Sei hilabete igaro dira Ipar Irlandako azken hauteskundeetatik, irlandar abertzaleen gorakada (Sinn Féin) ekarri zuten haietatik. Denbora tarte horretan, bi alderdi bozkatuenak (DUP unionista eta Sinn Féin errepublikanoa) ezin izan dira akordio batera iritsi -1998ko ostiral santuko bake hitzarmenak ezarria zuen bezala- gobernu partekatu bat osatzeko. Londresek orain arte emandako luzapen guztiak emaitzarik gabe agortu dira, eta inork nahi ez dituen bi mamu nagusiak (hauteskundeen errepikapena edo autonomiaren kontrol zuzena Londresek hartzea) giroan sumatzen dira jada, mehatxu gisa.
Bi dira akordio bat ixtea oztopatzen duten gai nagusiak: irlandar hizkuntzaren estatusa eta sexu bereko pertsonen arteko ezkontzak. Sinn Féinek irlanderaren ofizial kidetasuna nahi du (1998ko bake akordioan jasota dagoen puntua, bestalde), baina unionistek hizkuntza lege orokorrago eta mamirik gabeko baten alde daude. Gogoratu behar da britainiarren aldeko alderdi politikoek historikoki mesprezuzko (edo gorrotozko) jarrera erakutsi dutela Irlandako berezko hizkuntzarekiko. 2016ko urte bukaeran, esaterako, Paul Girvan DUPeko kideak 50.000 liberako diru laguntza kendu nahi izan zien irlandera ikasi nahi zuten ikasleei, erakunde unionistei emateko. Errepublikanoen protesta biziek Girvanen erabakia atzeratu egin zuten…
Sexu bereko pertsonen arteko ezkontzei dagokienez ere, DUP hamaika eragozpen jartzen ari da gaia arautzeko.
2017ko martxoko hauteskundeek ozta-oztako garaipena eman zioten DUP alderdiari (28 eserleku bertako parlamentuan), Sinn Féin bigarren indarra izanik (27 eserleku). SDLP irlandar abertzaleak 12 eserleku lortu zituen, UUP unionistak 10 eta Alliance Party unionista moderatuak 8. Beraz parlamentuaren egoera oso korapilatsua da.
Bada, NAZIOGINTZAn deitoratu egiten dugu Ipar Irlandak pairatzen duen egoera politiko ezegonkorra; nahiko genuke noski Irlandako gaeleraz edo irlanderaz mintzatzen den Irlanda batuta eta egonkor ikustea. Baina, beste aldetik, pozten gaitu irlanderaren alde Sinn Féinek hartu duen jarrera irmoak. Nazio baten hizkuntza nazio horren ezaugarri bereizle nagusia izaten da nonahi, eta bereziki Europan, eta hizkuntza alorrean gutxiengotutako edo minorizatutako Herriok, geure hizkuntzak ezinbestean defendatu egin behar ditugu, bai estatu menperatzaileen aurrean eta baita, lehenaz gain, munduan gertatzen ari den amerikartze globalaren aurrean ere.