredigezhel arrakastaz ezarri ondoren. Nahiz eta bretainiera bidezko hezkuntzak hazkunde ikaragarria eta iraunkorra izan duen ordutik, ikasleen % 3 inguru bakarrik dabil horretan, herritarren eskaria % 32,5ekoa dela estimatzen den arren. Eskaria handiagoa izaten da Bretainia ekialdean, bertako galoa askoz eskola gutxiagotan irakasten baita, eta irakasgai gisa bakarrik, irakas-hizkuntza izan ordez.
Gaur egun, bretainiera 20.000 ikasleri baino gehixeagori irakasten zaie Bretainia historiko osoan. Kopuru horretan, kontuan hartzen dira bretainierako murgiltze eredua (4.300 ikasle inguru) eta eredu elebiduna. Diwan sareak 7-8 urte bete arte bretaineran murgiltzea bultzatzen du (gero, frantsesa sartuz), eta kohorte horren % 20 baino gehiago sartzen da hor. Gainerakoa curriculum erabat elebidunetan irakasten da: Div yezh (estatuko eskolak – % 52) eta Divaskell (katolikoa/pribatua – % 28). 2022-2023 bitartean, honela banatzen dira adin-taldeak (datu hauek lehen aipatu 20.000 ikasleei buruzkoak dira):
- 3-6 urte: ehuneko 37
- 6-11 urte: ehuneko 48
- 11-15 urte: ehuneko 14
- 15-18 urte: ehuneko 3
Kopuru horiek agerian uzten dute Frantziako Hezkuntza Ministerioak irakasleen prestakuntza probisio desegokia duela eta, ondorioz, horrek bretainiera bidezko irakasleen eskasia endemikoa ekarri du, are larriagoa Bigarren Hezkuntzan. Frantziako beste eskualde hizkuntza batzuetan bezala, horren ondorioz, Lehen Hezkuntzako ikasle gehienek matrikula elebidunari uko egin behar izan diote Bigarren Hezkuntzan, eta horrek izugarrizko eragina izan du bai gaitasunean, bai transmisioan. Diwanen eredu murgiltzailea askoz indartsuagoa izan da hiztun trebeak sortzeko orduan, eta ikasle gehiagori eutsi diete bigarren mailan, baina duela gutxi Frantziako Kontseilu Konstituzionalak eraso egin dio, 2021ean Konstituzioaren aurkakotzat jo baitzuen gutxiengoen hizkuntzan murgiltzea. Erabaki horrek haserrea eragin du eta, ondoren, Hezkuntza Ministerioa, deseroso, uzkurtuz joan da, mehatxu konstituzional horrek artean airean segitzen badu ere.
Bretainian, beste leku batzuetan bezala, espazio publikoko ikusgaitasuna funtsezko faktorea izan da hizkuntza biziberritzeko. Galoak duela gutxi sarrera sinboliko bat egin du seinaletika instituzionalean; bretainierak, berriz, ikusgaitasun handiagoa izan du seinale ofizialetan eta komunikazioan eta, hala ere, oso presentzia urria izan du hedabideetan, horretarako irrati edo telebista kate publikorik ez dagoelako. Asko izan dira bretainiera sustatzeko oztopoak hezkuntzan eta espazio publikoan, nahiz eta aspaldiko estigma soziolinguistikoak atzera egin duela dirudien. Berez, pozgarria da orain bretainiarren gehiengo batek hitz egiteko gai ez izateaz lotsa direla adieraztea, baina ez da inondik ere nahikoa hizkuntza ordezkapena alderantzikatzeko. Bretainiera ikasgeletatik kanpora atera behar da, eta horrek inbertsio handia eskatzen du haur eta helduentzako eskolaz kanpoko jardueren eskaintzan.