Bi izan dira Dionisio Amundarainen (Itsasondo, 1930) bizitzaren ardatzak: euskaltzaletasuna eta kristau-fedea. Eta bietan lan oparo eta mardula egin du, sarritan biak uztartuz, esaterako, Elizen Arteko Biblia euskarara itzuli zuen taldearen buru izan zenean bezala. Apaiz beneditarra, Filosofian lizentziaduna, Teologia ikasketetan hezia, euskaltzain urgazlea, itzultzailea, idazlea eta Lazkaoko Maizpide euskaltegi ospetsuaren sortzaileetako bat. 2001ean Gipuzkoako Foru Aldundiak Anton Abbadia saria eman zion euskalgintzan egindako lanarengatik. Dionisiok gaztetatik argi izan du Herri baten nortasun-ikur nagusiena hizkuntza dela, eta euskararen sendotze-prozesuari bere bizitzaren urte luzeak eman dizkio. Naziogintza egiteko modu bikaina, zalantza barik.
Lazkaon elkarrizketatu dugu euskalgintzaren ezinbesteko erreferentzia den Amundarain, buru-argitasun bikaina bere horretan mantentzen duena.
Nolakoa zen zure haurtzaro eta gaztaroko Goierri hura, gerra osteko frankismo gordinenean? Zeintzuk dira zure oroimenak garai hartaz?
Gerra Zibilaren oroimenak etortzen zaizkit burura, oroimenik zaharrenak. Baserriko semea naiz, eta hiru anaia frontera eraman zituzten; ondorioz laster hasi nintzen ni artzain, nire aitari laguntzen. Aralar aldera joaten ginen artaldearekin.
Euskararen debekuaren gogorapenak ere baditut. Eskola publikoan, jakina, debekatuta genuen euskaraz hitz egitea. Eta zigortu egiten gintuzten euskaraz mintzatzen harrapatzen gintuztenean: oholtxo bat ematen zioten euskaraz hitz egiten zuenari. Honek euskaraz hitz egiten zuen beste bati pasatu behar zion, eta aste bukaeran oholtxoa zuena zigortzen zuten.
Oso ondo gogoratzen dut beste behin Donostiara joan behar genuela, eta lehengusu batek esan zidana iltzatuta daukat : “Hor ez egin euskaraz!”. Berak esperientzia txarra izan zuen hirian bere aitarekin eta, izututa, hori bota zidan. Antza, aita zigortu zuten euskaraz mintzatzeagatik.
Nik 10 urte bete arte ez nekien erdaraz, komentuan sartu arte. 1940an Lazkaoko komentuan sartu nintzen, eta hor ikasi nuen. Eta nik bezala, nire haurtzaroko Goierri hartan gehienak euskal elebakarrak ziren, batik bat Lazkao bezalako herri txikietan.
Hamabost urte nituela Francisco Javier Landabururen liburu bat irakurri nuen, eta horrek begiak ireki zizkidan. Pixka bat geroago Orixeren meza-liburua ere, euskaraz irakurri nuen lehena. Hori izan zen nire euskarazko alfabetatzearen hasiera.
Azpimarratu behar da gerra zibilaren osteko Goierri hartan ez zegoela apenas mugimendu politikorik. Jendeak beldurra hezurretaraino sartuta zeukan. 1950eko hamarkadaren erdialdean hasi ziren gauzak pixka bat mugitzen arlo politiko eta kulturalean.
Zu apaiza zara eta Elizak zeregin bikoitza jokatu zuen frankismoaren garai gogorrenetan: alde batetik Francoren euskarri eta erakunde zilegiztatzaile garrantzitsuena izan zen, baina, beste aldetik, Euskal Herrian Eliza euskararen aterpe, ezkutalekua eta baita euskara sustatzeko tokia ere, Arantzazu, Lazkaoko beneditarrak, lehenengo ikastolen lege-babesa edo Goierriko Euskal Eskola horren lekuko. Nola bizi izan zenuen zuk Francoren garai iluna Elizako apaiz eta beneditar gisa?
