2017an sortu zenetik, Naziogintza Taldeak Europako estaturik gabeko beste nazioekin harremanen sare bat ehuntzen jardun du. Nazioarteko sare horren bitartez nazio lagun horiek euskal abertzaletasunari buruzko informazioa jasotzen dute -gure webguneko ingelesezko bertsioan- eta, trukean, gu beren egoera nazionalaz ere jabetzen gara. Gure irakurleen eskura jartzen dugu Europako estaturik gabeko nazioen gaurkotasuna gure webguneko nazioarteko atalean (https://www.naziogintza.eus/nazioartea/)
Flandriako Vlaamse Volksbeweging-eko gure lagunek gonbidatuta, Naziogintzaren ordezkaritza batek bertako Jai Egun Nazionalean (Guldensporenslag) parte hartu du aurten. Bidaia uztailaren 9an hasi zen, Koksijde herrian, non bertako Vlaamse Volksbeweging-eko (VVB) lagun batzuekin hitz egiteko aukera izan genuen, tartean Flandriako parlamentuko bi kiderekin. Hortik Diksmuide herrira abiatu ginen, Flandriako monumentu nazionala ezagutzeko, IJzertoren dorre erraldoia. Lagun batek gogorarazi zigun iraganean toki hori flandriar abertzaletasunaren bilgunea zela, eta 1974an Telesforo Monzonek, 100.000 pertsonen aurrean, bertako zelaietan hitzaldi antologiko bat eman zuela, euskara hutsez. Hizkuntza ez zen oztopo izan flandriarrek harrera beroa egiteko Monzonen diskurtsoari.
Hurrengo egunen, arratsaldean, Brujasko udaletxean ekitaldi bat ospatu genuen, Jai Egun Nazionalaren bezperan antolatu ohi dena. Bertan, eta hainbat hizlariren artean, Carles Puigdemont Kataluniako presidenteak ere hitz egin zuen, hizkuntzaren eta nazioaren arteko lotura sakona azpimarratu zuen diskurtso eder baten bidez. Ekitaldia bukatutakoan aukera izan genuen Puigdemont agurtzeko eta euskaldunon elkartasuna adierazteko. Jarraian, Brujasko plaza nagusira abiatu ginen udaletxean bildutako guztiok, Breydel eta De Coninck heroi flandriarren monumentuaren aurrean lore-eskaintza egiteko. Euskal Herria ordezkatuz, lore sorta eta ikurrina jarri genituen bertan. Gurea izan zen lore-sortaren eskaintza egin zuten 20 taldeetako bat.
Uztailaren 11n Bruselara abiatu ginen, Guldensporenslang bertan ospatzeko. Goizean Bruselako udaletxean antolatu zen ekitaldira gonbidatuak izan ginen, eta arratsaldean Drukpersstraat kalean egon zen ekitaldi politiko eta erreibindikatzailean, VVBk eta MEERVOUD taldeak antolatuta, parte hartu genuen. Hor, Euskal Herria ordezkatuz, hamar minutuko diskurtsoa egin genuen, Flandriaren eta Euskal Herriaren arteko loturak azpimarratuz eta gure independentzia nazionalen beharra aldarrikatuz. Ekitaldian TAK bertako hizkuntzaren aldeko mugimenduaren bi ordezkarirekin hitz egiteko aukera izan genuen.
Asko dugu euskaldunok Flandriako mugimendu abertzaletik ikasteko. Eta asko zor diegu ere abertzale flandriarrei, gure historia hurbileko une gogorrenetan beti gure aldean egon direlako, gure diskurtsoan azpimarratu genuenez.
Gure eskerrik beroenak Hugo Moes VVBko lehendakariari, eta Steven Vergauwen erakunde horretako zuzendari-ohiari, beren laguntza eta harrera beroarengatik.
Naziogintzaren diskurtsoa Flandriako Jai Egun Nazionalean, hemen: FLANDRIAKO DISKURTSOA.
Argazki-erreportajea: