KORSIKAR ABERTZALETASUNAREN ESKAERA NAGUSIAK, ZAIN

    Argazkia: L'Express

    2010etik Korsikako abertzaletasunak gorakada handia izan du hauteskundeetan eta gaur egun posizio hegemonikoa eskuratu du uharteko esparru politikoan. Urruti daude François Mitterranden hitz hauek, XX. mendean 1980ko hamarkadan esanak: “Korsikako abertzaleek botoen %15a lortzen dutenean hasiko naiz kezkatzen….”. Izan ere, garai hartan abertzaletasunaren indarra txikia zen, nahiz eta (edo agian horregatik) FLNCren borroka armatua puri-purian egon. 2017ko Korsikako hauteskundeetan “Pe a Corsica” koalizio abertzaleak botoen %56 lortu eta bertako Asanbladan gehiengo osoa eskuratu zuen. Mitterrand, zalantza barik, kezkatua ez ezik, oso larri ere balegoke gaurko egoera ikusiko balu.

    Hautetsontzietako arrakasta horrek, hala ere, ez du ekarri oraingoz inongo kontzesio politikorik Frantziako gobernuaren aldetik. Abertzaleen eskaerek talka egin baitute behin eta berriz frantziar jakobinismoaren harresi sendoarekin. Macron presidentea Korsikan izan zen 2018an, eta bertako agintari abertzaleen ahotik eskaera nagusiak entzun zituen, baina irmo mantendu zen bere jarrera jakobinoan: “Korsikarrek eskatzen duten espezifikotasuna Errepublikaren etsai izateko bada, ezin dut onartu”. Keinurik txikiena ere baztertu egin zuen Macronek eta oso esanguratsua izan zen Bastiako aretoan egin zuen agerpenean korsikar bandera bakar bat ere ez egotea, Frantziako banderarekin batera.

    Funtsean, lau dira abertzale korsikarrek historikoki Parisi egin dizkioten (eta gaur egun ere egiten dizkioten) eskaera nagusiak:

    1.- Autogobernu handiagoa. Autonomia-estatutua, Kataluniak gaur egun duenaren antzekoa. Autodeterminazio-eskubidearen aldarrikapen historikoa une honetan baztertuta dago, pragmatismo politikoaren mesederako. Ahalmen legegilea duen Korsikako Asanblada nahi dute, itsasoz haraindiko Frantziako kolonietako parlamentuek dutenaren antzekoa. Jarrera pragmatiko horrek hein handi batean etekin handia eman dio korsikar abertzaletasunari, lehenengo aldiz nagusi baita Korsikako Asanbladan.

    2.- Korsikar hizkuntzaren ofizialtasuna. Frantsesaren pareko estatus linguistikoa. Urrats txiki batzuk eman dira azken urteotan arlo linguistikoan, baina ofizialtasunik lortu gabe. Esaterako, seinaleztapen-sistema elebiduna, eskoletan korsikar hizkuntzaren sarrera (ikasgai bezala, hizkuntza nagusia frantsesa baita), etab. Orokorrean, Korsikako hizkuntzaren egoera, bretoiera, okzitaniera edo katalanaren aldean hobea da oraindik, nahiz eta azken urteotan higadura handia jaso. Datu zehatzik ezean (Frantzian ez dagoelako hizkuntza “erregionalen” erroldarik) kalkulatzen da korsikarren %40 inguruk korsikeraz hitz egiten duela.

    3.- FLNCko presoen amnistia (Frantziako espetxeetan daudenak) edo, gutxienez, beren hurbilketa Korsikako espetxeetara.

    4.- Egoiliar estatusa: Une honetan Korsikako etxebizitzen herena frantses turistenak da. Erosteko ahalmena duten frantziar askok bigarren etxebizitza bat dute Korsikan, eta jubilatu asko ere bertan bizi dira. Estatus horrek uhartearen gehiegizko turistifikazioari muga batzuk jarriko lizkioke, bertakoen mesederako, turistifikazioak bizi-maila nabarmen garestitzen baitie bertakoei. Ingurumenaren babesa ere eskaera historikoa da.

    Azken lau urteotako gobernu abertzaleak ez du ezer lortu Parisetik, eta goiko eskaerek zutik diraute. Aurten Korsikako hauteskundeak ospatuko dira berriz, eta “Pe a Corsica” koalizioaren alderdiek (“Femu a Corsica” eta “Corsica Libera”) autogobernuari dagokionez oso lorpen gutxi dituzte beren hautesleei eskaintzeko. Nazionalisten garaipen berri batek negoziatzera behartuko al luke Paris? Noraino amore emango luke Frantziako gobernuak Korsikako eskaeretan?

    Tarte gutxi ikusten die Ivan Serrano Universitat Oberta de Catalunya-ko Zientzia Politikoetako irakasle katalanak eta Korsikako gaietan adituak, eskaera historiko horiei. NAZIOGINTZAri esan dionez, ia ezinezkoa delako Frantziako gobernuak ahalmen legegilea duen Korsikako Asanblada bat noizbait onartzea. Asanblada horrek gaitasun administratiboak eta betearazleak ditu egun, baina ez legegileak.

    Hizkuntzaren ofizialkidetasunari dagokionez ezkorra da Serrano ere. “Frantziak Estatuaren arrazoia beti lehenetsi du bere lurraldeen eskubide demokratiko edo kulturalen aurrean. Eta Korsika ez da salbuespena”. “Estatu oso eraginkorra izan da Frantzia frantziar egitasmo nazionalaren inposaketan, eta ez du estrategia hori aldatuko”, gehitu du. Beraz, tarte txikia ofizialtasunerako. Hezkuntza-sisteman korsikerak, agian, presentzia handiagoa irabaz lezake (Ipar Euskal Herriko mailara iritsiz, esaterako), baina hortik ofizialtasunera amildegi bat dago.

    Presoen aferan eta egoiliar estatusaren gaian errazagoa izango da akordio batzuk lortzea, gai horiek ez dutelako zuzenean talka egiten Frantziako proiektu nazionalarekin. Ingurumenaren babesak, turistifikazioari nolabaiteko mugak jartzeak, bertakoen bizi-maila hobetzeak, …, ez diote Frantziako subiranotasun nazionalari zuzen eragiten.

    Aurtengo hauteskundeetan korsikar nazionalismoak gehiengo politikoari eustea izango du erronka nagusia. Kudeatzaile onaren irudia indartzen saiatuko da, baina aldarrikapen kultural zein nazionaletan lorpen eskasak erakutsi ahal izango ditu, Parisen jarrera hertsia dela-eta. Zerbait mugituko al da hauteskundeen ondoren?