Eliza aipatzerakoan bereizi egin behar dira hierarkia eta herritar kristauak. Francoren diktaduraren garaian Elizako hierarkiak ez zuen erregimena salatu. Lehenago ere, errepublikaren garaian, hierarkia horrek errepublikaren aurka gogor jo zuen.
Gogoratu behar da gerra zibilean Francok 14 euskal apaiz fusilarazi zituela, eta beste askok (Joxe Migel Barandiaranek, adibidez) erbesteko bidea hartu behar izan zutela. Mateo Muxika Gasteizko gotzaina ere zigortu zuten, Vidal i Barraquer gotzain katalanarekin batera Francoren aldeko 1937ko manifestua sinatu ez zuelako (Muxika eta Vidal i Barraquer izan ziren estatuko gotzain bakarrak manifestu hori sinatu ez zutenak).
Euskal Eliza berrantolatu egin zuen Francok, beraz. Baita arlo administratiboan ere: Gasteizko elizbarrutia desegin eta euskal Elizaren aginte-guneak Burgosen, Calahorran eta Jakan jarri zituen.
Beneditar gisa nik ere polizia frankistaren gehiegikeriak sufritu ditut. 1968an sartu ziren gure komentuan lehenengo aldiz guardia zibilak, gure liburutegia miatzeko, liburu eta aldizkari “debekatuen” bila. Eta behin baino gehiagotan gertatu zitzaigun hori hurrengo urteetan. Guk, jakina, liburu arriskutsuak oso ondo ezkutatuta geneuzkan.
Orokorrean esan liteke XX. mendeko 1950eko eta 1960ko hamarkadetan euskal Elizaren apaiz batzuek erregimenaren gehiegikeriak ozen salatu zituztela, baina beste askok jarrera askoz epelagoa izan zutela.
Hain zuzen, 1959an Euskal Herriko 339 apaizek gutun ospetsu bat idatzi zuten, erregimen frankistak euskal hizkuntza eta identitatea bortizki zapaltzen zituela salatuz. Hautsak harrotu zituen eskutitz hark. Euskal Elizaren kupula Francoren alde lerrokatu bazen ere, esan al liteke euskal apaizen artean sentimendu antifrankista eta abertzalea zela nagusi garai hartan, edota abertzale izan gabe ere giza eskubideen ikuspegitik ausarki jokatu zutela?
Nik esango nuke garai hartako euskal apaiz gehienak, Gipuzkoan eta Bizkaian batik bat, euskaltzaleak zirela. Ez dakit abertzaleak izango ziren, baina euskaltzaleak bai behintzat. Kontuan hartu euskaldun peto-petoak zirela haietako asko, ni bezalako baserriko semeak (gaur egun hori ez da gertatzen). Horrek ez du esan nahi, baina, denak mugitzeko prest zeudenik. 339 apaizek sinatu zuten eskutitz hura, bai, baina garai hartako Euskal Herrian apaizen kopurua askoz ere handiagoa zen.
Garrantzi handikoa da zure bizitzan 1952. urtea, Elbira Zipitria ezagutzen duzun urtea. Berak alfabetatzeko lehenengo ikastaroak eman zizkizun. Nolakoa zen Elbira? Emakume kementsu haren zein alderdi azpimarratuko zenituzke?
Kemena, bai, emakume kementsua zen Elbira. Gerra aurrean, lehenengo ikastola horietako baten irakaslea, eta EAJ-ko militante sutsua. Gero, erbestea: Iparraldera joan zen, eta bertan Frantziako sistema pedagogikoa aztertu eta bereganatu zuen. Eta urte batzuk geroago, atxilotuko zuten ala ez jakin gabe, Donostiara itzuli zen, adore handiko emakumea baitzen. Hor ikastola klandestino bat antolatu zuen eta helduak alfabetatzen ere hasi zen.
1952an ezagutu nuen nik. Lazkaora etorri zen eta euskal aditzari buruzko ikastaro bikaina eman zigun. Ikastaro hartan nirekin batera Isidro Baztarrika (horri buruzko liburu bat idatzi zuena), Antonio Azkue eta Jon Balerdi egon ziren, gero Goierriko lehenengo euskarazko irakasleak izango zirenak.
