JOAN RAMON RESINA: “RUFIÁN ERC-REN ESPAINOLIZATZEAREN BRANKAKO IRUDIA DA”

Argazkia: Vilaweb

Joan Ramon Resina (Barcelona, 1956) Stanford Unibertsitateko irakaslea da. Ingeles Filologian eta Literatura konparatuan doktorea da. Europako eta Amerikako hainbat aldizkaritako kontseilu editoreko kidea, 2020an Kataluniako “Creu de Sant Jordi” ospetsua irabazi zuen, “Kataluniari bere nortasunaren defentsan egindako lanagatik”. “Catalunya amb ulls estranyats” (“Katalunia urrutiko begiez”) liburua argitaratu berri du, Vilaweben argitaratutako artikulu hautatuen bilduma. Vilawebek berak egin zion beheko elkarrizketa joan zen azaroan, NAZIOGINTZAko irakurleentzat euskaratu duguna, digital horren baimenarekin.

Assumpció Maresma

Vilaweb: 2020/11/22

Elkarrizketa e-mailez egin da.

Zertarako hurrengo hauteskundeak?

Litmus test edo independentismoaren “sutako froga” gisa planteatu da. Hautesleen erantzunaren arabera, zilegi izango da aurreko prozesua irauli eta egoera autonomikora itzultzea (horri “deseskalatzea” deitzen diote). Edo, kontrako norabidean, urriaren 1eko esperientzia indartu eta estatuarekiko konfrontazioari eusteko borondatea indartu egingo da.

Eta zure ustetan, zer gertatuko da?

Gerta daiteke bi jarrerak parean gelditzea. Eta baliteke paperak aldatuak agertzea; hau da, kontserbadoreek sistema mehatxatzea eta apurtzaileek moderatuen rola jokatzea. Nahasketa ikaragarria da. ERC iraganean finkatuta dagoela ematen du: haientzat dena da Convergencia, Aznarrentzat “dena da ETA” bezalaxe. Estatuari beldurra diotela, sekula ikusi gabeko politikaren degradazioa gertatzen ari da: batzuei mamu zaharra (Espainia) komeni zaie eta bizkortu egin nahi dute mamua “hil eta gero” hobeto garaitzeko. Jadanik Rufianek iragarri du historiako kanpaina bortitzena izango dela, eta, harengandik etorrita, sinesgarria da. Horrek eragiten du hauteskundeen ardatza, konfrontazio/kolaborazio edo ezker/eskuin ardatzetan ez kokatzea, baizik eta duintasun/duintasun-ezaren ardatzean. Darabilen taktikarekin ERCk funtsezko hanka-sartze bat egiten du; izan ere, katalan ertainak ez du saritu ohi zakarkeria. Rufián ERCren espainiartzearen brankako irudia da. Hau da, Kataluniako alderdi zaharrenak, Maciáren alderdiak, Bartzelonako metropoli-eremuan hazkundea bilatzearren ordaintzen duen prezioa. Estrategia arriskutsua da, zeren ontzi komunikatuen teoriagatik, espainiartasunaren nukleoetan egindako independentismoaren sarraldiak berarekin darama, kontrako norabidean, lerrouxismo politikoaren antzeko transfusioa ERC alderdira (Ikus: https://elobrero.es/cultura/historia/7374-el-lerrouxismo-un-populismo-perverso-o-un-muro-politico-contra-el-catalanismo.html). Hala, hauteskundeek, Kataluniak pairatzen duen paralisia egiaztatu besterik ez dute egingo, eta, aldi berean, borondate politikoaren eta xede politikoen artean dagoen bateraezintasuna agerian jarriko dute.

Espainiaren aldetik zerbait espero al dezakegu?

