IPARRALDEKO EUSKAL ELKARGOA EUSKARAREN OFIZIALTASUNAREN ALDE

    Argazkia: EITB

    Iparraldeko Euskal Hirigune Elkargoak, Ipar Euskal Herria egituratzen duen erakunde ofizial bakarrak, balio sinboliko handiko urratsa eman zuen aurreko ekainaren 23an, euskara bertako hizkuntza bezala ofizialki aitortu zuenean. Erabakia gehiengo zabal batek onartu zuen -aldeko 145 boto, aurkako 18 eta 22 abstentzio- eta euskarari ez ezik, Iparraldeko herri gutxi batzuetan mintzatzen den okzitanierari ere aitortza ematen dio.

    Frantziako eredu linguistiko jakobinoari nolabaiteko erronka luzatzen dio Euskal Elkargoak onartutako aitorpenak. Lehenengo aldiz azken 229 urteetan Iparraldeko erakunde batek euskararen ofizialtasuna eskatzen baitu. Egia bada ere aspalditik eman direla euskararen aldeko urrats batzuk Ipar Euskal Herrian -errotulazio elebiduna, eskola elebidunak sare publikoan (eta baita euskara ardatza duten D antzeko irakaskuntza-ereduak ere) edo Euskararen Erakunde Publikoaren (EEP) sorrera 2004an, besteak beste- onartutako ebazpenak harago doa, benetako ofizialkidetasuna eskatzen baitu euskal hizkuntzarentzat. Frantziako konstituzioaren 2. artikulua (frantsesa besterik onartzen ez duena) da zeharkaezina den horma sendoa, gaur gaurkoz gainditu ezinezko oztopo nagusia euskarari eta Hexagonoko beste hizkuntza gutxituei estatus duin bat emateko. Ez dira gutxi artikulu horren aldaketa eskatu duten eragile politikoak (duela gutxi Korsikako gobernu berriak Macron presidenteari eskaera hori berriz egin zion), baina kontuan hartuta Frantziak ez duela Europako Hizkuntza Gutxituen Karta oraindik berretsi, ez du ematen epe laburrean Konstituzioa aldatzea erraza izango denik.

    Euskal Hirigune Elkargoa Iparraldeko udal guztiak biltzen dituen mankomunitatea da, 2017an sortua, eskuduntza gutxi dituena (Korsikako Biltzarrak baino gutxiago, esaterako) baina naziogintzaren ikuspegitik bi oso garrantzitsuak: hizkuntza politika eta mugaz gaindiko harremanak. Beñat Arrabit Elkargoaren hizkuntza politikaren eta Euskararen Erakunde Publikoaren lehendakariaren iritziz, euskararen ofizialtasunaren eskaera bretoi, katalan eta korsikarrekin batera planteatu beharko litzaioke Parisi. Arrabit jakitun da ofizialtasuna lortu ezean Euskal Elkargoaren asmo linguistikoak oso mugatuak izango direla, baina hala ere hainbat arlotan aurrerapausoak izango direla baieztatzen du: Elkargoak euskara sustatuko du, aurrekontu handiagoa izango du xede horrentzat, komunikazioan urrats esanguratsuak emango ditu eta udal langileen euskararen irakaste prozesua (nahi dutenentzat) erraztuko du.

    Onartutako euskararen aldeko ebazpenean “zerbitzuetan eskaintza elebiduna egituratzea, bizitza eremu guztietan, nahi duten biztanleek euskara erabil eta transmititu ahal izan dezaten”, “euskararen aldeko jarrera eta dinamikak bultzatzeko bizitza eremu bakoitzean” eta “izaera juridikoko oztopoen zerrenda egitea eta kasuan-kasuan esperimentatu beharreko neurriak zehazki definitzea”, jasotzen da besteak beste.

    Azken inkesta soziolinguistikoaren arabera (2016koa) gaur egun Ipar Euskal Herriko biztanleen %21 euskalduna da, eta beste %9 elebidun hartzailea. Adineko jendea euskaldunena bada ere (%28), azpimarratzekoa da gazteen artean euskarak izan duen gorakada, ikastola eta eskola publiko elebidunei esker. Gazteen %17 inguru euskalduna da, duela 20 urte baino 7 puntu gehiago.