Kementsua eta adoretsua izateaz gain, feminista ere bazen Elbira. Behin batean meza eman nuen eta bukatutakoan niregana hurbildu eta esan zidan: “meza gizonezkoentzat soilik al da?”. Kontua da nik mezan hau esan nuela: “Anaiok, egin dezagun otoitz….”. Harrezkero beti esan dut: “Anai-arrebok (edo senideok), egin dezagun otoitz…”
Bere bizitzaren azken urteak, XX. mendeko 1970eko hamarkadatik aurrera, gatazkaren urteak izan ziren. Alde batetik, ikastolen hazkunde handiak metodologia berri batzuk zekartzan, eta Elbirak ez zituen metodo berri horiek onartzen. Bestalde, euskara batuaren auzia: kontrako jarrera sutsua hartu zuen. Behin nirekin haserretu egin zen horregatik, eta perla hau bota zidan: “damu naiz zuri euskara irakatsi izanaz”
Inork gutxik daki 1980 inguruan Israelen egon zinela, hebreeraren berreskurapen-prozesua eta hizkuntza horren irakaskuntza-eredua aztertzen. Zer ikasi zenuen han? Gehiegi mitifikatu al da Israelgo hizkuntza-eredua ala benetan ongi landu dute haiek beren hizkuntzaren berreskurapena? Zer falta zaigu guri Euskal Herrian haiek horretarako erabilitako baliabideetatik?
HABEren izenean joan ginen hara 1982an, hebreeraren irakaskuntzan erabiltzen zuten metodologia aztertzeko. Eta alde horretatik ez genuen ezer ikasi. Guk ordurako haiek zuten metodologia bezain ona baikenuen hemen.
Atentzioa eman zidan ikusteak zer nolako grina zuten haien tradizioei eusteko. Testamentu zaharreko aginduak, esaterako, itsu jarraitzen zituzten.
Metodologiaren aldetik gutxi ikasi bagenuen ere, Israelen konturatu nintzen hizkuntza bat suspertzeko orduan zer garrantzitsua den estatu bat edukitzea. Haiek estatua zuten, guk ez. Eta horrek azaltzen du, hein handi batean, hebreeraren suspertze-prozesuan izan duten arrakasta.
Guk bezala zuk ere uste osoa duzu gure naziotasunaren ardatza euskara dela. Hizkuntzak Herri-nortasuna ematen digula. Azken inkesta soziolinguistikoek agerian jartzen dute Euskal Herrian euskararen kale-erabilera jaisten ari dela, batez ere “arnasa-gune” izeneko toki euskaldunenetan. Gure ondare naturala edo artistikoa nahitaez kontserbatu behar dugula diote gure politikariek, eta ondare horietan galera bat izango balitz iskanbila bat sortuko litzateke, dimisio eta guzti. Baina gure hizkuntza-ondarea galtzen ari da, eta ez dago politikari horien aldetik inongo erreakziorik, are gutxiago dimisiorik. Aitzitik, diskurtso ofiziala da dena ondo doala, euskarak inoiz baino hiztun gehiago dauzkala…..
Nik politikariengandik gutxi espero dut. Euskarari dagokionez, alde handia baitago esaten duten eta egiten dutenaren artean.
Alderdi politiko abertzaleak -denak- ez dira gehiegi bustitzen euskararen alde. Keinu sinbolikoak bai, baina horiek ez dira nahikoak. Eta horietako batzuek independentzia dute lehentasuna, ez euskara indartzea, bigarren hau lehenengoaren menpe jartzen dutelako. Hots, euskara “gerorako” uzten dute.
Behin kontatu zidan Txillardegik Francoren garaian jeltzale batek esan ziona: “Ezagutzen zaitugu, Jose Luis, zu oso muturrekoa zara…. Baina hondarrean zuk ere, guk bezala, gustura hartuko zenuke oraintxe bertan euskararik gabeko Euskadi independente bat, ahalko bazenu”. Txillardegiren erantzuna: “Baina zertarako nahi dugu euskararik gabeko Euskadi bat?”