Espainiak ez du huts egiten sekula. Kataluniako arazoari, euren nazioan dagoen gorputz arrotzari, haiek deitzen dioten bezala, modu argiz aurre egin izan baliote, gaur Kataluniaren afera memoria historikoko kontu bat besterik ez zatekeen izango. Baina espainiarrek barneratuta daukate “konkistatzaile” izatea, eta haiengandik ezin dugu espero estatua osatzen duten nazioekiko errespetuzko integrazioa eraikuntza federal batean izatea, ez eta irtenbide salomonikorik ere; hau da, ondareen eta zorren partiketa, mugarik gabeko Europako Batasunean berriz ere denok elkartzeko. Hori egin aurretik Espainiak ekingo dio ezaguna duen “la maté porque era mía” jarrerari eta estatu demokratiko bezala bere buruaz beste egingo du.

Zure liburuak 2014ko azarotik 2019rako tartea hartzen du. Nola definitzen duzu denbora-tarte hori?

Nazio-askapenaren aldeko borroka bat historikoki independentziarekin edo nazioaren deuseztatzearekin soilik amaitzen da. Bitartean guda beroak eta hotzak izaten dira, iheslariak, espetxealdiak, zigorrak eta, kontrako norabidean, erresistentzia, konspirazioak, iraultzak eta baita lasaitze-aldiak eta liskarrak ere, leherketak tartekatzen dituztenak eta sistema krisian jartzen duten krisi-garaiak ere. Azken urteotan Katalunia boto-kutxara deitua izan da; bere botoa eman du eta hor azaldu du bere borondate politikoa, lehenengo aldiz, demokratikoki eta subjektu politiko gisa. Azaroaren 9an urriaren 1erako entsegu orokorra egin zen eta urriaren 1ak ireki zuen estatua isekatik ezustekora pasatzea eta “Katalunia operazioa” eratzera eraman zuen bidea. Azkenik, (2017ko) urriaren 27a dibortzio baketsua lortzeko itxaropenaren lurruntzea eta gaur murgilduta gauden errepresio-agertokiaren abiatze-data izan zen.

Hauteskundeak direla-eta, liburuan diozunez, “Ez da zifratan, baizik eta arrazoietan sustraitzen da gure indar handia”. Zenbakiak pilatzeak ez al du balioko?

Sekula ez dut esan indarrak metatzea beharrezkoa ez denik; are gehiago desiragarria da eta, azken finean, ezinbestekoa. Are gehiago independentzia bide demokratikoetatik lortzeko aukera baldin bada. Baina independentismoa zatitzen duen liskarra, ez dago helburuan, metodoan baizik. Zertarako balio du hainbat mila boto irabazteak independentismoaren indar-enborra hondatzen badugu? Independentismo barruko indarren arteko konfrontazioa areagotzen bada? Proselitismoaren prezioa ere hor dago. Baldin eta prezioa bada gaztelerari bertakotasuna aitortzea, integrazio kulturalari uko egitea eta “kriollismo” hispanikoari men egitea, berreskurapen historikoa gauzatzeko bidea ixtea arriskatzen dugu. Katalanismo politikoa katalanismo kulturaletik ondorioztatzen da eta berpiztu bada, nahiz eta dekretuak eta debekuak izan, hori gertatu da duela gutxi arte Katalunian gaztelera anekdotikoa izan delako. Une honetan, aldiz, nahiz eta katalana ofiziala izan, gaztelera hizkuntza nagusia izatera iristeko puntuan dago eta bi gizalditan katalanera historiaren trastelekuan zokoratua gera liteke. Eta behin erresistentzia kulturalaren zubia eraiki duten belaunaldiak desagertuta, herria, hizkuntzaren eta belaunaldi horien indar espiritual horretatik desjabetua, aurrera egiteko erregairik gabe gera daiteke.

Batasunean oinarritzen al da gure indar handia? Zergatik ez da errotu hain sinplea den irizpide hori?

