FRANTZIAR ESTATUKO NAZIOEK ESKUALDEKO HAUTESKUNDEETAN BOZKATU DUTE

    2021eko ekainean departamenduetarako hauteskundeak ospatu dira Frantzian, eta baita Korsikako Asanbladakoak ere. Hauteskunde esanguratsuak, gure ustez, tokian tokiko mugimendu abertzaleen indarra neurtu ahal izateko. Ez da sorpresarik izan, eta hauteskundeek aurretik jakindako gauza bat egiaztatu egin digute: hau da, Korsika eta Ipar Euskal Herria direla frantziar estatuko lurralde abertzaleenak, bertan lortzen baitituzte alderdi nazionalistek haien emaitzarik onenak.

    Jakina denez, Frantziako hauteskundeak bi itzulitan burutzen dira. Artikulu honetan emango ditugun emaitzak lehenengo itzulikoak dira. Arrazoia sinplea da: gure iritziz, lehenengo itzuliaren emaitzek hobeto islatzen dituzte hautesleen lehentasunak, bigarren itzuliko aliantzek partzialki desitxuratzen dituztelako herritarren aukera zuzenak.

    Aipagarria da hauteskunde hauetako lehen itzulian erregistratutako abstentzioa, estatuan %66koa. Neke pandemikoa ez ezik, politikarekiko interesik eza gero eta handiagoa, eta Frantzia zentralizatuan eskualdeek eta departamenduek dituzten eskumen urriak abstentzio handi horren atzean egon daitezke.

    KORSIKA:

    Korsikako Asanbladako hauteskundeen emaitzei so eginez, bertako nazionalismoaren garaipena begi-bistakoa da. Nahiz eta oraingo honetan alderdi nazionalistak zerrenda ezberdinetan aurkeztu (2017an elkartuta aurkeztu ziren, “Pe a Corsica” koalizio arrakastatsuan), denen artean botoen %57 lortu dituzte lehenengo itzulian. Alderdi bozkatuena FEMU A CORSICA abertzale autonomista izan da (Gilles Simeonirena), botoen %29 eskuratuta. Bigarren tokian, eskuin frantsesa gelditu da (%24). PARTITU DI A NAZIONE CORSAk (abertzalea, J-C. Angelinirena) botoen %13 bereganatu du. Laugarren tokian, CORE IN FRONTE independentista (%8), eta bosgarrenean beste alderdi independentista bat, CORSICA LIBERA, J-L.Talamonirena (%7). Independentismoak, beraz, botoen %15 lortu du, inoizko emaitzarik onenak, abertzale autonomistek %42 lortu duten bitartean.

    Aipatzekoa da frantziar eskuin muturraren (RN) porrota Korsikan: beste toki batzuetan emaitza bikainak lortu arren, Marine Le Pen-en alderdiak botoen %4 besterik ez du jaso Frantziaren menpeko Mediterraneoko uhartean. Datu adierazgarria.

    Bigarren itzulian abertzaleen garaipena baieztatu eta handitu egin da: Gilles Simeoniren alderdiak (FEMU A CORSICAk) botoen %40 lortu du, CORSICA LIBERA eta PARTITU DI A NAZIONE CORSAren arteko koalizioak botoen %15, eta CORE IN FRONTEk %12. Korsikako ganberan, beraz, abertzaleen nagusitasuna are gehiago areagotuko da.

    IPAR EUSKAL HERRIA:

    Frantziako eskuina izan da garaile Ipar Euskal Herriko hauteskundeen lehenengo itzulian (%39), baina indar abertzaleak (EUSKAL HERRIA BAI) bigarren tokian geratu dira, botoen %24,5 lortuta, inoizko emaitzarik onena. Euskal abertzaletasunak gorako bidea hartu du Iparraldean, eta hauteskundez hauteskunde joera hori sendotzen ari da. Iazko udal-hauteskundeek abertzaletasunaren indarra agerian jarri zuten, eta departamendukoek garbi frogatu dute aurreko emaitzak ez zirela koiunturakoak izan. Azpimarratzekoa da, halaber, orain dela urte batzuk pentsaezina zena (Ipar Euskal Herriko 12 kantonamenduetan zerrendak aurkeztea) arazorik gabe lortu duela EUSKAL HERRIA BAIk, Hendaiako kantonamenduan lehenengo indarra izanik eta beste 6 kantonamenduetan bigarrena.

    Bigarren itzulian EUSKAL HERRIA BAIk bi ordezkari lortu ditu, departamenduko Kontseilura (Pauera) joango direnak. Meritu handiko lorpena, kontuan izanik Kontseiluan Ipar Euskal Herriak ordezkaritza gutxiago duela, Biarnorekin partekatzen baitu departamendua.

    BRETAINIA:

    UNION DEMOCRATIQUE BRETONNE/UNVANIEZH DEMOKRATEL BREIZHV (UDB) alderdi abertzaleak ekologistekin osatu du koalizioa (Bretagne d’Avenir), emaitza onak lortuz: botoen %14. Zaila da jakitea, dena den, %14 horretatik zein den abertzaleen ehunekoa, ekologistek indar handiagoa baitute. Aurreko hauteskundeetan (2015ean) UDBk botoen %5 lortu zuen Bretainian.

    PARTI BRETON/STROLLAD BREIZH alderdi independentistak, bere aldetik, botoen %1,5 eskuratu du.

    OKZITANIA:

    Ohikoa denez, Okzitaniako alderdi abertzale nagusiek eskualde zehatz batzuetan soilik aurkeztu zituzten zerrendak, ez Okzitania osoan. PARTIT OCCITAN, esaterako, Proventzako eskualdean aurkeztu zen, botoen %2,2 lortuz. Bide luzea du oraindik okzitaniartasunak Okzitania zabaleko eskualde gehienetan gutxieneko presentzia bat lortzeko.

    ALSAZIA:

    UNSER LAND (“Gure Lurra”, euskaraz) alderdi autonomista lehenengo aldiz aurkeztu da bera bakarrik departamenduko hauteskundeetara. Bi dira Alsazia osatzen duten departamenduak: Rhin Garaia eta Rhin Beherea. Guztira, 75 kantonamendu. Rhin Garaian UNSER LANDek botoen %8,6 lortu du, eta Rhin Beherean %9,8. Emaitza duinak bere hauteskunde estreinaldian.

    IPAR KATALUNIA:

    Ipar Katalunian, Frantziako eskuin muturra (RN) izan zen garailea (botoen %29) lehenengo itzulian, bigarren indar politikoa ezkerreko koalizioa izanik (UNION A GAUCHE, %15). OUI AU PAYS CATALAN alderdi katalanista eta autonomistak Ipar Kataluniako 17 kantonamenduetan aurkeztu zituen zerrendak, eta botoen %5 eskuratu. UNITAT CATALANA, aldiz, kantonamendu bakar batean aurkeztu zen, botoen %2 lortuz. Alderdi katalanistatako batek ere ez zuen lortu bigarren itzulira pasatzea.

     

    Laburbilduz, eskualdeko hauteskunde hauek Ipar Euskal Herriko eta, bereziki, Korsikako abertzaletasunaren sendotasuna erakutsi digute berriz ere. Bretainian, Alsazian eta, neurri txikiagoan, Ipar Katalunian abertzaleak finkatzen ari dira eta kantonamendu gehienetara iristea lortzen ari dira. Okzitanian, aldiz, mugimendu abertzalea oso ahula da eta bere presentzia guztiz testimoniala da. Frantziako nazioen argazkiak, bistan da, kontraste handiak erakutsi dizkigu.