Marcos Maceira (Santiago de Compostela, 1978) historialaria A Mesa Pola Normalizacion Linguisticaren lehendakaria da. Kargu horretan jarduten du bere ikastetxe bateko irakasle lanari muzin egin gabe. Gaztetatik hizkuntzaren aldeko mugimenduetan ibilitakoa, 2014tik zuzentzen du Galiziako erakunde kultural nagusia, bazkideei dagokionean. Elkarrizketa egiten dugunean buru-belarri dabil herri-ekimen legegile baten aurkezpena prestatzen eta ekimen hori datozen egunetan Galiziako Parlamentuan sartuko da.
Zeintzuk dira zuk zuzentzen duzun erakundearen (A Mesa Pola Normalizacion Linguística-ren) eginkizunak?
A Mesa 1986an jaio zen, herri-erantzun gisa Espainiako Gobernuak galegoaren hizkuntza-normalizazioaren legearen aurka jarritako helegiteari aurre egiteko. Egun 4.000 bazkide inguru ditu eta bere eginkizun nagusia galiziar hizkuntzaren defentsa eta sustapena da. Horretaz gain, Galiziako administrazioak eremu linguistikoan dituen gabeziak eta hutsuneak betetzen saiatzen gara, erraza ez izan arren: kontuan hartu gure baliabideak mugatuak direla eta ez dugula inongo diru-laguntza publikorik jasotzen. Kontzientzia linguistikoa zabaltzen saiatzen gara, eta eskubide linguistikoen aurkako erasoak salatzen. Hiritarron ezkutua gara eskubide horiek defendatzeko orduan.
Une honetan Herri Ekimen Legegilea lantzen ari gara Galiziako parlamentuan aurkezteko. Eremu sozio-ekonomikoan herritarron eskubide linguistikoak babesteko asmoz landu dugu ekimen hau, eta 27.000 sinadura bildu. Datorren astean aurkeztuko dugu, eta orain arte alderdi politiko guztien begikotasuna (PPrena izan ezik) jaso dugu. Merkataritza-esparruan hizkuntza kontuengatik inor diskriminatua ez izatea lortu nahi dugu.
Atentzioa ematen digu euskaldunoi zuen nazioaren PPko ordezkariek egiten duten galizieraren erabilera ia esklusiboak. Esaterako, Alberto Nuñez Feijoo Galiziako presidentea beti entzuten dugu komunikabideen aurrean bertako hizkuntzan mintzatzen, pentsaezina dena euskal PPko kideen artean. Bitxia da jendaurrean hainbeste leialtasun linguistiko erakutsi arren, galizieraren normalizazioaren aldeko politikak egitetik PPko agintariak hain urruti egotea…..
Egia da eremu parlamentarioan PPko kideak, gainontzeko parlamentari guztien antzera, galegoz mintzo direla beti, baina hortik kanpo ez da gauza bera gertatzen. Nuñez Feixoo presidenteak espainolez hitz egiten du lasai asko enpresariekin biltzen denean, esaterako, edo parlamentutik kanpoko ekitaldi askotan. Beraz, zuen kanpoko pertzepzioa ez da guztiz zuzena….
Hori esanda, eta harrokerian erori gabe, esan liteke gure erakundearen eta beste talde batzuen lan eta presioari esker lortu dela Galiziako klase politikoak, bere mezu ofizialetan behintzat, galegoaren alde hitz egitea beti. Nahiz eta batzuek, zuk aipatzen duzun bezala, gure hizkuntzaren aurkako politikak garatu.
Gizartearen elebitasuna korapilatsuagoa da hainbat estaturik gabeko nazioetan, kontaktuan dauden hizkuntzak, egitura linguistikoari dagokionez, elkarrengandik oso urruti daudenean (Euskal Herria, Gales, Bretainia…). Bada, espainieraren eta galizieraren arteko hurbiltasun linguistikoak, elkarren arteko ulermenak, gizarteko elebitasuna erraztu beharko luke. Hurbiltasun linguistiko horrek, ordea, galegoaren erabilera soziala erraztu ala zaildu egiten du?
Galizian mintzatzen diren bi hizkuntzen arteko hurbiltasun linguistikoak erraztu beharko luke gure hizkuntzaren erabilera esklusiboa administrazioan, adibidez, inork ezin baitu esan hizkuntza ulertzen ez duenik, are gutxiago hizkuntza idatzia. Baina horretarako premiazkoa da borondate politikoa, eta Galizian ez dago.
Espainierarekin dagoen hurbiltasun horrek, bestalde, galegoaren “hibridazioa” eragiten du, gure hizkuntza kaltetzen duena. Gure hizkuntza gero eta gaztelaniatuago dago. Hainbat politikarik erabiltzen duten galegoa entzun besterik ez dago gure hizkuntzak jasaten duen higaduraz ohartzeko.
