EUSKARALDIA: EUSKARAZ BIZI 11 EGUN

    Artikulu hau ingelesezko bertsioaren laburpena da. NAZIOGINTZAk interes berezia zeukan Europako estaturik gabeko nazioen irakurleak EUSKARALDIAren berri izan zezan, euskararen aldeko ekimen hori interesgarria izan daitekeelako Europako beste hizkuntza gutxituentzat ere. Hori horrela izanik, ingelesezko bertsioa lehenetsi dugu kasu honetan, irakurle euskaldunak Euskaraldiari buruzko informazio nahikorik baduelakoan.

    Laburpena:

    Nazioarteko irakurleentzat idatzitako artikuluan Euskaraldiaren berri eman dugu. Hamaika eguneko ekimen horretan (2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra arte) Euskal Herri osoko 225.000 boluntariok parte hartu dute, euskararen kale-erabilera sustatzeko asmoz. EUSKARALDIAren alderik interesgarriena hori izan da, hain zuzen ere, gure ustez: lehenengo aldiz euskararen erabilera bultzatzeko abian jarritako ekimena izatea. Orain arte, euskararen aldeko ekimen guztiek aldekotasun testimoniala bilatzen zuten, baina EUSKARALDIA harago joan da eta euskara erabiltzeko konpromisoari lehentasuna eman dio. Alde esanguratsua.

    Datozen asteetan ezagutuko dugu ekimen horren balantzea. Kanpainako 11 egun horietan euskararen erabilera areagotu den ala ez eta, garrantzitsuagoa dena, kanpainaren ostean balizko erabileraren igoera denboran zehar mantendu den ala ez.

    NAZIOGINTZA Taldearen iritziz EUSKARALDIAren balorazioa (behin betiko emaitzak oraindik ez ezagutu arren) positiboa da, orokorrean. Hainbat alderdi on dakusagu ekimenean: erakunde publiko eta pribatuen arteko elkarlana, ekimenak eragin duen kontzientziazio linguistikoa, ariketa kolektibo izatea eta Euskal Herri osoan burutzea….. Halere, ezin dugu saihestu EUSKARALDIAk jaso duen kritikarik handiena, gureganatzen duguna: erakunde publikoek izan dezaketen tentazioa euskararen erabileraren ardura herritarron bizkarrean esklusiboki jartzeko, Administrazioaren erantzukizuna gutxituz. Guk argi dugu gure hizkuntzaren normalizazio osoa lortzeko, herritarron ahaleginez gain, erakunde publikoek ere hizkuntza-politika ausartagoa abian jarri behar dutela, eta batez ere, berek jada beren gain ezinbestean hartuak dituzten konpromisoak eta betebeharrak zorrotz bete behar dituztela.