Katalanek ez dute izan estatu-gizon edo emakume handirik, ez eta militarrik ere; ez dakite zer den boterearen eta diziplinaren sena. Bekaizkeriak, bizio nazionala, batasun-eza sorrarazten du. Herria apurtuta dago ez bakarrik “Pais” ezberdinetan, baizik eta baita hamaika zatitan ere. Eta gero eta handiagoa bada protagonismo-egarria, gero eta txikiagoa da ekintzarako gaitasuna. Elkarren aurka ari diren bi kasino herri txiki batean, ezkerrekoa eta eskuinekoa, adibidez; probintziakeria eta antzinako gorrotoak; zatiketa ideologikoa XVIII. mendeaz geroztik. Katalunian, minuskulaz idatziriko herrian, elkarren aurkako joerak izaten ziren jadanik “Segadors”en gudaren garaian. Arazo nazionalaren tamainaren ondoan gai sozialak bigarren mailakoak dira eta, hala ere, txotxongilo-istorio bateko gaiztoa eta zintzoa bezala, makilakadaka ari dira gure politikako protagonistak senide arteko borrokan. Eta jendea pozik ikuskizunarekin. Inork ez du pentsatzen “etxeko lanak” egin behar direla aurrera egin nahi badugu.

Arreta jarri duzu, baita ere, identitatearen errebindikazioa fokuaren erdigunetik baztertu den moduan. Zera diozu: “Independentismoaren zeharkakotasunak euforia sortu arren, katalanek galera handia pairatu dute identitateari egindako erasoa barneratu dutenean”. Amore eman al da gai honetan?

Katalanak euren hitzen esklabuak dira. Erdi Aroko errealistek bezala, uste dute hitzak substantziak direla: hizkuntzaren magian sinisten dute. Zabalduta dagoen superstizio horren “jarraitzaile” ugarik ezkerrekoa izateari sentimendu erlijiosoz jarraitzen dio, eta lehenetsi, politikaren muina eguneroko izatean jarri beharrean. Kontrako zentzuan, beste superstizio bat da identitatearekiko beldurra. Jendeak ihes egiten dio aztikeria balitz bezala. Identitatea, filosofiako desberdintasun-kontzeptuarekin banaezina da. Bata ez dago bestea ez baldin badago. Nolabait esateko, intuizio ontologiko baten bi aurpegiak dira. Independentzia eskatzen denean, subjektu politiko baten izenean egiten dela uste izaten da; zehatzago esanda, subjektu politikoak berak eskatzen duela ulertzen da. Orduan galdetu behar dugu, zein da independentziaren eskatzailea eta zer zilegitasunez eskatzen du?. Mende-hasieran asko hitz egin zen identitate aldakorrez, likidoez, hibridoez, identitate mugikorrez eta erabilpen bakarrekoez. Zerbait berria agertzen den bezala, kasu honetan pentsaera horrek arrakasta handia izan zuen. Eta kontua da, zentzu zorrotzean, identitate horiek ez diotela eusten ezein subjektu politiko iraunkor eta konfiantzakoari. Ilusionagarriak izan daitezke, historian zehar aldatzen direnak; identitate nazionalak ere aldatzen dira, baina emeki-emeki eta orokorrean era oharkabean. Horregatik frogatu dute iraunkorrenak direla estatu modernoen egituraketetan.

Zergatik da baztertua identitatea? Zer kontakizun motari dagokio bazterketa hori?