Hots, abantaila nabarmena izan litekeena (galegoaren erabilera esklusiboa garatzeko) ageriko kalte bihurtzen da gure hizkuntzarentzat (hibridazioa eta higadura). Eta hori horrela da gure Herrian, herri-sektore batzuek erresistentzia garatu arren, hizkuntza desagerrarazteko politika abian dagoelako…
Datuek diotenez, Galizia da bertako hizkuntza-ezagupen handiena duen nazio penintsularra, Kataluniaren eta Euskal Herriaren aurretik. Halere, kontzientzia nazionala ahulagoa da bertan beste bi nazioetan baino. Noraino sinesten duzu zuk hizkuntza eta kontzientzia nazionalaren arteko harremanean? Estuki lotuta al daude? Nola interpretatzen duzu Galiziako soziologia politikoa bere egoera linguistikoa kontuan hartuz?
Bai, bada harreman argia hizkuntzaren eta Herriaren artean, zalantzarik gabe. Baina batzuetan kanpoko elementu batzuek harreman hori desitxuratu egiten dute. Galizian, esaterako, galegoz gehien mintzatzen diren pertsonak (nekazaritza-eremuetako adineko gizabanakoak) dira sarritan hemengo kontzientzia nazional eta linguistiko gutxien dutenak. Jaso zuten heziketak zer ikusi handia du horretan. Eta bertako hizkuntzarekiko duten estimu eskasa ez da soilik frankismoaren emaitza, askoz lehenagotik dator: belaunaldi asko hazi dira historian zehar galegoaren aurkako giroan, gure hizkuntzari prestigioa kentzen zionean espainieraren mesederako.
Zorionez, bada beste talde galego-hiztun bat kontzientzia linguistiko handia duena: horiek kontzientzia nazional sendoagoa dutenak dira. Horregatik, nik uste dut gure Herria eta gure Nazioarekiko identifikazio-sentimendua hazten den heinean haziko dela gure hizkuntzaren erabilera soziala ere.
Hainbat ikerketak agerian jartzen dute zure Herrian bertako hizkuntza gehien erabiltzen dutenak zaharrak direla, eta gutxien umeak eta gazteak. Familiako transmisioa huts egiten ari al da? Zer dago datu kezkagarri horren atzean?
Konplexu-pila daude oraindik ere galego-hiztun askoren artean, batez ere adinekoen artean, Estatuak mendeetan zehar ezarritako arrazismo linguistikoaren ondorioz. Belaunaldien arteko hizkuntza transmisioari eragin diote konplexu eta aurreiritzi gaizto horiek, familiako transmisioa modu larrian moztuz. Zorionez, ematen du azken urteetan beherakada hori gelditzen ari dela.
Bestalde, gure umeek eta gazteek eskoletan jasotzen duten heziketak funtsezko eragina du haien hizkuntza ohituretan: gaur egun ez dago murgiltze eredurik galegoz, eta gaztelania da hizkuntza nagusia eskola gehienetan. 2005 eta 2009 artean saiakera bat egon zen galegoaren egoera hobetzeko hezkuntza sisteman (PSOE eta BNG gobernuan egon zirenean), baina PPk boterea berreskuratu zuenean aurreko eredura itzuli zen.
Hain zuzen, bertako hizkuntza duten eta gobernatu dituen lurraldeetan (Galizia, Valentziako Erkidegoa, Balear Uharteetan, Nafarroan UPNrekin…), PPko agintariak saiatu dira herriko hizkuntza ahultzen eskolan, ingelesezko eredu elebidunaren ezarpenaren bidez. Bitxia da ikustea ez dutela grina anglofilo bera erakutsi Gaztelan edo Errioxan, adibidez. Erabaki horren atzean gure hizkuntza nazionalak ahultzeko estatu estrategia dagoela uste al duzu? Eta horrekin lotuta, zein da zuen hizkuntzaren egoera eskoletan?
Jakina, estatu estrategia bat dago asmo maltzur horren atzean, FAESeko txostenetan edonork irakur dezake hori. Galizia, gainera, esperimentazio laborategia izan zen ingelesa indartzen zuen eredu eleanitz horren ezarpenean….
Hemen ingelesa berezko hizkuntzari ikasgeletan lekua kentzeko erabiltzen da, eta galegoa ahultzeko. Tamalez, Galizian ez da gertatzen Katalunian edo EAEn gertatzen dena, hemen galegoak ez dauka bertako gobernuaren babesik, eta horrenbestez gaztelerarekin edo ingelesarekin duen konpetentziak nabarmen ahultzen du gure hizkuntza.
