MELONIREN MEHATXUA ITALIAREN MENPEKO NAZIOENTZAT

    Argazkia: Adnkronos

    Eskuin muturreko garaipen bat kezkagarria da beti, are gehiago gure testuinguru politikoan (Europan) gertatzen baldin bada. Arrazoi askorengatik. Horietako bat, Europako eskuin muturrak duen jarrera chauvinista, jakobino eta zentralista, bere estatuaren barneko nazioekiko inongo begirunerik erakusten ez duena. Marine Le Penen, Santiago Abascalen edo Giorgia Meloniren alderdiak Frantziako, Espainiako edo Italiako iragan inperialaren nostalgikoak dira, eta estatu uniforme eta identitate bakarrekoa dute gogoan. Horrenbestez, estatuaren barneko hizkuntza eta nazioaniztasuna gogo horren aurka doan errealitatea gaiztoa da haientzat, ezabatu beharrekoa.

    Ez da harritzekoa, beraz, Italiaren menpeko nazioentzat (Hego Tirol, Sardinia, Aosta…) albiste goibela izatea Giorgia Meloniren garaipena Italiako hauteskundeetan. Melonik behin baino gehiagotan goraipatu baitu Benito Mussolini diktadore faxistaren figura, Hego Tirolen eta Aostan, bereziki, mota guztietako basakeriak egin zituena (bertako hizkuntzen debekua, toponimiaren aldaketa, milaka kolono italiarren bidalketa lurralde horietara, beren hizkuntza eta kultura gal zitzaten, etab.)

    Melonik gorroto berezia dio Hego Tiroli”, diosku Cristian Kollman Süd-Tiroler Freiheit alderdi politiko abertzalearen zuzendaritzako kideak. “Berak esan du, besteak beste, Italian gustura ez dauden hego-tiroldarrek Austriara alde egin behar dutela, eta baita Hego Tirolen bizi diren italiarrek babes handia behar dutela, gutxiengo bat osatzen dutelako”. Eta hau erantsi: “Mussolini goraipatu du eta ideologia faxista ondo ordezkatzen du”.

    Hego Tirolen, ohi bezala, SVP (Südtiroler Volkspartei) alderdi abertzaleak irabazi ditu Italiako hauteskundeak. Hizkuntza eta kultura germaniarra duen Italiaren mendeko lurralde hau salbuespena izan da berriz Italiako hauteskundeetan. Italiako lurralde bakarra izan da italiar eremukoa ez den alderdi politiko batek garaipena lortu  duena. Bertako alderdi independentistak, SVPrekin oso kritikoak direnak, ez dira aurkeztu hauteskunde hauetara.

    Melonik Italiako zentralismoa ordezkatzen du, eta nazio bakarra ikusten du hemen. Prefeten bidez gobernatuko du eta ez du onartuko inongo diskurtso independentistarik” esan dio NAZIOGINTZAri Maurizio Onnis-ek, Sardiniako Corona de Logu erakunde independentistaren presidenteak. Ez du uste Melonik Sardiniako autonomia murriztuko duenik: “Sardiniako autonomiaren etsairik handienak hemengo politikariak dira, oso gutxi egin dutenak gure autonomia politikoa garatzeko; Italiako gobernuak ezin du gure autonomia murriztu, guk geuk garatu ez dugulako”, diosku. Sardiniako alderdi independentistak ez dira aurkeztu Italiako hauteskunde hauetara.

    Hego Tirol eta Sardiniaz gain, Aostako harana da Italian “estatutu politiko berezia” duen beste lurralde bat, frantsesa eta frankoproventzera bertako hizkuntzak dituena. Bertan, Union Valdotâine alderdi nazionalista buru zuen koalizio autonomista-progresistak irabazi ditu hauteskundeak. PAS alderdi independentista ez zen hauteskundeetara aurkeztu, baina arrakasta handia lortu zuen hauteskundeen bezperan aurkeztu zuen manifestuak, besteak beste autodeterminazioa eskatzen zuenak, beste alderdi politiko batzuen hautagaiek ere sinatu zutena.

    Ez du ezer onik espero Etienne Andrione Aostako kazetariak eta “Collège universitaire d’etudes fédéralistes” erakundearen idazkariak Meloniren aldetik. “Meloni oso esplizitua izan da beti esaten zerbait egin behar dela “ez-italiarrak” diren ezaugarri bereizgarriekin. Epe laburrean, dena den, ez dut uste gure autonomia murriztu egingo duenik, finantza arloan izan ezik; gero, ikusi egin behar” dio Andrionek. “Aosta da lurralderik ahulena estatutu berezia duten Italiako herrialdeen artean, eta beraz errazena erasotzeko”, gehitu du. “Frankofonoa izan arren, ez luke Frantziako laguntza jasoko Melonik bere autonomia murriztuko balu; Hego-Tiroleko biztanle germaniarren eskubideak mehatxatuko balitu, aldiz, nazioarteko gatazka eragin lezake” (gogoratu behar da Austriak beti babestu egin dituela Hego-Tiroleko aldarrikapen nazionalak).

    Ez datoz garai onak Italiaren mende dauden nazioentzat. Mussoliniren nostalgiko batek zuzenduko du Errepublika. Faxista hark nazio txikien aurka egin zuena errepikatuko egingo al du Melonik? Tokian tokiko mugimendu independentistak ez dira fio…….