Kontakizun ideologiko handiak hondoratu ostean eta berezitasun sozialen itzulerarekin batera, nolabaiteko “unibertsalismo” frantziarra, funtsean beti jakobinismoa izan dena, hau da, estatuaren ezaugarri bereizle gaizto bat, finkatzen da. Bestetasunaren aitortza defendatzen duen leviandar etikaren agerpenari, nortasun kulturalak deabrutzen eta Rhin ibaiaren alde batera eta bestera banandutako Europako zatitze-filosofia berpiztearen errua Herder bihozberari botaz erantzun dute. Dena den, benetan kolokan jartzen dituztenak estatupeko nortasunak dira, jakina denez; eta estatuek beren nortasuna berreraikitzen dute eurentzat unibertsalizazioa erreibindikatuz. Orduan argitaratu ziren liburu alarmagarriak, Les identitats que maten modukoak, eta lurra ongarritua aurkituko dute, zeren, jakina denez, espainiarrentzat ezerk ez du zentzu gehiago beren nortasunarekin liskarrean sartzen diren identitateak kriminalizatzeak baino. Aldi berean, ordea, Atlantikoaren beste aldean, identitatea ezarri zitzaien talde guztiei, bat eta bakarra aldarrikatuz: arraza, etnia, erlijio edo sexua gorabehera. Eta jarrera hori, begiratu nolakoak diren gauzak, tokiko progresismoak Moreneta balitz bezala gurtzen zuen. Duela ez asko, Colau andreak eskerrak eman zizkion Trumpi porrot izugarriagatik, horren erantzule bera balitz bezala. Baina ez zuen eskertu Joe Biden, baizik eta lehen aipatu ditudan kolektibitateak. AEBetako hauteskundeak laburbildu zituen nahieran moldatzen duen bere ideologiaren neurrira (…) Identitatea ez da autotelikoa; ez da berez sortzen den zerbait. Beste batzuek jakinarazi zidaten ni katalana nintzela; hau da, diferentea. Inork ez zidan galdetu ea nik katalana izan nahi nuen. Diferentzia aurkitu dugu, gehienek bezala, aurrean gure izaera ukatzen zuen eta gure hizkuntza, gure azentua, gure erreflexu eta forma zehatzak onartezintzat jotzen zituen beste nortasun batekin topo egin dugulako. Baina presio mugatzaile hori mutua da. Espainiarra espainiartu egiten da katalanaren kontrako erreakzio legez; bere izaeraz kontzientzia hartzen du arrotzat jotzen duenetik abiatuta, bere esentziatik alboratzen duenetik abiatuta.

“Katalunia espainiarra ez bezalako gizartea da” diozu liburuan. Baina batzuetan ematen du Kataluniako gizarteak gero eta antz gehiago duela espainiar gizartearekin.

Jendea denetara egokitzen da, batez ere egoerari aurre egiteko indar nahikorik ez duenean. Trantsizio garaian Kataluniara itzultzen nintzen bakoitzean nabaritzen nuen, ezustean, hizkuntzaren aldetik diktaduran bezala jarraitzen zuela denak, nahiz eta katalana hizkuntza ofiziala izan. Hizkuntzaren dimisio horrek erakusten du zelakoa izan den jendearen egokitzea. Historian lehen aldiz, katalan gehienak gazteleraz mintzo dira gazteleraren kanonen arabera. Azentuagatik ezagutu ezin bihurtu eta estigma kentzearren beren azala aldatu nahi dutenen antzera, berezko ezaugarri bereizle nagusiak ezabatu egin dituzte. Muturreko kasu batzuetan badira Madrileko azentua imitatzera iristen direnak ere ordezko nortasunean murgiltzearren. Espainiako Kongresuko presidentearen kasua da adibide bat. Batzuek, muturreko kasuetan, Madrileko dikzioa imitatzeraino iristen dira.

Oso kritikoa izan arren, independentziaren aldarrikapena baliagarria izan dela diozu. Zergatik?

Independentziaren aldarrikapena nola egin zen kritikatu dut: urriaren 10ean aldarrikapena egin zen eta ondoren baliorik gabe utzi zen, eta gero, gogorik gabe, 27an, jadanik gobernua atzeko atetik ateratzeko prest zegoenean. Gero jakin izan dugu iragarritako estatu-egiturak ez zeudela prestatuta eta, are mingarriagoa dena, Mossoen buruak plan bat prestatua zeukala gobernua atxilotzeko. Otsailaren 23koaren (O-23) antzeko egoera ezagutu genuen, autonomien estatuaren inboluzioa hasi zenekoa. Eta momentuaren miseria agerian jartzen duen gertaera tristeena: lurraldearen kontrola mantentzeko ez zuten kontatzen ezta beren poliziaren leialtasunarekin ere. Amateurismoaren sentsazioa ukaezina da. Baina nolabaiteko zentzuan, keinu hori ez zen erabat antzua izan: 1640, 1714 eta 1931ko apirilaren 14ko gertaera historikoekiko lotura ezarri zuen. Nahiz eta data horiek guztiek porrotak adierazi, efemerideek beti daukate zerbait positiboa. Denbora-tarte luzeetan itzalita egon arren, gure historia nazionalaren une gailenak horiek dira; horiek elikatzen dute iruditeria politiko herrikoia eta erreferentziak dira, berriz ere, saiakerak egiteko. Aurrerantzean sabai historikoa ezin izango da autonomia izan eta hori espainiar estatuak badaki eta ordaindu beharko du lehenago edo beranduago.

