INDEPENDENTZIA-ZALETASUNAK GORA EGITEN DU ESKOZIAN

    Argazkia: La Vanguardia

    2014ko iraileko autodeterminazio-erreferendumean eskoziarrek, gutxigatik, ezetz esan zioten independentziari (botoen %55, beste %45ak independentziaren alde bozkatu zuen). Eztabaida independentista itxita zegoen eta belaunaldi baterako bederen auzia aparkatuta geratuko zela ematen zuen.

    Baina ezusteko batek hankaz gora jarri zuen dena. 2016ko ekainean egindako erreferendumean, britainiarrek Europako Batasunetik irtetea erabaki zuten. Eskozian, aldiz, eskoziar gehienak (%62) Europar Batasunean jarraitzearen alde agertu ziren. Ingalaterrako jarrera eurofoboaren aldean, Eskoziak Europaren aldeko apustu garbia egin zuen. Bi nazio horien arteko amildegia are gehiago zabaldu zen.

    Independentziaren aldeko alderdiek eta mugimenduek, SNP eta Scottish Independence Convention buru zirela, Brexitak 2014ko erreferendumean adostutako joko-arauak hautsi zituela uste zuten eta, horren ondorioz, Eskoziako independentziari buruzko beste erreferendum bat eskatu zuten. Horrenbestez, 2017ko martxoan Eskoziako lehen ministroak, Nicola Sturgeon-ek, bigarren erreferendum baterako eskaera formala egin zion Londresi, Theresa May-k onartu ez zuena. Azken hiru urteotan etengabeko tirabira bat egon da bi gobernuen artean auzi honetaz, eta Boris Johnson Downing Street-era iristeak, Londres eta Edinburgoren arteko harremanak okertu besterik ez ditu egin, Erresuma Batuko lehen ministroak jarrera guztiz itxia agertu baitu eta argi esan dio Eskoziari ez diola inoiz baimenik emango beste erreferendum bat antolatzeko.

    Gogoratu behar da 1998ko “Scotland Act”en arabera, Eskoziako parlamentuak ezin duela bere kabuz mota horretako erreferendumik antolatu Westminsterreko onespenik gabe. Hala ere, gaia ez da inoiz auzitegietara eraman eta, beraz, Edinburgok erreferendum bat baimenik gabe egin dezakeen ala ez, zalantza hor dago.

    Testuinguru horretan, 2019. urtea gozoa izan zen eskoziar independentzia-zaleentzat: Erresuma Batuko hauteskundeetan SNPk garaipen historikoa lortu zuen (Eskoziako 59 eserlekuetatik Londresko parlamentuan 48 lortu zituen), eta Edinburgoko eta Glasgow-eko kaleek sezesioaren aldeko inoizko manifestaziorik jendetsuenak ikusi zituzten: 2019ko urriaren 6an, esaterako, 100.000 ahotsek independentzia ozen eskatu zuten Edinburgon, “All Under One Banner” taldeak antolatutako ekimen arrakastatsu batean. Ez da oso ohikoa Erresuma Batuak bereganatuak dituen nazioetan (Eskozian edo Galesen ) dozenaka mila pertsona kalean ikustea.

    Berriki egindako inkesta batek (Ipsos-Mori), agerian jarri du eskoziarren %58k independentziaren alde bozkatuko lukeela gaur, orain arte sezesioak jaso duen sostengurik handiena hain zuzen ere. Brexitak eta Boris Johnsonen politika aldrebesek independentismoa hauspotu egin dute nabarmen, eta bigarren erreferenduma antolatzeari Londresek emandako ezezkoa unionismoaren aurkako “boomerang” bihurtu da. Jarrera horrek, noski, ez du zer ikusirik 2014an unionisten garaipena bultzatu zuen David Cameronen jarrera tolerantearekin.

    Datorren urteko maiatzean Eskoziako hauteskundeak izango dira, eta inork ez du zalantzan jartzen SNPk garaipen handia lortuko duela. Zer egingo du Londresek? Bigarren erreferendum bat negoziatuko al du? Ez du ematen malgutasuna Boris Johnsonen ezaugarri nabarmena denik, Brexitaren negoziazioetan Bruselaren aurrean zer jarrera zakarra erakutsi duen ikusita. Eta zer egingo du Eskoziako Gobernuak Londresen jarrera itxiaren aurrean? Nicola Sturgeon lehen ministroak garbi esan zuen ez duela Kataluniako bidea hartu nahi, eta erreferendum adostua dela irtenbide bakarra. Baina independentista askok ez dute iritzi hori partekatzen. Isobel Lindsay Eskoziako nazionalista historiko ezagunak NAZIOGINTZAri esan dio independentista batzuek 2021ko Eskoziako hauteskundeak erreferendum gisa hartzea proposatu dutela.

    Beraz, 2021. urtea erabakigarria izan liteke Eskoziako etorkizun politikoa argitzeko. Erreferendum bat adosteko, ala Edinburgo eta Londresen arteko talka bortitz bat ikusteko. Zaila dirudi Eskoziako auzian Boris Johnsonen gobernuak iritziz aldatzea, baina hori egiteko presioa oso gogorra izan daiteke SNPk 2021eko maiatzean emaitza bikainak lortzen baditu. Eta alderdi kontserbadorearen ezetzaren aurrean, beste zirrikitu bat izango luke eskoziar independentismoak: Erresuma Batuko alderdi laboristarena. Izan ere, laborista britainiarrek pragmatikoagoak dirudite kontserbadoreen aldean. Gogoratu 2019an esan zutela ez ziotela baimenik emango bigarren erreferendum bati Eskozian “gobernu laboristaren lehenengo urteetan”, horrenbestez, etorkizunean hori posible izan zitekeela iradokiz.

    Isobel Lindsayk, baina, bere mesfidantza adierazi dio NAZIOGINTZA-ri: “Laboristek kontzesio batzuk egingo dituzte, baina ez dute independentzia erreferenduma baimenduko. Geure kabuz antolatu beharko dugu, eta nazioarteko laguntza lortu. Erresuma Batuko gobernua nazioartean isolatuago dagoenez, litekeena da estrategia horrek funtzionatzea”