Gotzain emeritua zen Setienek zioenez, ez dira dogmak ez Espainiaren batasuna ezta Euskal Herriaren independentzia ere. Dena den, praktikan bakoitzak bere errotara eramaten du ura. Elizak neutroa izan behar al du Estatu batek Herri bat menpean hartzen duenean?
Neutraltasunik ez dago. Isiltasunarekin ere askotan zerbait esaten ari gara, jarrera zehatz bat har dezakegu isiltzen garenean.
Elizak dokumentu eta entziklika asko dauzka Herrien eskubide kolektiboen aldekoak; baina gero, eskubide horiek defendatu behar direnean beldurrez jokatzen du beti. Afrikako Herrientzat agian eskubide horiek defendatuko ditu, baina ez Europako Herrientzat: Euskal Herriko eta Kataluniako eskubide nazionalez, hitzik ez.
Euskal Herriko apaizek, aldiz, beste jarrera bat hartu dute sarritan gure eskubide nazionalez. Gogoratu, esaterako, 2002an Euskal Herriko 358 apaizek eskutitz bat plazaratu zutela euskal Elizaren hierarkiak euskal aferaz zuen jarrera ofiziala kritikatuz.
Nire iritzia emango dizut gai honetaz. Bat nator Xavier Rubert de Ventós filosofo katalanaren esaldi honekin: “Gaur egungo estatuen profilak ez du zer ikusirik herri-borondatearekin. Izan ere, gaur egungo mugak zoriaren eta indarkeriaren ondorio dira, eta erregeen ernal-haziaren eta jauntxoen itunen ondorio ere bai. Muga horiek indarkeriarik gabeko erreferendum baten bidez definitzea aurrerapen demokratiko bikaina irudituko litzaidake”
Lekutan dago gaur egungo Euskal Eliza XX. mendeko 1980ko eta 1990eko hamarkadetakoetatik. Garai hartako buruzagiek (Setien, Uriarte…), ematen duenez behintzat, beste sentsibilitate bat zeukatela Euskal Herriarekiko gaurkoekin (Munilla, Izeta….) alderatuta. Horren isla da Setien Donostiako gotzaina benetako pertsonaia zitala eta gaiztoa zela Espainiako batasunaren defendatzaile sutsuentzat…. Zuk uste al duzu maniobra politikorik izan dela Euskal Eliza espainolizatzeko? Euskal Eliza arriskutsuegia zela espainiar nazionalismoarentzat eta Munilla eta Izetaren bidez neutralizatu nahi izan dutela?
Hori begi-bistakoa da, edonork ikusten du. Rouco Varelaren maniobra bat izan zen hori (gotzain horien izendapena) euskal Eliza neutralizatzeko. Eta horretarako Roucok gizonik onena (txarrena guretzat) hautatu zuen, Munilla. Txarrena Elizarentzat eta txarrena Euskal Herriarentzat. Aspalditik ezagutzen dut Munilla, eta badakit Rouco Varelaren gustukoa zela, espainolista sutsua den Roucoren ildokoa.
Nik artikulu bat idatzi nuen Munilla Donostiako gotzain izendatu zutenean: “Gorrota nazatela beldurra didaten bitartean”. Hori baita nire ustez gotzain hori hobekien definitzen duen esaldia.
XX. mendeko 1960ko eta 1970eko hamarkadetako immigrazio masiboaren lekukoa izan zinen. Espainiatik zetorren etorkinen olatua Goierrira eta Hego Euskal Herri osora heldu zen. Ukaezina da horrek eragin handia izan zuela euskararen eta euskal kulturaren bilakaeran, eta horren ondorioak gaurdaino iritsi direla. Orain, Afrikatik eta Hego Amerikatik beste olatu bat etortzen ari zaigu. Uste al duzu euskal erakundeek neurri eraginkorrak hartu dituztela alde batetik etorkin horiei harrera egiteko, eta bestetik, euskal hizkuntzari eta kulturari ahuldu gabe eusteko? Zer egin beharko litzateke etorri berrienak gure hizkuntzan eta kulturan integratzeko?