2018an esan zenuen Europan gertatzen ari ziren aldaketa-erritmoen garrantziaz eta asinkroniaren arriskuaz kontzientzia hartu behar genuela. Eta azkenean hau esan zenuen: “ Zapaltzailearen gainbeheraren lur-jotze puntua zein den baldin badakizu eta bizkor mugitzen bazara, historiaren norabidean, orduan gertatzen da askotan miraria ematen duena; mirari hori, hondoratzen ari den estatuaren egiturek luzaroan atxiki dituzten indarren bat-bateko askatzea besterik ez da”.

Metropoliaren gogo biziari buruz egindako entseguan George Simmelek ohartzen du bizitza modernoa sinkronikoa dela. Hori jakinarazi zuen XX. mende-hasieran, baina iraultza digitalarekin are eta begi bistakoagoa egin da. Katalunia munduko partikula bat da, humanitatearen gorputzaren zelula bat. Ez dago estimulu orokorrei erantzuten ez dien ezer, beste organoen ekintzei erantzuten ez dien ezer. Eta estimulu horiek bidea eman edo bidea trabatu egin diezaiekete gertaerei une bakoitzean nagusi diren indarren arabera. Kataluniak historiaren mugimendu handiekin desgaraian ibiltzeko ohitura dauka: XIX. mendean Napoleonen kontra borrokatu zuen, nahiz eta Napoleonek eman Espainiak mende bat beranduago eman dion autonomia; guda karlistak pasa ondoren, herria akitua zegoenean, nazionalismoa aurkitu zuen eta segidan gizartea banatu zen ezkerreko nazionalisten eta eskuineko nazionalisten artean; ezkerreko iraultzan murgiltzen da faxismoaren itzala Europaren gainean zabaltzen ari denean. Aberetu edo astotu egiten da Maiatzeko gertaerekin; uko egiten dio liberalismoari eta berrogei urtean sostengua ematen dio Francori. Baina garai bertsuan, mila bederatziehun eta berrogeita hamarreko eta hirurogeiko hamarkadetan, AEBetako gutxiengoen eskubideen aldeko borrokek eta Asiako eta Afrikako deskolonizazio-prozesuek Kataluniako errebindikazioentzat zerumuga berriak irekitzen dituztenean, frankistek sortutako iritzi-korrontea gailentzen da, Generalitatea berrezartzen da eta autonomia-estatutua onartzen da. Historiaren zurrunbiloa alde geneukan berriro, baina katalanek Adolfo Suarezek eskainitako kontzertu ekonomikoa bera ere ez zuten eskatu.

Ez da baliatzen…

Indarrez jokatu beharrean beste berrogei urte geldi egoteko sinatu zuten. Azken hamarkadak, Europan ezagutzen ez den ustelkeriaren zama azpian zanbuluka dabilen 1978ko erregimenean pitzadurak agerian utzi ditu. Une arriskutsu honek laguntzen du ulertzen era guztietako krisiak inguratuta dagoen erregimen baten azken defentsa gisa agertzen den eskuin muturraren berregituratzea. Baina une honetan erregimenaren itxaropen-ezak berak ematen dio independentismoari aukera estatua amildegiko ertzera eramateko eta bere bertigoaren mende uzteko. Une honetan 1978ko erregimena zurkaiztea independentismoak egin dezakeen errakuntza handiena da. Egia da erregimenaren irtenbide bakarra dela de iure edo de facto-ko diktadura bat; eta mehatxu horren aurrean ulertzen da independentismoak ikara edukitzea. Baina Espainiako ageriko erregimen faxista bat bideragarria izango litzateke soilik Europako beste lurralde sortu berrien jarrerak autoritarismoan finkatuko balira eta Europa duela hogeita hamar urteko egoerara itzuliko balitz. Dinamika batzuek ildo hori iradokitzen dute eta independentismoak atzeratuko balu bere proiektua hemendik hamabost edo hogei urtera, horren aldeko batzuek aitortzen duten bezala, Katalunia “hitzordua pasata”, atzeratua has liteke berriro historiako erlojuarekin jokatzen.

