ETAK BERE DESAGERPENA ADITZERA EMAN DU

    NAZIOGINTZAren oharra: Agerian jarri nahi dugu artikulu hau idazterakoan hitz eta iritzi neurtuak erabili behar izan ditugula. Izan ere -eta gure nazioarteko irakurleek uler dezaten- Espainiak zentsura bortitza ezarri du gai honetaz. Ezin dugu askatasunez idatzi; ez zaigu posible, “terrorismoaren apologia” izeneko delitua oso erraz leporatzen delako eta espetxean amaitzeko arrisku handia dagoelako. Irakurleak jakin dezan, beraz, zentsuraren itzalpean idatzia izan dela artikulu hau.

     

    ETA erakunde armatuak amaiera eman dio aurreko maiatzaren 4an bere 60 urteko ibilbide luzeari. Euskadi Ta Askatasuna erakundea (ETA) 1959an sortu zen Euskal Herriaren independentzia lortzeko (eta ez soilik diktadura frankista ezabatzeko). Lehenengo urteetan ez zituen ekintza odoltsuak burutu, beste mota batekoak baizik: ikurrinak eskegi, pintaketak egin, propaganda banatu, indar gutxiko lehergailuak ipini… 1968an etorri ziren lehenengo hilketak: guardia zibil batena errepide kontrol batean, eta Meliton Manzanas poliziaburu eta torturatzaile frankista ezagunarena gero.

    ETAren agerpena testuinguru gogor batean gertatu zen. 1959ko diktadura frankistak euskal identitatearen zantzurik txikiena zapaltzen zuen garaian: euskal hizkuntza eta kultura debekatuak eta jazarriak ziren, ikurrina eta euskal sinbolo guztiak galaraziak, abertzale asko espetxeratuak, Eusko Jaurlaritza erbestean…. Erregimen frankistak errepresio latza ezarri zion Hego Euskal Herriari eta militantzia abertzaleak katakunbetan jardun behar izan zuen. Zapalkuntza nazional bortitz horri aurre egiteko gazte abertzale batzuek -EAJk erakusten zuen pasibotasunaren aurrean- erakunde berri bat sortu zuten 1952an (EKIN), denboraren poderioz ETA bihurtuko zena.

    Sorreratik bertatik naziotasunaren hainbat oinarri berraztertu zituen ETAk. Abertzaletasuna ulertzeko modu berri bat plazaratu zuen: Sabin Aranaren eta aurreko nazionalismoaren aldean, ETAk ez zion aparteko garrantzirik ematen arrazari edo erlijioari, adibidez. Aldiz, euskaran oinarritu zuen nazioaren funtsa. Abertzaletasun irekia proposatu zuen, eta Euskal Herrian jaio ez arren euskal hizkuntza eta sentimendua bereganatzen zuen etorkina euskal nazioaren semetzat/alabatzat hartu zuen. Ikuspuntu guztiz berritzailea.

    60 urteko ibilbidean 800 hildako baino gehiago eragin ditu ETAk. Lehenengo urteetan hilketak oso selektiboak izan ziren (Espainiako indar armatuen kideak), baina denboran aurrera joan ahala, hilketa horiek ez ziren hain selektiboak izan eta biktimen eta mehatxatuen espektroa asko zabaldu zen (politikariak, kazetariak, enpresaburuak…). Horrekin batera bere ideologian ere aldaketak gertatu ziren bere ibilbidean eta horrekin batera sozialismoak -hasieran- eta marxismo-leninismoak -geroago- gero eta garrantzi gehiago hartu zuten bere baitan. Bestalde, Espainiako Gobernuei (frankistei hasieran, eta neofrankistei gero) ETAren jarduerak aitzakia ezin hobea eman zien euskal independentismoaren eta euskal kulturaren aldeko mugimenduen aurkako errepresio latza burutzeko: 1960tik gaur arte 25.000 atxilotu, 5.000 torturatu, 300 hildako… 1995etik aurrera Espainiaren errepresioa aro berri batean sartu zen: euskal komunikabideak itxi, buruzagi politiko independentistak espetxeratu, manifestazioak debekatu, alderdi politikoak legez kanpo utzi… “Dena da ETA” doktrina sortu zuten espainiarrek eta horren erabilera politiko-mediatiko-judizialaren bidez, euskal kazetariak, sindikalistak, politikariak, intelektualak, juristak, unibertsitateko irakasleak, eta abar, eraman zituzten espetxera.

    Erakunde armatuak nazioarteko ospe handia bereganatu zuen 1970ean, frankismoak ETAren 16 kide epaitu zituenean Burgosko prozesuan. Are ospetsuago bihurtu zen 1973an, Carrero Blanco almirantea -Francoren ondorengoa izan behar zuena- hil zuenean.

    Espainiako gobernuarekin hiru negoziazio-prozesu zapuztuak izan ondoren (1989an, 1999an eta 2006an) ETAk bere jarduera armatuaren bukaera iragarri zuen 2011n. Espainiako Gobernuak, baina, oso gaizki hartu zuen ETAren erabakia eta, logikaren kontra, era guztietako trabak jarri zizkion armagabetzeari, tartean lan horretan ari ziren bitartekariak atxilotu zituzten frantsesek Ipar Euskal Herrian Espainiako poliziarekin elkarlanean jardunda. Azkenean, Ipar Euskal Herriko “Bakegileak” izeneko bitartekari-taldeari esker, armagabetzea gauzatu zen duela urtebete eta orain ETAk bere betiko desagerpena iragarri du.

    Erakundeak 300 preso inguru ditu oraindik Espainiako eta Frantziako hainbat espetxetan, dispertsio politikaren aplikazioa dela medio, Euskal Herritik oso urrun, ahal izan duten urrunen. Dagoeneko Frantziako Gobernuak preso batzuk hurbildu ditu Euskal Herrira eta orain, ETAren desagerpenaren ondoren, espero dugu hurbilketa horiekin jarraitzea. Duela 15 urte ETAren preso kopurua 700dik gorakoa zen.

    Bestalde, deserriratu edo errefuxiatu asko ditu munduko hainbat estatutan barreiatuta, Euskal Herrira etortzerik ez dutenak.

    Naziogintza Taldean gure poza agertu nahi dugu ETAk hartu duen erabakiagatik. Berandu iritsi dela uste dugu, baina, hala ere, pozez hartu dugu bere borroka-moldearen amaieraren aldarria. Alde batetik jendearen sufrimendu antzuari amaiera ematen diolako, bestetik Espainiako Gobernuari estrategia errepresiboa eta antidemokratikoa burutzeko aitzakia kentzen diolako, eta, azkenik, hori delako bidea, Euskal Herriaren askatasunaren alde mugitzen diren pertsonen arteko harremanak hobetzeko balioko duelako. Bestalde, alor politikoan ETAren jarduera armatuaren amaierak gauza ugari jarri ditu agerian, tartean Espainiako zurikeria eta gezurrak. Hala nola, “indarkeriarik gabe dena posible dela” ziotenen gezurra. Ez zuten uste baina hori frogatzera ere iritsi egin da eta Katalunian gertatzen ari dena da horren froga garbia.

    ETArik gabeko fase berri honetan euskal nazionalismo aurrerakoiaren erronka ez da samurra: abertzaletasuna eta independentismoa indartu eta Espainiako (eta Frantziako) jarrera antidemokratikoei aurre egin, euskal eskubide nazionalen gatazka parametro demokratikoetan planteatuz eta bi estatuen kontraesanak agerian jarriz. Arlo horietan ongi lan eginez gero euskal abertzaletasunak irabaziko duelakoan gaude.