FAROEREN URTEA

    2018. urtea erabakigarria izango da Danimarkaren menpeko Faroerentzat. Izan ere, aurtengo apirilaren 25ean faroetarrek Konstituzio berria bozkatuko dute. Onartzen bada, artxipelagok aitortza nazionala izango du, eta autodeterminazio eskubidea lortu. Hortik aurrera, atea irekiko zaio erreferendum lotesle baten bidez independentzia eskuratu ahal izateko.

    Danimarkaren menpekoak diren eta Eskozia eta Islandiaren artean kokatzen diren uharte horiek autonomia oso zabala dute 1948tik. Haien parlamentuan indar independentistak nagusi dira egun (%52ko ordezkaritza). Kanpo harremanetan eta Defentsan izan ezik, burujabetza oso zabala dute gainontzeko eremu guztietan.

    Herrialde oso aberatsa da, arrantza du bere jarduera ekonomiko nagusia. 50.000 biztanlera ozta-ozta iristen diren faroetarrek txantxetan esan ohi dute irletan ardi gehiago dagoela gizakiak baino. Halere, faroetarrek nortasun kolektibo sendoa dute, eta biztanleriaren gehiengo zabalak bertako hizkuntzaz (faroeraz) hitz egiten du.

    Faroeak, Danimarkaren aldean, estatus berezia du eta ez da Europar Batasunako kide. Aipagarria da futbol selekzio propioa dutela, nazioarteko lehiaketetan parte hartzen duena. Inbidia jatorra gurea!

    Azken urteotan Danimarkako Lehen Ministroek sarritan aitortu dute Faroeren etorkizun politikoa faroetarren esku bakarrik dagoela. Era berean, 2001ean Danimarkako parlamentuak antzeko ebazpen baten alde bozkatu zuen. NAZIOGINTZA taldean txalotu egiten dugu Danimarkako klase politikoaren jarrera demokratiko eredugarria, autodeterminazio eskubidearen aldekoa. Lekutan dago jarrera jator hori, tamalez, Espainia eta Frantziaren aldetik euskaldunok pairatzen dugun jokaera intolerantetik.

    Aipatzekoa da Puigdemont presidente kataluniarrak orain gutxi Danimarkara egindako bisita, besteak beste, Faroeko alderdi independentistek antolatu zutela.

    Zalantzarik gabe, beraz, 2018a urte garrantzitsua izango da Ipar Atlantikoko artxipelago horrentzat, bere historiaren mugarri esanguratsua. Gertutik jarraituko ditugu bertako berriak hurrengo hilabeteetan.