Okertzat jotzen al duzu nazioa kulturatik abiatuta definitzea?

Inolaz ere ez. Nazioak materia biologikoaz eta transmisio sozialez osatzen dira: arauak, ohiturak, hizkuntza, mitoak edo, gaur egun, historia. Materia biologikoa unibertsala da baina eratzaile sozialak pribatiboak izaten dira, nahiz eta horiek beste batzuekin partekatu. Europan, adibidez, historian zehar kultura greko-latinetik eta judu-kristauetatik eratorri diren eratzaile komunak ditugu. Eta Espainiako eta Kataluniako osagai komunak topatzea ere ez da zaila izango. Alabaina, komunak izanda ere, herri bakoitzak bere maneran oratu du kultura. Eta gero aldeak markatzen dituzten eratzaile pribatiboak daude, ez halabeharrez uztar ezinak, baina bai diferenteak. Denok partekatzen dugun aparteko kulturarik gabe ezin dugu nazio komunitateaz hitz egin. Eta horrela, autodeterminazio-eskubidea erreibindikatu gabe independentzia eskatzeak zentzurik ez duen era berean, ez du zentzurik nazioaren existentzia erreibindikatzea kulturaren sostenguarekin batera ez badoa. Hori bazekien katalanismoak eta bazekien estatuak eta horregatik ukatzen dio Kataluniari bere izaera nazionala. Eta horregatik duela mende askotatik hona saiatzen ari da gure hizkuntza erauzten eta berari sostengua ematen dion kultura zapuzten. Ildo horretan berrikuntza zera da, aztikeriaz edo konjuruz estatu-entitate bat hutsune nazionalaren barruan ager daitekeela sinetsita, katalan nazioaren kontrako asaltoan independentismoaren parte bat inplikatzen dela gaur egun. André Gidek zioen moduan, arazoa da inork ezin duela sistema batetik irten berehala beste sistema batean murgildu gabe. Eta hori baliagarria da bai kulturarako eta baita kidetasun nazionalerako ere.

Nola zen eta nola da Katalunia zure etxean eta zure existentzian?

1956an jaio nintzen eta immigrazio masiboan etorritako jendearekin bizi naiz, elkarren ondoan bizi gara. Orduko aldaketa kultural sakonaren inpaktua ezagutu nuen. Oraindik gogoratzen dut eskolara joan nintzen lehen egunetan niri gazteleraz egiten zidatela. Nire gogoan iltzatua gelditu zen hori, baina gizarte asaldatu bat ere gogoratzen dut, tabuz betetakoa, baina gaur egungoa baino errespetu sen handiagoa zuen Bartzelonak; izan daiteke halaber, bizitzaz, kultura-eredu bezala, konfiantza gehiago genuela. Oraingo tonu zakarrarekin kontrastea egiten duen beste garai bateko jendearen hizketa lasaia ezagutu nuen. Nahiz eta frankismoan egon, katalana orain baino presenteago zegoen Eskala auzoko bizilagunen artean eta hiritik kanpo oso-osorik mantentzen zen. Maresmesera iristen ari ziren immigranteen seme-alabak arrakalarik gabe murgiltzen ziren hizkuntzaren ingurumarian; iristen ziren immigranteen seme-alabek katalanez egiten zuten guk geuk bezalaxe. Urte haietako egoera irauli egin da eta herriaren harremanak zakar eta erasokor bilakatu dira. Giroa, ekaitz elektrikoduna baita eta harremanak lehertzeko zorian daude beti; mesfidantzak pozoitzen ditu komunikazioak eta goratzen den norberekoikeria jendearen eskarmentuaren emaitza izan daiteke.