Egun, Galiziako eskoletan galegoz irakatsi behar diren ikasgaiak %33a besterik ez dira. Hortik gora ez dago beharrik. Gutxiegi da hizkuntza normaltzeko, bistan da. Egin genuen azterketa batean topatu genuen Galiziako hiri nagusietan, haur hezkuntzan eta sare publikoan, ikastetxeen %3k soilik ematen zituela ikasgaien %50 baino gehiago galegoz. LOMCE legeak nabarmen okertu du bertako hizkuntzaren egoera hezkuntza sisteman.
Galizierak zein euskarak mendeetan zehar aipu-galtze sozial nabarmena jasan dute: hiriko eliteek eta burgesia ilustratuak bizkarra eman diete ia beti, “baserritarren hizkuntzak” eta “hizkuntza zaharkituak eta arkaikoak” zirelakoan. Gaztelania ezartzeko pairatu dugun errepresio fisiko eta zuzenaz gain, beste errepresio azkar eta maltzurrago hori ere ezagutu dugu, “frantses modukoa”, auto-gorrotoa eta aipu-galtze soziala dakarrena….
Ezin hobeto esana. Sarritan aipatzen da frankismoa izan zela egoera horren erruduna, baina frankismoa tradizio espainiar luze baten oinordekoa besterik ez zen izan. Arrazismo linguistikoak erro sakonak ditu Espainian.
Tristea da 2017an oraindik arrazismo linguistiko horrek zutik dirauela ikustea. Merkataritza eremuan apartheid linguistikoa ezabatzeko martxan jarri dugun ekimenak agerian jartzen du zein den gure egoera linguistiko penagarria… Baina hori da Galiziako egoeraren isla. Herri baten egoera txarra denean, bere hizkuntzaren egoera ere txarra izango da.
Bada diskurtso politiko zital bat, espainolismoak sustatuta, euskararen (edo galizieraren) despolitizazioa bultzatu behar dela errepikatzen duena. Mende luzeetan gaztelaniaren aldeko politika zorrotza ezarri digutenek, burutik kendu nahi digute gure militantzia linguistikoa, hizkuntza “kaltetzen” duelako. Gure eskubide linguistikoen bortxaketak jendaurrean salatzen ditugunean hizkuntza “politizatzen” ari gara, haien ustez. RENFEko tren geltokian inor ez bada gai nire hizkuntzan arreta emateko, edo aurpegi iluna jartzen badute ni euskaraz mintzatzen naizelako, dudan alternatiba bakarra otzantasun linguistikoa da: amore eman ezean, hizkuntza politizatzen dut. Diskurtso maltzur horrek hiritarren desmobilizazioa dakarrela iruditzen al zaizu?
Saiatzen da, behintzat. Diskurtso horrek gatazka linguistikoa saihestu nahi du, militantzia desaktibatuz. Baina hizkuntza politizatzen dutenak haiek dira: Espainiako Konstituzioak, bere 3. artikuluan, estatuko biztanle guztiok espainiera ezagutu behar dugula ezartzen du. Guk gauza bera eskatzen baldin badugu gure hizkuntzentzako, gaia politizatzen ari gara… Bitxia da.
Guk nahi dugun gauza bakarra da Herri normal batean bizi. Eta Herri normal batean nik galegoz bizitzeko aukera izan beharko nuke…. Paristar bat frantsesez bizi daitekeen modu berean.
Egun, denok jakin eta onartzen dugu gai sozialak konpontzeko dugun bide bakarra (eta zibilizatuena) politikaren bidez dela. Eta hizkuntza gai soziala da. Gai publikoa da, Herri baten egite kolektibo nagusia. Beraz, ez dugu hizkuntza politizatzen, politika erabiltzen dugu hizkuntza defendatzeko. Hizkuntza politizatzen dugula esaten diguten horiek dira galegoa, katalana edo euskara normalizatzea nahi ez dutenak.
Gero eta globalizatuago dagoen gaurko mundu honetan etorkizunik ba al dute gureek bezalako hizkuntzek, beren Estaturik ez dutenek? Itxaropentsuak izateko tarterik ba al dago?
Gaur egungo globalizazioak, zalantzarik gabe, garatzen ari den moduan kultur aniztasunaren suntsiketa dakar. Eta Estatu propioak kalteak muga ditzake, bertako hizkuntza eta kultura babesten dituelako. Estaturik ez dugun Herriok aterkirik gabe aurre egin behar diogu globalizazio horren mehatxuari.
Nolanahi ere, mundu demokratikoago, anitzago eta sozialki zuzenagoan biziko gara hizkuntza aniztasuna errespetatzen baldin bada, eta denok ulertzen baldin badugu munduko hizkuntza guztien arteko harremana berdintasun baldintzetan gauzatu behar dela.
NAZIOGINTZAK EGINDAKO ELKARRIZKETA
2017ko Iraila