Nik ez dut uste une honetan Eusko Jaurlaritzak ezer egiten duenik gai honi dagokionez. Formakuntzarako, ezer ez. Formakuntza zibiko bat landu beharko litzateke nire iritziz, euskal kultura eta hizkuntzaren formakuntza integrazioa erraztekotan, beste herrialde batzuetan egiten denaren antzekoa. Boluntarismoan uzten bada, oso gutxi izango dira formakuntza hori beren kabuz egingo dutenak.
XX. mendeko 1960ko hamarkadan hona etorri zirenei ez zitzaien formakuntza hori eman, aukerarik ez zegoelako, eta ondorioak begi-bistakoak dira oraindik ere. Baina orain Jaurlaritza bat dugu EAEn, eta gauzak beste modu batean egin litezke. Ondo da etorri berrien egoera ekonomikoari garrantzia ematea, eta laguntzak bideratzea, baina trukean hemengo hizkuntza eta kulturaren formakuntza bat exijitu beharko litzaieke.
ETA erakundeak borroka armatua amaitutzat eman zuen 2011n, eta gu asko poztu ginen horregatik. Harrezkero, ETAren inguruko talde eta erakunde politikoek aldaketa ideologiko bat izan dute, eta euren agendaren lehen lerroan naziogintzarekin eta askapen nazionalarekin zer ikusirik ez duten beste gai batzuei heldu diete. Antzeman al duzu zuk ere aldaketa hori? Hots, euskara, euskal kultura eta euskal nazioaren aldeko aldarriak baztertuta daudela diskurtso politikoaren ardatzetik azken boladan?
Nire iritziz diskurtso politikotik euskara ez dago desagertuta, baina ekintzetan, lehen aipatu dudan bezala, alderdi abertzaleek gutxi egiten dute. Adibide praktiko bat emango dizut: EAEko aurrekontuetan, aurten HABErako diru-kopurua jaitsi egin da. Eta hori kontuan hartuz euskaraz ezer ez dakiten etorkin berri asko hona etortzen ari direla. Bada, euskara ikasteko diru gutxiago.
Maila sinbolikoan ere atzera goaz: gure erakunde askori ingelesezko izenak jartzeko mania berria horren lekuko. Nik eztabaida batzuk izan ditut horregatik, baina, bistan da, galdu egin ditut.
Elkarrizketa egin dizun taldea, NAZIOGINTZA, ezagutzen al duzu? Zer iruditzen zaizu gure egitasmoa? Uste al duzu beharrezkoa dela egun euskal hizkuntza, euskal kultura eta euskal nortasun kolektiboaren aldeko diskurtsoa, ikuspegi abertzale batetik landua, euskal gizartean txertatzea?
Bai, ezagutzen zaituztet. Eta nire ustez gaur egun ezinbestekoa da horrelako talde bat. Zuek egiten duzuen lana gehiago zabaldu beharko litzateke, jende gehiagorengana iristeko.
Karmele Altzueta Donostiako Santo Tomas Lizeoko zuzendari izan zenak esaldi polita idatzi zuen behin: “Ikastolen zeregin nagusia da gure ikasleek gure Herriaren nortasuna berenganatzea. Gure ikasleek Herri-minik gabe bukatuko balituzte beren ikasketak, gure helburua bete gabe geldituko litzateke. Guk gizon-emakume euskaldunak sortu nahi ditugu”. Beraz, euskal hizkuntza, euskal kultura eta identitatea indartu behar ditugu.
IRAKURLE JATOR HORI: Naziogintza interesatzen al zaizu? Gure taldeko kidea izan nahi duzu? Idatz iezaguzu eta informazioa bidaliko dizugu: http://www.naziogintza.eus/egin-bazkide/
NAZIOGINTZAK EGINDAKO ELKARRIZKETA
2019KO ABENDUA