Ezin dugu elkarrizketa hau amaitu AEBetako hauteskundeei buruz hitz egin gabe. Nola interpretatzen dituzu emaitzak?

Gai honi artikulu bat un article eskaini diot eta ez daukat ezer gehiago esateko. Zerbait esatearren Kataluniako prentsaren komentario batzuen aurrean dudan erreakzioa aipatuko dut. Lau urtetan munduan dagoen goranzko autoritarismoaren eta populismoaren leherketaren errua Trumpi bota diotenek, ondo egingo lukete hausnarketa egiteko unetxo bat topatuko balute. Trumpek ez du ezer asmatu. Ez eta Putinek, ez eta Xi-Jinpingek; ez eta Erdoganek, ez eta Salvinik, ez eta Orbánek, ez eta Aznarrek eta ezta Bolsonarok ere. Horiek, besterik gabe, jadanik hor zegoen iritzi publikoa eta sentimenduak biltzeko trebetasuna izan dute eta bildutakoa adierazi dute konplexurik gabe. Trump era askotako arrazoiengatik botoa eman dioten milioika pertsonen bozeramailea da, logikoa denez. Jende askok, dudarik gabe, harengan, “Washington”-ekin identifikatzen dituzten aldaketak eta inertziak ikusten dituzte eta bera, horiek inolako zurikeriarik gabe edo aho-bilorik gabe, adierazten dituen pertsona dela uste dut. Mundua hamarkada gutxitan aldatu da eta irabazleak eta galtzaileak izan dira tarte horretan, batez ere galtzaileak. Eta tamaina horretako aldaketek, lehenago edo beranduago, beren gorpuzte politikoaren sorrera eragiten dute. Milioika amerikarren segurtasun-gabezia proiektatu da presidente horrengan. Presidente nartzisista, aldakor, erasokor eta gorrotozalea da eta, nahiz eta bestelako itxura eman, ezegonkorra eta, horregatik, agintekoia edo autoritarioa. Orain begira ezazu zure ingurumarian eta esadazu ea ez diren ezaugarri horiek mundu zabalean gora egiten duten pertsonenak; esan ea zakarkeria, lotsagabekeria, erasokorkeria, inprobisazioa, autoritarismoa, irrazionaltasuna, hitza ez betetzea, eta konpromisoak hartzeari uko egitea ez diren gure panorama politikoaren ezaugarriak. Trumpismoa gertaera global baten espresio eta metafora bezala uler daiteke. Orain garbi ez dagoena da, ea AEBetako Alderdi Demokrata gai izango den berak Trump fenomenoaren agerpenari eman dion bultzadan atzera jotzeko eta ea ulertzen duen kultur gudan jarraitzea eta arraza-faktorea bertute politiko gisa erabiltzen tematzea den modurik onena gehiengoa berreskuratzeko, are gutxiago goitik behera urratua dagoen herrialde batean.

Zergatik bildu dituzu liburu batean Vilaweben argitaratutako artikuluak.

Forma-aldaketa hau ezin da baztertu; izan ere, irakurketa-baldintzak aldatzen du irakurketaren emaitza. Eguneroko idatzi-lanetara presaka iristen zara, errazkerian erortzeko arriskua daukazu eta espresioaren ñabardurak axolagabe erabiltzen dituzu. Irakurketa mota horrek erreakzioak bilatzen ditu irakurleengan eta ez hausnarketa. Tartekako irakurketa, aldiz, askotan testuingururik gabe egiten da eta testuingururik gabe irakurtzea berez ez da irakurtzea. Benetako irakurketa-edukia pisatzea, neurtzea da, gauzak distantziatik begiratzea, hitzak gogoan hartzea. Eta hori kazetaritza digitalean ez da egiten.

 

Elkarrizketa osoa irakurtzeko lotura:

https://www.vilaweb.cat/noticies/entrevista-joan-resina-rufian-erc-independencia/