Hauteskundeak izan dira berriki Faroe Uharteetan, eta independentista eta unionisten arteko oreka mantendu egin da. FÓLKA FLOKKURIN alderdi independentista (8 eserleku parlamentu berrian) izan da irabazlea, eta SAMBANDSFLOKKURIN unionista, bigarrena (7 eserleku). Zazpi alderdi politiko daude bertako parlamentuan. Guztira, alderdi unionistek %52ko ordezkaritza dute legebiltzar berrian eta independentistek %48.
Faroe Uharteak Danimarkaren mende daude XIV. mendetik, baina autonomia oso zabala dute, hizkuntza bizia eta sentimendu nazional sendoa. Bitxia da egiaztatzea herritar gehienek faroetartzat jotzen dutela beren burua, ez daniartzat, baita unionista gehienek ere. Danimarkaren erresumak historikoki erakutsi ohi duen tolerantziak faroetar hizkuntza, kultura eta identitatearekiko (zer ikusirik ez duena Espainiak edo Frantziak euskaldunekiko izan dutenarekin) azaltzen du faroetarren erdiak estatu horrekin loturak ez hausteko hautua egitea, beren burua faroetartzat soilik jo arren.
2018an bozkatu behar zuten faroetarrek euren Konstituzio berria, besteak beste artxipelagoaren izaera nazionala eta bere autodeterminazio-eskubidea onartzen zituena. Baina ez zuten egin. Eragozpenak ez dira Danimarkatik etorri (izan ere, Danimarkako gobernuaren jarrera eredugarria izan da afera honetan, Faroeren etorkizun politikoa faroetarrei dagokiela argi utzi baitu), bertako parlamentutik baizik: independentistak eta unionistak ez ziren ados jarri aurreko legegintzaldian testu berria adosteko, eta horrenbestez, aurreikusita zeuden epeak ez dira bete.
Ezkerreko gobernu bat osatu zuten independentistek eta unionistek aurreko urteetan. Aurtengo hauteskundeen ondoren, aldiz, zentro-eskuineko gobernu batek hartu du lekukoa (FOLKÁ FLOKKURIN independentistak, SAMBANDSFLOKKURIN unionistak eta MIÔFLOKKURIN autonomistak osatua). Bere gobernu-programan alderdi horiek ez diote inongo aipamenik egin Konstituzio berriari: gaia baztertu egin dute beren arteko liskarrak saihesteko. Praktikan, horrek esan nahi du datozen lau urteetan faroetarrek ez dutela urrats esanguratsurik emango burujabetzarantz, ezustekoren bat gertatu ezean behintzat.
Faroe Uharteetako Konstituzio berria idazteko lanak 1999an hasi ziren. Atal askotan akordio zabalak egon arren, autodeterminazioari dagokionez akordioa ez da posible izan. Hiru alditan aurkeztu zen legebiltzarrean egitasmo konstituzional berria, baina hiruretan ez zen onartu.
1948tik Faroe Uharteak autonomia politiko oso zabala dute Danimarkaren barruan. 2005ean autonomia hori are gehiago zabaldu zen: nazioarteko itunak sinatzeko aukera du faroetar gobernuak, esaterako, uharteei zuzenean eragiten dizkieten gai eta arazoetan. Gaur egun Faroe Uharteek eskumen esklusiboak dituzte legeak egiteko eta hainbat arlotan gobernatzeko, zerga- eta finantza-politikak barne. Horrek “de facto” esan nahi du faroetarren eguneroko bizitzan eragina duten erabaki guztiak Faroe Uharteetan hartzen direla.
Hiru aipamen faroetar gobernuak duen autonomia zabala agerian uzteko: Faroe Uharteek futbol-selekzio propioa dute (nazioartean lehiatzen duena), Unescoko kide dira eta Europako Batasunetik kanpo daude (berek hala erabakita) Danimarka barruan egon arren.
Faroetarrek erritmoa moteldu dute independentziarako bidean. Ez dute presarik. Agian, ia independenteak direlako. Edo Danimarkaren aldetik tratu txarrak jasotzen ez dituztelako, errespetua eta begirunea baizik. Euskaldunok, bistan da, ezin dugu gauza bera esan.